2008-02-17

Kosovok independentzia aldarrikatuko du gar

BERRIArako berriemale

Zoramena lehertu da Kosovon. Atzo Hashim Thaçi lehen ministroak independentzia gaur bertan aldarrikatuko dutela baieztatu zuen unetik, milaka lagun ari dira ospatzen Pristinako kaleetan eta herrialdeko hainbat tokitan. Iritsi da hainbeste itxarondako eguna.
Eguna ezaguna izan arren, Gobernuak ez zuen atzo arte baieztatu. Kosovoarrei ospakizunak neurriz egiteko eskatu die lehen ministroak. «Bihar», azaldu du Thaçik, «egun lasaia izango da. Independentziaren adierazpenaren egunean, egun handian, egun historikoan, duintasunez egin dezagun; esker oneko eguna izan dadila Kosovo burujabe eta independenterako». Oso ondo zaindu du adierazpenaren lekua eta konpainia -Kosovoko buruzagi musulman eta kristau katolikoak izan ditu ondoan; serbiar ortodoxorik, ordea, ez-. Independentziaren aurkako batzuek -Errusiak eta Espainiak kasu- alde bakarreko adierazpenik ez dutela nahi esan arren, kosovoarrek hainbat alderekin adostu arte itxaron dute, AEBetatik eta Europako Batasunetik oniritzia jaso duten arte.
Pazientzia eta zuhurtzia izan arren, badira eragozteko oso zailak diren emozioak. Urteetan gordetako unea iristear dela, kalera jo dute albaniarrek. Atzo arrastiritik amaigabeko ospakizunean daude Pristina eta Kosovo osoa, baita Shkopje eta Mazedoniako hainbat leku eta Albania bera ere.
«JAINKOARI ETA AMERIKARI ESKER».
Termometroa zerotik oso behera dabil Drecani harango Prekaz herrian. Serbiarrek UÇK gerrillako Adem Jashari buruzagia eta beste 57 senide hil zituzten hemen duela 11 urte, eta gatazka aldatu zen unea izan zen. Milaka kosovoarrek eman zuten izena gerrillan hurrengo hiletan. Egun, albaniar asko etortzen da martiriak gurtzera Prekazera. Thaçik ere Prekaz hautatu du solemnitate handienean baieztatzeko Kosovok gaur independentzia aldarrikatuko duela. Egun osoan ehunka lagun pasa dira Prekaztik. Elurra mara-mara ari zuela, Mazedoniatik etorritako familia bat agertu da. Fatosek 70 urte ditu, eta Jashariren hilobian otoitz egin ostean, begiak malkotan, aitortu du: «Inoiz ikusterik uste ez nuen ametsa beteko da».
Kosovo eta albaniarren herrialde guztietan jai egun handia den arren, ez dute ahaztu independentzia urratzeko zenbat sufritu duten. «1980an Tito (Josip Broz, Jugoslaviako lehendakaria) hil eta errepublika eskatzen lehenak izan ginen, eta askatzen azkenak gara; behin eta berriz zapaldu gaituzte. Baina azkenean heldu da eguna», dio Isak, Mitrovica hiri zatituko albaniarrak. Prekazen, berriz, independentziarako bidean geratu direnei omen egiten diete, isilik. Ibrahim Rugova lehendakari ohia duela bi urte hil zen, eta kosovoar gehienek maite duten arren, UÇK gerrilla da bereziki gurtzen dutena. Nahiz eta jakitun diren etxeko indarrak baino gehiago behar izan dituztela independentzia lortzeko, gaur eskuratuko dute, «Jainkoari eta Amerikari esker», Fatosen hitzetan. Pristina osoa dago Thank you dioten afixez betea, eta 1999an Serbia bonbardatzeko agindu zuen Bill Clinton AEBetako presidentearen argazkiak ageri dira. Europako herririk leialena dute AEBek Balkanetako bazter honetan.
Egunotan ia alde guztietan ageri da albaniarrek ezin gorderik zeramaten emozioa. Handia da pobrezia, baita langabezia tasa ere, baina bihar iratzarritakoan heldu beharreko arazo ugarietako pare bat baino ez dira izango. Unea bizi eta etorkizuna amesteko egunak dituzte Kosovon.
Gaur ospatzeko eguna dela jakinik aurkitu ditugu gizon-emakumeak dena txukuntzen, kaleak eta autoak garbitzen; dendak, etxeak... txoko guztiak Albaniako banderaz betetzen. Gehienetan AEBetako ikurrak daude ondoan, baita EBkoa ere sarri askotan. Eta irribarrea ahoan beti albaniarrak, mozkorralditik irten ezinik. Thaçiren baieztapenetik minutu gutxira gainezka egin dute Kosovoko albaniarrek. Petardoak, autoko tutuak eta tiroren bat edo beste, eta oihu nagusi bat, bi burudun arranoaren bandera gorria astinduz: Pavarësi (independentzia). Festa 24 orduz aurreratu dute albaniarrek. Luzaroegi egon dira zain eta ezin beste egun bati eutsi.
Jaia gaur hasiko da ofizialki, ordea. Zehaztapen osorik ez badago ere, zenbait iturrik iragarritako egitarauaren arabera, 18:00etan prentsaurrekoa egingo dute Hashim Thaçi lehen ministroak, Fatmir Sejdiu presidenteak eta Parlamentuko buru Jakup Kraniqik. Aurretik, 15:00etan bilduko dira Parlamentuan, eta 18:30ean Pristina erdiko plaza batean izango da ekitaldi nagusia. Kosovoko Orkestrak Europako himnoa joko du, oraindik ez baitute hautatu herrialdeko kanta ofiziala, ezta bandera ere. 23:00ak baino lehenago Kosovoko herritarrei hitz egingo diete Sejdiuk eta Thaçik.
Ordurako atzo hasitako ospakizunak bete-betean egongo dira bazter guztietan, eta baliteke lehen estatuek -AEBak edo Erresuma Batua da kosovoarrek egiten duten apustua- independentzia ordurako onartzea ere.
Datozen asteetan eman beharreko pausoak asko dira oraindik. Kosovoko Estatua martxoan sartuko da indarrean, Konstituzioa eta ikurrak onartu behar dituzte, Europako misioa heldu behar da... Baina gaur ospatzeko eguna dute. Independentzia irabazi dute.

Serbiarrak, haserre eta kezkatuta
Ospakizunei entzungor egiten diete Kosovoko serbiarrek, eta gutxi batzuek independentzia galaraziko duen azken mirarian sinetsi nahi dute, aspaldi ezagutzen zuten adierazpenaren beldur.
Mitrovica
Ia Kosovo osoa hartu duen zoriontasun uholdeak haserrea, kezka eta amorrua dakarzkio gutxiengo serbiarrari. Horregatik jokatu du Kosovoko Gobernuak zuhurtzia handiz, aldarrikapenaren eguna atzo arte iragarri barik, eta herritarrei ospakizunak handikeriarik gabe egiteko erregututa. Balkanetako txoko hauetan txikikeriek pitz ditzakete sarraskirik handienak, eta ahal bezainbeste eragotzi gura du Pristinak ospakizunetan inor kezkatuko duen irudirik egotea. Telebistak iritsiko ez diren herrixketan ohitura zaharrean ospatuko dute, baina hiriburuan armarik eta tirorik ez egotea da helburua. Eta, hiriburuan baino gehiago, gatazkaren sinbolo bihurtu den hirian, Mitrovican.
Han hasi ziren 2004ko istilu larriak, eta hiriak oso zatituta jarraitzen du; inor ez doa bestearen aldera. Ibar ibaiko zubia frantses tropek zaintzen dute, eta atzotik aparteko lana daukate banderak astintzen eta tutuak joz ospatzen ari diren albaniarrak ibai ertzetik uxatzen.
Serbiarrek ospakizunetako tutui entzungor egiten jarraitu dute, etsipenez batzuek eta ez gutxi azken orduko mirariren baten zain. «Ez esan inori, baina errusiarrak astelehenean iritsiko diren informazioa daukat», diosku Savak, Mitrovica hiriko serbiar batek. Gizon zaharraren ametsen ondoan, Radojko Iovanic abokatuak bere jarrera normaltasunezkoa izango dela dio. «Erabat legez kanpokoa da egingo dutena; lurralde honek Serbia izaten jarraituko du beti». Nazio Batuen Erakundeak onartzen ez dituen egitura paraleloak dauzkate serbiarrek, eta egunotan Parlamentua ere eratuko ote duten esan izan da, Iparraldeko Zipreko Errepublika Turkiarraren antzeko egoera sortuko lukeena. Oliver Ivanovic Kosovoko serbiarren buruzagiak BERRIAri esan dionez, funtsik gabeak dira horrelako asmoei buruz diharduten albisteak.
Atzo Serbiako monarkiaren oinordeko Aleksandar Karadjordjevic izan zen Mitrovicako elizan, eta ez alde egiteko eskatu zien Kosovoko serbiarrei. «Ez dut nahi Israel eta Palestina bezalako gatazkarik. Serbiarren lurralde santua da, guretzat Jerusalem bezala da». Gaurko mezetan ikusiko da serbiar gutxiengoak nola hartu duen aspaldi zekiten adierazpena. Datozen egunetarako protestak iragarri dituzte.

No comments: