2013-03-22

Egun berria hasi da

Donostian dozena erdi kurdu, lau aldetakoak, Udaletxean jarritako banderaren pean. Juan Karlos Izagirre alkateari nork bere egoera azaldu dio. Handik gutxira heldu da mezua Kurdistandik. Hunkidura. Malkoak. «Bi anaia desagertuta dauzkat», esan du batek. Galdutako senideak ekarri ditu gogora beste batek. Isiltasuna. Malkoak eta itxaropena.

Bi milioi lagun Ameden, Diyarbakirren, hamarkada askoan debekatutako Newroz edo Urte Berria ospatzen. Horia, gorria eta berdea nagusi, eta sua, Kawa errementariak kurduak Zuhak asiriar tiranotik duela 27 mende askatu zituela gogoan. Mendietan piztutako su haren bidez jakin zuten amaitu zela tirania, martxoak 21 zituela eta egun berria bazetorrela. Martxoak askatasuna dakar. Aurtengoak aro berri bati bidea zabaldu nahi izan dio. Ez dira hamabost hilabete Roboskiko sarraskitik, baina Kurdistanek bestelakoa dirudi.

Zein izan da Abdulla Ocalanen mezua? Su-etenaz harago doa, uste bezala. Besteak beste, gerrillaren erretirada gauzatzeko estatuak eman beharreko urratsak ere zehaztu behar dira, eta balizko desarmea behatuko dituen batzordea eratu. Hortik aurrera, prozesua abiatu liteke. Baina oraingoz ez dago prozesurik. BDP alderdi kurduak prest du Konstituzio berri baterako zirriborroa, eta ezinbestean jaso beharko lituzkeen oinarriak.

Kurdistan independentea edozein kurduk aitortuko dizun ametsa da, konfiantza pixka bat hartutakoan. Denek daukate, etxean edo paparrean eskegita, lau estatuetako lurraldeak batzen dituen mapa. Baina gaurko Ekialde Hurbilean, Irakeko esperientziari jarraiki —zeina, euskal autonomia baino askoz zabalagoa den, erabateko burujabetza baitute kurduek Irak federalean, euren mugak kontrolatzera arte—, estatuen baitan dagokiena eskuratzea da lehen urratsa. Turkian bereziki. Estatuaren laurdena dira, hogeitaka milioi lagun, gutxieneko eskubiderik gabe. Recep Tayyip Erdogan lehen ministroak ez du, azken urteotan bereziki, interes berezirik agertu auzia konpontzeko. Baina Turkiak ezin du estatu demokratiko izan biztanleen laurdena miserian, baztertuta eta arrazismoaren menpe dituela.

Zergatik orain, zein interes dauka Turkiak? Ez da Europari erakusteko neurri kosmetikoen sasoia, baina mendebaldeak, AEBek bereziki, pisu handia daukate Ankaran oraindik ere. Amets neo-otomanoa inoiz baino indartsuago dago, Turkiak eskualdeko potentzia izan nahi du. Baina uste baino ahulagoa dela ikusi du. Golkoko erregimen sunitekin bat egiteak, eta Teheran-Bagdad-Damasko ardatz xiitaren aurka, barne etsaia hauspotu dio. Eta kontraesanak agertu. Bagdaden aurka Hego Kurdistango Gobernuaren aliatu leial bihurtu da, petrolio-hornitzaile du Erbil, eta Masud Barzani lehendakari kurduak mehatxu bezainbat balizko independentziarako berme dauka Ankara. Kontraesanetik mehatxura, bere mugetan PKKren aliatu bat, Siriako PYD, Kurdistan autonomo berri bat sortzen ari dela ikusi du Turkiak, izututa. Barzaniren babesarekin, gainera. Turkiak arabiar matxinoekin ez bezala, Damaskok ez du kurduak armatu beharrik izan. Kurdistandik erretiratzea aski izan du Al Assadek Turkiaren ahultasuna agerian uzteko.

Lautik bat zen libre, eta bigarrenak bere burua askatu du. Iran urduri dago, hauteskundeak ditu aurki. AEBek Israelen ostean eskualdean daukaten aliatu garrantzitsuena da Turkia, eta ezin dute utzi, Iran jomugan dutela, horrelako barne-gatazkek ahultzea. Ankarak aukera historikoa dauka auzia konpontzeko. Kurduek ere esperientzia berriak izan dituzte gatazka-konponketan. Goizegi da dena jakiteko, baina ez da inongo sekretua Europan kurduek bilatu duten babesa. Sinn Feinekin, Brian Currinekin. Atzo ere ez zen euskal ordezkaririk falta Ameden. Inoiz baino libreago zela aldarrikatuko zuen Ipar Kurdistango hiriburuak. Zer gerta ere, ez dadila hildako gehiago egon, adierazi du Abdulla Ocalanek. Armak isilduta, politikaren ordua da. Zorionak, Egun berria da, Newroz pîroz be.

BERRIAn argitaratua, 2013ko Newroz eguneko adierazpenaren biharamunean.

No comments: