2012-04-08

Azawad, gerra eta diplomazia

Bosnia eta Herzegovina Jugoslaviatik bereizi eta gerra piztu zela hogei urte bete diren honetan, operazio militarren amaierara deitu zuen Azawadeko Askapeneko Mugimendu Nazionalak (MNLA), «Azawadeko lurraldea erabat askatu ondoren, eta nazioarteko komunitatearen eskari irmoa aintzat hartuta». Biharamunean, Frantziatik deskolonizazioa hasi eta mende erdira, ametsa bete zuten tuaregek herenegun, eta independentzia aldarrikatu zuten.

Duela hiru hil esan baligute 2012an independentzia-aldarrikapenen bat egongo zela, hamar herrialdeko zerrendan ere ez genuen Azawad aipatuko gehienok. Maliko lurraldearen heren bi hartu ditu. Afrika mendebaldeko gosete eta kaos urteen ondoren, Malik demokrazia eta egonkortasun eredua zirudien, Boli Kostak hondoa jo ondoren batez ere. Eta aste gutxian desegin da estatua, hareazko gaztelu baten gisan. Tuareg matxinadak Saharako oasiak eta kasernak hartu zituen urtarrilean, eta otsailean, Libiako gerran pilatutako armekin (esanguratsua, halaber, MNLAk Gaddafigandik urruntzeko egindako ahalegina, borrokalari gehienak orduko oposizio eta egungo agintearekin egon zirela argudiatuta. Mendebaldeari egindako lehen keinua izan zuten, eta ez azkena).

Baina duela aste biko estatu kolpeak dena astindu du. Maliren aurkako bahimendua indarrean zela, Kidalen ondoren, Gao eta Tonbuktu hartu dituzte, eta Douentza hiriraino iritsita, Azawad osoa askatu dutela ebatzita, independentzia aldarrikatu dute. Bigarren keinua, Moussa ag Assarid bozeramailearen ahotik: «Malirekiko muga Douentza da. Eta gainontzeko mugek bere horretan diraute, hau da, Burkina Faso, Niger, Aljeria eta Mauritaniarekikoak. Ez daukagu urrunago joateko asmorik». Horietako guztietan bizi dira tuaregak, eta Nigerren duela urte bi amaitu zen azken matxinada. Agenda politiko landua darabilte, Europa eta Afrika lasaitzeko asmoz. Frantziari begira nagusiki. Ez alferrik, Nigerko Arliten, tuareg herriaren bihotzean, uranio meatzeak Areva frantses konpainiak ustiatzen ditu eta.

Boli Kostan bildu ziren ostegunean Afrika mendebaldeko estatuak, eta ez zuten ezkutatu militar kolpistez baino arduratuago zeudela tuareg independentistez. «Bileraren helburua herrialdean legaltasun konstituzionala itzultzea da, baina baita, eta batez ere, lurralde batasuna bermatzea», esan zuen Paul Koffi Koffik, Boli Kostako Defentsa ministroak. Eta, horretarako, eskaera egin die Afrika mendebaldeko herri txirotuei, «egutegi eta aurrekontua osa dezaten, Malira tropak bidaltzeko».

Bistan da, Afrikako Batasunak ez du ontzat eman independentzia aldarrikapena. Frantziak eta Europako Batasunak ere ez, «baliogabea» omen Afrikako herrialdeek aintzatetsi ezean. Afrika Beltzak ez du berehala onartu iparraldeko «zurikoen» bereizketa. Bai, tuaregak, azal beltzaran edo oliba kolorekoak dira, nomadak eta beltzen etsai historikoki. Eta herri beltz askok esklabo merkataritzaren memoriarekin lotzen ditu oraindik tuaregak.

Lortutakoa eustearekin batera, diplomazia lana dagokie Azawadeko agintariei. Alain Juppe Frantziako Atzerri ministroak keinu bat egin zien ostegunean: solaskide gisa onartu, eta Maliko estatuari negozia zezala eskatu zion. Bidenabar, Al-Qaedari lotutako taldeekiko marra ezarri zuen. Eta MNLA marraren alde «onean» dago. Jaso dute erronka tuaregek, erakunde laikoa direla azpimarratu dute, eta printzipio demokratikoei lotua. Jihadistekin inolako harremanik ez dutela nabarmentzeaz bat, Al-Qaeda Saharan indartu izanaren erantzukizuna Bamakori egotzi diote. Moussa ag Assarid bozeramaileak honela esan du: «Azawadeko lurraldean hamar urtez jardun dute Magreb Islamiarreko Al-Qaedak, droga trafikatzaileek eta beste trafikatzaile batzuek. Orain, terrorista horiek kanporatzeko borrokatuko gara, baina baita trafikatzaileen aurka eta kanpotik erasotzen digunaren aurka ere». Beste keinu bat Mendebaldeari: «MNLA da Al-Qaedari borroka egin diezaiokeen bakarra. Ezagutzen dugu lurraldea, gure etxea da, eta gure bizia, gure herritarren biziak babestu behar ditugu».

Inork ez die aitortu independentzia. Baina lurraldearen jabe dira, kanpoko arriskuak arrisku. Handiena, oraingoz, aldamenean izan dituzten jihadistak gailentzea. Tonbuktun MNLAko bandera kendu eta Ansar Dine erakunde islamistakoa ezarri zuten. Omar Hamaha buruzagiak independentismoari mesede egin diezaiokeen adierazpenak egin ditu: «Gerra santua daukagu, islamaren izenean eta Azawadeko independentziaren aurka». Ikusteko dago barruko etsaiari eta kanpoko etsaiari, biei batera, eusteko gai diren independentistak. Oraingoz, aldarrikapena onartu gabe ere, Frantziak egin die keinurik bidea erakusteko.
BERRIAn argitaratua

No comments: