2009-03-15

Aro berria

BERRIAn argitaratua

Ez da inongo sekretua ezker abertzaleko hainbat jende zer-nolako gozatua ari den hartzen jeltzaleen urduritasuna eta ezinegona ikusita. Eroso daude, eroso daudenez, albotik begira. Aspaldi pentsatutako irudia zen, katalan lagunek gogorarazia: a ze negarrak Generalitat-earen ingurumarian kolokatutako CiUko horientzat (hiru mila pertsona, omen), ERCk PSCrekin zihoala esan zuenean. Ikustekoa ei zen hiru mila horiek zelan jasotzen zituzten bulegoak.

Baina bagenekien Espainiaren ikuspegitik Euskal Herria oso desberdina dela. Katalunian eta Galizian posible dena ez da zilegi hemen. Nafarroako hauteskundeetatik dakigu, edo lehenago ere bai menturaz: herri hau soziologikoki abertzalea dela diogunean badakigu ez dela egia, alderdi unionistek boto gehiago dituzte bai Frantziaren menpeko zatian bai Espainiaren menpekoan. Partizioa onartuta baino ez da posible esatea abertzaleak gehiago direla. Gauzak horrela, pentsatu beharko da zergatik gura izan duen unionismoak partizioari eutsi, gobernua eskuratzeko askoz erraza zukeen lau herrialdeko autonomia bultzatzea baino (are inoiz baino gehiago aukera hori). Espainiari komenigarriago izan zaio EAJk kudeatutako EAE, PPk edo PSOEk (Madrilen legokeenak) gobernatutako Hego Euskal Herria baino. Bigarren aukera askoz arriskutsuagoa zaie.

Aro berria dator, eta inoren porrotaz pozteaz haratago, aro berrirako prestatzea hobe. Galesko abertzaleek 20 urterako plangintza egin dutela irakurri berri dugu, biztanle gehienak independentziara limurtzea helburu, egungo inkesten ehuneko hamahirutik abiatuta. Aldeak alde, Gales Galizia da konparazioan (ez dago esan beharrik zein den Eskozia eta zein Irlanda, ezta?). Eztabaida sustatu eta Galesko estatua komenigarriagoa dela sinestaraztea da gakoa. Noski, horretarako, tankeen mehatxu terroristarik egiten ez duen estatua behar duzu aurrean, eta ez da gure kasua. Baina aro berria prestatzeko lagun dezake.

2009-03-08

Iparra galdu barik

BERRIAn argitaratua

Bai, lehen aldiz espainiar lehendakaria izango dugu mendebaldean. Partizioak ekialdean lehendakari antieuskaldun xenofoboak ezarri dituen gisan. Demokraziaren oinarrietan zirrikitua onartzen duzu, «gaiztoak» legez kanpo uztea ez dago oso ondo, baina tira, ez gara horregatik mendira joango... eta gero Ondarroako lapurreta onartzen duzu, eta Zizurkilen biktimari tu egiten diozu, eta botereari eustea denez garrantzitsuena, miatu edo atxilotu egiten dituzu boto-paperak banatzearen gisako delituetan dihardutenak. Honaino helduta, protokoloak ahaztuta berriz torturatzen duzu, ze gauza bat da espainolei erasotzea eta ezker abertzalea erreprimitzea, eta beste bat zuen negozioan lasai-lasai zaudetenok ere gauza itsusi horietan sartzea. Ez genuen besterik behar.

Sentitzen dut, baina ez eskatu negarrik. Lopezek Kafe Antzokia ixten duenean egingo dugu protesta. Fartsa onartu zenuten, eta orain fruituak. Alde batean bizkartzainak dituzte; bestean ehunka lagun etxera bidean dira Espainia eta Frantzian barna maite dituztenak bisitatu ostean, eta beste milakak ez dute boto eskubiderik, eta sufrimendua gainditzeko ahalegina espetxean ordaintzen dute dozenaka abertzalek.

Oinak lurrean gura ditut. «Aralartik Irati, haritza eta pagoa. Bera ere bi zati eta josirik ahoa». Ez dut nork nori min gehiago egin dion begiratu gura. Baina kasu, Rubalcabak esaten duenean oso berri pozgarria dela alderdi independentista batek gora egitea. Espainia osoak txalo egiten dizunean... Eman lepoa, eta adi, iparra galdu barik. Etsaiak ez dira «besteak». Eta birfundazioa ere galdatu die iparrak ezker abertzaleei.

Luza daitezela botere borroketan. Independentismoak erronka handiagoak ditu: armak ehorztea, militanteak etxeratzea, zubiak eraikitzea eta batasuna, pertsonena (Aintzane, Unai, Arnaldo, Patxi, Pernando...) eta herrialdeena. Gero, 2012, Eskozia, Faroe. Iparrera begira.

2009-03-01

Legalak zaretenok

BERRIAn argitaratua

Badago bitxikeria bat hauteskundeotan: EAJ bozkatzen duenak ez dauka segurtasunik Ibarretxe izango ote den berriz ere lehendakari, edo botere truke behingoan sakrifikatuko dioten. Eta berdintsu PSE-EE bozkatzen duenak: Lopez lehendakari izateko emandako botoarekin, baliteke EAJko lehendakarigai ezkutua inposatzea Moncloak. Hala, Ibarretxezaleak EA edo Aralar ditu erreferente zuzenago, eta Lopezaleak PP eta UPyD.

Eta nor du erreferente independentistak? Erkidegoko kudeaketaren azpikontrata Pepsi edo Coca-Colaren eskuetan ote dagoen hautatzeaz haratago erabaki gura duenak, zein hautu dauka? Nora jo indarkeriaren espirala etetea desio duenak, presoak etxean gura dituenak, hauteskunde demokratikoak behar dituenak?

Bestela esanda, nor dago prest benetako burujabetza lortzeko, Espainiak euskaldunik legez kanpo utziko ez duen, egunkaririk itxiko ez duen, herri honetan muturrik sartzea eragotziko duen burujabetza eskuratzeko urratsak ematera? Begiratu dut inguruan, eta inor ikusi ez. Horretarako prest daudenak preso ditu Espainiak.

Esan nuen, ez dago baldintzarik hauteskunde demokratikoak egiteko. Fartsa negargarria da mendebaldean gaur egingo duguna, eta horren aurrean erabaki logikoena plantoa zela deritzot. Ez abstentzio soila, fartsa horri egindako boikot argia baino.

Ekidistantziaren izenean parekatzen dituzte erakunde armatu klandestino baten jardunaren ondorioz bizkartzainekin dabiltzanak eta estatuko arrazoien eta demokraziaren izenean, legea eskutan, eskubide zibilik gabe utzi gaituztenak. Patxadarako tartea zela nioen, espainolei paso egiteko unea. Boikoterako masarik osatu ez denez, berba janda joango naiz milaka lagunentzat zirrikitu estuegia daukan hautestontzira. Ustel usainari duintasun tanta batzuk botatzera, behinik behin.

Legalak zaretenok: zeuen arazoa da.

2009-02-22

Sinboloak

BERRIAn argitaratua

Munduko leku askotan daude antzeko ohiturak, baina niri Rigan kontatu zidaten. Daugava ibaiaren gaineko zubi bateko barandetan ehunka giltzarrapo ikusi genituen lotuta. Laster jakin genuen motiboa: bikote ezkonberriak bere giltzarrapoa jarri, giltzaz ondo itxi eta Daugavako uretara bota zuen giltza. Betiko maitasuna adierazteko sinbolo ei da ekintza hori, maitasuna ezerk hautsiko ez duela adierazteko edo.

Niri gauza itsusia iruditu zitzaidan. Bistan dago giltzarrapoak, giltza barik ere, erraz apurtu eta zabal daitezkeela. Baina itsusiena maitasuna kate eta giltzekin nahastea egin zitzaidan. Borondatez eta gogotsu beharko lukeen zerbaiti giltzarrapoa jartzea maitasuna kateatzea iruditu zitzaidan, halabeharrera zigortzea pertsona biren sentimenduak. Letoniar haientzat, baina, maitasun adierazpen gorena zen zubiko giltzarrapoa.

Herri askok ohitura zurrunei eutsi diete. Kaukaso aldeko hainbat herritan debekatuta dago komunitateko jende nagusiarekin berbarik trukatzerik haiek solasa hasi ezean. Zapata jaurtitzeak arabiarren artean duen sinboloaz ere ikasi dugu zerbait aspaldion. Israelen sarraskian ikusi ditugu banderak erretzen mundu zabalean, baina deigarriagoa egin zitzaidan islamiar erakunde bateko bileran zelan atera zuten Israelgo bandera dotore bat (ez kartulina pintatu bat), oholtzara zihoazen eskaileretan jartzeko. Hartara, igotzen ziren denek bandera zapaltzen zuten.

Gurean protokoloari oso garrantzi eskasa eman izan diogu, naturaltasunaren izenean. Eta horrelako tirabirak sortzen dira tarteka. Gogoan dut alkate kurdu bat euskal taberna batera sartu zenekoa. Hormetako presoen argazkiez galdetu zuen, eta afari modu lasaia egiten ari ginela, paperezko zapietan zer zekarren itaundu zuen. «Euskal presoak Euskal Herrira», erantzun zioten. «Bada, jakin banu, ez nituzkeen erabiliko. Niretzat, presoekiko iraina da beren irudiekin muturra garbitzea».

2009-02-18

Kosovok independentziaren lehen urteurrena ospatu du

BERRIAn argitaratua

Pristinako kaleetan ez da iazko bozkariorik izan, herrialdeko txoko guztietatik Pristinara bildu badira ere albaniarrak

«Askapenaren borrokako beste heroiak» izan ditu gogoan Thaci lehen ministroak

Banderaz josita ageri zen Pristinako Nene Tereze (Ama Teresa) oinezkoen kale nagusia. Albaniarren gorri-beltza eta iaz onartutako Kosovoko estatuarenaz gain, herrialdea onartu duten herri garrantzitsuenenak ikus zitezkeen. Jende arruntak, berriz, musikaz, dantzaz, eta Balkanetan ohi denez, zaratatsu ospatu zuen beren estatuak urtea bete izana.

Ez zen independentzia aldarrikapenaren eguneko bozkariorik izan Pristinako kaleetan, Kosovo osotik eta albaniarrak bizi diren estatuetatik milaka lagun etorrita ere. Errealitate gordinari aurre egin behar izan diote beren burua estatu independente aldarrikatu duten lehen urtean. Ondorioz, balantzeetarako baino itxaropenari eusteko eguna izan zen atzokoa.

Paristik etorritako albaniar batek urrats egokiak egiten ari zirela zioen, kaleko gertaleku nagusirantz zihoala. «Herrialde garrantzitsuenek onartu dute Kosovo eta etorkizunean gehiagok egingo dute, bide egokian gaude». Pristinar batek ere iazko eguna errepikatzeko asmoa zuela zioen: «Kosovori urtetan gertatu zaion gauzarik garrantzitsuena izan zen independentzia aldarrikatzea». Gazte askok beste era batean parte hartu zuten ospakizunean. Ikasle bat kexu zen independentziak ez zuelako aukera gehiagorik ekarri, eta ikasketen ostean gazte askok zeukaten etsipena aipatzen zuen. Gorri-beltzez jantzitako beste mutil batek ere sentimendu gazi-gozoak zituen: «Egia da, independentzia aldarrikatu beharra zegoen, eta oso garrantzitsua izan zen, baina arazoak ez dira konpondu. Pobrezia izugarria da oraindik, baita langabezia ere; gainera, Kosovok oso biztanleria gaztea dauka, hemen ez dute perspektibarik eta kanporako zailtasunak baino ez».

Ospakizun ofizialak

Kosovoko Gobernuak antolatutako ekitaldiak goizean goiz hasi ziren, estatu berriko Parlamentuan egindako bilera berezian. Legebiltzarkide serbiarrek parte hartzeari uko egin zioten eta ez ziren Pristinara joan. Fatmir Sedjiu Kosovoko presidenteak, Hashim Thaci lehen ministroak eta Parlamentuko presidente Jakup Krasniqik hartu zuten hitza, Kosovoko herriari zorionak emateko, estatu berriak urtea bete duela eta. «Gu guztion urtebetetze eguna da gaur», esan zuen Thacik. Sedjuk berriz, Ibrahim Rugova presidente ohi eta alderdikidea izan zuen gogoan, baita Adem Jasari gerrillaria eta «askapenaren borrokako beste heroiak» ere. «Harro gaude gure arbasoek egindakoaz, eta zorionekoak gara estatu independente eta burujabea den Kosovon bizitzeagatik», esan zuen presidenteak.

Kosovoko orkestra filarmonikoaren kontzertua izan zen jarraian; kalean Independentziara bidean izeneko ekitaldia zen. Gaua iritsita, txapliguek argitu zuten Pristina, Prizren eta Kosovoko beste hiri batzuetako zerua.

Herritar arruntek berriz, kalean edo tabernetan jarraitu zuten ospakizunekin. Asko izan ziren goizean goiz Ibrahim Rugova presidente izandakoaren hilobia bisitatu zutenak, eta beste horrenbeste egin zuten milaka herritarrek Kosovo osoan dauden UCK-ko gerrillarien aldeko hilobi eta oroitarrietan. Urdinez jantzitako neska-mutilek ere lore gorriak banatu zizkieten Pristinako kaleetan zebilen jendeari.



Negozioak ere tartea izan zuen Pristinan, bandera eta oroigarri saltzaileen eskutik. Albaniako kolore gorri-beltzak ziren nagusi jende askoren arropatan, baina begi bistakoa zen Gobernuaren ahalegina bandera berriko urdina eta horiak ere indar har dezan. Nork bere gustukoa jantzi edo aurpegian margotu, askok zeramatzaten bandera biak, eta batek baino gehiagok UCK gerrillakoa ere bai. Kaleetan eskegitako bandera mordoaren kontrastean, atzerriko bat zen nagusi kosovoarren artean: AEBetakoa, eta batek baino gehiagok zeramatzan NATO eta Washingtonekiko esker oneko mezuak.

Serbiarren protesta

Kosovoko biztanle serbiarren jarrera oso desberdina izan da. Baita Serbiako estatuarena ere. «Kosovo ez da estatua», esan zuen Boris Tadic presidenteak, eta Novi Sad herrialdeko bigarren hirian protestak egon ziren. Baita Kosovoko serbiar herrietan ere, iparraldean bereziki. Atzo goizean bilera berezia egin zuen Serbiako Parlamentuak; gero hainbat parlamentario Kosovorantz abiatu ziren. Mitrovica hiri zatitutik hurbil dagoen Zvecan herrian bildu ziren Kosovoko serbiar udalerrietako ordezkariekin, independentziaren aurkako ekitaldia egiteko. Tartean zen Kosovorako Serbiako ministro Goran Bogdanovic

Oliver Ivanovic politikari serbiar-kosovoar moderatuak egungo egoerak dakartzan arriskuez ohartarazi zuen. «Tentsio handiko egoera daukagu 2008ko otsailaren hamazazpitik; serbiarrek ez genuen onartu independentzia, baina albaniarrek uste dute denek onartu behar dutela. Tentsioa sortzen du horrek, eta erraz haz daiteke. Elkar ezin ulertu horrek hainbat arazo sorrarazi dizkigu Mitrovican», azaldu du Ivanovicek.

