2013-03-10

Malvinetako erreferenduma

Mendetako misterioa argitu dute egunotan: Charles Darwinek Beagle ontzian ikuskatu eta aipatu zituen Falkland uharteko otsoaren jatorria. Gure planetan leku bakarra ei zen horrelako ugaztunik bizi zena, inongo kontinentetatik horren urrun egonik. Baina Falkland edo Malvinak beti ez bide ziren hain urrun egon. Patagoniako kostaldearen aurrean oso sakonera txikia dauka itsasoak; gaur urpean dagoen lur eremu hori azalean egon ei zen azken glaziazioan; hau da, Hego Amerika Falkland uharteetatik 20-30 kilometrotara egongo zen, eta ez gaur bezala ia 500 kilometrotara. Ondorioz, negu hotz batzuetan itsasoa izoztu eta batetik bestera pasatzea egongo zen. Hala iritsi zen otso deitu arren luki itxura zeukan animalia, australiar ikerleek argitu berri dutenez. Pinguinoak harrapatzen bere bide biologikoa garatu zuen milaka urtean, halako xalotasunean ze, europarrak iritsi eta urte gutxian denak desagerrarazi zituzten XVIII-XIX. mendeetan. Esku batean haragi zatia eta bestean labana izanda ere bertaratzen ei zen piztia gizagaixoa.

Duela 20.000 urte hainbeste hurbildu ziren lurrak elkarrengandik bereiziz joan ziren. Europarrak iristean, otso hura zen ugaztun bakar. Gaur otsorik ez, baina badira ardiak, eta gizakiak, milaka gutxi batzuk. Harro jaikitzen dute Union Jack bandera britainiarra. Gaur eta bihar hauteskudeetara joango dira horixe berrestera, 12.000 kilometroko distantziara duten Londresi lotuta jarraitu nahi dutela, eta ez Argentinari.

Parte hartze handia iragarri da, auziak falklandarren artean sortzen duen ardura eta ezinegonaren erakusle. 1982ko gerratik Argentinak ez zuen ia ahotsik altxatu Malvinak aldarrikatzeko. Azken hilabeteotan baina, Cristina Fernandez de Kirchner presidenteak uharteak jomugan jarri ditu. Batek baino gehiagok espainiarrek eta bestek horren ohiko duten taktika ikusi dute: etxeko arazoez ahazteko kanpoko etsaia bilatu eta sentimendu oinarrizkoenak eta nazionalismoa hauspotu.

David Cameronekin egin du bidean topo. Britainiar nazionalista beharbada, baina XXI. mendeko demokrazia liberalean askoz hobeto dabilen politikaria. Fernandezek New Yorkera eraman nahi du auzia, Nazio Batuen Erakundeko deskolonizazio batzordera. Falkland uharteetako gobernuak argi esan dio: «Ez gara kolonia, geure borondatez gara britainiar». Baina Argentinak, Espainiak Gibraltarrekin legez, ez die zilegitasunik onartzen falklandarrei. Cristina Fernandezek agian lortuko zuen herritar asko Malvinekin berotzea. Baina 2.500 falklandarrak inoiz baino gehiago kohesionatzea ere erdietsi du (1982ko memoria aski presente dute), gaur eta bihar ikusiko den legez. Buenos Aires edo Rosarioko batentzat sentimendua dena, hil ala biziko zaio falklandarrari, ezinegon iturri.

Argentinak Londresen daukan enbaxadoreak asteon argitaratu duenez, «biztanleak britainiarrak dira, baina uharteak Argentinakoak». Geografia eta historia ditu aldarrikapenaren oinarri. XIX. mendeko potentzia nagusiak hainbat lurralde kendu zizkien desagertzen ari zen espainiar inperioari eta estatu sortu berriei: gaurko Belize Guatemalari edo Guyana Venezuelari, esate baterako. Kontua da, ia 200 urte joan direla, eta falklandarren borondatea argi dagoela. 180 urtez han bizi izan diren familiak kolonotzat hartzen dituzte, argentinarren jatorria Europan ez balego legez.

Argentinak Mercosurren babesa dauka. Falklandetako bandera duten ontziei porturatzea debekatu diete. Washingtonek ere ez du erreferendumaren alde egin, eta Londresi eta Buenos Airesi negoziatzeko dei egin die. Hau da, Argentinak aldarrikatu bezala, herritarren borondatearen gainetik estatuen arteko eztabaida nagusitu dadila.

Mundu osoa aurka dute falklandarrek. Izango dira eskuindar thatcherzaleak, baina nazionalismo hispanikoari eta handinahikeriari lezio demokratikoa emango diote gaur eta bihar. Erabakitze-eskubidearekin muturretan joko diote Argentinari.

Malvinetako otsoa mundutik apartean bizi izan zen milaka urtez. XXI. mendean, zail dirudi argudiatzen lurralde bat bertako biztanleen kontra bereganatzea. Falklandarrak Londrestik bereizten badira, estatu propioa eraikiko dute. Argentinarekin bat egiteko motibo gutxi eman dizkie. BERRIAn argitaratua

No comments: