BERRIAn argitaratua
Tel Aviveko hondartzako pasealekua izan ohi da Israelgo burbuila deitu izan denaren adibide garbiena: eskualdea odolusten ari den bitartean, eguzkipean edo uretan olgetan dabiltzan udatiarrena. Atzo, bezperako erauntsiak tartea eman ostean, haizeari aurre egiten zioten herritarrak hiriko txoko kutunean zebiltzan berriz ere, paseoan, txakurrarekin zein bizikletaz, baita Mediterraneoko uretan bainua hartzen bat edo beste ere. Baina hauteskunde ospakizunen arrasto gutxi ageri zen. Tzipi Livniren Kadima izan zen hirian garaile (Jerusalemen, Benjamin Netanyahuren Likudek atera zuen boto gehien). Duela gutxi arte inkestek esandakoari buelta emanda ere, gozoak baino gehiago gaziak ziren beren burua aurrerakoi ikusi ohi duten herritarren berbak.
«Hondamendia izan da», zioen Orik etsita. Kibbutz batean jaioa, «familia laborista izan dut beti, eta orain Tzipi Livniren alde bozkatu dut, okerrenean onena zelakoan, Bibi (Netanyahu) geldiarazteko, baina oso garaipen eskasa izan da». Beren burua ezkerrean duten alderdien porrotaren aurrean, zera zioen: «Gobernu sendoa osatzea nahiko nuke. Gauza larriak gertatu dira Gazan, eta ez dakit konponbiderik egongo den, baina ea Siriarekin behintzat bideratzen den».
Rojak ere antzeko berbak ditu. «Livni ez dut gustuko, Barak (laborista) nahiago, nahiz eta aukera onik egon ez. Ez daukagu lider sendorik, eta Olmertengatik egin dut Kadimaren alde. Baina txarto daude gauzak. Jainkoak baino ez gaitzake lagundu».
Populismoaren gorakada
Hondartza ondoko janari lasterreko postuan mutil gazte bat ingeles kaskarrez ari zitzaion saltzaileari. Erreskadan atzean zeukan emakumeari itzultzaile lanak ere egin zizkion, errusieratik, hebreerarik ezean. Sobiet Batasun ohitik Israelera etorri zirenetik baztertuta bizi izan direla salatu duten herritarrak gozatzen ari dira, Avigdor Liebermanen hamabost diputatuak erabakigarriak izango direlako ia edozein gobernutarako. Kadimaren gobernuak Liebermanen Yisrael Beiteinuren babesa behar du. Likudek errazago hitzar lezake Liebermanekin, baina ez du ezinbesteko: baleukake agintea lortzea, betiere laboristek oposizioan egoteko hautua aldatuz gero.
Zohak ogi mamiak eman zizkien hondartzako usoei, eta ondoren erantzun zien galderei. Pozik zegoen Errusia eta Poloniako etorkinen seme gaztea. «Ona izan da jazo dena, pertsona gogorra behar genuen gatazka amaitzeko. Lieberman behar dugu. Arabiarrekin borroka etengabeetan galdu gabe pertsona zorrotza behar genuen, eta espero dut politikarien jukutrietan bizkarra ez ematea orain arte esandakoari».
Danny Hershtal, Yisrael Beiteinuko komunikazio arduraduna, pozarren zegoen atzo. «%33ko igoera izan dugu, hirugarren alderdia gara, eta ia ezinbestekoa Gobernurako. Parlamentuan gure hitza aintzat hartu beharko dute ezinbestean». Ez zuen Gobernua osatzeko solasaz deus aurreratu, negoziazio taldea izendatu behar zutelako. Baina lehen helburua argi zeukan: «Israel hegoaldeko herritarren segurtasuna, erasoak etetea behar du izan gure lehendabiziko zeregina. Aurrera begira, beste gai batzuk ere aipatu beharko ditugu». Bakea ere hurbilago dagoela iritzi dio, «baina, horretarako, terrorismoa ezereztu behar da. Negoziazioek argi utzi behar dute ez dela terrorismoa indartzeko, eta palestinarrek ulertuko dute bake bidez baino ezingo direla mahaira hurbildu». Erretorika horri arrazista deitu diotenei ere aurre egiten zien eskuin muturreko politikariak: «Iraindu gaituzte, baina herritar guztiek erantzukizun berberak izatea baino ez dugu proposatu, judu izan zein ez. Arabiar bat ere badaukagu zerrendetan, Hamad Amar (druzoa), eta bat dator soldadutza israeldar ororen betebeharra dela. Denok behar ditugu erantzukizun eta betebehar berberak». Ikusteko dago ultraeskuindarren aldarrikapenei zelan erantzuten dieten alderdi sionista tradizionalek, baina oraingoz denak hasi dira haien doinura dantzan.
No comments:
Post a Comment