2008-02-20

«Serbiarentzat ere ona da gertatu dena, sekulako zama kendu dute»

Avni Spahiu - Radio Kosovako zuzendaria

Avni Spahiu kazetari eta idazlea Kosovoko irrati publikoko zuzendaria da. Pristina osotik ikusten den eraikin erraldoian hartu gaitu. Langileek, irribarretsu, urime (zorionak) esaten diote oraindik elkarri. Spahiu ere oso baikor dago Kosovoko errepublikaren erronken aurrean.

Independentzia aldarrikatuta, zeintzuk dira hurrengo urratsak?
Datozen asteetan konstituzio berria onartuko dugu, [NBEren ordezkari berezi Martti] Ahtisaariren planaren arabera, gobernuak onartu berri duen bezala, nazioarteko komunitatearekin elkarlanean. Eta ereserkia ere onartzeko dago.

Eta ekonomikoki?
Status faltak sakondu ditu arazoak. Hori konpondu denez, enpresen errezeloak desagertuz joango dira. Kosovon inbertsioak behar ditugu, eta ziur gaude independentziak ekarriko dizkigula. Diaspora handi eta aberatsa daukagu Europan eta Ameriketan, eta Europako Batasunak ere erronka garrantzitsua onartu du, herrialde bakar batean izan duen handiena.

Kosovoko serbiarrek ez dute onartu independentzia.
Kosovoko Legebiltzarrean dauden gutxiengo guztiek izenpetu dute independentzia serbiarrek izan ezik. Belgraden presio latza sufritzen ari dira. Argi erakutsi behar diegu herrialde hau ez dagoela serbiarren aurka, gure banderako izarretako bat haiena da, eta beldurrek ez dute zentzurik. Ordezkaritza handiegia izatea ere onartu dugu, biztanleen ehuneko bostek Legebiltzarraren ehuneko hamabost izango dute. Irratian baditugu serbiarrak, inolako arazo barik, ziur naiz denbora pasa ahala murriztuko dela presioa. Galdetu Kosovoko jendeari, eta serbiarrak ongi etorriak direla esango dizute, kriminalak izan ezik.

Errusia dauka Serbiak atzean, eta NBE Nazio Batuen Erakundean tokia izatea eragotziko dizue Moskuren betoak.
Badakigu Errusiatik gauza on gutxi etorriko direla. Baina bi bide daude Nazio Batuen Erakundean ordezkaritza izateko, NBEko Segurtasun Kontseilua da bata, ezinezkoa oraingoz; eta bestea NBEko Batzar Nagusiaren bi heren alde izatea. Espero dugu laster herrialde askoren babesa izatea. Serbiarentzat ere ona da gertatu dena, sekulako zama kendu dute lepotik. Konturatuko da Europako Batasunera begiratu behar duela. Mugarik gabe ez da arazorik izango hona etortzeko eta monumentuak bisitatzeko. Orain zaila da haientzat, ulertzen dugu haserrea, baina urteetako errepresioa sufritu dugu, gure etxetik bota gintuzten, garbiketa etnikoa egin nahi izan zuten. Ezin dugu elkarrekin bizi.

Eta Albaniarekin?
Albania eratu zutenean albaniarren erdiak baino gehiago kanpoan geratu ziren. Europako leku bakarra zen alde guztietan bere herrikideez inguraturik zegoena. Ahtisaariren planak dio ezin dugula Albaniarekin bat egin. Hori da baldintza eta onartu dugu. Nortasun, hizkuntza eta kultura bera ditugu, baina luzaro egon gara bereizita. Ados gaude, bi estatu albaniar egongo dira. Europako Batasunean, agian, onerako izango da: boto bakarraren ordez, bi izango ditugu.

2008-02-19

"Errusia, lagun gaitzazu"

BERRIArako berriemale

Mitroviça

Mitroviçako iparraldean bizi diren serbiarrak manifestazio jendetsua egin dute
Kosovo Serbia dela aldarrikatzeko. Mitroviça Mitroviça hirian daukate kezka handiena Kosovon lanean ari diren nazioarteko erakundeek. Hiria bitan zatituta dago. Albaniarrak hegoaldean bizi dira eta independentzia aldarrikapena ospatu dute egunotan, baina iparraldeko serbiarrek ez dute onartzen adierazpena. Atzo manifestazio jendetsua egin zuten Kosovo Serbia dela aldarrikatzeko, bai Mitroviçan bai Kosovoko beste zenbait herri serbiarretan. Goizeko hamabietan milaka lagun bildu ziren Mitroviça iparraldeko plaza batean, banderak astintzen, Serbia oihukatuz, eta Kosovori buruzko kantak behin eta berriz abestuz. Serbiatik eta Montenegrotik etorritako hainbat politikari ere izan ziren manifestazioan, eta AEB Ameriketako Estatu Batuen eta NBE Nazio Batuen Erakundearen aurkako pankartak eta Errusiaren aldekoak erakutsi zituzten. Gerra Hotz berria balitz bezala, albaniarren eremuan Estatu Batuetako dozenaka bandera daude, Bill Clintonen argazkiak ere hainbat dira, serbiarrak berriz, Moskura begira daude eta Vladimir Putinen erretratua dago Mitroviça iparraldeko bazter guztietan. Errusia, lagun gaitzazu zioen manifestarietako batek zeraman afixak.
MITROVIÇAKO ZUBIRAINO.
Kosovo osoko tentsiorik handiena egon ohi den Mitroviçako zubiraino jaitsi ziren manifestariak. Hiru polizia-lerro zituzten zain. Zubia zaintzen duten frantses soldaduak atzean, poloniarrak eta beste herrialde batzuetako poliziak tartean, eta herriko etxeko arduradunak eta paramilitar ohi batzuk aurrean. Noizean behin bultzadaren bat edo beste egon arren, ez zuten albaniarren aldera joateko ahaleginik egin, eta protesta lasai amaitu zuten. Independentzia aldarrikatu zenetik nazioarteko erakundeko misioaren aurkako eraso batzuk izan dira Kosovo iparraldean, baina txikiak oro har, eta ez da zauriturik egon. Hala ere, oso desberdina da giroa etengabeko ospakizunean dauden albaniarren herrietan eta irribarrea oso garesti dagoen serbiarrenetan. Kontratatutako itzultzaile albaniarrak zubiaren beste aldean utzita joan ziren kazetari gehienak iparraldera, eta laguntzea erabaki zuen batek edo bestek atzera joan behar izan zuen. «Zuek gera zaitezte, baina albaniar hori ez dugu hemen ikusi nahi, doala bere aldera» esan zion ozen BERRIA eta ETBko kazetari talde bati manifestazioaren antolatzaileetako batek. Euskal Herriko zein Kataluniako kazetari gehienek espainiarrak direla esan ohi dute Mitroviça iparraldean. Dragojek eliza ortodoxoko ikurrak zeramatzan aldean, eta ez zuen kazetarien aurrean etsipena ezkutatzen. «Nola nahi duzue onartzea gure lurraldea lapur diezaguten? Edo Kosovo zatitzea, gure monumentuak eta hainbat senide hegoaldean daudelarik?». Hashim Thaçi Kosovoko lehen ministroa «terrorista» bat baino ez dela uste du Dragojek: «Hainbat serbiar hil ditu, nola fidatu gara bere hitzaz? Euskaldunak askatzea onartuko al zenukete zuek?»

Oliver Ivanovic: «Ez da lurraldetasun kontu hutsa, Serbiaren bihotza da Kosovo»

Mitroviça

Oliver Ivanovic Kosovoko serbiarren buruzagi errespetatuenetakoa da. Kosovoko Legebiltzarreko diputatua ere izan zen, azken hauteskundeetan gehienek eskatutako boikotarekin bat egin arren. Kosovoko Zerrenda Serbiarra alderdiko buruzagia da. EB Europako Batasunaren misioa ezin duela momentuz babestu dio, Nazio Batuen Erakundearen ebazpenaren aurka doalako, baina hala ere elkarlana behar dela uste du. «Horrek ez du esan nahi estatua aitortzen dugunik, baina hemengo nazioarteko indarrak behar dira luzaroan, eta paradoxa izan arren, Europa Nazio Batuak baino hobea izango da».

Kosovok independentzia aldarrikatu du. Zer jarrera duzue horren aurrean?
Guk ez dugu aitortzen independentzia, eta ez dut uste etorkizun hurbilean egingo dugunik. Eta Belgradek ere jarrera gogortuko duela uste dut. Ez da lurraldetasun kontu hutsa, Serbiaren bihotza da Kosovo. Espainiak Euskal Herria galtzea baino gogorragoa da guretzat. Kosovoko serbiarrak depresioan daude orain, gero haserretu egingo dira eta biktima sentitze hori oso arriskutsua da Balkanetan.

Parlamentu propioa eratuko al duzue Kosovon?
Gerta liteke, baina ez dut uste ideia ona denik. Zilegitasuna kenduko digu, baditugu egitura batzuk, eta Kosovoko Legebiltzarreko diputatu serbiarrek alde egin dute, ez dute estatu independenteko diputatu izan nahi. Nazio Batuen Erakundeko 1244 ebazpenaren aurka doala diogu, baina guk ere ebazpena urratzen duen zerbait eginez gero (lurraldea zatitzea eta parlamentua eratzea), aitzakia ederra jarriko diegu. Bereizketa badago orain bertan eta hori legeztatzen ahaleginduz gero, daukagun apurra galduko dugu. Kosovoko Polizian serbiar batzuk ere ari dira lanean. Bere komunitateko presio handia dute, ezta? Bai, hori dut orain ardura handiena. Ezegonkortasun handia egon daiteke, poliziek lana utziz gero, baina herritar xumeek aurpegiratu egiten diete independentzia aldarrikatu duen estatua zerbitzatzen ari direla. Hala ere, Kosovo beharrean beren komunitateentzat lan egiten dutela jakin beharko lukete. Haiek kenduz gero, KFOReko indar gehiago etorri beharko dira, eta arazo gehiago izango ditugu.

Hemen iparraldean bai, baina hegoaldeko herrietan bizi diren serbiarrek bertan jarraitzeko asmoa al dute?
Badakit azken egunotan askok seme-alabak bidali dituztela Serbiara, egoera zelan doan ikusi arte. Segurtasuna da ardura handiena, eta ulertu behar da jendearen kezka eta beldurra. Iparraldean are handiagoa da beldur hori ziur aski, herrietan beti dago harremanen bat hedabideetan agertu ez arren. Baina serbiarrak ez dira fidatzen, nahiz eta ez dudan uste ezer gertatuko denik. Albaniarrek ondo dakite 2004. urteko martxoko gertakariek zer nolako kaltea egin zieten eta orain inoiz baino segurtasun handiagoa dagoela deritzot.

«Ongi etorri Kosovoko errepublikara»

BERRIArako berriemale
Pristina-n BERRIArako berriemale

Ospakizunak ez du etenik Pristinan; Ameriketako Estatu Batuen onarpenak hiriburuko kaleetara atera ditu berriz ere milaka albaniar.

Pristinako kaleetan ospakizun betean daude asteburutik. Banderak etengabe astindu eta zarata artean ari dira ospatzen independentzia. Igandean aldarrikatutako alde bateko independentziak munduko potentzia nagusien sostengua zuela jakin ahala ekin zieten ospakizunei atzo. Estatu Batuen, Frantzia, Erresuma Batua eta Alemaniako ikurrak musukatu ere egin zituzten albaniarrek. Jaia, baina, igandean hasi zen.
Grand Hoteleko prentsa-aretoa jendez gainezka zegoen. Hashim Thaçi lehen ministroa 15:39etan iritsi zen: «Kosovo bere herritar guztiena da». Historia egiten ari zela jakitun denek espero zutena esan zuen: «Guk, herriak demokratikoki hautatuko buruzagiek, honen bidez aldarrikatzen dugu Kosovo estatu burujabe eta independentea dela». Bezperan lehertutako emozioak gainez egin zuen. Kosovoko eta Europa osotik etorritako albaniarrak estu besarkatu ziren, oihu egin zuten, barre, eta negar. «Ametsa bete da, azkenean independente gara. Ongi etorri Kosovoko errepublikara», zioen Arbenek beste lankide baten besarkadatik askatu berri, begiak gorri.
Kaleetan bezala, askok etxean ospatu zuten independentzia. Aurreko egunetan kaleak txukundu zituzten legez, igande goizean hainbat albaniar hilerrietatik pasa ziren, egun historikoa gozatzerik ez zutenen omenez.
OSPAKIZUNA, NEURRIZ.
«Ezin duzu imajinatu zeinen zoriontsu naizen. Serbiatik libre gara azkenean». Agime ari da hizketan. UÇK Kosovo Askatzeko Armadako gerrillarien bandera astintzen ari da. Hashim Thaçiren gobernuak egindako eskariek, hala ere, arrakasta izan zuten, eta independentzia jaia inor ez mintzeko gisan ospatu zuten. Umorea zen nagusi arrastian agertu kamisetetan: Independentzia vodka baino hobea da zioen batek, Independentzia sexua baino hobea da ondokoak. Pastel erraldoia ere egin zuten eta garagardo enpresak ehun mila botila banatu zituen dohainik.
Kosovoko manifestazioetan ohikoak ziren UÇKren aldeko eta serbiarren aurkako oihuak desagertu ziren igandean. Pavaresine (Independentzia) oihukatu zen nagusiki. Thaçiren izena ere bai. Ibrahim Rugova gogoan izan zuten askok, eta 2006. urtean hildako presidente ohiaren irudia eta mila esker zioten pankartak jarri zituzten kalean. Teuta, 29 urteko langabeak, malko artean, miresmenez hitz egin zuen: «Bera izan zen gure gidaria, bidea erakutsi zigun, nola eutsi zutik lehendabizi eta gero nola jokatu elkar hartuta».
Milaka arma dauden herrialdean independentzia tiroka ospatzea eragoztea ez zen erraza, baina telebistan bederen ez zen metraileten irudirik ikusi. Herrietan bestela izan arren, hiriburuan petardoak izan ziren ia leherketa bakarrak. Gaua helduta atera zuen batek edo bestek pistola airera tiro egiteko, eta lau zauritu izan ziren.
Kosovoko orkestrak Alaitasunaren ereserkia jo zuen, herrialdeak oraindik ez baitu berea onartu. Independentzia aldarrikatu eta berehala, errepublikako bandera berria ezarri zuten polizia-etxe eta zenbait eraikin ofizialetan.
ESTATUKO IKURRAK.
Kosovoko mapa eta herrialdeko sei etniak ordezkatzen dituzten beste hainbat izar dituena hautatu dute. Errezeloak uxatu dituzte askok, etxean inork erabiliko ez duela jakin arren. «Bost axola orain bertan, albaniarrek gurearekin jarraituko dugu, baina hau ere nirea izango da, nire estatuko bandera da, ez du axola gustuko dudan ala ez», esan zuen lehen aldiz banderaren azpitik pasa zen Blerim gazteak. Albania iparraldeko Kukes hiritik etorritako Rifatek lagun asko ditu Kosovon eta etxean izan zituen 1999ko iheslariak. «Zer ardura du bandera polita den ala ez? Nik uste Albaniak ere aldatu beharko zuela bandera, bi burudun arranoa albaniar guztientzat utzi, eta estaturako beste bat hartu, denok bat izan arte». Tiranak oraintsu baztertu zuen parlamentuan egindako proposamen hori.

2008-02-18

Solanak dio Europako Batasunak jarrera bateratua duela Kosovoko independentziaren harira

Kosovoko mugazainei eraso diete serbiarrek iparraldeko mugaraino protestan abiatu ostean

Pristina

Pristinako kaleak normaltasunera itzultzen ari dira pixkanaka, baina behin eta berriz poza pizten da oraindik han eta hemen. Independentziaren ostean, nazioarteko herrialdeek estatu berria onartu ahala berpizten da ospakizuna. Javier Solana Europako Batasuneko Atzerri Politika eta Segurtasunerako goi komisarioak atzo iritsi zen Pristinara. Mendebaldeko agintari baten lehen bisita zen, igandean independentzia aldarrikatu zenetik, eta txalo zaparrada artean jaso zuten albaniarrek politikaria.
Kosovoko independentziaren harira estatukideek jarrera bateratuta dutela esan zuen Solanak. Independentziara hurbiltzeko moduak eta prozedurak, hala ere, oso desberdinak izango direla onartu zuen: «Batasunak ez ditu herrialdeak aitortzen, estatu bakoitzaren ardura da hori egitea ala ez egitea». Kosovora bidali beharreko misioan adostasuna dagoela nabarmendu zuen, halaber. «Kosovoren lagun onak gara, eta Kosovo Europako Batasunaren lagun ona da. Pristinako kaleek agertutako poztasuna hemen daukazuen gizartea eratzeko energia positibo bihurtu behar da». Horixe esan zien estatu berriko agintariei Solanak.
Kosovoren independentzia babestu duten herrialdeen zerrenda, bien bitartean, haziz doa. Pristinako kaleetan hala ugaldu dira azken egunetan banderak ere. Estatu Batuak, Erresuma Batua eta Frantzia izan dira orain arte herrialdea aitortu duten estatu garrantzitsuenak. Alemaniak gaur egingo duela esan du. Kosovoko kaleetan 193. herrialdea dioten afixak daude, eta dagoeneko beste 192ei bidali dizkiete gutunak aitorpena eskatzen.
Fatmir Sejdiu Kosovoko presidenteak harrera egin zion Solanari: «Europako Batasunaren presentzia zibila positiboki hartzen dugu. Hasi dira lanean eta KFOReko tropen mandatuarekin jarraituko dute, Kosovon eta eskualde osoan egonkortasunerako faktore garrantzitsua baita».
SERBIARRAK HASERRE.
Giroa oso desberdina da serbiarrak nagusi diren iparraldeko udalerrietan. Independentzia ostean hasitako protestak gogortu egin dira. Kosovon bizi diren 120.000 serbiarren erdiak bizi dira iparraldean eta beste erdiak hegoalde eta mendebaldean daude sakabanatuta. Atzo milaren bat lagun mugaraino joan zen protestan, eta su eman zieten bi muga-posturi. KFOReko indarrek erantzun zuten. Lehen aldia da alde bakarreko independentziaren ostean. Hashim Thaçi Kosovoko lehen ministroak ez zien garrantzirik eman erasoei: «NATOren, Kosovoko Poliziaren eta Nazio Batuen kontrolpean dago dena, eta istilu bakanek ez dituzte ospakizunak zikinduko».
Batek baino gehiagok aipatu du jadanik indarrean den bereizketa behin betiko bihur daitekeela aurrerantzean, serbiarrek independentziari muzin egin eta Belgradoren aginduetara jarraituz gero. Kosovoko eta Europako Batasuneko arduradunek herrialdea bat eta bakarra dela esan arren, ez dute argitu zein bide hartuko duten bereizketa eragozteko.

GLAUK KONJUFCA, Kosovoko Vetevendosje mugimenduko kidea: «Hau ez da erabateko independentzia»

Vetevendosje (Autodeterminazioa) mugimenduak ez du egunotako ospakizunetan parte hartu, independentzia ezarritakoa dela uste dutelako. Sektore garrantzitsuek gutxietsi arren, gazte eta ez hain gazte ugari erakarri dituen ideiak bultzatu ditu. Kosovoko kaleak independentziaren aldeko eta negoziazioen eta nazioarteko misioaren aurkako pintadez beteta daude.

Zein da egoera berriaz duzuen iritzia?
Ez dugu uste hau independentzia denik. Ahtisaari planaren arabera onartu da, eta, gure ustez, errazagoa zen: jendeari galdetu eta hori errespetatu behar zela esan dugu, eta kito.

Baina horrenbeste sufrimendu eta gorroto egon den lekuan gutxiengoek ez lukete arriskurik nahi den hori egiten utzita?
Ez dut uste serbiarrek alde egingo luketenik, hori 1999ko udan egingo zuten. Oraingo tentsioak nazioarteko indarren erruz dira, surtara gasolina bota dute sinetsarazten Serbia itzuliko dela, argi esan beharrean hori amaitu zela. Zauria sendatu beharrean narkotiko bidez landu du. Bistan da, oinazea duenak narkotikoa nahi du, baina horrek ez du zauria ixten. Pristina ala Belgrado hautatzen utziz, Belgrado hautatuko dute, noski, eta horrek tentsioak puztea dakar.

Ez duzu uste hasteko egokia dela?
Epe laburreko konponbidea da hau. Hara Bosnia. Komunitateen zatiketan sakondu du, Condoleeza Ricek esan berri du porrot egin duen estatua dela, eta laster hau ere izan liteke. Zergatik? Nazioartearen menpe dagoelako, nazioarteak alde eginez gero, berriz ere hondoratuko litzateke. Aski helduak ez omen garenez beti kontrolatu behar bagintuzte legez tratatzen gaituzte, pentsaera arrazista ere bada.

Jendea, baina, pozik dago.
Bizpahiru hil iraun ditzake pozak, gero eguneroko bizitzara itzuliko gara. Misioak ez dakar garatzeko planik, egonkortasuna eta bakea dira beti helburu, ez garapen ekonomikoa. Kosovoko biztanle gara, baina ez herritar. Ahtisaari planak autodeterminazioa ukatzen du, esplizitoki galarazten digu beste herri batzuekin bat egitea. Albaniar nortasuna daukat, ez kosovoarra, nire lurraldea baino ez da hori. Okupazio eta kolonizazio kasu tipikoa da Kosovo. Deskolonizazio autodeterminazioaren bidetik dator.

2008-02-17

Errezeta

BERRIAko Larrepetiten argitaratua

Errezeta eramateko esan didate batek baino gehiagok. Halakorik egongo balitz ere, inork emango lukeelakoan! Ekialdeko Timorren ikusi dugu independentziak arazoak konpondu ez eze oztopo eta joko zikin ugari gorde ditzakeela. Baina independentzian sakontzea dute konponbide, inolaz ere ez aurreko metropolira itzultzea. Berrehun mila gorpuk eragozten dute, besteak beste.
Pristinako kaleetan begirune handia diote Ibrahim Rugova lehendakari ohiari, baina gaurko egunera iritsi badira, badakite UÇKko gerrillari zor diotela hein handienean. «Eta Milosevici», diote zinikoek. Arrazismoak gidatutako politika kriminalak izan zezakeen konponbide txukunena du gaur. Burujabe baino gehiago Serbiatik independente izatea amestu izan dute Kosovoko biztanle gehienek, arrisku hori behin betiko uxatzea. Titok ere ez zuen asmatu Jugoslaviako egitasmoan eslaviarrak ez zirenei zegokien txokoa egiten. Independente izateko motibo gehien zuena azkena izan da askatzen.
Lagunak haserretu egiten zaizkit Bill Clinton kalea, NATOko banderak eta Thank you otzan hori ikusten dituztelarik. Jakin gurako nuke gringoek Zarzuela edo El Pardo bonbardatu eta Guardia Zibila Ebroz beste aldera bidali balituzte zenbat Roosevelt bulebarra genituzkeen.
Ermutik Lizarrara bidean ginen duela hamar urte, albaniarren aurkako garbiketa etnikoa abiatzear zela. Ezagutzen dugu ordutik bidea. Zuek irakurtzerako Kosovoko independentzia aldarrikatuko zuten menturaz. Ez nituzke bide horretako urrats guztiak egin gura, baina, aizue, gustura eroango nuke Pristina itsusi honetako giroa irribarre faltan daukagun herri triste horretara. Urime, Kosova (Zorionak, Kosovo).

Kosovok independentzia aldarrikatuko du gar

BERRIArako berriemale

Zoramena lehertu da Kosovon. Atzo Hashim Thaçi lehen ministroak independentzia gaur bertan aldarrikatuko dutela baieztatu zuen unetik, milaka lagun ari dira ospatzen Pristinako kaleetan eta herrialdeko hainbat tokitan. Iritsi da hainbeste itxarondako eguna.
Eguna ezaguna izan arren, Gobernuak ez zuen atzo arte baieztatu. Kosovoarrei ospakizunak neurriz egiteko eskatu die lehen ministroak. «Bihar», azaldu du Thaçik, «egun lasaia izango da. Independentziaren adierazpenaren egunean, egun handian, egun historikoan, duintasunez egin dezagun; esker oneko eguna izan dadila Kosovo burujabe eta independenterako». Oso ondo zaindu du adierazpenaren lekua eta konpainia -Kosovoko buruzagi musulman eta kristau katolikoak izan ditu ondoan; serbiar ortodoxorik, ordea, ez-. Independentziaren aurkako batzuek -Errusiak eta Espainiak kasu- alde bakarreko adierazpenik ez dutela nahi esan arren, kosovoarrek hainbat alderekin adostu arte itxaron dute, AEBetatik eta Europako Batasunetik oniritzia jaso duten arte.
Pazientzia eta zuhurtzia izan arren, badira eragozteko oso zailak diren emozioak. Urteetan gordetako unea iristear dela, kalera jo dute albaniarrek. Atzo arrastiritik amaigabeko ospakizunean daude Pristina eta Kosovo osoa, baita Shkopje eta Mazedoniako hainbat leku eta Albania bera ere.
«JAINKOARI ETA AMERIKARI ESKER».
Termometroa zerotik oso behera dabil Drecani harango Prekaz herrian. Serbiarrek UÇK gerrillako Adem Jashari buruzagia eta beste 57 senide hil zituzten hemen duela 11 urte, eta gatazka aldatu zen unea izan zen. Milaka kosovoarrek eman zuten izena gerrillan hurrengo hiletan. Egun, albaniar asko etortzen da martiriak gurtzera Prekazera. Thaçik ere Prekaz hautatu du solemnitate handienean baieztatzeko Kosovok gaur independentzia aldarrikatuko duela. Egun osoan ehunka lagun pasa dira Prekaztik. Elurra mara-mara ari zuela, Mazedoniatik etorritako familia bat agertu da. Fatosek 70 urte ditu, eta Jashariren hilobian otoitz egin ostean, begiak malkotan, aitortu du: «Inoiz ikusterik uste ez nuen ametsa beteko da».
Kosovo eta albaniarren herrialde guztietan jai egun handia den arren, ez dute ahaztu independentzia urratzeko zenbat sufritu duten. «1980an Tito (Josip Broz, Jugoslaviako lehendakaria) hil eta errepublika eskatzen lehenak izan ginen, eta askatzen azkenak gara; behin eta berriz zapaldu gaituzte. Baina azkenean heldu da eguna», dio Isak, Mitrovica hiri zatituko albaniarrak. Prekazen, berriz, independentziarako bidean geratu direnei omen egiten diete, isilik. Ibrahim Rugova lehendakari ohia duela bi urte hil zen, eta kosovoar gehienek maite duten arren, UÇK gerrilla da bereziki gurtzen dutena. Nahiz eta jakitun diren etxeko indarrak baino gehiago behar izan dituztela independentzia lortzeko, gaur eskuratuko dute, «Jainkoari eta Amerikari esker», Fatosen hitzetan. Pristina osoa dago Thank you dioten afixez betea, eta 1999an Serbia bonbardatzeko agindu zuen Bill Clinton AEBetako presidentearen argazkiak ageri dira. Europako herririk leialena dute AEBek Balkanetako bazter honetan.
Egunotan ia alde guztietan ageri da albaniarrek ezin gorderik zeramaten emozioa. Handia da pobrezia, baita langabezia tasa ere, baina bihar iratzarritakoan heldu beharreko arazo ugarietako pare bat baino ez dira izango. Unea bizi eta etorkizuna amesteko egunak dituzte Kosovon.
Gaur ospatzeko eguna dela jakinik aurkitu ditugu gizon-emakumeak dena txukuntzen, kaleak eta autoak garbitzen; dendak, etxeak... txoko guztiak Albaniako banderaz betetzen. Gehienetan AEBetako ikurrak daude ondoan, baita EBkoa ere sarri askotan. Eta irribarrea ahoan beti albaniarrak, mozkorralditik irten ezinik. Thaçiren baieztapenetik minutu gutxira gainezka egin dute Kosovoko albaniarrek. Petardoak, autoko tutuak eta tiroren bat edo beste, eta oihu nagusi bat, bi burudun arranoaren bandera gorria astinduz: Pavarësi (independentzia). Festa 24 orduz aurreratu dute albaniarrek. Luzaroegi egon dira zain eta ezin beste egun bati eutsi.
Jaia gaur hasiko da ofizialki, ordea. Zehaztapen osorik ez badago ere, zenbait iturrik iragarritako egitarauaren arabera, 18:00etan prentsaurrekoa egingo dute Hashim Thaçi lehen ministroak, Fatmir Sejdiu presidenteak eta Parlamentuko buru Jakup Kraniqik. Aurretik, 15:00etan bilduko dira Parlamentuan, eta 18:30ean Pristina erdiko plaza batean izango da ekitaldi nagusia. Kosovoko Orkestrak Europako himnoa joko du, oraindik ez baitute hautatu herrialdeko kanta ofiziala, ezta bandera ere. 23:00ak baino lehenago Kosovoko herritarrei hitz egingo diete Sejdiuk eta Thaçik.
Ordurako atzo hasitako ospakizunak bete-betean egongo dira bazter guztietan, eta baliteke lehen estatuek -AEBak edo Erresuma Batua da kosovoarrek egiten duten apustua- independentzia ordurako onartzea ere.
Datozen asteetan eman beharreko pausoak asko dira oraindik. Kosovoko Estatua martxoan sartuko da indarrean, Konstituzioa eta ikurrak onartu behar dituzte, Europako misioa heldu behar da... Baina gaur ospatzeko eguna dute. Independentzia irabazi dute.

Serbiarrak, haserre eta kezkatuta
Ospakizunei entzungor egiten diete Kosovoko serbiarrek, eta gutxi batzuek independentzia galaraziko duen azken mirarian sinetsi nahi dute, aspaldi ezagutzen zuten adierazpenaren beldur.
Mitrovica
Ia Kosovo osoa hartu duen zoriontasun uholdeak haserrea, kezka eta amorrua dakarzkio gutxiengo serbiarrari. Horregatik jokatu du Kosovoko Gobernuak zuhurtzia handiz, aldarrikapenaren eguna atzo arte iragarri barik, eta herritarrei ospakizunak handikeriarik gabe egiteko erregututa. Balkanetako txoko hauetan txikikeriek pitz ditzakete sarraskirik handienak, eta ahal bezainbeste eragotzi gura du Pristinak ospakizunetan inor kezkatuko duen irudirik egotea. Telebistak iritsiko ez diren herrixketan ohitura zaharrean ospatuko dute, baina hiriburuan armarik eta tirorik ez egotea da helburua. Eta, hiriburuan baino gehiago, gatazkaren sinbolo bihurtu den hirian, Mitrovican.
Han hasi ziren 2004ko istilu larriak, eta hiriak oso zatituta jarraitzen du; inor ez doa bestearen aldera. Ibar ibaiko zubia frantses tropek zaintzen dute, eta atzotik aparteko lana daukate banderak astintzen eta tutuak joz ospatzen ari diren albaniarrak ibai ertzetik uxatzen.
Serbiarrek ospakizunetako tutui entzungor egiten jarraitu dute, etsipenez batzuek eta ez gutxi azken orduko mirariren baten zain. «Ez esan inori, baina errusiarrak astelehenean iritsiko diren informazioa daukat», diosku Savak, Mitrovica hiriko serbiar batek. Gizon zaharraren ametsen ondoan, Radojko Iovanic abokatuak bere jarrera normaltasunezkoa izango dela dio. «Erabat legez kanpokoa da egingo dutena; lurralde honek Serbia izaten jarraituko du beti». Nazio Batuen Erakundeak onartzen ez dituen egitura paraleloak dauzkate serbiarrek, eta egunotan Parlamentua ere eratuko ote duten esan izan da, Iparraldeko Zipreko Errepublika Turkiarraren antzeko egoera sortuko lukeena. Oliver Ivanovic Kosovoko serbiarren buruzagiak BERRIAri esan dionez, funtsik gabeak dira horrelako asmoei buruz diharduten albisteak.
Atzo Serbiako monarkiaren oinordeko Aleksandar Karadjordjevic izan zen Mitrovicako elizan, eta ez alde egiteko eskatu zien Kosovoko serbiarrei. «Ez dut nahi Israel eta Palestina bezalako gatazkarik. Serbiarren lurralde santua da, guretzat Jerusalem bezala da». Gaurko mezetan ikusiko da serbiar gutxiengoak nola hartu duen aspaldi zekiten adierazpena. Datozen egunetarako protestak iragarri dituzte.

2008-02-10

Berriz manifestazioan

BERRIAko Larrepetit-en argitaratua

-Azkenean bete dute gidoia: ehundik gora atxiloketa eta legez kanporatzeak agindu eta hortxe ditugu.
-Azkenean bete dute gidoia: ehundik gora atxiloketa eta legez kanporatzeak agindu eta hortxe ditugu. Eta oraindik lau aste hauteskundeetarako.
-Zer gehiago egin dezakete honezkero?
-Talde parlamentarioa eskatu dute. Eta udalak. Beti dago zerbait gehiago.
-Zerbait egin beharko da, bada!
-Bai, bai hori ere gidoian dago: 18/98 eta manifestazio nazionala, gaur ANV eta manifa, bihar, gestorak eta manifa, Egunkaria eta manifa. Gidoia betetzen gu ere.
-Orduan gehiago egin beharko da!
-Gehiago egitea ere gidoian dago. Hara, Bergara. Baina gidoiak eszena gogorragoak ere lasai ametitzen ditu. Gilles Perraultek argi dio asteongo Argia-n: «Madrilek arazorik gabe eman dezake urtero hamar guardia zibilen bizitza, bideko istripuetan gehiago hilko dira».
-Berriz diot, zerbait egin beharko da!
-Hori da arazoa: zerbait egin beharrez egitea. Besterik ezinean.
-Eta orduan? Besterik gabe etxera? Armak eman?
-37ko galtzaileak etxera edo erbestera joan ziren eta hurrengo belaunaldiak atera zuen aizkora. Merezi dugu atseden apur bat. Gehien eman dutenek bereziki.
-Baina hori ez da zerbait egitea! Hori ezer ez egitea da!
-Hori aizkora gordetzea da. Atera dezatela biharkoek, beharrezko bada. Gaurkoz, batu txosna, itzali argia, kendu musika. Amaitu da hemengo su-festa.
-Eta presoak?
-Ez genuen esaten espetxeraino joango ginela presoak ateratzera? Goazen bada! Ehun atxiloketaren enbidoa Rubalcaba kriminalak? Guk hordago! Eman bostehun, mila, bost mila preso. Ikurrak ezkutatu barik, atera harro, egin egunero Batasuneko, EHAK-ko, ANVko Mahai Nazional berrien aurkezpenak. Bete espetxeak hau guztia jasangaitz bihurtu arte!
-Eta zu ere bazatoz?
-Ez, zera... ni ezker zerutiarra naiz.

2008-02-03

'Jo també soc catalana'

BERRIAko Larrepetiten argitaratua

Ni ere katalana naiz lan autobiografikoaren ostean, bigarren liburuarekin irabazi du Najat El Hachmi Buhhuk Ramon Llull saria. Kataluniako literatur sari potoloena Rifen jaiotako idazle batek irabazi du. 28 urte ditu eta zortzi zituela iritsi zen gurasoekin (bidenabar, etorkinen seme-alabak ere, etorri ordez gurasoek ekarriak, etorkin ote?).
Aste honetako hondamendiaren egunean piztu dit irribarrea Najat El Hachmik. Athletic berriz ere Espainiako Erregearen Kopatik kanpo. Ostegun berean etorkizuneko Athletici buruzko erreportajea zekarren egunkari batek, Lezaman dauden nigeriar, kamerundar, kolonbiar, maliar eta beste herrialdeetako mutikoak aipatuz (Donibane Lohizuneko frantsesa tartean). Ikasketez ere kluba arduratzen ei da (euskaraz ikas dezaten ere bai?). Hondamendiaren atarian, immigrazioa konponbide. Gaurko sistemaren gerorik eza gorabehera (noizko landu harrobia Afrikan bertan?), Bizkaitik kanpo gutxik ulertzen duten erakarpen indarra izan du futbol-taldeak etorkinen integrazioan.
Gure literaturako abizen exotikoak ez dira afrikarrak. Deitura germanikoren bat edo beste eta kito. Besteak ez dira exotiko, nik baino hobeto azaldu zuen ostegunetako zutabekideak Jimenez izatearen tragedia. Nahiko nuke, baina gure letretan immigrazioak besteetan baino are fikzionatuago jarraituko duen susmoa dut. Gurago oker banabil. Bertsotan behintzat entzuten dira Saharako eta Poloniako eta Boliviako izenak. Ez da kasualitatea. Atzetik dagoen eskolaz eskolako lana da, Athleticena bestekoa.

2008-01-27

Negu gorria berriz ere kurduentzat?

ARGIAn argitaratua

Kurdu zintzoak, kurdu gaiztoak” izenburu bikaina eman zion Kevin McKiernan dokumentalgileak estaturik gabe nazio handienari buruz egindako lanari. AEBen ikuspegitik, Turkiari matxinatu zaizkion PKKko kurduak “terroristak” dira, Saddam Husseini aurre egin zioten peshmergak berriz, askatasunaren aldeko borrokalariak.
Gauzak horrela, Irakeko gerran kurduek estatubatuarrei emandako babesak eta Turkiaren jarrerak (AEBei turkiar lurraldea eta aire-espazioa erabiltzea debekatu zien) behin betiko koiuntura aldaketa iradoki zieten aditu batzuei. Haizea kurduen alde zegoela zirudien: munduko nagusiaren lagun, Israelekin ere une goxoan, Turkia AEBekin muturtuta, eta kurduen beste bi zapaltzaileak (Iran eta Siria) Washingtonen “gaiztoenen” zerrendan. Munduko bazter nahasi horietan proxy gringoa osatzeko aukera paregabea zen, oraingoz estatu propiorik aldarrikatu ez arren.
Udaberri goxoa beste behin amaitzear egon liteke, horratik. AEBek aliatu berrien eta zaharren artean aukeratu behar izan dute, eta Turkiari laguntza eman diete Hego Kurdistanen gordetzen ziren gerrillarien aurkako erasoan. Bidenabar, mezu argia bidali diete Kurdistango agintariei: onartu daukazuen autonomia eta ez molestatu lar. Turkiaren erasoaren atzean beste apustu bat dago funtsean: kurduen autonomiari dion ezinikusia. Eta Kirkuk petrolio-hiria Kurdistan autonomoan sartzeko arriskua, ekonomikoki emango liokeen aberastasuna dela eta.
Irakeko Konstituzioaren erreferenduma 2007ko amaieran egin behar zen, baina atzeratu da, aspaldi argi zegoen legez. Uztailerako osatu behar zen errolda oraindik ez da egin. Ofizialki sei hilerako atzeratu da, baina ekainerako ere egiterik izango den zalantza asko dago. Kurduei laguntzeko AEBen azken zioa ere –segurua zen inguru bakarrean beste gatazka bat ez piztea– aldatu dela dirudi: Kurdistan autonomoan ez, baina azken hileetan Kirkuken inguruko eskualdean asko ugaldu dira, xiiten hegoaldean eta Bagdaden bertan nabarmen apaldu diren artean. Al-Kaidari leporatu dizkiote batzuek, baina Turkiako zerbitzu sekretuen esku beltza ere aipatu da.
Gauzak horrela, geroz eta kurdu gehiagok esan du, ekainerako erreferendumik egin ezean, automatikoki bere autonomiara sartu beharko lukeela Kirkuk. Apustu gogorra da, baina kanpoko laguntza ez datorrenean, urratsak norberak ematen jakin behar da. Aspaldi ikasi zuten mendiak bakarrik dituztela lagun.

Andy Palacio




BERRIAko Larrepetiten argitaratua




Ahozkotasunaren egun handia izan genuen atzo Donostian. Bertso Egunaren bidez egin genuen duela urte batzuk kanporako jauzia ere. Erakutsi genuen altxor ederra izateaz gain, kanpora eraman eta kanpokoa ekartzea ere bazegoela. Literatura edo musika bezain unibertsala.
Ahozkoa ere gorde beharreko ondarea zela aldarrikatu zuen Unescok mende hasieran, sarritan piramide edo eliza bati eustea baino zailagoa baita hizkuntza, ohitura edo ospakizun batek irautea. Euskaldunok ahozkotasunaren egun handia daukagun aste berean hil da Alaskako eyakera hizkuntza zekien azken hiztuna.
Eta hizkuntzak noiz galtzen diren pentsatzen nenbilela, azken hiztunaren heriotzan ala hiztunek bizkarra ematean, Andy Palacio Belizeko kantari garifuna hil dela irakurri dut, berrogeita zazpi urterekin eta arrakasta betean. Esklabotzari ihesi, indigenekin batu eta kultura zoragarria sortu zuten beltz herria dira garifunak.
Palacio Nikaraguako iraultzan lanean ibili zen gaztetan. Hizkuntza ia galdutako komunitate garifunak ezagutu zituen han. «Agureak hunkituta esan zidan ez zuela uste garifuneraz zekiten gazterik bazenik». Etxerako ez zuela nahi etorkizun hura erabakita, garifunerari eusteko borrokan eman du mende laurdena, hizkuntza txikiena musikaren hizkuntza unibertsalean.
Egunotan Watina diskoa jarri dut, eta Amuñegu kantan behin eta berriz entzun: «Nor mintzatuko da garifuneraz etorkizunean? Arbasoek garifuna izaten jarraitzeko egin zuten borroka. Zergatik izan behar dugu guk gure kultura galduko dutenak? Gurasook, entzun: irakatsi haurrei gure hizkuntza eta gure kantak, gure ohiturak eta gure dantzak». Ondo segi, garifuna.

2008-01-20

No Time For Love

BERRIAko Larrepetiten argitaratua

Hoien legea guretzat apartheid/ gartzela/ hauspena ta isiltzea / hoien legea zu ta ni euren gisara eukitzea». Urteak neramatzan kanta entzun barik, eta kolpe bakarrean nerabezarora itzuli naiz egunokin. Marka da nerabeari No Time for Love esatea, baina kanta itzela zen. Isiltasun segundo baten ostean, biloak lazteko esaldia burrunba baten dator: «Ez dute uzten maitatzen gauean». Errepublikanoago egin ginen eraman zuten Francis Hughes gaztea eta Tom McElwee lehengusua ezagututa, «etorri ziren Patsy O'Hara, Bobby Sands eta lagunen bila». Eta lagunek maite dituzte lagunak. Belfasten eta Hernanin, Derryn eta Lesakan.
Fermin Muguruzak are zuzenago kantatzen zuen sasoi bertsuan: «Maite zaitut, nere poltsarekin autobusera abiatzen naizen bakoitzean». Eta kanta harekin irakurtzen genituen olerki obsesiboak, eta Obabaren eta narrazioen eta istorio odoltsuen berri genuen, berriz ere entzuteko: «Maite zaitut, agertu eta begiekin dena adierazten didazunean/ Maite zaitut, zure eskua ikutu beharrean kristal lodia ferekatzen dudanean».
Bai, badakit, hain da laburra amodioa, hain luzea ahaztura. Edo Che-ren berbak hartuta: «Utzidazue esaten, barregarri agertzeko arrisku eta guzti, benetako iraultzailea maitasun sentimendu handiek gidatzen dutela».
Lerro gutxi datoz gaur neuretik. Han-hemenka osturikoa dena. No Time for Love, ez dira maitasunerako sasoiak. Nik berba bi baino ez nituen esan gura. Egia direlako. Debekatu gura dituztelako. Bortxaketa jasan duenak maitasuna behar duelako. Jazarriei, torturatuei eman dakiekeen gutxiena delako. Isiltasunera kondenatzea baino dugulako behar.
Bada hori, maite zaituztegula.

2008-01-13

Ikerketa eta gaitzespenak

Bitxia da ez dudala inon irakurri Guardia Zibilak lesakarrak torturatu dituela, Gorka Lupiañez torturatu zuen bezala, eta inori ez diodala entzun esaten Alfredo Perez Rubalcaba gezurtia ez eze kriminala dela. Neuk ere ez diot hori, noski, ez eta torturatzaileen nagusiaren urtebetetzea izan dela asteon. Hori mundu guztiak dio kalean, baina nik ez. Debekatuta baitago horrelakorik esatea. Espainiako adierazpen askatasuna ez da horren zabala.
Jaurlaritza ere ez da ausartu. Mahaian kolpetxoa jo du mediku-agiriak behartuta, eta gero astiro-astiro egin du atzera, ohi bezala inor ez dakion lar haserretu. Ez du kondenatu, ez du gaitzetsi, ez du bilkurarik eskatu. Imajinatzen duzue atentatu baten ostean pankarta atzean kokatu ordez esango balute «jazo dena ondo ikertu beharra dago, zer gertatu den eta nork egin duen argitu behar da»? Ezker abertzaleak ez ei dauka eskubiderik tortura salatzeko, «bestea» gaitzesten ez duelako. Argumentu berbera erabil daiteke «bestea» gaitzetsi eta hemen «argitu dadila» esatera mugatzen direnentzat (baina horrela ez goaz inora).
Diferente da Espainia. Han ez dakite zer gertatzen den. Ulertzen dute guardia zibilen bati eskua joatea. Badakite torturatzen dela, eta gaiztoak harrapatu dituztenez, txalo egiten diote torturari, horrek atentatuak eragozten dituelakoan. Baina ez dira jakitun horretarako baino sistematikoki terrorea hedatzeko torturatzea lanbide duten funtzionarioei ordaintzen dietela. Egunen baten gerra amaitzean eta torturatzaile berdeak etxera itzulitakoan, agian pentsatuko dute hobe zela horrelako munstroak itzuli ez balira. Erosoagoa baita senideak erostea eta omenaldia egitea, Melitoni Euskaldunan bezala.

2008-01-12

«Karibea behinola zen bezala»

BERRIAn argitaratua

A: Bai, Dominika Karibean dago. B: Ez, ez da merengearen eta Punta Canako hondartzen eta hotel erraldoien herrialde gaztelera hiztuna, ez da Santo Domingo. Dominika Antilla Txikietan dago eta, eremuz, Zuberoaren antzeko herrialdea da.
Roseau

Ez da erraza Dominikaraino iristea, inguruko uharteetatik bakarrik baitaude honainoko hegaldiak, eta ez Europa edo Ipar Amerikatik. Horregatik, agian, inork gutxik aurkitu gabeko sekretuarekin topo egin duzun inpresioa daukazu mendien eta oihanaren artetik --baina beti itsasotik hurbil-- lur hartzen duzunean. «Kolon berriz etorriko balitz ezagutuko zukeen uharte bakarra da Dominika», diote turismo bulegoan; izan ere, oihan gehienak azukrea, banana edo espezietarako kendu zituzten Karibean, baina Dominikako geografia zati handia ezer gutxi aldatu da mendeotan.

Aireportutik irtenda, Venezuelako gobernuaren afixa irakurri dut, petrolio-konpainia eraikitzeko asmoz. Dominika ALBAn (Ameriketako Alternatiba Bolibartarra) sartu den Antilla Txikietako lehen herrialdea izan da, St Vincent eta Grenadinak eta Antigua eta Barbudarekin batera, eta oso gobernu aurrerakoia dauka orain bertan. Oihana itsasoraino jaisten da herrialde honetan, enbor fin eta zuhaitz tantaiak eguzki izpiak hartzeko borrokan. Giza paisaia Antilletako ohikoa izan da hasieran: jatorri afrikarreko jendeak, bizimodu lasaia herrixketan, Jamaikako eta Ipar Ameriketako beltzen eragina musikan, calypsotik reggaera eta dancehallera, dena oso antillarra, harik eta Roseau hiriburura doan errepidea hartu barik Atlantikoko kostatik hegoalderantz jarraitu dugun arte. Berehala afrikar aurpegiak desagertu dira, eta azal argiagoko eta asiar itxurako begiak gailendu. Carib Territory edo Karibeen Eskualdean gaude, Kubatik Venezuelarainoko arkuan Antilletako jatorrizko biztanleak geratzen diren azken txokoan. 1902an lortu zuten, britainiar kolonia izanik, indigenentzako lur zati bat, baita autonomia pixka bat ere. Egun, karibe hitza baztertzen ari dira, kolonialismoak ezarritako hitz arrazista delakoan (kanibal hitzaren eratorri ere bada) eta bertako biztanleek kalipuna deitzen diete haien buruei. Gorde dituzten hitz ugarietako bat da, hizkuntza bera duela 90 urte desagertu zen arren Waitukubulin (Dominikaren izen kalipuna).

Ohitura askori eutsi diete, eta Kalinago Barana Aute zentroa ere bakarrik eta patxadaz ikusi ahal izan dut. «Zortea duzu, bidaldi itsasontziak datozenean jendez gainezka egoten da». Cassava ogia egiteko erak, eta etxeak eta kanoak zelan egiten zituzten azaltzen dute ibilbide atseginean.
Le Tete Chien labazko harkaitz ikusgarria itsasotik irteten den sugea da tradizio kalipunan. Izenak, berriz, uharteko frantses eta kreole ondarea ageri du. Independentziara arte bi mendez britainiarren menpe egon eta haien ohiturak gorde arren, oraintsu arte dominikar gehienen hizkuntza kreolera izan da. Ingelesaren presioak ahuldutako hizkuntza da egun, baina beste Antilla batzuetan baino indartsuago dago, bai gobernutik bultzatzeko ekimenak daudelako, baita ipar eta hegoaldean auzo dituen uharteak Frantziaren menpe daudelako: Martinika eta Guadaluperen artean dago Dominika, eta ekonomikoki nabarmen atzerago egonik, asko dira frantses departamentuetan lanean dihardutenak.

Urpean, eta ur azalean
Hegoaldean adibidez kreolera da oraindik Soufriere herrian. Martinika ikus daiteke itsasoaz beste aldean, eta Dominikak gordetzen dituen sekreturik ezkutuenak ere hurbil daude, Karibea eta Atlantikoa hain justu ere. Urpekaritzarako munduko txokorik bikainenetakoak dira Dominika inguruko urak, koralez eta koloretako arrainez beteak, eta, urte sasoi honetan, beste ikuskizun paregabe at hasten da: neguko hiletan, jibarta baleak iristen dira tropikoko ur epelotara.
Bertako kultura nahasketaz eta naturaz gozatzera etorri ohi dira honaino iristeko ahalegina egiten duten bisitariak. Harea zuriko hondartzarik ezean, aipatu ditugun itsaspeko harribitxiak ditu Dominikako kostaldeak izan ere, baina uhartearen barnealdea ere naturazaleentzako aberastasunez beteta dago. Turismo industriara berandu heltzeak baditu bere onurak: kostaldea hotelez ez betetzeaz gain, ekoturismoa eta ingurumenarekin ez eze bertako biztanleekin harremana ere beste eskala baten izatea ahalbidetzen du.
Hala, uharteko mendirik garaiena Morne Diablotins mendia da, Northern Forest Reserve-an, eta 1.447 metroko tontorrera iristea bezain liluragarria da oihan itxian barneratzea eta, isilik eta adi ibilita, loro inperialaren eta loro lepagorriaren hegaldia mirestea. Antilletan hegaztiok geratzen diren azken txokoetako bat da Dominika iparraldeko erreserba.

Lakua irakiten
Baina Dominikako naturgune garrantzitsu eta ikusgarriena, hegoaldean dagoen Morne Trois Piton parke nazionala da. Unescok munduko ondare izendatu du oihanez, ur-jauziz eta haran sinesgaitzez jositako inguru hau, ez alferrik. Uhartea hain txikia izanik, egun-pasako txangoak egiteko aukera dago, eguerdiko sargorian itsasaldeko eguraldi berotik ihesi, Emerald Pool eta antzeko putzu, ibai eta ur-jauzietan freskatzeko.
Eta iristeko bidea luzea izan arren, Boiling Lake edo Aintzira Irakina arnasa kentzeko lekua da. Izenak berak adierazten duen legez hirurogei metro zabal den aintzirako ura bor-bor irteten da lurrunezko hodei batean, azpiko labak berotuta. Uharteko txango gogorrenetakoa da, sei ordu eta gidaria behar dira, baina merezi du ahaleginak.
Bidean, Valley of Desolation haranean harkaitz bolkanikoa eta paisaia ilargitarra zeharkatu dugu, eta sufrezko ur putzu beroetan bainu hartzeko aukera dago. Oihan tropikala eta sumendien eragina egun, arrastiko dzangada baino lehen.

Bi hiri
Roseau da Dominikako hiriburua, eta, hura bezala, Karibeko kostan dagoen Portsmouth da uharteko beste hiri bakarra. Biek arkitektura kolonial bikaina gorde dute, eta batetik bestera joateko bidean Macoucherie ron destilategia dago. Massacre ibaia ere Roseautik hurbil zeharkatzen da. Jean Rhys dominikar idazle famatuenak ibai horren ertzera eraman zuen Sargazo Itsaso Zabala (euskaraz ere badago) nobelako protagonista. Rhysen beraren etxea hotela da Roseaun gaur egun. Handik porturaino jaisten da kalea, beti bizi-bizi antigoaleko esklabo azokaren bueltan, gaur turismo bulegoa dagoen etxean. Eraikinaren gainean Dominikako museo interesgarria dago, eta jendetzatik ihes egiteko aukera ere bada bidaldi itsasontzi erraldoiak portuan agertzen diren unean. Uhartea goitik behera eraldatzen da egun horietan, eta hasierako nahasmenetik irribarrea ere aterako digu turismo mota horretarako --eta horrek dakartzan dolarretarako-- dominikar guztiak ez, baina ehunka bai, nola prestatzen diren ikusteak, hasi jatetxeetan eta segi taxietan eta bestelako garraioetan.
Bizimoduan erabateko aldaketa hori itsasontzitik bainoago uharte barrutik bizitzea merezi du. Baina egunerokotasuna apurtzen duen ikuskizunik baldin badago, inauteriak dira. Karibeko giro bikain horretan ospatzen dituzte Dominikan, eta otsailean izanda ere, hasita daude honezkero calypso bandak prestaketetan. Beraz, kreole zein anglofono, afroantillar zein indigena herrietan egon, larunbat gauean ohean lotan uzten ez dizuten danborrak entzunez gero, ez haserretu, irten ostatutik eta segi parrandara jendearekin batera.

GIDa PraKTIKoa
Nola iritsi eta mugitu: Ez dago hegaldi zuzenik Dominikara ez Europatik ez Ipar Amerikatik; horregatik, luzea da haraino iristeko bidaia (baina sinetsi, merezi du ahaleginak). Hegazkinez iristeko, Puerto Ricoko San Juan da Karibeko aireportu garrantzitsuena; Bilbo eta Miarriztik posible da haraino iristea Madrilen edo Parisen eskala eginda. Bi hiri horietatik beste aukera bat, Parisen barna Martinika edo Guadalupe frantses uharteetara joatea da, eta, handik, L'Express des Iles ferrya hartzea Dominikara. Uhartean ibiltzeko, hiruzpalau aukera daude: autoa alokatzea, bolantea eskuman eta errepide bihurgunetsuetan ibiltzea maite dutenentzat (edo denboraz estu ibilita beste barik). Bigarrena, autoa gidariarekin alokatzea; garestiagoa da, noski, baina errepidean adi ibili barik gozatuko dugu Dominika; badago Roseaun txangoren batean izena emateko aukera ere, bidaldi itsasontziak etortzen direnean bereziki, bakoitzaren gustuen arabera, «dena egun batean» bizkor-bizkor ikusteko aukera ematen duten horiek (nik neuk lar maite ez ditudan arren); eta, azkenik, denbora badaukagu eta dirua eskas, garraio publikoa oso merkea da eta ia-ia uharteko alde guztietara iristen da, oso bizkor gidatu ohi da gainera, nahiz eta askotan geratu jendea igo edo jaits dadin. Bertakoekin harremanetan jartzeko aukera paregabea da, musika bikaina izan ohi da, ohituta gaudena baino ozenagoa, hori bai. Eta azken aukera, ez uharte osoan baina barnealdeko leku askotan bai, oinez ibiltzea da, parke nazionaletan adibidez, uharte txikiaren abantailak.
Jan, edan, lo: Karibe osoko janari kriolloa da ohikoena, ahuntz-haragia, txerrikia, fruta ugari... kalipuna indigenek eta txinatar gutxiengoak ere badituzte haien jatetxeak. Zukuak oso onak dira, baita rona ere. Lotarako ez dago uharte turistikoetako hotel handirik; bai ordea ostatu txiki asko, 30 dolarretik hasita. Etxe kolonial dotoreetan lo egiteko aukera dago, eta Kariben gutxitan dagoen beste aukera bat ere badago uhartearen mendebaldean: Rosalie Rivers Eco Lodge kanpin eta aterpetxea ditu, baita etxola tradizionalak eta ostatu konbentzionalagoak ere.

2008-01-06

Mugagabea

Urte berrian Europa are mugagabeagoa dela esan digute, Errusiako mugatik Marokoraino paperik gabe ibiliko omen gara. Eta Bidasoako kontrolak jartzen dituztenak Estoniako sobietar ohiak baino gogorrago zergatik jotzen duten galde genezake, baina sobera dakigu erantzuna.
Urte berrian halaber, beste herri txiki bi zoriondu dituzte euroan sartzeko gonbita eginda («zorion ederra prezioen biribiltzea zer den ikastea», pentsatuko du norbaitek, baina hori beste kontu bat da). Biek Euskal Herriak baino biztanle gutxiago dituzte, eta maltera hiztunak euskararen erdia-edo dira (biztanleen ehuneko ehun, hori bai, eta ia denak ingelesez elebidun. Gutxitan begiratzen diogun eredu zoragarria da Malta).
Iaz sartu zen beste herrialdearen atzetik iritsi dira Zipre eta Malta eurora. Eta iaz sartu zenak, Esloveniak, Europar Batasuneko presidentzia hartu berri du. Duela hogei urte estaturik gabe zegoen bi milioi biztanleko herrialdea Batasuneko buru. 20 mila km koadroko hedadura duen herrialdea. Alpeen eta Adriatikoaren arteko herria. Ingelesa eta auzoen alemana eta italiera gogotsu ikasita etxeko hizkuntza are indartsuago gordetzen duen herria.
Eslovenia dago Europar Batasuneko gidari. Eta Serbia, mamu zaharrak pizten, bere zilborrean gatibatzen, eta Belgradekin ezer jakin nahi ez duten ----historia hurbila ikusita erraz uler daitekeen legez---- ia kosovotar guztiak Serbiako mugetara kateatuta gorde guran. Egia da, besteok ez ditugun lagun boteretsuak ditu Kosovok.
Zuek esan nor den Serbia, eta nor Kosovo. Eta, batez ere, nor den Eslovenia.

2007-12-30

Futbola eta beste sinbolo batzuk

BERRIAko Larrepetiten argitaratua

Aspaldion gainbehera zihoan interesa piztu lortu dute aurten selekzioaren bueltan, EAJren laguntza estimagarriarekin. Marka da mende laurdenez Euskadi horren era itxian erabili eta nafarrak berbatik kanpo sentiarazi ostean orain horren asaldatuta ikustea aldaketa dela eta. Nortzuk hasi ziren «Euskadi y Navarra» bezalakoak esaten, «Euskadiko biztanleak» eta antzekoekin euskal herritarren zati handi hori baztertzen? Eta ezerosoen ezker abertzaleko jende nagusia ikusi dut, «Gora Euskadi askatuta» leloaren alde horrenbeste eman duten horiek. Kirol arloak, aitortuko dut, ez dit horrenbeste axola. Ofiziala denean gozatuko dut selekzioaren partidez, baina arriskutsuegia begitantzen zait Gales edo Faroe jartzea estatu gabeko adibidetzat. Selekzioa izateko ez dugula zertan independente izan, alegia. Baliteke, baina selekzioa badaukagu, independente garelako izan dadila, ez alderantziz. Edo kirolariek eurek egin diezaiotela planto piperpotoarekin lehiatzera.
Baina batzuei bandera legeak inposatzen dien legez, tematuta dirudite beste batzuek espainiar ikurra jeltzaleei inposatzen. Azken hamarkadetan piperpotorik ikusi ez duten herrietara iritsi da bandera, edo eta pintura hori eta gorria bota. Duela hogeita bost urte batzokiren baten oihal hori-gorria agertu balitz, espainiar faxisten ekintza izango zela salatuko genuen. Bilboko udaletxean inposatu izana kritikatu, eta berdin-antzera ezarri beste herri batzuetan, jeltzaleei euskalduntasuna ukatzeko edo kolaborazionismoa leporatzeko. Espainiazale handienak ere ez luke hobeto egingo. Lizartza konkistatzeko beharrik gabe.

Futbola eta beste sinbolo batzuk

BERRIAko Larrepetiten argitaratua

Aspaldion gainbehera zihoan interesa piztu lortu dute aurten selekzioaren bueltan, EAJren laguntza estimagarriarekin. Marka da mende laurdenez Euskadi horren era itxian erabili eta nafarrak berbatik kanpo sentiarazi ostean orain horren asaldatuta ikustea aldaketa dela eta. Nortzuk hasi ziren «Euskadi y Navarra» bezalakoak esaten, «Euskadiko biztanleak» eta antzekoekin euskal herritarren zati handi hori baztertzen? Eta ezerosoen ezker abertzaleko jende nagusia ikusi dut, «Gora Euskadi askatuta» leloaren alde horrenbeste eman duten horiek. Kirol arloak, aitortuko dut, ez dit horrenbeste axola. Ofiziala denean gozatuko dut selekzioaren partidez, baina arriskutsuegia begitantzen zait Gales edo Faroe jartzea estatu gabeko adibidetzat. Selekzioa izateko ez dugula zertan independente izan, alegia. Baliteke, baina selekzioa badaukagu, independente garelako izan dadila, ez alderantziz. Edo kirolariek eurek egin diezaiotela planto piperpotoarekin lehiatzera.
Baina batzuei bandera legeak inposatzen dien legez, tematuta dirudite beste batzuek espainiar ikurra jeltzaleei inposatzen. Azken hamarkadetan piperpotorik ikusi ez duten herrietara iritsi da bandera, edo eta pintura hori eta gorria bota. Duela hogeita bost urte batzokiren baten oihal hori-gorria agertu balitz, espainiar faxisten ekintza izango zela salatuko genuen. Bilboko udaletxean inposatu izana kritikatu, eta berdin-antzera ezarri beste herri batzuetan, jeltzaleei euskalduntasuna ukatzeko edo kolaborazionismoa leporatzeko. Espainiazale handienak ere ez luke hobeto egingo. Lizartza konkistatzeko beharrik gabe.

2007-12-23

Zertarako negoziatu?

BERRIAko Larrepetiten argitaratua

Halaxe irakurri diogu asteon PSEko euskaldun bati. Bakearen trena pasata, gerrako lokomotorak omen datoz. Gatazkarekiko asperra, kaleko ekidistantzian eta atxiloketekiko etxeko biba-tan neurtzen digu torturari «hor konpon» diotson sozialistak. Eta egia da nekatuta, oso nekatuta gaudena, eta aspertu baino gehiago, beldurra eragiten digula atzera ere GALen beso politikoak.
Gauza bat da hori. Beste bat atxiloketak txalotzea edo, beste barik, inoren sufrimenduarekiko aipatzen duen «hor konpon» hori. Zorteko naiz ziur aski, herri honetako sufrimenduak distantzia batetik jasan ditut beti. Edo agian, beste barik edozeinen minarekiko begirunea izan behar dela erakutsi zidaten txikitan, ideiak ideia.
Asteotan dozena bat lagun gutxiago dabil auzoan. Eta asteon jakin nahi ez nuena irakurri dugu. Mendeku gosez bortxatu dute, baina noski, aurretik epaitu eta zigortuta zegoen, eta herri honetako jende zintzoarentzat «errugabeak» torturatzea bakarrik da eskandalagarri.
«Hor konpon» esaten du Abu-Graibekin eskandalizatzen denak, Guantanamo Al-Kaedak ere ez duela merezi dioenak. Baina badakigu, biktima guztiak ez dira berdin. Capbreton ez da Ermua. Xk ez zuen «hor konpon» esan, «ehiztari ehizatuak» bakarrik. Eta etsaiari ere begirunea behar zaiola ikasi nuen, dena kendu diozunean bereziki.
Mendeku hartu eta betiko errezeta ekarri digu GALen alderdiak. Logika horren arabera besteen txanda da orain mendekuen espiralean, eta beste norbaitek esango du «hor konpon». Bizkartzainak bi eratara gera daitezke lan barik.
Horrexegatik negoziatu behar da.

2007-12-16

Balkanetako lezioak

BERRIAko Larrepetiten argitaratua

Kosovo zela gakoa idatzi nuen Montenegroren independentziaren biharamunean. Lagun batek esan zidan Montenegro garrantzitsuagoa zela, Kosovon independentziaren alde %90 baitzegoen, eta Montenegron alde-aurkako proportzioa txikiagoa zenez erreferendumaren garrantzia agerikoa zelako. Gakoa ez ziren lurralde independentistak, ordura arteko haien estatua baizik. Serbia, kasu honetan. Montenegrorekin hizkuntza, kultura eta historiako harreman estuak izan arren, eragozpen handirik gabe «utzi» zion bereizten, Jugoslaviako sei errepubliketako bat izanik. Kosovok, baina, Serbiako lurraldearen haustura dakar, gaur egungo mugen aldaketa. Badakit mundu guztiak esaten duela kasu bakana dela, eta ez dela inorentzako aurrekari izango, baina hori esatea ere aurrekari dela aitortzea da neurri handi baten.
Esanguratsua baita biztanleen %90etik gora independentziaren alde egonik, Estatu Batuen eta Europa mendebaldeko estatu garrantzitsuenen babesa izanik, de facto Belgraden uztarritik aparte ibilita, zeinen zail gertatzen ari den Kosovoren independentzia. Datorren neguan edo udaberrian lortuko du, baina gutxik usteko zuten orain ez asko gaiak zer-nolako buruko minak sortuko zituen. Horretarako ezinbesteko izan da, beste ezeren gainetik, Kosovoko albaniarren talde negoziatzailean alderdietako ordezkariak egotea eta, etxean elkarri txakurrarenak esanda ere, independentziaren aldeko jarrera garbiari eustea interes partikularren gainetik. Abiapuntu horretatik aurrera, dena dago eztabaidagai, baina independentzia ez da negoziagarri.

2007-12-09

Kosovora begira

BERRIAko Larrepetiten argitaratua

Mundu guztiak esaten duenean kasuak konparatzerik ez dagoela, pentsatu behar da: batetik, desberdintasun handiak daudela, mundu edozein gatazkan egon ohi diren legez, eta, bigarrenik, ukatzeko horrenbeste indar erabiltzen bada, prozesuak alderatu daitezkeelako izango dela.
Europako ezkerraren arazo handietako bat mundua bere parametro eurozentriko eta nazionaletan ulertu gura izatea. Eta horren arabera banatu elkartasuna. Herri baten zapalkuntza ez da zapalkuntza eta kito, eta haren aurkako erreakzioa ere ez, noski. Hau da, euskal independentistekiko elkartasuna adieraztekoan, ezkertiarrak direlako izan ohi da, ez independentziarako eskubidea ukatzen dietelako. Gure egitasmoarekin bat datorren neurrian da matxinada bat onargarri, ez jasandako errepresioaren arabera.
Eta jarrera negargarri horretan erridikulu gorena zapaltzaileak heroi bihurtzen direnean gertatzen da, inperialismoak bere interesen arabera egurtu dituelako. Gringoak Milosevici jazartzen bazaizkio, serbiarrek ere onartzen ez duten buruzagi komunista bihurtzen da. Ahmadinejad homofobo eta integristak hortzak erakusten badizkie yankiei, hori bai liderra hori. Bost axola kurduak zapaltzea, homosexualak urkatzea eta komunistak atxilotzea. Saddam Hussein ere martiri, bistan da. Gaur edo udaberrian Putinek indar handiagoa hartuz gero, hura ere galdutako ezkerraren argi? Txetxenia? Zer da hori? Eta albaniar nazionalismoa NATOren jiran dabilenez, serbiarra bultzatu.
Beti etsaiaren doinuan dantzan.

2007-12-02

Euskaldun ehiza

BERRIAko Larrepetiten argitaratua

Kaukaso aldean eman ditugu azken egunak, Kosovo ostean konpontzeko geratzen diren gatazken berri izateko. Baina ikusi dugu gure interesa bestekoa dela hemen gurekiko daukatena, euskaldunon berezitasunagatik batetik, baina baita mendebaldeko herrialde baten naziotasun arazoak zelan bideratu daitezkeen jakiteagatik. Pasioak gidatutako herriak izatearen ospea daukate, eta konplexua ere badaukate mendebaldarren aurrean.
Baina mendebaldean gutxik bezala ulertzen dute Espainiarekin bizitzeko ezintasuna. Independentismoa ez dela gauza etniko edo nazionalista hutsa, hain gutxi banderekin, armadekin eta mugekin zerikusia daukan zerbait. Auzo basati batekin edozein harreman ezinezkoa da, beste barik. Edozein arazoren aurrean, bost axola ideologia, erantzuna euskaldunen ehiza daukan estatuarekin ezer gutxi egin daiteke.
Hauteskunde bezperatan iheslari ehiza egon ohi da Ipar Euskal Herrian. Eta botoak horrela irabazten diren herrialdeekin adiskidetasun harremana oso zaila da. Okerrena da anestesiatzea ere lortu duela hainbeste jipoiren ostean. Egunkariak itxi, alderdiak debekatu eta torturaren biktimak gezurtitzat aurkezten diren lekuetan, zaharrak berri.
Horixe da dagoena. Kaukasoko elurtea baino hotzagorik ez zegoelakoan, hara albistea. Berriz ere euskaldun ehiza abian. Gure auzoan bakarrik, hiru ohe huts gehiago, eta zenbat herri eta zenbat auzo Euskal Herrian.
Zeinen garestia den euskaldun izatea. Eta zeinen merkea euskaldun ehiza.