2008-01-13

Ikerketa eta gaitzespenak

Bitxia da ez dudala inon irakurri Guardia Zibilak lesakarrak torturatu dituela, Gorka LupiaƱez torturatu zuen bezala, eta inori ez diodala entzun esaten Alfredo Perez Rubalcaba gezurtia ez eze kriminala dela. Neuk ere ez diot hori, noski, ez eta torturatzaileen nagusiaren urtebetetzea izan dela asteon. Hori mundu guztiak dio kalean, baina nik ez. Debekatuta baitago horrelakorik esatea. Espainiako adierazpen askatasuna ez da horren zabala.
Jaurlaritza ere ez da ausartu. Mahaian kolpetxoa jo du mediku-agiriak behartuta, eta gero astiro-astiro egin du atzera, ohi bezala inor ez dakion lar haserretu. Ez du kondenatu, ez du gaitzetsi, ez du bilkurarik eskatu. Imajinatzen duzue atentatu baten ostean pankarta atzean kokatu ordez esango balute «jazo dena ondo ikertu beharra dago, zer gertatu den eta nork egin duen argitu behar da»? Ezker abertzaleak ez ei dauka eskubiderik tortura salatzeko, «bestea» gaitzesten ez duelako. Argumentu berbera erabil daiteke «bestea» gaitzetsi eta hemen «argitu dadila» esatera mugatzen direnentzat (baina horrela ez goaz inora).
Diferente da Espainia. Han ez dakite zer gertatzen den. Ulertzen dute guardia zibilen bati eskua joatea. Badakite torturatzen dela, eta gaiztoak harrapatu dituztenez, txalo egiten diote torturari, horrek atentatuak eragozten dituelakoan. Baina ez dira jakitun horretarako baino sistematikoki terrorea hedatzeko torturatzea lanbide duten funtzionarioei ordaintzen dietela. Egunen baten gerra amaitzean eta torturatzaile berdeak etxera itzulitakoan, agian pentsatuko dute hobe zela horrelako munstroak itzuli ez balira. Erosoagoa baita senideak erostea eta omenaldia egitea, Melitoni Euskaldunan bezala.

No comments: