2008-01-27

Negu gorria berriz ere kurduentzat?

ARGIAn argitaratua

Kurdu zintzoak, kurdu gaiztoak” izenburu bikaina eman zion Kevin McKiernan dokumentalgileak estaturik gabe nazio handienari buruz egindako lanari. AEBen ikuspegitik, Turkiari matxinatu zaizkion PKKko kurduak “terroristak” dira, Saddam Husseini aurre egin zioten peshmergak berriz, askatasunaren aldeko borrokalariak.
Gauzak horrela, Irakeko gerran kurduek estatubatuarrei emandako babesak eta Turkiaren jarrerak (AEBei turkiar lurraldea eta aire-espazioa erabiltzea debekatu zien) behin betiko koiuntura aldaketa iradoki zieten aditu batzuei. Haizea kurduen alde zegoela zirudien: munduko nagusiaren lagun, Israelekin ere une goxoan, Turkia AEBekin muturtuta, eta kurduen beste bi zapaltzaileak (Iran eta Siria) Washingtonen “gaiztoenen” zerrendan. Munduko bazter nahasi horietan proxy gringoa osatzeko aukera paregabea zen, oraingoz estatu propiorik aldarrikatu ez arren.
Udaberri goxoa beste behin amaitzear egon liteke, horratik. AEBek aliatu berrien eta zaharren artean aukeratu behar izan dute, eta Turkiari laguntza eman diete Hego Kurdistanen gordetzen ziren gerrillarien aurkako erasoan. Bidenabar, mezu argia bidali diete Kurdistango agintariei: onartu daukazuen autonomia eta ez molestatu lar. Turkiaren erasoaren atzean beste apustu bat dago funtsean: kurduen autonomiari dion ezinikusia. Eta Kirkuk petrolio-hiria Kurdistan autonomoan sartzeko arriskua, ekonomikoki emango liokeen aberastasuna dela eta.
Irakeko Konstituzioaren erreferenduma 2007ko amaieran egin behar zen, baina atzeratu da, aspaldi argi zegoen legez. Uztailerako osatu behar zen errolda oraindik ez da egin. Ofizialki sei hilerako atzeratu da, baina ekainerako ere egiterik izango den zalantza asko dago. Kurduei laguntzeko AEBen azken zioa ere –segurua zen inguru bakarrean beste gatazka bat ez piztea– aldatu dela dirudi: Kurdistan autonomoan ez, baina azken hileetan Kirkuken inguruko eskualdean asko ugaldu dira, xiiten hegoaldean eta Bagdaden bertan nabarmen apaldu diren artean. Al-Kaidari leporatu dizkiote batzuek, baina Turkiako zerbitzu sekretuen esku beltza ere aipatu da.
Gauzak horrela, geroz eta kurdu gehiagok esan du, ekainerako erreferendumik egin ezean, automatikoki bere autonomiara sartu beharko lukeela Kirkuk. Apustu gogorra da, baina kanpoko laguntza ez datorrenean, urratsak norberak ematen jakin behar da. Aspaldi ikasi zuten mendiak bakarrik dituztela lagun.

No comments: