2005-10-09

Mugak

Demokrazia batean, herri-borondatez, dena alda litekeela esan izan ohi dugu, zilegi beharko lukeela estatu batetik bereizi eta beste bat sortzea herri horretako gehiengoak hala nahi izanez gero. Eta mugek Europan inoiz baino gutxiago balio omen duten sasoiotan, bitxia da zeinen estuki eusten dion estatu bakoitzak bere esparruari, eta zeinen arriskutsutzat jotzen duten gehienek horien aldaketa. Independentista izatea eta Euskal Herriaren independentzia traumarik gabe eta era naturalean egin ahal izatea azaldu gura izan dudan bakoitzean, dardara moduko igarri izan dut, beste edozein aldaketa hori baino komenigarriagoa litzatekeelakoan, Balkanetako mamuak pizturik.

Horixe etorri zait egunotan gogora berriz ere militarrak Espainiaren batasuna defendatzen ikusita eta Aznarrek Balkanen mehatxua botata. Hamar urte dira Jugoslaviako estatuko gerrarik bortitzena ofizialki amaitu zenetik, Bosnia-Herzegovinakoa, Daytongo akordioen ostean. Horren arabera, erabat multietnikotzat hartzen ziren herrialde batean lurralde bi sortu ziren: kroaziar eta musulmanena bata, eta serbiarrena bestea. Iheslariei etxera itzultzeko eskubidea aitortzen zitzaien, baina lehen garbiketa etniko haien balioa onartzen zen zelan edo halan, batzuei eta besteei (serbiarrei bereziki) lur eremu haiek emanda. Ordutik Bosnia ofizialki hiru "etnia" nagusi dituen herrialdea da: kroaziarrak, serbiarrak eta "bosniakoak". Titoren garaian "musulmanak" deitzen zitzaien haiei ("esanahi nazionalean" gaineratzen zuen Konstituzioak, zantzu erlijiosoa kentzeko) eta azken urteotan bosniako hitza sortu dute, "bosniar" hitzetik desberdina, eta halaber "bosniako" hizkuntza egingo lukete. Serbiarrek "turkiar" deitzen zieten mespretxuz, beraiek bezain eslaviar izan arren eta beraien hizkuntza bera mintzatuta ere. Filologo gehienek onartzen dute Kroaziatik Serbiara hitz egiten den hizkuntza hori bat eta bakarra dela, baina historiako pasarteek batzuek Erromaren gerizan utzi zituen eta katoliko bihurtu ziren, alfabeto latinoa erabiliz (kroaziarrak) eta besteak Bizantziorenean, alfabeto zirilikoz eta erlijio ortodoxoz. Lehena Austriaren menpeko izan zen (eta orain ere estatu horrek eskatu du EBn onar deztaen), bigarrena berriz, Inperio Otomanoaren agindupean egon zen. Garai horretantxe eslaviar haietariko asko musulman bihurtu ziren, gaur egungo Bosnia-Herzegovinan eta Sandzkak-ean (egun Montenegro eta Serbiaren arteko mugako lurraldea).

Erlijio eta historia desberdinak izan dituzten lurraldeak dira inondik ere, baina euskaldunok hizkuntzari ematen diogun garrantziaren arabera, herri bakarra lirateke. Demokratikoki inork ezin ditu behartu elkarrekin bizitzera, noski, are gehiago, egungo hiru estatu (Kroazia, BH eta Serbia-Montenegro), baliteke lau bihurtzea 2006an, montenegroarrek estatu propioa eratzea erabakiz gero (hain justu ere, montenegroarrak lirateke serbiarrik "serbiarrenak", euren mendietan gotortuta inoiz ez baitituzte turkiarrek konkistatu eta tinko eta debekurik gabe eutsi zieten euren izaera kristau ortodoxoari). Europak dio ez dela komeni beste estatu berririk sortzea, baina errespetatuko duela erabakia. Kosovorekin ez dago hain argi gauza bera egingo duten, nahiz eta bertako albaniarrek argi duten Serbiaz ez duela ezer jakin gura. Eta serbiarrek esan dute honezkero, Kosovoren independentzia onartzen bada (ez zen Jugoslavia sortu zuten sei errepubliketako bat izan, Serbiaren menpeko probintzia baizik), era berean zilegi beharko lukeela Bosniako serbiarren errepublikak Serbiarekin bat egitea. Argi dago hango gehiengoak bat egingo duela ideia horrekin, nahiz eta gehiengo hori garbiketa etnikoek eragin.

Beraz, korapilatu egiten dira autodeterminazio kontu horiek. XX. mendean hainbat erreferendum txiki egin izan dira Hungaria eta Austriako herrixkek non gelditu nahi duten erabakitzeko adibidez, Sarre-Saarland Frantziatik Alemaniara itzultzeko, baina egoera traumatikoen kasuan kontua ez da hain erraza. Stalinek alemaniarrak nagusi ziren Königsberg eskualdeko iparraldea SESBentzat hartu eta gerran senideak galdu zituzten hainbat errusiar eta beste herri batzutako jendez populatu zuen Kaliningrad berria, eta gaur egun Europako arazo larria da: eskualde haren hegoaldea Poloniaren menpe gelditu zen eta kitto, iparra SESB barruan baina Lituaniako errepublikari emanez gero, hainbestean, baina gaur kontrabandoa eta HIES itzela dituen lurralde itxia da, bizi diren inguruarekiko inolako atxekimendurik gabeko jendea bizi da, eta bisatua behar dute gainontzeko Errusia bisitatzeko. Eskualde horretan galdera eginez gero, bistan da, Errusia da bertakoak errusiarrak baitira, logikoena, Alemaniari kendu ostean, poloniarra edo lituaniarra izatea izan arren. Baina berandu da honezkero.

Europatik kanpo antzeko eztabaidek ere beti eman didate atentzioa, Salvadorrek Hondurasekin bere egunean izandako gerrak, edo egunotan Nikaragua eta Costa Ricak izandako gatazka antzinako tratatu baten arabera muga ibaian jarri ala ez. Afrikan kolonizazioak herri eta tribu asko bereizi zituen, baina orduko mugek indarrean diraute gaur egun, milaka urte zahar diren herriek ehun urte eskaseko mendebaldeko agintea izan zuten, eta beste edozerk baino pisu handiagoa dauka horrek oraindik. Atsegin dut Kapuscinski bezalako kazetariak irakurtzea, oso ondo azaltzen dute europarrontzat Afrikako hainbat herritako egitura, Malin adibidez, herrialdearen erdia baino gehiago (Saharako aldea, hain zuzen ere) tuaregei badagokie ere, demografikoki ehuneko 10 inguru izanik ez dute inoiz agintea eskuratzerik, bambara, dogon, peul edo beste edozein herritako inork ez bailuke esklabu hartzen zituzten herri horretako inoren alde bozkatuko. Tribuak bere alde on eta txarrak ditu, bakardadeak bezala, norberak bilatzen duenean osasuntsua izan daiteke, baina besterik ez denean... tribuaren babesa gauza handia da era berean, baina indibidualismoan galtzen da.

Eta horregatik, kale egingo luke demokraziaren ikuspuntu indibidualista, pertsona bat bozka bat, askotan norbera indibiduo taldeko kide den neurrian baita. Bere alde on eta txarrekin, bistan da, eta Europatik begiratuko prisma inperfektutik. Baina ezin ulertu oraindik, alde etnikoa hain garrantzitsua izanik, zergatik Afrikan aldatzen diren muga bakarrak kolonizazio garaiari dagozkion (Somaliland ingelesa izan zen eta italiarren izan zen Somaliatik bereizita dago de facto, Eritreak ere lortu zuen Etiopiatik independentzia). Europan ere gertatu izan da: Errusiak eta Estoniak ez dute oraindik muga-hitzarmena izenpetu, Estoniak historikoki Estonia izan den lurralde bat aldarrikatzen duelako oraindik, hau da: Stalinek eratutako Sobiet Batasunean Estonia errepublika sortu zen, bai, baina estoniarrak bizi ziren (setu etnikoak) eta Estonia historikoaren zati zen lurralde bat Errusiaren menpe gelditu zen... SESBen garaian ez zen horrenbesteko arazoa, dena estatu berean baitzegoen, baina independentzia Errepublika ofizialak lortu zuen, ez Estonia historikoak, eta hor daude setuak gaur egun, bere lurraldea zatituta, batzuk EBko herritar eta besteak bisitatzeko bisatua lortu behar.
Kontu horiek datozkit gogora, Trebiñukoa bezalako kasuetan. Azken horretan herritarrek argi eman dute iritzia azken urteotan, eta Bizkaiko mapan ere badago horrelako zulo bat, Villaverde-Turtzioz. Ez naiz borrokatxo erregionalista horien zale, sinetsidazue, nire Euskal Herria euskaldunek nahi duten hori izango da, bost axola Castrokoak edo Logroñokoak euskaldun sentitu eta sartu nahi duten edo Corteskoak edo karrantzarrak aragoitar edo kantabriar sentitu eta kanpoan gelditu nahi duten. Ea egunetako baten Zipreko Pila herrian gertatutako zitzaiguna dakardan lerrootara.

Horregatik esan izan diet beharbada independentzia hitz entzunda derrigor Balkanak (gerra), aduanak, muga, poliziak irudikatzen dituztenei, nire irudia beste bat dela derrigor. Espaniar gehienentzat munduak bi zati ditu: Espainia eta atzerria, bere mugetan ondo definituta, Gibraltar eta Portugal diren izaki "antinatura" horiek salbu, eta punta batean handik mila kilometrora bezain eroso, baina kontuz Portugal edo Okzitaniara (zer esanik ez, Marokora), muga gurutzatuz gero. Ezagutzen ditut bihotza berotzen zaizkien euskal nazionalistak ere, euskal polizia bat eta ikurriñatzar bat irudikatzen Ebro gaineko zubi batean aduanan. Baina hain justu ere horren aurkakoa da nire ikuspuntua: nor bere auzoarekin harreman onean, bakoitza beretik, enkartauak kantabriarrekin, errioxar batzuk besteekin, Erriberakoak aragoarrekin eta zuberotarrak biarnesekin. Euskaldunak batzeak harremanak etetea ez eze elkarrekiko errespetuan mendetako ohiturari eutsiz. Egun ohikoak diren hesiz eta kamerez gotortutako txaleta ez dudala gura alegia, geure etxean jaun eta jabe baina antzinako eran, ateak beti zabalik auzoko txutxumutxuen berri jakiteko.

No comments: