Tuareg independentistek Kidal hiria hartu berri duten honetan, Afrikako
marra kolonialak handik eta hemendik etengabe higatzen ari direla ageri
da. Basamortuaren gainean erregelaz marraztu zituztenek behin ere ez
dute balio izan Azawaden goiti-beheti zebiltzan tuaregentzat. Etxean
dagoenari alferrik ezarriko zaizkio aduanak eta muga-lerroak hareatzan.
Azawad
Askatzeko Mugimendu Nazionaleko (MNLA) independentista laikoek ez dute
ezkutatu Ansar Dineko islamistekin batera dihardutela Bamakoren aurka.
Eta mendebaldea larritu egin da. Mahaian kolpea jotzeak hori dakar, nahi
duzun fitxa baino zerbait gehiago mugi daitekeela. Zorionez, politika
ez da beti erabakitzen Washingtongo sotoetan, CIA eta ezker muturreko
konspirazioen zaleak ideia horretara bildu arren. Bengazin lagundutako
matxinoek mendebaldearen adiskide izandako diktadorea kanporatzeaz gain,
joko-mahaia goitik behera astindu du basamortuaren bi aldeetan,
Sahelen, Magreben eta Saharan bertan.
Gaddafiren sarraskien,
tortura gelen eta biktimen berri luzaz izan genuen. Sirten matxinoek
egindako ankerkeriez askorik ez, baina artean gerra amaitzear zegoen,
eta izan zen hango txikizioa dokumentatu zuenik. Joan da denbora, itzali
da fokua Libian, Siria eta Iranera eta orain Malira iritsi da. Tarteka,
tantaka, informazio lausotuak datoz, beltzen aurkako zapalkuntzaz,
xariaren gehiegikeriez edo Nafusa mendietako amazighen protestez berriz
ere baztertu dituztelako. Egunotan, Libia hego-ekialdeko basamortuan
dozenaka hildako izan direla ere, ez da ia oihartzunik iritsi. Tubu
afrikar herri beltzeko matxinoek ukazioa aurkitu dute berriz ere,
amazighen antzera. Gaddafik naziotasuna kendu zien, Txadekoak zirela
argudiatuta, eta tubu herrixkak eraisten hasi zen 2009an. Sasiezkerreko
panarabismotik islamismo arabiarrera igaro dira. «Tubu frontea berriz
aktibatu dugu (Gaddafi erorita desegin zuten frontea), tubuak garbiketa
etnikotik babesteko, eta, beharrezko bada, nazioarteko interbentzioa
eskatuko dugu, eta Hego Sudan bezalako estatu bat», adierazi zuen
ostegunean Abdelmajid Issa Mansour tubu buruzagiak. Txad, Niger eta
Libia artean sakabanatuta dago tubu herria, eta Nilo-Saharako familiako
hizkuntza daukate, arabierarekin inongo ahaidetasunik gabea. Zwiya
arabiar tribuari egotzi diote sarraskia.
Deskolonizazioa ia
amaituta, egun dauden estatuetatik bereizita sortuko dira balizko estatu
berriak. Hala izan da Hego Sudango kasuan, hala izango da Europan
ezagutzen ditugun prozesuetan, Eskoziatik Euskal Herrira, edo
Faroeetatik Kataluniara, eta baita Afrikan ere. Etxea etxetik hobeto
gobernatzen den ustea aski zabaldua da. Barotseland irakurri dut
egunotan, eta AEBetako film bateko errepublika imajinarioa zela pentsa
zitekeen, edo horiek islatzen duten gizarte ezjakineko zati zela lerrook
idazten dituena. Baina egon badago, Afrika hegoaldean, Zambiako
hego-mendebaldean. Britainiarren aginte garaian protektoratua izan zen,
eta Zambiako zati bihurtu zen 1964an. Baina bertako lozi herria haserre
dago Lusakako agintariekin, eta asteon Clement Sinyinda Barotselandeko
lehen ministroa honela mintzatu da: «1964ko hitzarmenak ez ditu bete
Zambiak. Guk, Barotselandeko herriak, Barotseland bere autodeterminazioa
eta etorkizuna bilatzeko askea dela aldarrikatzen dugu. Zambiako
gobernuarekin bereizte baketsua lortu nahi dugu». Zambiaren ezetza
berehalakoa izan da, eta Sinyinda atxilotu egin zutela zabaldu zen
hasieran; gerora, gobernuak ukatu egin du hori. Eztabaida berehala piztu
da: Ipar Rodesia eta Barotseland batzetik sortu bazen Zambia,
bereizteko eskubidea ere izan lezake bietako batek. Baina aurkakoek
diote lozi herriko biztanleek soilik nahi dutela independentzia, eta
badirela Barotselanden Zambiaren baitan bizi nahi duten bertako herriak
ere. Quebecen antzeko zerbait gertatu zen: iparraldeko eremu zabaleko
cree eta inuit herriek diotenez, ez dute onartzen muga berririk
ezartzerik Kanadako beste probintzia bateko herrikideekiko. Eta
eztabaidak luze jotzen du. Ipar Amerikatik Afrika Beltzera.
BERRIAn argitaratua
No comments:
Post a Comment