2008-02-18

Solanak dio Europako Batasunak jarrera bateratua duela Kosovoko independentziaren harira

Kosovoko mugazainei eraso diete serbiarrek iparraldeko mugaraino protestan abiatu ostean

Pristina

Pristinako kaleak normaltasunera itzultzen ari dira pixkanaka, baina behin eta berriz poza pizten da oraindik han eta hemen. Independentziaren ostean, nazioarteko herrialdeek estatu berria onartu ahala berpizten da ospakizuna. Javier Solana Europako Batasuneko Atzerri Politika eta Segurtasunerako goi komisarioak atzo iritsi zen Pristinara. Mendebaldeko agintari baten lehen bisita zen, igandean independentzia aldarrikatu zenetik, eta txalo zaparrada artean jaso zuten albaniarrek politikaria.
Kosovoko independentziaren harira estatukideek jarrera bateratuta dutela esan zuen Solanak. Independentziara hurbiltzeko moduak eta prozedurak, hala ere, oso desberdinak izango direla onartu zuen: «Batasunak ez ditu herrialdeak aitortzen, estatu bakoitzaren ardura da hori egitea ala ez egitea». Kosovora bidali beharreko misioan adostasuna dagoela nabarmendu zuen, halaber. «Kosovoren lagun onak gara, eta Kosovo Europako Batasunaren lagun ona da. Pristinako kaleek agertutako poztasuna hemen daukazuen gizartea eratzeko energia positibo bihurtu behar da». Horixe esan zien estatu berriko agintariei Solanak.
Kosovoren independentzia babestu duten herrialdeen zerrenda, bien bitartean, haziz doa. Pristinako kaleetan hala ugaldu dira azken egunetan banderak ere. Estatu Batuak, Erresuma Batua eta Frantzia izan dira orain arte herrialdea aitortu duten estatu garrantzitsuenak. Alemaniak gaur egingo duela esan du. Kosovoko kaleetan 193. herrialdea dioten afixak daude, eta dagoeneko beste 192ei bidali dizkiete gutunak aitorpena eskatzen.
Fatmir Sejdiu Kosovoko presidenteak harrera egin zion Solanari: «Europako Batasunaren presentzia zibila positiboki hartzen dugu. Hasi dira lanean eta KFOReko tropen mandatuarekin jarraituko dute, Kosovon eta eskualde osoan egonkortasunerako faktore garrantzitsua baita».
SERBIARRAK HASERRE.
Giroa oso desberdina da serbiarrak nagusi diren iparraldeko udalerrietan. Independentzia ostean hasitako protestak gogortu egin dira. Kosovon bizi diren 120.000 serbiarren erdiak bizi dira iparraldean eta beste erdiak hegoalde eta mendebaldean daude sakabanatuta. Atzo milaren bat lagun mugaraino joan zen protestan, eta su eman zieten bi muga-posturi. KFOReko indarrek erantzun zuten. Lehen aldia da alde bakarreko independentziaren ostean. Hashim Thaçi Kosovoko lehen ministroak ez zien garrantzirik eman erasoei: «NATOren, Kosovoko Poliziaren eta Nazio Batuen kontrolpean dago dena, eta istilu bakanek ez dituzte ospakizunak zikinduko».
Batek baino gehiagok aipatu du jadanik indarrean den bereizketa behin betiko bihur daitekeela aurrerantzean, serbiarrek independentziari muzin egin eta Belgradoren aginduetara jarraituz gero. Kosovoko eta Europako Batasuneko arduradunek herrialdea bat eta bakarra dela esan arren, ez dute argitu zein bide hartuko duten bereizketa eragozteko.

GLAUK KONJUFCA, Kosovoko Vetevendosje mugimenduko kidea: «Hau ez da erabateko independentzia»

Vetevendosje (Autodeterminazioa) mugimenduak ez du egunotako ospakizunetan parte hartu, independentzia ezarritakoa dela uste dutelako. Sektore garrantzitsuek gutxietsi arren, gazte eta ez hain gazte ugari erakarri dituen ideiak bultzatu ditu. Kosovoko kaleak independentziaren aldeko eta negoziazioen eta nazioarteko misioaren aurkako pintadez beteta daude.

Zein da egoera berriaz duzuen iritzia?
Ez dugu uste hau independentzia denik. Ahtisaari planaren arabera onartu da, eta, gure ustez, errazagoa zen: jendeari galdetu eta hori errespetatu behar zela esan dugu, eta kito.

Baina horrenbeste sufrimendu eta gorroto egon den lekuan gutxiengoek ez lukete arriskurik nahi den hori egiten utzita?
Ez dut uste serbiarrek alde egingo luketenik, hori 1999ko udan egingo zuten. Oraingo tentsioak nazioarteko indarren erruz dira, surtara gasolina bota dute sinetsarazten Serbia itzuliko dela, argi esan beharrean hori amaitu zela. Zauria sendatu beharrean narkotiko bidez landu du. Bistan da, oinazea duenak narkotikoa nahi du, baina horrek ez du zauria ixten. Pristina ala Belgrado hautatzen utziz, Belgrado hautatuko dute, noski, eta horrek tentsioak puztea dakar.

Ez duzu uste hasteko egokia dela?
Epe laburreko konponbidea da hau. Hara Bosnia. Komunitateen zatiketan sakondu du, Condoleeza Ricek esan berri du porrot egin duen estatua dela, eta laster hau ere izan liteke. Zergatik? Nazioartearen menpe dagoelako, nazioarteak alde eginez gero, berriz ere hondoratuko litzateke. Aski helduak ez omen garenez beti kontrolatu behar bagintuzte legez tratatzen gaituzte, pentsaera arrazista ere bada.

Jendea, baina, pozik dago.
Bizpahiru hil iraun ditzake pozak, gero eguneroko bizitzara itzuliko gara. Misioak ez dakar garatzeko planik, egonkortasuna eta bakea dira beti helburu, ez garapen ekonomikoa. Kosovoko biztanle gara, baina ez herritar. Ahtisaari planak autodeterminazioa ukatzen du, esplizitoki galarazten digu beste herri batzuekin bat egitea. Albaniar nortasuna daukat, ez kosovoarra, nire lurraldea baino ez da hori. Okupazio eta kolonizazio kasu tipikoa da Kosovo. Deskolonizazio autodeterminazioaren bidetik dator.

No comments: