2012-08-05

Nortzuk egongo dira Rio 2016an?

Berriz ere gertatu da. Bretainiar bati bandera kenarazi zioten lehendabizi, gero Maialen Chourrauten jarraitzaileei eragotzi zieten ikurrina astintzea (eta Madrilen Espainia osoko bandera handiena jausi zen, lehenago erregea eta gerora Burtsa bezala). Futbol jokalari galestar eta eskoziarrek ereserkia kantatzen ez dutela eta, izan da polemikarik, baita Damien Hooper australiar boxeolariarekin ere, aborigenen bandera ederra zeramalako paparrean kamisetan. Cathy Freemanek 2000n Sydneyn atera zuen berbera, eguzkia hondo gorribeltzaren gainean. Debekatu egin diote hori janztea. Baina Hooper harro dago. Baita milaka indigena ere: «Malkotan atleta gazteak biltzen dituen bandera inperialak ez bezala, bandera indigenak ez dauka atzerriko lurren okupazio historiarik. Tamalez, estaturik gabeko jendeen ordezkapena da, haietaz hitz egitera ausartzen ez garen jendeena. Bandera debekatzea hain da patetikoa ezen, barregarria dela», esan du aktibista batek.

Lehengo astean esan genuen: duela lau urte ez zen zilegi Hego Sudango banderarik izatea. Kosovoarrek paradoxa daukate, NATOk aginduta sortu zuten estatuaren izenean ezin dute parte hartu (ezta banderarik izan, bistan da), Olinpiar Batzordean sartzeko Serbia eta hori babesten duten herrialdeen boikota baitauka Kosovok. Alabaina, askoz maiteago duten Albaniarekin ari dira lehiatzen, hau da, betidanik darabilten banderarekin, albaniar guztien banderarekin. Albania estatua delako, onartutako estatua. Hego Sudan den legez.

Gales eta Eskoziako salbuespenak ikusi ditugu banderen kasuan, lehen ere futbol selekzioekin ikusi bezala. Baina, osterantzean, estatuetakoak ez diren banderak ateratzea politika eta kirola nahastea ei da, eta badakigu ez direla politika eta kirola nahastu behar, hau da, estatua badaukazu eta bandera astintzen baduzu, kirola bultzatzen ari zara, baina estaturik ez baduzu, politika egiten zabiltza. Beraz, politika ez egiteko, estatua behar duzu.

Halaxe erabakiko dute eskoziarrek, eta horren arabera izango da edo ez Eskoziako selekziorik Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan. Esan izan da kultura liberal anglofonoarekin lotuta dagoela sezesio erreferenduma, eta iparraldeko herriekin, oro har, Groenlandia edo Faroe uharteen kasuari begira. Baina hara non errepublika jakobinoenak ere galdeketa aurreikusten duen. Hexagonotik urrun izanda ere, kanakiarrek estatua nahi duten ebatziko dute 2014tik 2019ra bitartean. Quebecen ere hauteskundeak aurreratu ditu azkenean Alderdi Liberaleko gobernuak, irailaren 4ra. Parti Quebecois independentista dago berriz ere inkesten lehen lekuan, Liberalarekin lehia estuan. Balizko gobernu independentistak ez luke automatikoki erreferenduma ekarriko, baina Quebecen estatus egokiari buruzko eztabaida bai, eta beti izan da interesgarri sezesio gaiak era demokratikoan landu gura dituen edonorentzat.

Estatua daukazularik —eta estatu hori aitortzen dizutelarik, ez ahaztu— automatikoa da Olinpiar Batzordea eratzea, selekzioek ofizialki jokatzea, eta estatu bihurtu berri den lurraldearen sinboloen erabilpen ofiziala lehiaketa eta ekitaldietan. Eta estatua ez daukazularik, horietako deus ere ez dago, noizean behin estatu aski aurreratu eta liberalek —berbaren estatubatuar zentzuan— emandako baimenik ezean, Danimarkak Faroe uharteekin legez. Espainia sekula ez da hurbildu eredu horretara, eta etorkizunean horrantz jotzeko itxura gutxi. Aitzitik, olatu zentralista berriak hartu du estatu hori. Euskal Herriaz ahaztuxe, Katalunia iraintzen eta umiliatzen dihardu azken asteotan, matxokeria historia errepikatzen. Kontzertatutako erakundeei ordaintzeko dirurik ere ez daukan autonomia erkidegoa sututa dabil; azkena, autobideetako ordainsarien igoerekin. Katalunia osoa autobidez josita dago, eta ehuneko zazpi garestitu dituzte... bildutako diruarekin Espainia osoko doako autobiak mantentzeko.

Lehertzear da Katalunia. Azken paragrafoa idazten hasteaz bat, espolimetre.cat webgunea ireki dut. Espainiarekiko Kataluniaren defizit fiskala neurtzen du. Lau minutu eman ditut paragrafoa idazten, eta espolimetre.cat-ek dioenez, 46.142 euroko defizita sortu da. Webguneak galdera argia dakar: noiz arte itxarongo dugu?

BERRIAn argitaratua

No comments: