2005-10-18

Idiazabalgo kronika

2005-X-16ko Gararako idatzia

Etxahun Lekue larrabetzuarra finalerdietan da

Etxahun Lekuek lortu zuen atzo arratsaldean Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalerdietarako bigarren txartela, Idiazabalen puntu gehien bilduta. Ekaitz Goikoetxeak baino hiru gehiago eskuratu zituen, baina beasaindarra ere hurrengo txandan izango da. Iñaki Gurrutxaga eta Iker Zubeldia izan ziren hirugarren eta laugarren 672na puntu lortuta, eta badute finalerdietan egoteko aukera.
Igarondo pilotalekua jendez gainezka egon zen atzo, Idiazabalen jokatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken-laurdenean, eta entzuleek gozatu ederra hartu zuten. Agurretan antzeman zitzaion saioari bero zetorrela, txalo zaparrada batekin hartu baitzituzten bertsolariak.

Jon Zalduaren agindutara aritu ziren lehen bertsolariak Iñigo Izagirre eta Asier Otamendi izan ziren. Oso ofizio txukuna osatu zuten: Poliziaren kontrola dagoela-eta, Asierrek beste bide bat hartu nahi du eta Iñigok betikotik jarraitu. «Ezkutatzeko ez daukat ezer kopilotoa kenduta» edo «azal gaitezen patxada osoz eta pixkat tonto eran/ ea horrela jabetzen diren eurak daudela soberan» bezalako amaierekin saioa goitik zetorrela nabarmendu zuen Izagirrek. Biei luze samar egin zitzaien, ordea, oso ondo hasi arren, azken aldera behera egin baitzuten.

Zortziko txikiko saioa aldrebesagoa izan zen, bertso onekin batera tarteka gorabehera gehiago egon baitzen. Ofizioko lau bertsoak luzeegi suertatu zitzaizkion bati edo besteari, baina ale ederrak ere asko izan ziren, Etxahun Lekue neska guztiei piropoka eta Otamendi lagunaz lotsatuta saio osoa egin ostean. «Baina eten behar dut gure berriketa/ bitartean lau aukera galdu ditut eta» sinple bezain biribilarekin amaitu zuen larrabetzuarrak ofizioa.

Puntuei erantzuten oso ale ederrak bota zituzten atzo. Ekaitz Goikoetxearen hirugarrena «aberats izatea ote helburua?» izan zen, eta ederto amaitu zuen: «Bakoitzak izango du bere apurua/ halare banatuko bagenu dirua/ berdinago izango litzake mundua». Etxahun Lekue ere itxuroso irten zen atakatik, bere heriotzari buruz galdetzen zioten puntuak errazenak izan ez ziren arren.

Hamarreko txikiko ofizioetan, Lekue eta Gurrutxaga nabarmendu ziren. Atzoko bertsorik onenetakoak entzun ziren ama-alaben paperean egindako saioan: amak estetika operazioa egin nahi du. «Ispiluaren aurrera ene zenbat txango/ nik ez dizut esango dagoenik ondo/ kontsejurik be ez dizut amatxo emango/ baina pentsa ezazu mesedez lehenengo/ sekula ez zarela nire ahizpa izango» hasi zuen Lekuek ofizioa. Gurrutxagak «berriz izan nahi nuke ama eder hura» amaituta bertsoa, «lifting-ak egin eta silikona sartzen/ zeure burua baino ez duzu engainatzen» bota zion atzoko irabazleak. Eta Gurrutxagak erantzunari erantzun zion: «Ni gazte sentitzen naiz ta hala komeni/ ta denborak zergatik engainatzen nau ni?».

Goikoetxeak ere bikain hasi zuen hurrengo ofizioa, baina ordura artean oso maila onean ibili zen Iñigo Izagirrek txarto ulertu zuen papera: etxea utzi eta gizonezko batekin bizitzera doan aitarena kantatu beharrean, Goikoetxearena zegokiona hartu zuen, semearena. Horren bertsoa oso ona izan zen: «Lehen ematen zenidan hamaika igurtzi/ baina azken boladan oso oso gutxi/ nik nere onespena nahi det erakutsi/ baina etxetik gertu nahi zaitut ikusi/ gizona hartu baina semea ez utzi».

Kartzelan gorabeherak

Kartzelako laneko gaia labur eman zuen Jon Zalduak: «Kalean zoazela ume batzuk jolasean ikusi dituzu elkarri tiroka ari balira bezala eskuarekin itxurak egiten». Iñaki Gurrutxagaren bigarren bertsoa atzoko onentsuenetakoa izan zen: «Elkarri seinalatuaz jolas baten dabiltz han/ oraindik haur dira eta inozentziaren ditxan/ baina gu helduak gara eta zentzudunak izan/ zergatik portatzen gara sarri haur txikien gisan?/ errealitate bizitzan/ beti jolasa bailitzan/ ta ez gara konturatzen zenbat jokatzen gabiltzan». Hor jo zuen goia oriotarrak, baina hurrengo bertsoan ez zuen asmatu.

Ekaitz Goikoetxeak ere bertso ederrak utzi zituen: «Orain tiroka ikasten dute hizketan baino lehenago» izan zen lehenaren amaiera, eta «beti kanpora hauspotzen degu marmarra eta kritika/ bakea erein behar da baina norbere etxetik hasita» azkena.

Etxahun Lekuek bestelako jarrera hartu zuen gaiarekin, eta hamarreko nagusian ale sinple baina biribilak utzi zituen, gaiari neurria hartuta: «Zuek ere ez zarete izango hortan ibili gabeak/ eta parkatu baina ez gara horregaitik hiltzaileak» amaitu zuen bigarrena, eta azken bertsoarekin zuzeneko sailkapena lortzeko puntuak eskuratu zituen larrabetzuarrak: «Bai esku batek balio lezake irudimena lantzeko/ atzamarren bat aurrera bota eta pistola sortzeko/ lagun denei tiro bat bota askorentzat da kalteko/ baina eskua eraldatzea gerta liteke ederto/ forma aldatuz albokoari bostekoa emateko».

Gaur bertsozaleek Zornotzan dute hitzordua, bertan jokatuko da azken final-laurdena.

No comments: