2009-02-18

Albin Kurti: «Kosovo ez da aparteko kasua»

BERRIAn argitaratua

Albin Kurti
Vetevendosje mugimenduko kidea

Independentziaren urteurrena ez ospatzeko deia egin du Kosovoko ahots errespetatuenetakoak. Kolonizazio egoeran dago nazioa haren ustetan, beste asko bezala.

Albin Kurti Kosovoko kontzientzia errespetatuenetakoa da. Vetevendosje (Autodeterminazioa) mugimenduko aurpegi ezagunena denak, independentziaren ospakizunetan ez parte hartzeko deia egin du. Serbiak bi aldiz espetxeratu zuen, eta gero Kosovoko NBEren administrazioak, protesta baten ostean NATOko poliziek bere bi lagun hil zituenean. Egungo egoerari kolonizazio deritzo Kurtik, eta munduko beste herri askoren antzekoa dela uste du.


Kosovoko independentzia aldarrikatu eta urtebetera, zein balantze egiten duzu?

Gobernuak ospatu egiten du. Bere lehen helburua herrialdea batzea eta garapen ekonomikoa izan beharko luke, baina berrogeita hamalau herrialdek onartu gaituztela diosku, eta bide horretan izango dugula aulkia NBEn. Baina hori ez da lurraldearen batasuna bezain garrantzitsua. Bosniak aulkia dauka NBEn, onartutako herrialdea da eta mapan estatu bat dirudi, baina barrura begiratuta, ez da hala.

Autodeterminazio ia beti independentziarako bide gisa ikusi izan da, eta Kosovoko gehiengoaren asmoa argi dagoela argudiatu izan dute. Zergatik uste duzue beharrezko dela erreferenduma?

Niretzat autodeterminazioa independentzia erreferedum bidez ebaztea da, ez munduak kasu berezi bezala inposatzea. Kasu sui generis-a dela diote, ez dadin besterik egon, ez Taiwan, ezta Tibet, Txetxenia, Katalunia eta Euskal Herria ere. Hori eragozteko definitzen dute sui generis, nire ustez benetako arrazoia da esperimentatu nahi dutela, nolabaiteko aginte internazional arbitrarioa ezarri, halako postkolonialismoa. Horregatik, autodeterminazioa independentzia baino garrantzitsuago da. Independentzia badaukagu, baina ez geuk erabakitakoa, formalki baino ez da, edukirik gabea, burujabetzarik gabea. Eta burujabetzarik gabe, ez dago garapen ekonomorik, pobreziara kondenatzea da.

Aldarrikapenak dio Kosovo kasu berezia dela. Bestalde, ez da existitzen Kosovoko nazioa. Zuek albaniarrak zarete naziotasunez.

Kosovo ez da aparteko kasua, inondik inora. Estatu baten erasoa jasan dugu, eta orain kolonizatuta gaude. Ni albaniarra naiz. Kosovoko nortasun hori ezarritako da, asmakuntza inperialista.

Iaztik hona bandera berria gehiago ikusten da, nahiz eta denek aitortu albaniarrena dela benetan maite duzuena.

Kosovoko bandera eta eresia inposatu egin dizkigute, jendeak bozkatu gabe, ez dute historiarik. Jendeak Albaniarekin bat egitea nahi du, baina klase politikoak ez. Zergatik? Botere kuota txiki horiei heltzeko, nork bere txokoan. Geroz eta gehiago esperimentatu gurekin, geroz eta antzuagoa izango da Kosovoko estatua eta geroz eta gehiago nahiko du jendeak albaniarren batasuna. Kosovo eta Albania, eta baita Mazedonia mendebaldea ere.

Oraintsu Mazedoniako albaniar batek ziostan federalizazio prozesua egon ezean, herrialdea bera desagertu zitekeela.

Grezia amorratuta dago izenarekin, Serbiak ez dio onartzen eliza ortodoxo propioa duenik, eta Bulgariak mazedoniar nazionalitatea ukatzen du. Hizkuntzaz eta etnikoki bulgariarrak dira mazedoniarrak. Titoren asmakuntza da Mazedonia.

Independentzia lortuta, zuen mugimendua ahulduko zela esan zen.

Oso sare garrantzitsua daukagu, hamabost mila kide, horietatik mila oso aktibo Kosovo osoan, eta geroz eta gehiago gara. Baina gure erronka ez da kuantitatiboki haztea, kualitatiboki baino. Esan: ez gara futbol taldea, ez egon begira eta erdu gurekin jokatzera.

Nola ikusten zaituzte politikariek?

Buruzagiek beldurrez ikusi ohi gaituzte, baina alderdietako kide arruntek begirune handia digute, badakite ez garela ustelak. Neoliberalismo basati honen ostean dena saldu nahi dute, ez dute ideologiarik, kudeatzaile hutsak dira. Eragozpenak kentzeko daude hor, kanpoko merkatuei dena errazteko, ez benetako politika egiteko. Hori geuk egiten dugu, kanpotik, eta geu joaten gara arazoen muinera. Hauteskundeetan parte hartzeko esaten digute, baina hori espetxean goiko edo beheko ohea nahi duzun galdetzea bezala da; 'Thaci ala Sedjiu nahi duzu?'. 'Ez, espetxetik irten nahi dut'. 'A, ez, hori ez da galdera'.

Serbia EBko kide izateko ateetan ei dago. Zer deritzozu?

Serbia onartzen badute Kosovo onartu baino lehen, EB Kosovoren aurka dagoela esan nahi du. 150.000 ez serbiar hil dituzte urteotan, lau gerratan. Torturak, bortxaketa eta abar aipatu barik. Bosnaka hil balituzte ere, esan nahi du oraindik hogeita hamar mila serie hiltzaile dituzula. Eta Serbiako armada desegin beharrean, Kosovoko askatzaileen armak hartu zituzten. Erabat bidegabea litzateke EBk erabaki hori hartzea.

Zein presio jasan dituzu, Vetevendosje mugimenduaren indarra ikusita?

AEBetako funtzionario batzuk etorri ziren espetxera behin, manifestazioak etetea eskatzeko. Esan nien espetxean nengoela eta nire kideei esan behar zietela hori. Baina erantsi nien, kideek jaramonik egiten bazidaten, manifestazioekin jarraitzeko eskatu niela.

Oro har ekintza baketsuak bultzatu dituzue. Zein jarrera daukazue borroka armatuaz?

Ikasle garaian protesta baketsuak egin genituen, baina Milosevic sarraskiak egiten hasi zenean, UCKn izena eman nuen. Ulertzen dut indarkeria horren aurrean indarra erabili beharra. Orain indarkeriarik gabeko ekintzan dihardugu, konbikzioz, baina ez bakea denaren gainetik dagoela uste dugulako, pragmatikoki askoz erabilgarriagoa dela uste dugu.

No comments: