2009-02-22

Sinboloak

BERRIAn argitaratua

Munduko leku askotan daude antzeko ohiturak, baina niri Rigan kontatu zidaten. Daugava ibaiaren gaineko zubi bateko barandetan ehunka giltzarrapo ikusi genituen lotuta. Laster jakin genuen motiboa: bikote ezkonberriak bere giltzarrapoa jarri, giltzaz ondo itxi eta Daugavako uretara bota zuen giltza. Betiko maitasuna adierazteko sinbolo ei da ekintza hori, maitasuna ezerk hautsiko ez duela adierazteko edo.

Niri gauza itsusia iruditu zitzaidan. Bistan dago giltzarrapoak, giltza barik ere, erraz apurtu eta zabal daitezkeela. Baina itsusiena maitasuna kate eta giltzekin nahastea egin zitzaidan. Borondatez eta gogotsu beharko lukeen zerbaiti giltzarrapoa jartzea maitasuna kateatzea iruditu zitzaidan, halabeharrera zigortzea pertsona biren sentimenduak. Letoniar haientzat, baina, maitasun adierazpen gorena zen zubiko giltzarrapoa.

Herri askok ohitura zurrunei eutsi diete. Kaukaso aldeko hainbat herritan debekatuta dago komunitateko jende nagusiarekin berbarik trukatzerik haiek solasa hasi ezean. Zapata jaurtitzeak arabiarren artean duen sinboloaz ere ikasi dugu zerbait aspaldion. Israelen sarraskian ikusi ditugu banderak erretzen mundu zabalean, baina deigarriagoa egin zitzaidan islamiar erakunde bateko bileran zelan atera zuten Israelgo bandera dotore bat (ez kartulina pintatu bat), oholtzara zihoazen eskaileretan jartzeko. Hartara, igotzen ziren denek bandera zapaltzen zuten.

Gurean protokoloari oso garrantzi eskasa eman izan diogu, naturaltasunaren izenean. Eta horrelako tirabirak sortzen dira tarteka. Gogoan dut alkate kurdu bat euskal taberna batera sartu zenekoa. Hormetako presoen argazkiez galdetu zuen, eta afari modu lasaia egiten ari ginela, paperezko zapietan zer zekarren itaundu zuen. «Euskal presoak Euskal Herrira», erantzun zioten. «Bada, jakin banu, ez nituzkeen erabiliko. Niretzat, presoekiko iraina da beren irudiekin muturra garbitzea».

No comments: