2009-02-18

Kosovok independentziaren lehen urteurrena ospatu du

BERRIAn argitaratua

Pristinako kaleetan ez da iazko bozkariorik izan, herrialdeko txoko guztietatik Pristinara bildu badira ere albaniarrak

«Askapenaren borrokako beste heroiak» izan ditu gogoan Thaci lehen ministroak

Banderaz josita ageri zen Pristinako Nene Tereze (Ama Teresa) oinezkoen kale nagusia. Albaniarren gorri-beltza eta iaz onartutako Kosovoko estatuarenaz gain, herrialdea onartu duten herri garrantzitsuenenak ikus zitezkeen. Jende arruntak, berriz, musikaz, dantzaz, eta Balkanetan ohi denez, zaratatsu ospatu zuen beren estatuak urtea bete izana.

Ez zen independentzia aldarrikapenaren eguneko bozkariorik izan Pristinako kaleetan, Kosovo osotik eta albaniarrak bizi diren estatuetatik milaka lagun etorrita ere. Errealitate gordinari aurre egin behar izan diote beren burua estatu independente aldarrikatu duten lehen urtean. Ondorioz, balantzeetarako baino itxaropenari eusteko eguna izan zen atzokoa.

Paristik etorritako albaniar batek urrats egokiak egiten ari zirela zioen, kaleko gertaleku nagusirantz zihoala. «Herrialde garrantzitsuenek onartu dute Kosovo eta etorkizunean gehiagok egingo dute, bide egokian gaude». Pristinar batek ere iazko eguna errepikatzeko asmoa zuela zioen: «Kosovori urtetan gertatu zaion gauzarik garrantzitsuena izan zen independentzia aldarrikatzea». Gazte askok beste era batean parte hartu zuten ospakizunean. Ikasle bat kexu zen independentziak ez zuelako aukera gehiagorik ekarri, eta ikasketen ostean gazte askok zeukaten etsipena aipatzen zuen. Gorri-beltzez jantzitako beste mutil batek ere sentimendu gazi-gozoak zituen: «Egia da, independentzia aldarrikatu beharra zegoen, eta oso garrantzitsua izan zen, baina arazoak ez dira konpondu. Pobrezia izugarria da oraindik, baita langabezia ere; gainera, Kosovok oso biztanleria gaztea dauka, hemen ez dute perspektibarik eta kanporako zailtasunak baino ez».

Ospakizun ofizialak

Kosovoko Gobernuak antolatutako ekitaldiak goizean goiz hasi ziren, estatu berriko Parlamentuan egindako bilera berezian. Legebiltzarkide serbiarrek parte hartzeari uko egin zioten eta ez ziren Pristinara joan. Fatmir Sedjiu Kosovoko presidenteak, Hashim Thaci lehen ministroak eta Parlamentuko presidente Jakup Krasniqik hartu zuten hitza, Kosovoko herriari zorionak emateko, estatu berriak urtea bete duela eta. «Gu guztion urtebetetze eguna da gaur», esan zuen Thacik. Sedjuk berriz, Ibrahim Rugova presidente ohi eta alderdikidea izan zuen gogoan, baita Adem Jasari gerrillaria eta «askapenaren borrokako beste heroiak» ere. «Harro gaude gure arbasoek egindakoaz, eta zorionekoak gara estatu independente eta burujabea den Kosovon bizitzeagatik», esan zuen presidenteak.

Kosovoko orkestra filarmonikoaren kontzertua izan zen jarraian; kalean Independentziara bidean izeneko ekitaldia zen. Gaua iritsita, txapliguek argitu zuten Pristina, Prizren eta Kosovoko beste hiri batzuetako zerua.

Herritar arruntek berriz, kalean edo tabernetan jarraitu zuten ospakizunekin. Asko izan ziren goizean goiz Ibrahim Rugova presidente izandakoaren hilobia bisitatu zutenak, eta beste horrenbeste egin zuten milaka herritarrek Kosovo osoan dauden UCK-ko gerrillarien aldeko hilobi eta oroitarrietan. Urdinez jantzitako neska-mutilek ere lore gorriak banatu zizkieten Pristinako kaleetan zebilen jendeari.



Negozioak ere tartea izan zuen Pristinan, bandera eta oroigarri saltzaileen eskutik. Albaniako kolore gorri-beltzak ziren nagusi jende askoren arropatan, baina begi bistakoa zen Gobernuaren ahalegina bandera berriko urdina eta horiak ere indar har dezan. Nork bere gustukoa jantzi edo aurpegian margotu, askok zeramatzaten bandera biak, eta batek baino gehiagok UCK gerrillakoa ere bai. Kaleetan eskegitako bandera mordoaren kontrastean, atzerriko bat zen nagusi kosovoarren artean: AEBetakoa, eta batek baino gehiagok zeramatzan NATO eta Washingtonekiko esker oneko mezuak.

Serbiarren protesta

Kosovoko biztanle serbiarren jarrera oso desberdina izan da. Baita Serbiako estatuarena ere. «Kosovo ez da estatua», esan zuen Boris Tadic presidenteak, eta Novi Sad herrialdeko bigarren hirian protestak egon ziren. Baita Kosovoko serbiar herrietan ere, iparraldean bereziki. Atzo goizean bilera berezia egin zuen Serbiako Parlamentuak; gero hainbat parlamentario Kosovorantz abiatu ziren. Mitrovica hiri zatitutik hurbil dagoen Zvecan herrian bildu ziren Kosovoko serbiar udalerrietako ordezkariekin, independentziaren aurkako ekitaldia egiteko. Tartean zen Kosovorako Serbiako ministro Goran Bogdanovic

Oliver Ivanovic politikari serbiar-kosovoar moderatuak egungo egoerak dakartzan arriskuez ohartarazi zuen. «Tentsio handiko egoera daukagu 2008ko otsailaren hamazazpitik; serbiarrek ez genuen onartu independentzia, baina albaniarrek uste dute denek onartu behar dutela. Tentsioa sortzen du horrek, eta erraz haz daiteke. Elkar ezin ulertu horrek hainbat arazo sorrarazi dizkigu Mitrovican», azaldu du Ivanovicek.

No comments: