2012-12-30

Begirada urteari

Hego Sudango independentzia erreferendumarekin hasi genuen 2011, eta 2012an bietarik izan dugu, independentzia aldarrikapena eta autodeterminazio erreferenduma. Lehena, Azawaden tuaregek gauzatu dute, nahiz eta jihadismoak eta Frantziaren eta Aljeriaren interes ezkutuek hondora eroan duten. AEBak zalantzati daude horratik, basamortuan gerra baino gehiago, ez ote zaien komeni basamortuko biztanleak salafisten aurkako aliatu izatea. Puerto Ricon, berriz, laugarrenez bozkatu dute estatusari buruz. AEBetan erabat integratzea hautatu dute, baina independentzia baino zailagoa dute. Azken batean, etxetik joatea erabaki pertsonala da, baina inorenera bizitzera etortzeko, bertako bizilagunen oniritzia behar da.

Anglosaxoniar tradizio berean, Falkland/Malvinetako biztanleek estatusaz bozkatuko dute bi hilabete barru. Puztuta dabil David Cameron. Hain harro britainiartasunaz eze, autodeterminazioaren bultzatzaile nagusi bihurtu den. Konplexurik gabe, Falklandetako biztanleen gisan eskoziarrek ere Erresuma Batua hobetsiko dutela sinetsita. Britainiar nazionalismoaren urtea izan da, Olinpiar Jokoek eta monarkia eraberrituak bultzatuta: Erreginaren jubileua, William printzearen ezkontza, aitatasuna... galtza bete lan Alex Salmondek eskoziarrak limurtzen, ingelesen bozkario unean. Aipatu genuen paradoxa: Eskozia europazalea Europatik kanpo geratuko da independentzia hautatuz gero. Baina euroeszeptiko ingelesek ere bide bera har lezakete. Cameronek behinola hauspotu eta orain estu hartuta daukate, EBn jarraitzeari buruzko erreferendumera deitu dezan.

Espainiak, berriz, Ingalaterraren karikatura dirudi, bai monarkian, bai estatu-egituran. Katalunian Biltzar Nazionalaren gidoia betetzen ari da: udan itun fiskala aldarrikatu zuen Parlamentuak, eta Madrilek, ohiko itsutasunarekin, atea itxi. Ordurako milioi eta erdi katalanek aldarrikatu zuten itun hori ere ez zutela aski. Orain kartak gorantz daude: berehalakoan, Kataluniako herriaren erabakitzeko eskubidea aldarrikatu, gero Espainiarekin negoziazio itxura egin (alferrik dela jakitun), erreferendum legea segidan, eta amaitu 2013. urtea, galdeketarako dena prest.

Madrilen ohiko zabarkeriak Eskoziari egin dio kalte batez ere. Ez zuten asko uste Edinburgon; Espainiak behartuta, Jose Manuel Durao Barrosok argitu du: estatuen kluba da Europar Batasuna, eta bereizten denak klubeko kide guztiak konbentzitu beharko ditu, Espainia barne. Izango du lanik, bai, Francesc Homsek, Artur Masek ezkutari fin jarritako kontseilariak. Espainia noraino iritsiko den ezin inoiz jakin, baina beti txarrena pentsatzea komeni da.

Brusela oztopo independentismoarentzat, baina Brusela bera independentismoak inguratuta. Flandriak bide isilagoa baina aski irmoa darama. NVA Flandriar Aliantza Berriko buru Bart de Weverrek Anberesko alkatetza lortu zuen, eta 2014ko hauteskundeetarako pauso sendoa eman. Hegoaldeko haize latino zakarrenen gisan sartu da Albert II.a erregea auzian asteon, noiz eta Eguberrietako mezuan, 30eko hamarkadako krisia eta populismoa inplizituki NVArekin lotzen («ikusi genuen zer-nolako kaltea egin zien gure demokraziei»). De Weverri erraz jarri dio, bistan da, lana ondo bete ez eta herritarrak bildu beharrean zatitzen dituela leporatu ondoren, historia gogorarazi dio: Leopold III.a, egungo Albert erregearen aita, Adolf Hitlerrekin kafea hartzera joan zen. Detaile bat: auzi nazionala bigarren mailan darabil EAJk aspaldion (EH Bilduk ere ez du profil independentistena atera), baina Sabino Arana Fundazioak De Wever bera ekarriko du, urtarril amaieran, nazioarteko saritu bakar gisa. Isileko lan independentista saritzera, azken batean.

Italian ere hasi da mugimendurik. Mario Montik eta Silvio Berlusconik betetako orrialdeen atzean gorde dira, baina Sardiniako parlamentuak 26-25, boto bakar batengatik esan dio ezetz independentziari buruzko erreferenduma egiteari (presidenteak berak autodeterminazioa aldarrikatu baina abstenitu egin zen, «Italiako konstituzioari zor diodan begiruneagatik»). Lurralde pobreek horrela badihardute, zer esan aberatsez: Venetok kontsulta juridikoa eskatu du galdeketari buruz, eta Hego Tirolgo independentistak 2013ko urriko hauteskundeen zain daude. «Gerra-harrapakina da Hego Tirol», zioen Zeit alemanak duela hilabete, Italiak 1919an konkistatu zuela gogoan.

Eskoziatik Mediterraneoraino Belgikan barna, eta erdian, Hexagono erraldoia. Otsailean behar du Marylise Lebranchuk aurkeztu deszentralizazio legea. Apirilean iragarri dute erreferenduma Alsazian kolektibitatea sortzeko. Hurrena Normandia batzea izan liteke, edo metropoli handien estatus berezia. Haserreago daude bretainiarrak, Petainek 1941ean Bretainiatik ateratako Loire-Atlantique deszentralizazio asmoetatik kanpo gera daitekeela ikusita. Lebranchu eta Jean-Marc Ayrault lehen ministroa bera bretainiarrak izateak ez dakar berehalakoan onurarik. Frantziako errepublikak egin du galdeketarik aspaldion, Korsikan aurrena, Martinikan eta Guyanan 2010ean. Denak ere, Alsazia legez, Errepublikaren baitako egiturez galdetzeko. Baina Kaledonia Berriaren data ere hurbiltzen ari da. Noumeako akordioen arabera, deskolonizazio prozesuak hainbat urrats egin ditu, eta 2014tik 2018ra Frantziatik erabat bereizi eta estatu independentea sortu nahi duten erabakiko dute.
BERRIAn argitaratua

No comments: