2005-10-24

Arrasateko kronika

Gara-n 2005-X-24an argitaratua

Sarriegi nagusi goi-mailako saioan

Aitor Sarriegi izan zen atzo Arrasaten nagusi, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako bosgarren eta azken kanporaketan. Goi-mailako saioa izan zen, eta bertso gozatu ederra hartu zuten zaleek. Irabazleak, 698 puntu eskuratuta, zuzenean lortu zuen finalerdietarako txartela, eta bere atzetik gelditu ziren Arkaitz biek ere, Goikoetxeak (678,5 puntu) eta Estiballesek (673,5)aurrera egitea lortu zuten. Haien atzetik gelditu ziren Iñaki Zelaia (658), Estitxu Arozena (654,5) eta Nahikari Gabilondo (643).

Zortziko nagusiko lanetatik antzeman zitzaion saioari, nerbioak nerbio, goitik zetorrela. Arkaitz Estiballes baserritarrarengana joan zen Iñaki Zelaia Nekazaritza Saileko teknikaria, dirua eskainiz behiak kentzearen truke. Galdakoztarra nabarmendu zen, hara bigarren bertsoa adibide: «Lehorte latza egin du aurten bada belar eskasia/ ta esnearen prezioa berriz ia lurrera jausia/ baserria zen lehen familian ekonomi ta bizia/ diruarekin ez da konpontzen baserriaren krisia».

Hurrengo saioan atzo lehen leku biak lortu zituztenek ondu zuten: Arkaitz aitak Aitor semea parke galdu batean aurkitu zuen bere bikotea ez zen beste batekin musuka. «Oinez ikasi besterik ez ta honek egin nahi du korri» bezalako perlak tartean, ardura azaldu zion Arkaitzek hasteko: «Biok galduta al zabiltzate parkea eta zerorri?». Sarriegi oso ondo sartu zen semearen rolean: «Beranduago etorri zaitez okupatuta nago ta» amaitu zuen lehen bertsoa, eta «hamaika aldiz entzun dizuet bai zuri ta bai amari/ ez al dakizu pakean uzten pakean dagoenari?» bigarrena. Azkenean aitak «orain pakean zaude zu baina laster helduko da gerra» botata haserrea erakutsiz, semeak errematea: «Gerra iristen den garairako nik prest daukat metralleta/ ta berriz pozik egin behar det parke isilera buelta/ baina mesedez bukatu aurretik gaur bion elkarrizketa/ kondoi kaxa bat ekar zaidazu paga ez zait iristen eta».

Zortziko txikiko saioan ere ale politak entzun ziren, Aitor Sarriegiren eta Estitxu Arozenaren ofizioan batez ere. Sarri lau bertsoak luze gelditu izan zaizkie asteotan, baina atzo gero eta hobeto jardun ziren. Bikotea izanik, lesakarrari iaz Sarriegiren urtebetetze eguna ahaztu zitzaion eta aurten bezperan joan zaio zer nahi duen galdezka. «Ez baduzu eskatzen aurten berdin-berdin/ gelditu beharko duzu musutxu batekin» bota zion bigarrena Arozenak, eta beasaindarrak erantzun: «Ta egia da nerekoi jarria naukazu/ ta zuk aurten urterik betetzen al duzu?».

Azkenean goitik

Puntuei erantzuten ibili zen atzoko seikotea makalen. Iñaki Zelaiaren puntuok agian salbuespena, gainerakoan behera egin baitzuen une horretan kanporaketak. Hernaniarrari «ehunka begi dituzu begira-begira» egokitu zitzaion lehena, eta aretoari zukua atera zion: «Zazpiehun bat inguru etorriak dira/ ehun kanpoan dauzkagu egia hori da/ hobe hoiek barrura etorri balira».

Hamarreko txikirako, puntu beharrez jabetuta edo, berriro goitik ekin zioten. Sarriegi beasaindarrari eskolara buruan zapian doanaren papera egokitu zitzaion, eta Estiballesi bere ikaskide izatea. «Batzuk gurutzea ta besteok zapia» amaierari «zapi hori ez al da zure gurutzea?» galdetuz erantzun zion galdakoztarrak.

Kartzelako gaia zabala zen, istorioa osatzera behartzen zuen. Errezeloz etxean kamera jarri ostean ikusitakoa kontatu beharra zuten bertsolariek. Estiballesek ekin zion, entzulea ezustean harrapatuz samurtasunez betetako bertsoekin. Deskribapenez hasita, zabalik utzi zuen lehena. Bigarrenean zehatzago jokatu zuen: «Ta nik sekula jo ez bezala jo dio bertan larrua/ ta ohartu naiz igual nirea izango dela errua». Azken bertsoan lehengoaren hariari eutsi zion eta bikain amaitu: «Laurak aldean erropak jantzi ta aldegin du berehala/ bostetan heldu ta ferekatu beharko diot azala/ sekretu hauxe neuretzat gorde ta esan maite dudala».

Aipatzeko beste bertsoaldia, Sarriegirena izan zen. Horrek ere istorioa dosifikatuz eman zuen, lehenean gaia kokatuz, bigarrenean senarraren figura sartuz, eta hirugarrenean honela biribilduz: «Nahikoa ez zen grabatzea ta joan naiz pixkat harago/ etxetik jeitsi eta kaleko lehenengo tabernan nago/ bertan senarra hantxe ari zen egin zait horren arraro/ txanpon makinak gatibatua dauka gizona zeharo/ ez du onartu nahi berak baina gizona gaixorik dago».

Hendaiari begira

Arrasateko Amaia aretoan jende asko zegoen papera eta boligrafoa eskutan, Hendaian azaroaren seian abiatuko den hurrengo faseko bertsolarien izenak jakiteko. Finalerdietan hemezortzi bertsolari arituko dira, hasitako hogeita hamarretatik aurrera egin duen dozenak eta 2001eko sei finalistek (Jexux Mari Irazuk, Unai Iturriagak, Igor Elortzak, Aitor Mendiluzek, Jon Maiak eta Sustrai Colinak). Andoni Egaña txapelduna eta Maialen Lujanbio txapeldunordea zuzenean daude Barakaldoko BECeko finalera sailkatuta.

Saioetako bost irabazleak Amaia Agirre, Etxahun Lekue, Jon Martin, Amets Arzallus eta Aitor Sarriegi izan dira, eta puntuka horien atzetik gelditu diren hurrengo zazpiak Ekaitz Goikoetxea, Xabier Paia, Fredi Paia, Arkaitz Goikoetxea, Iñigo Mantzizidor Mantxi, Jokin Uranga eta Arkaitz Estiballes.

Hendaian izango da lehen saioa azaroaren seian, eta hurrengoak Markinan, Gasteizen, Zumarraga-Urretxun, Beran eta Donostian izango dira. Hemezortzi bertsolariek bina saio egingo dituzte, eta hortik seik egingo dute aurrera Barakaldoko oholtza gainean kantatzeko abenduaren 18ko final handian.

Lekue eta Xabier Paia ezusteko atseginak izan dira, Bizkaiko txapelketan beren maila erakutsi arren Nagusiaren presioa bestelakoa baita. Beste aldean Xabier Silveira eta, oro har, Nafarroako bertsolaritza gelditu dira, beti baita kalterako herrialde hori ordezkaririk gabe gelditzea hain goiz. Horiek dira txapelketaren gazi-gozoak.

2 comments:

Anonymous said...

Aupa Urtzi,

eta aurrera blog honegaz!

ni be hemendik agertuko naz Bloglinesek zure barri emoten deustan guztietan.

Urtzi UV said...

eskerrik asko bikote, baina oraindik, fase esperimentalean gabiltza, apurtxu bat saltseatzen, jostailutxuaren trukoak ataraten, enfin, umeari oinez ibilten erakusten...