Albin Kurti: «Kosovo ez da aparteko kasua»

BERRIAn argitaratua

Albin Kurti
Vetevendosje mugimenduko kidea

Independentziaren urteurrena ez ospatzeko deia egin du Kosovoko ahots errespetatuenetakoak. Kolonizazio egoeran dago nazioa haren ustetan, beste asko bezala.

Albin Kurti Kosovoko kontzientzia errespetatuenetakoa da. Vetevendosje (Autodeterminazioa) mugimenduko aurpegi ezagunena denak, independentziaren ospakizunetan ez parte hartzeko deia egin du. Serbiak bi aldiz espetxeratu zuen, eta gero Kosovoko NBEren administrazioak, protesta baten ostean NATOko poliziek bere bi lagun hil zituenean. Egungo egoerari kolonizazio deritzo Kurtik, eta munduko beste herri askoren antzekoa dela uste du.


Kosovoko independentzia aldarrikatu eta urtebetera, zein balantze egiten duzu?

Gobernuak ospatu egiten du. Bere lehen helburua herrialdea batzea eta garapen ekonomikoa izan beharko luke, baina berrogeita hamalau herrialdek onartu gaituztela diosku, eta bide horretan izango dugula aulkia NBEn. Baina hori ez da lurraldearen batasuna bezain garrantzitsua. Bosniak aulkia dauka NBEn, onartutako herrialdea da eta mapan estatu bat dirudi, baina barrura begiratuta, ez da hala.

Autodeterminazio ia beti independentziarako bide gisa ikusi izan da, eta Kosovoko gehiengoaren asmoa argi dagoela argudiatu izan dute. Zergatik uste duzue beharrezko dela erreferenduma?

Niretzat autodeterminazioa independentzia erreferedum bidez ebaztea da, ez munduak kasu berezi bezala inposatzea. Kasu sui generis-a dela diote, ez dadin besterik egon, ez Taiwan, ezta Tibet, Txetxenia, Katalunia eta Euskal Herria ere. Hori eragozteko definitzen dute sui generis, nire ustez benetako arrazoia da esperimentatu nahi dutela, nolabaiteko aginte internazional arbitrarioa ezarri, halako postkolonialismoa. Horregatik, autodeterminazioa independentzia baino garrantzitsuago da. Independentzia badaukagu, baina ez geuk erabakitakoa, formalki baino ez da, edukirik gabea, burujabetzarik gabea. Eta burujabetzarik gabe, ez dago garapen ekonomorik, pobreziara kondenatzea da.

Aldarrikapenak dio Kosovo kasu berezia dela. Bestalde, ez da existitzen Kosovoko nazioa. Zuek albaniarrak zarete naziotasunez.

Kosovo ez da aparteko kasua, inondik inora. Estatu baten erasoa jasan dugu, eta orain kolonizatuta gaude. Ni albaniarra naiz. Kosovoko nortasun hori ezarritako da, asmakuntza inperialista.

Iaztik hona bandera berria gehiago ikusten da, nahiz eta denek aitortu albaniarrena dela benetan maite duzuena.

Kosovoko bandera eta eresia inposatu egin dizkigute, jendeak bozkatu gabe, ez dute historiarik. Jendeak Albaniarekin bat egitea nahi du, baina klase politikoak ez. Zergatik? Botere kuota txiki horiei heltzeko, nork bere txokoan. Geroz eta gehiago esperimentatu gurekin, geroz eta antzuagoa izango da Kosovoko estatua eta geroz eta gehiago nahiko du jendeak albaniarren batasuna. Kosovo eta Albania, eta baita Mazedonia mendebaldea ere.

Oraintsu Mazedoniako albaniar batek ziostan federalizazio prozesua egon ezean, herrialdea bera desagertu zitekeela.

Grezia amorratuta dago izenarekin, Serbiak ez dio onartzen eliza ortodoxo propioa duenik, eta Bulgariak mazedoniar nazionalitatea ukatzen du. Hizkuntzaz eta etnikoki bulgariarrak dira mazedoniarrak. Titoren asmakuntza da Mazedonia.

Independentzia lortuta, zuen mugimendua ahulduko zela esan zen.

Oso sare garrantzitsua daukagu, hamabost mila kide, horietatik mila oso aktibo Kosovo osoan, eta geroz eta gehiago gara. Baina gure erronka ez da kuantitatiboki haztea, kualitatiboki baino. Esan: ez gara futbol taldea, ez egon begira eta erdu gurekin jokatzera.

Nola ikusten zaituzte politikariek?

Buruzagiek beldurrez ikusi ohi gaituzte, baina alderdietako kide arruntek begirune handia digute, badakite ez garela ustelak. Neoliberalismo basati honen ostean dena saldu nahi dute, ez dute ideologiarik, kudeatzaile hutsak dira. Eragozpenak kentzeko daude hor, kanpoko merkatuei dena errazteko, ez benetako politika egiteko. Hori geuk egiten dugu, kanpotik, eta geu joaten gara arazoen muinera. Hauteskundeetan parte hartzeko esaten digute, baina hori espetxean goiko edo beheko ohea nahi duzun galdetzea bezala da; 'Thaci ala Sedjiu nahi duzu?'. 'Ez, espetxetik irten nahi dut'. 'A, ez, hori ez da galdera'.

Serbia EBko kide izateko ateetan ei dago. Zer deritzozu?

Serbia onartzen badute Kosovo onartu baino lehen, EB Kosovoren aurka dagoela esan nahi du. 150.000 ez serbiar hil dituzte urteotan, lau gerratan. Torturak, bortxaketa eta abar aipatu barik. Bosnaka hil balituzte ere, esan nahi du oraindik hogeita hamar mila serie hiltzaile dituzula. Eta Serbiako armada desegin beharrean, Kosovoko askatzaileen armak hartu zituzten. Erabat bidegabea litzateke EBk erabaki hori hartzea.

Zein presio jasan dituzu, Vetevendosje mugimenduaren indarra ikusita?

AEBetako funtzionario batzuk etorri ziren espetxera behin, manifestazioak etetea eskatzeko. Esan nien espetxean nengoela eta nire kideei esan behar zietela hori. Baina erantsi nien, kideek jaramonik egiten bazidaten, manifestazioekin jarraitzeko eskatu niela.

Oro har ekintza baketsuak bultzatu dituzue. Zein jarrera daukazue borroka armatuaz?

Ikasle garaian protesta baketsuak egin genituen, baina Milosevic sarraskiak egiten hasi zenean, UCKn izena eman nuen. Ulertzen dut indarkeria horren aurrean indarra erabili beharra. Orain indarkeriarik gabeko ekintzan dihardugu, konbikzioz, baina ez bakea denaren gainetik dagoela uste dugulako, pragmatikoki askoz erabilgarriagoa dela uste dugu.

2009-02-17

Kosovoko eski estazioa

Urtebete, arazoak arazo

BERRIAn argitaratua



Kosovok ospatuko du gaur independentzia aldarrikapenaren lehen urteurrena. Iazko euforiarik gabe, eta nazioartearen arreta txikiagoa izanda, milaka albaniar iritsi dira Pristinara azken orduetan. Badakite iazko amets gutxi bete direla, baina inor ez dago atzera egiteko prest.



Ez da iazko jende uholderik izango, baina Pristinako kaleak musikaz eta kolorez bete dira atzera ere. Ospatzeko motibo gutxi izan ohi du Europako herrialderik behartsuenetakoak, horregatik, balantzea egiteko baino gehiago etorkizunera begiratzeko antolatu dituzte gaurko ekitaldiak.

«Ezin esan gauzak askorik aldatu direnik urte honetan. Nolabait, Kosovo independente zen 1999tik, baina nazioarteko erakundeen menpe jarraitzen du. Independentzia lortu du Kosovok, baina ez subiranotasuna», dio Bakearen Aldeko Mugimenduko Mikel Cordoba iruindarrak. Bestela esanda, Serbiarengandik askatu du bere burua, eta independentzia lortu, baina munduarekiko dependentzia inoiz baino handiagoa da. Kosovoko biztanleen %90 baino gehiago dira albaniarrak, eta gustura ordaindu dute prezioa, oraindik ere arazo ekonomiko larriak izan arren: «Beharbada baikorregia izan zen gobernua, izan ere, independentziaren aitorpenak bata bestearen atzetik etorriko zirela iragarri zuen, eta horiekin batera inbertsioak», aitortu du Flaka Surroi Koha komunikazio taldeko zuzendariak, «baina egin beharreko guztia egin genuen, Ahtisaari plana onartu eta haren arabera aldarrikatu genuen independentzia».

Nazio Batuen Erakundeko auto zuriak askoz gutxiago dira, abenduan abiarazitako EULEX europarrekoak dira nagusi orain. Europa izango da Kosovoren giltza, eta Balkanetan apustu egin duela ematen du. «Ekonomia aldetik arazoak daude, baina estatua eratzeko dauden zailtasunetako bat da hori. Botere judiziala ere indartzeko dago, eta Kosovoko epaileak trebatzeko egitasmoa izango da lehen urratsa», dio Flaka Surroik. Hirurehun epaile eta fiskal bidali ditu honezkero herrialdera Europako Batasunak.



Etorkizunera begira


Europako estaturik behartsuenetakoak izanik, senidetasuna bai, baina oso komunikazio txarra daukate Kosovok eta Albaniak, eta Mazedonian barna iristen dira gehienak Pristinara. Kosovon sartu eta gutxira, albaniar banderaz josita dago zubi bat, eta Estatu Batuetako eta Europako Batasuneko batzuek bidea irekitzen dute. Ospakizunetara datozen autoak bide ertzean geratzen dira, alderik alde haizatutako albaniar bandera erraldoiaren pean argazkia egiteko. Kosovoko banderarik ez da ageri. Ezin esan desagertuta dagoenik, jende askok baitarabil egunotan, baina argi dago bi buruko arranodun bandera gorriari diotela atxikimendua kosovoarrek. «Hauxe da albaniar guztiok geure sentitzen duguna, eta noizbait elkarrekin egoteko erabiltzen duguna», esan du Tiranako emakume batek senarrari eta umeari argazkia atera ostean. «Hori da beti erabili duguna, bestea ez dut gustuko», dio ospakizunetarako Paristik Pristinara itzulitako gizon batek. «Egia da, bandera ere inposatu egin digute», esan du Surroik, baina nazioarteko erakundeekiko menpekotasunak horien konpromisoa ere indartzen duela nabarmendu du.



Badira independentzia eskuratuta bestelako helburu batzuk ere aipatu behar direla diotenak. Qani Mehmet Kosovoko irrati telebista publikoko zuzendariak uste du albaniarren sufrimendua gogorarazteko eguna dela, eta Kosovoko gai tabua, lurraldearen zatiketa, aintzat hartu behar dela: «Ez du zentzurik Mitrovica eta iparraldearekin tematzea. Har dezala Serbiak beretzat kriminal zulo hori, eta trukean Presevo sar dadila Kosovon», dio Mehmetek. Serbiaren menpe jarraitzen duen harana da Presevo, albaniarrak nagusi izan arren. Ahapetik albaniar guztiek daukaten ametsa da: estatu bakarrean biltzea albaniar guztiak. «Europako Batasunak asko lagunduko du, konpromiso hori hartu du. Baina urrunera begira, kide izateko garaia iristean, Mazedoniako, Albaniako eta Kosovoko albaniarrek estatu bakarrean bat eginda sartu behar dugu Batasunean».

Agendatik kanpo dago gaia, «eta onartu genuen konstituzioaren aurkakoa da», gogorarazi du Flaka Surroik. «Aldatzeko erreferenduma egin beharko litzateke, eta estatu gisa erabateko egonkortzea». Urrun, oso urrun dagoen horizontea da, baina itxaropentsu jarraitu behar dutela diote hotzari aurre eginda urime (zorionak) errepikatzen duten albaniarrek: «Jaioberriak gara, eta oraintxe hasi gara ibiltzen, baina ibiltzen egiten da bidea, ezta?».


«Espainiak zer du gurekin?»

Brezovica Kosovoko eski estazio bakarra da. Mazedoniatik hurbil dago, albaniar herriez inguratutako serbiar enklabean. Euskal kazetariak kontuz ibili behar du Kosovon bere burua aurkeztean, serbiar guneetan hobe du espainiarra dela esatea. Hala egin du Brezovican, eta solasa ukatu dio eskiatzaile batek, «Espainiak Kosovoren independentzia onetsi arte, ezer ez». Albaniarra da, noski. Aurkezpenean Ʊabardura egin du, eta euskalduna dela esanda, irribarretsu mintzatu da: «Espainiak zer du gurekin? Zuen erruz ez gaitu onartzen, ezta?». Pristinako kaleetan ere, AEBak eta Europa mendebaldeko herrialdeen bandera ugari daude, baina Espainiakorik ez. Serbiar manifestariek haizatu ohi dute azkenaldian hori-gorria, Greziakoarekin batera.

Serbiarrak dira eski estazioko negozio guztiak. Albaniarrak, berriz, eskiatzaile gehienak. «Hemen ez dago arazorik serbiarren eta albaniarren artean», dio Milanek, eskiak alokatzen dituen etxeko serbiarrak, «negozioa negozioa da». Horixe da Brezovicaren gakoa, negozioa. Hori bera da Mitrovican kale egin duena: «Berez zailak ziren harremanak erabat gaiztotu zituen hango meatzeak ixteak, jende asko geratu zen lanik gabe, eta ekonomia hondoratzen denean areagotu egiten dira gatazkak», dio Mikel Cordobak.

Iazko ekainean Kosovoko serbiarrek egitura berezia eratu zuten, Mitrovica hiriburu hartuta. Gaur gonbita egin diote Serbiako Parlamentuari haraino joan dadin, eta gobernu eta oposizioko parlamentario askok baietz erantzun dute. «Probokazioa da», dio Flaka Surroik, «baina mugan pasaportea erakutsi beharko dute, inplizituki gure independentzia onetsiko dute».

2009-02-15

Ultren ereduak

BERRIAn argitaratua

Gobernuan zegoenak irabazi ditu hauteskundeak, baina oso hurbil geratu zaio oposizioko burua. Eta ultrek oposizioko hautagaia bozkatzea litekeenez logikoena, hark ditu gobernua osatzeko aukera gehien. Ezkerra hondoratu egin da. Analista zorrotzenen arabera, aspaldi utzi ziolako ezker izateari, sistemari eusten dion oinarriak zalantzan ez jartzeagatik, estatuaren erasoei men egin edo kritika txikia eta urratsik ia bat ere ez. Eta gobernu berriaren erasoak gehien jasango dituztenak, bozkatzerik gabe, herritartasuna ere aitortu gabe.

A, eta deabrua direlakoan beraiekin hitz egiterik ez dagoen sektoreak emaitzak hobetu ditu, batzuek hauteskundeei boikota eskatuta ere. Arrakasta lortu duten ultrek argi esan dute estatua onartzen ez dutenek ez dutela hauteskundeetan parte hartzerik, baina Gorenak atzera bota ditu ilegalizazioak. Gerra kriminalez jositako herrialdea izango dira, baina estatuko herritar guztiek hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea dute. Eta orduan, hautagai ultrak esan du Espainian bezala egin behar dela, zer demontre, han legez kanpo uzten dituzte independentistak eta ez da ezer gertatzen.

Bai, Israelen ere egin dituzte hauteskundeak. Arabiar alderdiak legez kanpo uzteko tentazioa atzera bota zuten epaileek. Gaixorik dagoen gizartea da, paranoiak joa, mundu guztia etsai duelakoan sarraski pentsaezinak egiteko gai. Baina estatuko herritar direnak legez kanpo uztea, ultren kontua da Israelen.

Nik ulertzen ez dudana da, gutxieneko baldintza demokratikoak ez daudelarik, zer demontretarako onartzen duten hauteskunde izena merezi ez duten horiek. Eta zer erakutsi gura duten militanteak jipoitzea besterik lortuko ez duten apustuak, boikoterako hiru milioi arrazoi zeudelarik. Zintzotasunak itota amaituko dute.

2009-02-13

Gideon Doron: «Eskumako gobernua egongo da Israelen, baina ez du luze iraungo»

BERRIAn argitaratua

Gertatuko denari aurrea hartzea zaila dela uste badu ere, gauza bat dauka argi Tel Aviveko unibertsitateko adituak: egungo hauteskunde sistemak gobernu krisia dakarrela ezinbestean.

Israelgo analista politiko errespetatuenetakoa da Gideon Doron, eta gaztetako gerrillari sionista bakezale gisa aurkezten du egun bere burua Tel Aviveko unibertsitateko Zientzia Politikoen Fakultatean. Beldurrak Israel are eskumarago bultzatu duela sinetsita, ez du berehalako konponbiderik aurreikusten. «Hauteskunde sistema aldatu ezean, Israel kanpotik barik barrutik ezereztuko da, etengabeko krisi politikoek hondoratuta».

Lehendabiziko galdera, ezinbestekoa: Zein uste duzu izango dela hurrengo gobernua?

Ez dakit ba, eta ez dut uste orain bertan inork aurreratu dezakeenik. Gobernua ez da berehala eratuko, ia ziur, luze joko du, eta esango nuke gauzak dauden moduan eskuineko gobernua egongo dela.

Eta gobernu iraunkorra sortuko da hainbeste alderdirekin? Munduko leku bakanetakoa da Israel, hauteskunde gauean bertan hurrengo hauteskundeez mintzatzen direna.

Horregatik diot oso zaila dela zein gobernu egongo den iragartzea. Hauteskunde hauek gobernua eratu ezina ekarri dute, eta ez litzateke harritzekoa orain ere ez eratzea. Baina badiotsut, uste dut [Benjamin] Netanyahu izango dela lehen ministro. Arrazoi duzu, ordea. Ez dut uste askorik iraungo duenik Gobernuak. Lehendabizi ikusi beharko da Kadima agintean egongo den. Hori argituta esan ahalko dugu gobernu iraunkorrik egongo den edo ez.

Munduak, mendebaldeko hedabideek gutxienez, emaitzak etsipenez hartu dituzten inpresioa daukazu?

Bai. Nahiago zuten Tzipi Livni egotea. Baina jendeak eskumara jo du argi eta garbi. Israeldarrak arduratuta daude palestinarrekin, eta hori da eskumara egiteko arrazoi bakarra. Israeldarrak ez dira palestinarrez fio, eta alderantziz. Netanyahuk mundua konbentzitu nahi du, palestinarrekin negoziaziorik egon ez dadin, fidatzekoak ez direla eta elkarrizketak arriskutsuak direla sinetsaraziz.

Baina hemen ere uste orokorra da Barack Obamaren gobernuak George Bushek baino estuago hartuko duela Israel.

Netanyahuk ez zuen oso harreman ona izan Bill Clintonekin; egia da hori. Baina auzia ez da Obama bakarrik, Estatu Batuetako administrazioak badauka esperientzia Israelekiko harremanetan, eta ondo neurtzen dituzte urratsak. Washingtonek badaki Gobernua zeinen ahula den, eta presio egiten badio, erraz eroriko da. Malgutasuna behar du, izan ere, presioaren balioaz esandakoaz gain, beste kontu bat ere badakite Estatu Batuek: eskumako gobernu batek bakarrik ekar dezakeela bakea Israelera.

Malgutasuna, bakerako neurririk hartu barik?

Ez, Israelgo Gobernua oso eskumakoa bada, malgutasunik ez badauka, ez du iraungo. Denok dakigu hori.

Baina bake prozesu seriorik ez badago laster, indarkeria zikloa Israeli ere itzuriko zaio noiz edo noiz.

Bai, noski. Indarkeria zikloak egoten dira, eta uste dut egongo direla, tamalez. Nahiago nuke erratuko banintz.

Gazako erasoak oso jota utzi du Palestinako Aginte Nazionala, gainera.

Horregatik bakarrik ere, aipatzen nuen malgutasun hori agertu beharko dute, Israelgoa baino lehenago hondora baitateke Fataren gobernua.

Bakea ez da inondik inora agertu kanpaina osoan, eta horrek eskuin muturra eta populismo arrazista indartu ditu. Zenbateraino eragin dezake Yisrael Beiteinuk?

Kanpainako hitzak ziren, eta jendearekin bat egiten asmatu du Avigdor Liebermanek. Baina oso jarrera irrazionala da. Sionista tradizionalek ez diote jaramonik egin. Kanpainan esandakoak konpromiso dira, baina sakoneko arazoa elkarrekiko konfiantza falta da.

Hamabost diputatu horiek oso garrantzitsuak dira, horratik.

Bai, bai, ezin da ukatu. Baina ezinezkoa da zenbait politika martxan jartzea; arabiarrek soldadutza egitea adibidez. Proposamen irrazionalak dira, eta ez dut uste horri eutsiko diotenik.

Turkiak ere berba gogorrak izan ditu Gazako erasoa salatzeko, baina Israelek Ekialde Hurbilean izan duen aliatu sendoenetakoa da. Ankararen bitartekaritzarekin abiarazi zituzten Siriarekiko negoziazioak. Eta Damaskok esan zuen hauteskundeak pasatu arte itxaron behar zela elkarrizketari ekin aurretik.

Siriakoa konpontzea askoz errazagoa da, eta itxaropena hortik iritsiko dela uste dut. Damaskok ez digu arazorik sortzen, ez dauka zerikusirik palestinarrekin daukagun egoerarekin. Guretzat oso garrantzitsua da Siriarentzat nazioarteko bermeak lortzea eta Iranen eraginetik aldentzea.

Golango auziarekiko negoziazioak bideratuko direla uste duzu, beraz?

Egongo da konponbideren bat; era baketsuan lurra alokatzea, edo antzekoren bat. Eskuineko gobernuek eman ditzakete urrats horiek, ezkerraren babesa izango dute eta. Netanyahu lehen ministro izan zenean hasi ziren Siriarekikoa konpontzeko aukera hori ikusten. Oso garrantzitsua da Siria gatazkatik kanpo uztea.

2009-02-12

Ultraeskuindarrekin dantzan

BERRIAn argitaratua

Tel Aviveko hondartzako pasealekua izan ohi da Israelgo burbuila deitu izan denaren adibide garbiena: eskualdea odolusten ari den bitartean, eguzkipean edo uretan olgetan dabiltzan udatiarrena. Atzo, bezperako erauntsiak tartea eman ostean, haizeari aurre egiten zioten herritarrak hiriko txoko kutunean zebiltzan berriz ere, paseoan, txakurrarekin zein bizikletaz, baita Mediterraneoko uretan bainua hartzen bat edo beste ere. Baina hauteskunde ospakizunen arrasto gutxi ageri zen. Tzipi Livniren Kadima izan zen hirian garaile (Jerusalemen, Benjamin Netanyahuren Likudek atera zuen boto gehien). Duela gutxi arte inkestek esandakoari buelta emanda ere, gozoak baino gehiago gaziak ziren beren burua aurrerakoi ikusi ohi duten herritarren berbak.

«Hondamendia izan da», zioen Orik etsita. Kibbutz batean jaioa, «familia laborista izan dut beti, eta orain Tzipi Livniren alde bozkatu dut, okerrenean onena zelakoan, Bibi (Netanyahu) geldiarazteko, baina oso garaipen eskasa izan da». Beren burua ezkerrean duten alderdien porrotaren aurrean, zera zioen: «Gobernu sendoa osatzea nahiko nuke. Gauza larriak gertatu dira Gazan, eta ez dakit konponbiderik egongo den, baina ea Siriarekin behintzat bideratzen den».

Rojak ere antzeko berbak ditu. «Livni ez dut gustuko, Barak (laborista) nahiago, nahiz eta aukera onik egon ez. Ez daukagu lider sendorik, eta Olmertengatik egin dut Kadimaren alde. Baina txarto daude gauzak. Jainkoak baino ez gaitzake lagundu».

Populismoaren gorakada

Hondartza ondoko janari lasterreko postuan mutil gazte bat ingeles kaskarrez ari zitzaion saltzaileari. Erreskadan atzean zeukan emakumeari itzultzaile lanak ere egin zizkion, errusieratik, hebreerarik ezean. Sobiet Batasun ohitik Israelera etorri zirenetik baztertuta bizi izan direla salatu duten herritarrak gozatzen ari dira, Avigdor Liebermanen hamabost diputatuak erabakigarriak izango direlako ia edozein gobernutarako. Kadimaren gobernuak Liebermanen Yisrael Beiteinuren babesa behar du. Likudek errazago hitzar lezake Liebermanekin, baina ez du ezinbesteko: baleukake agintea lortzea, betiere laboristek oposizioan egoteko hautua aldatuz gero.

Zohak ogi mamiak eman zizkien hondartzako usoei, eta ondoren erantzun zien galderei. Pozik zegoen Errusia eta Poloniako etorkinen seme gaztea. «Ona izan da jazo dena, pertsona gogorra behar genuen gatazka amaitzeko. Lieberman behar dugu. Arabiarrekin borroka etengabeetan galdu gabe pertsona zorrotza behar genuen, eta espero dut politikarien jukutrietan bizkarra ez ematea orain arte esandakoari».

Danny Hershtal, Yisrael Beiteinuko komunikazio arduraduna, pozarren zegoen atzo. «%33ko igoera izan dugu, hirugarren alderdia gara, eta ia ezinbestekoa Gobernurako. Parlamentuan gure hitza aintzat hartu beharko dute ezinbestean». Ez zuen Gobernua osatzeko solasaz deus aurreratu, negoziazio taldea izendatu behar zutelako. Baina lehen helburua argi zeukan: «Israel hegoaldeko herritarren segurtasuna, erasoak etetea behar du izan gure lehendabiziko zeregina. Aurrera begira, beste gai batzuk ere aipatu beharko ditugu». Bakea ere hurbilago dagoela iritzi dio, «baina, horretarako, terrorismoa ezereztu behar da. Negoziazioek argi utzi behar dute ez dela terrorismoa indartzeko, eta palestinarrek ulertuko dute bake bidez baino ezingo direla mahaira hurbildu». Erretorika horri arrazista deitu diotenei ere aurre egiten zien eskuin muturreko politikariak: «Iraindu gaituzte, baina herritar guztiek erantzukizun berberak izatea baino ez dugu proposatu, judu izan zein ez. Arabiar bat ere badaukagu zerrendetan, Hamad Amar (druzoa), eta bat dator soldadutza israeldar ororen betebeharra dela. Denok behar ditugu erantzukizun eta betebehar berberak». Ikusteko dago ultraeskuindarren aldarrikapenei zelan erantzuten dieten alderdi sionista tradizionalek, baina oraingoz denak hasi dira haien doinura dantzan.

2009-02-11

Israelgo arabiarren interesik eza



BERRIAn argitaratua

Umm Al Fahmeko kaleetako afixetan ez da ez Tzipi Livni ez Benjamin Netanyahuren argazkirik ageri, hain gutxi Avigdor Liebermanenik. Kolore gorria, laranja edo berdea dira nagusi, arabiar alderdien edo zerrenda mistoak dituen Hadash ezkertiarraren adierazle.

Atzo goizean baina, goiz-goizetik senti zitekeen tentsioa Israel iparraldeko arabiar herri horretan. Batasun Nazionala eskuin muturreko alderdiko buruzagi Baruch Marzelek Umm Al Fahm-eko bozetan ikuskatzaile izango zela iragarri zuen.

«Faxista hutsa da Marzel, ez beste ezer. Guk ez daukagu ezer israeldar juduak herrira etortzearen aurka, baina etengabe arabiarren aurka berbetan dabilen arrazista horrek probokazioa besterik ez du gura». Euskaldunak ginela esanda ez zigun kafea kobratu Nabilek. Pozik zegoen Poliziak herrira sartzea debekatu ziolako eskuin muturreko politikariari. Hauteskundeetan parte hartzea ere garrantzitsua zela zioen, Israelgo naziotasuna duten arabiar askok (1948ko gerraren osteko zatiketan Israelgo estatuan geratu ziren palestinarrei arabiar israeldar deitu ohi zaie), Knesset parlamentutik ezer gutxi espero duela jakinda ere. «Nik ere oinak lurrean ditut, badakit ez dela miraririk etorriko, baina garrantzitsua da gure ordezkariak han egotea gure aurkako mezu arrazistak ugaritzen ari diren sasoiotan». Antzeko mezuarekin iritsi zen Umm Al Fahmera Jamal Zahalka, Balad alderdiko bozeramalea: «Nahiago nuke arrazismoaren aurkako legeak aldarrikatu eta hona ez etortzea, eta horregatik dei egiten diet juduei eta arabiarrei bozka dezaten, Knessetetik kanporatu gaitzaten dagoen ahalegin faxista honen aurrean».

Istiluak

Hala ere, asko dira Gazako sarraskiaren eta kanpainan arabiarren aurka jaurtitako mezuen ostean hauteskundeei bizkar eman dieten arabiarrak. Umm Al Fahmen adibidez, botoemale gutxi batzuk joan ziren goizean zehar. Eskuin muturrekoen probokazioa bertan behera geratu zela eta giroa lasaitu zenean, Baruch Marzel ez baina bere alderdikide Arieh Eldad iritsi zen hauteslekura, Poliziak babestuta. Herritarrek «faxista» eta «arrazista» oihuen artean hartu zuten, eta Poliziak bost lagun atxilotu zituen.

Israelgo palestinar herrietan hauteskundeei bizkarra eman bazieten, Zisjordanian are handiagoa zen okupatzaileen bozekiko ezaxola. Ohi bezala Harresia itxi zien Israelgo Gobernuak palestinarrei, beren herrietatik irtetea eragotziz. Belenen taxilariak kexu ziren turismoak izan duen beherakadaz. Kafetegietan, erabateko ezaxola ageri zuten Israelgo Legebiltzarrerako hauteskundeekiko. Othmanek ia haserrerik ere ez du ageri israeldar politikariekiko jadanik, ez du ezer espero haiengandik. Amorrua PAN Palestinako Aginte Nazionalera bideratzen dute, geroz eta gehiago, palestinar askok: «Zer esango dut israeldarrez, Abu Mazenengandik hasita [Mahmud Abbas, PANeko presidentea] gure politikari guztiek ere saltzen gaituztelarik?».

2009-02-01

2012

BERRIAn argitaratua

Nire aurreko belaunaldiak ikusi zituen munduko mapak aldatzen, deskolonizazio prozesuan (funtsean metropoliak koloniez libratzea izan bazen ere, lurraldeak aski ustiatu ondotik sortzear zuten ongizate estatuaren eskubideak ez baitzuen aurrera egiterik kolonietako biztanle horiek ere herritar bihurtuz gero). Informazioa jasotzen hasi nintzen lehen urteetan Latinoamerikako sarraskiak, irlandarren borroka eta mugiezinak ziruditen Europako mugen aldaketak ikusi genituen. Altxatu genuen Lituaniako bandera, hurrenak geu izango ginela sinetsita, hizkuntza bereko biztanleak elkar hiltzen ikusi genituen gorroto zaharren ondorioz, baina Txekoslovakia arazorik gabe bereizi zela jakin genuen. Irlandan bake hitzarmen nahasia izenpetu eta mugimendu errepublikarrak Belfasteko udala eta ipar Irlandako gobernua eskuratu zituen, eta berriz ere hurrengoak gu pentsatu genuen. Kosovoko albaniarrak garbiketa etnikoaren ertzean egonda, asmatu zuten gringoen karta jokatzen, eta behinola talde terroristen zerrendan zegoen erakundearen oroitarriz josita daude gaurko Kosovo independenteko herriak.

Hurrengoan gu. «Datorren urtean Jerusalem» dirudi, konparazioa agian onena ez bada ere. 2012 da erronka, Amaiurtik Amaiurrera. Badago astia, borondatea, ilusioa. Bost mendeko konkista eta porrot militarren ostean, euskal nazioaren garaipen politikoa. Hurrengoak izango direnak, hurbil daude globoan. Mendebaldeko gizartearen muinean mugitu dira Eskozia eta Danimarkaren kolonia izandakoak.

Behar baino askoz luzaroago egon da jendea Latinoamerikara begira, metropoliaren lana kolonizatuak harturik. Bada sasoia Espainia bere ispiluan jarrarazteko, Estrasburgoren zain egon barik. Bitartean Ttipi -Ttapak eta Kafe Antzokiak ixten ari baitira. Eta ohe hutsak 564, 664, 764...

2009-01-25

Aldaketa

BERRIAn argitaratua

Martxoan aldaketa historikoa gerta daiteke Eusko Jaurlaritzan. Historikoa izango bailitzateke Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako erkidego autonomoan EAJ ez den alderdiren batek lortzea lehendakaritza. Eta handia da hori gertatzeko probabilitatea.

Inoiz baino errealagoa da EAJkoa ez den hautagairen batek lehendakaritza lortzeko aukera. Eta, hala ere, aldaketa aldarrikatzen duen alderdiak behin eta berriz nabarmentzen du bere alde bozkatu behar dela, aldaketa ekarriko duelako, baina aldaketa ez dela hainbesterako ere izango. 2001eko lezioa ondo ikasita daukate espainiar alderdiek, eta borroka etnikoak emaitza txukunak eman bazizkien ere (33-32 galdu zuten), badakite estrategia aldatu behar dutela.

Obama itxurako garaipena gura dute, lehen Bushen kopiarekin saiatu ziren legez. Tristea ere bada, mundu osoan itxaropen izpiren bat pizteko gai den afroamerikarrari gurerako ere ezer ez eskatzea. Clintonen bultzadak ahalbidetu zuen neurri baten Ipar Irlandakoa, eta Bushen politika eta irailaren hamaikak eskubide zibilik gabe utzi gaituzte milaka euskal herritar. Zapatero Iraketik irten zen, Obamak Guantanamo itxiko du, baina euskal gatazkan errezeta zaharretan jarraitzen dute. Euskaldunen ehiza du botobide nagusi PSEk berriz ere, eta EAJri testosterona pizten dio trenak. Zertarako galdetu trenaz, mundu guztia alde dago eta?

Lopez gailentzea EAJko hautagaiaren aurretik (oraindik ez dakigu nor den; benetakoa, alegia) normaltasun seinale dela diote. Aldaketa eta normaltasuna, biak saldu guran dabiltza, ez bata ez bestea gertatuko ez direla jakitun. Denok dakigu gure herriko benetako aldaketa ezker abertzaleak normaltasunez parte hartzen duenean gertatuko dela. Ezker abertzale zabal eta batuak baino ez dezake astindu gaurko epe motzeko politika hipotekatua. Obamagandik ez dugu askorik espero gurean, Estrasburgotik zerbait gehixeago, baina indar handiena etxean dago (edo espetxean).

2009-01-18

Zeharkako kalteak

BERRIAn argitaratua

Espainiako ur uherrez ezer jakin gura ez duten epaileetako batek El Salvadorko heriotzaren eskuadroien kasua onartu du. Inazio Ellakuria, Ignacio Martin-Baro, Segundo Montes, Juan Moreno, Amando Lopez, Joaquin Lopez, Elba Ramos, eta Celina Ramos-en hilketak ikertuko ditu metropoli zaharrak.

Azaroan beteko dira sarraskitik hogei urte. Askapen Nazionalerako Farabundo Marti Frontearen ofentsiba garrantzitsuenean jazo zen; San Salvador hiribururaino sartzea lortu zuten. Ondorioz, negoziazio mahaira beste gerrilla batzuek baino botere handiagoz jesarri ziren, baina askok iritzi diote borroka armatuaren bidez irabazitakoa musu truk eman zutela han. Hamazazpi urtean eskuin muturrak jarraitu du agintean, eta salvadortarrek gerra garaian bezain pobre jarraitzen dute. Ondo bidean, baina, Arena garaitu eta FMLNk irabaziko ditu gaur El Salvadorreko hauteskundeak. Jesuitekin hasi dugu gaurkoa. Eta Lagundia sortu zen herrian, bozek emandakoa bozek kendu. Pikutara joan da historikoki kontserbadorea izan den udalerrian ezkerreko haize freskoz gobernatzeko aukera. Eskuin abertzalea erabateko gehiengotik boto gutxira geratuta, ezkerreko fronte askotarikoak agindu du udalean urte eta erdian. Oposizioa batuta.

Ilusioz gauzak aldatzeko ekimen ausarta zen. Eta muga horien gaineko zubiak finkatu beharrean zartatzen ibiltzea taktika militarra izan daiteke, baina estrategia politiko ulertezina ere bai. Erregea biluzik dagoela aitortu barik ezin dotoreago dagoela esaten jarrai dezakegu, eta EAri begian atzamarra sartu. Azpeitia ez da Ondarroa. Udala herri borondatearen ondorio da, lan politiko eredugarria egin da, eta norbaitek erabaki du Azpeitia sakrifikatzeko modukoa dela, zeharkako kalte onargarria. EAJri opari eman dio eta.

Pakito Arriaranen bi herrietako batean behinik behin irabaziko dute. Ea bestean ere irabazten duten, Roque Dalton exekutatu baino lehen.

2009-01-11

Gartxot eta Etxahun

BERRIAn argitaratua

Edo Itzaltzutik Barkoxera. Ipar-ekialdeko haizeak gogor jo du kontinente osoan. Errusiak gasaren iturria itxi eta leihoak ireki ditu Siberiako haizeak bidaltzeko. Mendebaldeko esperpentoa epaitegian hasi da, eta bihar erabakitzen dutena erabakita, luze joko du ebazten zenbat ilegal diren zilegi Espainiako demokraziako erkidego bateko hauteskundeetan. Bai, bai, esperpentoa, katxondeo padrea eta gura duzuena, baina gogoratu armarik gabe ere terroristak zirela ebatzi zutela lehendabizi, 18/98 eta Gestorak etorri direla gero, Argala goratzeagatik eta erregeari torturatzaile deitzeagatik espetxeratzea (eta adi, ultrek eskatu bezala, «preso politiko» esateak ez ote duen epaiketa ekarriko). Gure hiri bakarrean berriz, kulturgune garrantzitsuena, eta goizaldeko ordu bietatik aurrera euskarazko musika entzuteko leku bakarra, itxita egongo da datozen asteotan.

Mendebaldean txantxak egiten ikasi arte, utz diezaiegun maskarada benetako arizaleei. Atzo Itxarok gonbidatzen gintuen gisan. Gaur Barkoxe, gero Eskiula, Ezpeize, UrdiƱarbe... Askoz motibo gehiago behar ote dira mendebalde aspergarri honetatik erbesteratzeko? Betiko matrakak Euskal Herriko % 35ean bizi garenoi baino (euskaldun guztien lehenda-zer?) ez digunez eragiten, goazen gainontzeko % 65eko haize freskoaren bila.

Ez derrigor urrunera. Epe motzeko politikakerien galeretara kondenatu nahi gaituztenoi mus, Etxahunia. Zuberoko txokoetako urte sasoi gozagarrienetakoa dugu. Orhiko xoriak Orhira, Zaraitzu aldetik ere proposamen ederra egin digute egunotan, Gartxot koblakariaren urratsei jarraitzeko. Iratiko oihanean basoilarra gorostietan ikustea baino nekezago zaigu jadanik inor zaraitzueraz xardokitzen entzutea, baina erronkarierarekin bezala, ez dugu asmatu urteotako tragedia handienetakoaren dimentsioaren berri ematen. Bai, badakit, Gartxotek gaur ere topatuko luke euskaldunik Itzaltzun. Eta bihar ere bai.

2009-01-08

Non egongo zarete?

BERRIAn argitaratua

X-i eta Munduateri. Borroka armatuaren aurka egon zaitezke, edo alde (azken hori bada, ez esan, egitea ez eze egotea ere aski delitu baita). Gizartea ezker abertzaleaz gogaitu dela entzuten dut, berdin diola zer jazotzen zaion, eta izango du autokritikarako motiborik ezker abertzaleak. Baina hori baino oinarrizkoago eremuan dihardugu. Hauteskundeak eta parte-hartzea oinarri-oinarrian zeudela uste genuen, eta Espainiaren gurpilak beti beste buelta bat izan dezakeela erakutsi digu.

Poloa ez da irten, eta berriz ere milaka herritar boto eskubiderik gabe, parte hartu ezinik, zelatatuak. Poliziak lotsarik gabe bizitza pribatuko arlo oro ikertzen dizkigu, eta boto bila dihardute batzuek, Espainiako autonomia erkidego bateko presidente autonomiko nor izango. Bejondeizuela denari muzin egin eta eskubiderik gabeez paso eginda dena normal balego bezala zabiltzatenoi. Baina karten gaztelua jausiko da noizbait, berandu baino goizago. Kostata, baina Espainiako mugetatik kanpora doa kaka kiratsa. Tortura salaketak ezin ezkutaturik, urratsak egingo dituzte laster, eta Alderdien Legearenak ere egingo du. Eta gatazka guztien moduan, oinarrizko eskubiderik gabe egon ginen egunak amesgaizto izango dira noizbait. Bai, egunen baten jendea bizkartzainik gabe ibiliko da, presoak etxean egongo dira, sasian daudenak itzuli, eta munduko leku gehienetan legez bozkatu ahalko dugu. Agian, independente ere izango gara, geuk hala erabakita.

Egun horretan, mesedez, ez etorri esatera zeinen jatorrak ginen baina kirats horrekin ezin zenutela lagundu, eta gutxienez, espainolek ez irabazteko botoa eman zenutela. Karta markatuen zirkuan bozkatzea, berdin du zer, espainolek irabaz dezaten laguntzea da eta.

2009-01-04

Hotzez, eta euskaraz

BERRIAn argitaratua

BERRIA irakurtzen ari zarenez, jakingo duzu atzo milaka lagun irten ginela Bilbon kalera euskal presoen alde. Albistea euskara hutsez hemen baino ez duzu irakurriko. Eta telebistan, Gaur Egun-en baino ez duzu ikusiko.

Asko maite dudan pertsona batek esan zidan, «igual falangistak izan dira». Irribarre egin nion 88 urteko emakumeari, baina ulertzekoa zen haren logika. Gure etxean ez zen telebistarik sartu, euskaraz egon zen arte. Inork haren kontra jo nahi balu, espainiar indar parapolizialengan pentsatuko genuen denok orduan.

Karrera hasi ere egin barik neukala astero bertso bat kantatzen hasi nintzen lehen kolaborazioak egiten Egin Irratian. Ia euskara hutsezko irrati freskoa zen, Euskal Herri osorako egindako bi irratietatik bat. Hegoaldean geneukanaren erdia kendu zigun Garzonek.

Handik bost urtera, erdia ez, osoa, geneukan egunkari bakarra kendu ziguten. Eta bost urterik behin jipoitzea beharrezko balitz legez, euskarazko kazetaritzak asteon jaso du Egunkariaren itxieratik eraso bortitzena. Nonbait, euskararentzat oztopo eta kalte izugarria dira Gaur Egun, Sautrela, Hitzetik Hortzera, Kalaka zein Iparraldearen Orena.

Hiru erasoak oso hurbil sentitu ditut. Badakit, legez kanpoko erakunde baten ekintza baino larriagoa da legezko itxiera eta tortura. Baina Egunkariakoek 2003ko otsailaren 21ean euskarazko egunkari bat egotea lortu zuten bikaintasun berarekin, asteazkenean 13:59ean kareta sartu eta 14:00etan Gaur Egun aireratu zuten lankideek (biba zuek!). Munduan telebista bakar batek eman zuen albistea euskaraz. Biharamunean ez zegoen egunkaririk, baina euskaldunak bazeukan non informatu. Egunkari hau hobea edo txarragoa den gisan izan liteke ETB kritikagarri, baina BERRIA itxita erdaraz irakurri beharko dugu egunkaria.

Norberak balora dezala, EAJ zigortzeko euskarazko telebista nazional bakarra jotzearen logika. Nik nahiago martxoaren 1ean zigortu, polo independentista batekin.