Showing posts with label vetevendosje. Show all posts
Showing posts with label vetevendosje. Show all posts

2013-07-07

Kosovoko korapiloa

Kosovoko serbiarrek parlamentua eratu dute iparraldean, eta berriz argi utzi Belgraden menpe nahi dutela, eta ez Pristinaren. Belgradek berehala gaztigatu die neurri hori Serbiako estatuaren interesen aurka doala, oztopoa ekar diezaiokeelako Bruselarekiko negoziaketetan. Kosovok eta Serbiak eskumen zabalak lituzkeen udal serbiarren elkargoa adostu zuten apirilean, Bruselak negoziatzera behartuta. Hori da Vetevendosje (Autodeterminazioa) taldekoek salatzen dutena: Kosovo independentea da, bai, ez da Serbiaren dependente, baina independentzia hori 1999an lortu zuen NATOri esker, ez 2008an. Estatua eratzeak ez dio ekarri burujabetza, NBEn edo EBren protektoratu da berez. Vetevendosjek protesta egin du Belgradekiko itunagatik. 1995ean Daytonen gerra amaitzearen truke Bosnian sortutako Srpska errepublika baten ernamuina ikusten dute, eta argi dago Bosniako estatuak porrot egin duela.

Apirileko itunak eragiten dien serbiarrek ere ezetz esan diote udal elkargoari. Azkenean, Mitrovica iparraldeko serbiarrak eta Vetevendosjeko albaniarrak gatazkako estremista gisa erakutsi ditu nazioarteak, mendebaldeko presioei men egiten dieten pragmatikoen aldean. Elkarren etsai —sufrimendua hurbilegi daukate— baina elkarrengandik bereizi behar dutela argi dute lehen biek. Kanpoko neurrien ordez erabakitzeko eskubidea. Ohiko aitzakia jarri die munduak, horratik: aurrekaria litzateke. Pandora kaxa zabaltzea omen, serbiarrek Serbiara batuta egotea eta ez Kosovo albaniar horretan —zer esanik ez, Kosovok Albaniarekin bat egitea—, Bosniako serbiarrek eta Mazedoniako albaniarrek bide bera hauta lezaketelakoan. Erabakitze eskubiderik gabe sortu eta bizi den estatua da Kosovo. Pandora, betiko aitzakia, Errusiak Stalinek sortutako mugak ez aldatzeko, edo Frantziak Euskal Herriari aitorpena ukatzeko. Konparazio urruna izan arren, hizpide ditugun serbiarren udal elkargo eta parlamentuak egunotan Eneko Bidegainek lurralde elkargoaz eta Udalbiltzaz idatzitakoak ekarri dizkit gogora. Eta lerrook amaitzerako, Jakes Abeberrik elkargoaz erreferenduma proposatzen duelarik, ezin ahaztu hori bera egin zutela Kosovoko serbiarrek iazko otsailean, inoren aitorpenik gabe baina %99ko garaipena lortuz.

Kosovok utzi duen gauza garrantzitsuena Aldebakarreko Independentzia Aldarrikapenaren (UDI, ingelesez), eta orain hiru urte Hagako Nazioarteko Auzitegiaren ebazpena: nazioarteko legedian UDIak ez daude debekatuta. Are garrantzitsuago, estatuen lurralde batasunaz dioena: printzipio hori —mugak ezin ukitzea— estatuen arteko harremanei dagokie, inbadituko ez zaituen bermea dira estatuen lurraldeen aitorpenak. Zerikusirik ez estatu barneko sezesio-mugimenduekin. Baina badu ondoriorik, ordea, independentzia mailakatuak planteatzen dituztenentzat, «lehengo A askatu, eta gero etorriko da B».

Sezesio prozesu batek A du helburu bakar, horretara doa indar oro, B lurraldea ahaztuta. Euskal Herritik begiratuta, mendebaldeko autonomia erkidegoak lehendabizi estatua eratuko balu, helburu luke Espainiaren onarpena. Gogoan hartu, AEBren eta EBren babes eta guzti eta ehun herrialdek aitortu arren, Kosovo ez dagoela NBEn. Estatuen klubean egoteak klubean ez daudenei betoa jartzea ahalbidetzen du; Europak Belgradi presio egingo dio, baina Serbiak aitortu arte jai du Kosovok. Espainiak mendebaldeko euskal estatua aitortzearen truke, elkarri lurralde batasuna onartu beharko liokete, eta «Espainia» dakarten seinaleak ezarri Endarlatsan, Etxegaraten eta Lizartza zein Kanpezu irteeran.

BERRIAn argitaratua

2013-02-17

Kosovo, bost urte

Bost urte ditu gaur. Termometroa zeropetik zebilen, oso. Kalean, baina, beroa nagusi. «Urime» (zorionak) esaten genion elkarri, elkar inondik ezagutzen ez genuenok. Egun pare bat lehenago itzuli nintzen Pristina, eta guztiz desberdina zen hile bi lehenago aurkitu nuen hiritik. Orduan, hiri grisak grisago zirudien, negoziaketak amaitu arren independentzia aldarrikapena atzeratu egingo zela argitu ahala. Otsailean baina, irribarre ergel batekin genbiltzan urime-ka, horditze kolektibo batek harrapatu bagintu legez.

Igande hunkigarria izan zen, ederra, apoteosikoa. Astelehenean Mitrovicara joan ginen. Banaketaren sinbolo bihurtu den hiri itsusia da, Ibar ibaitik iparrera serbiarrak bizi dira 1999tik —hegoaldeko etxeak erre zizkieten etxerantz itzultzen ari ziren albaniarrek -Serbiako poliziak kanporatu ondotik— eta albaniarrak hegoaldean —iparraldean gutxi batzuk geratzen ziren, baina gehienak kanporatu egin zituzten—. Ingelesez ibili arren berehala erreparatu zioten gurekin zetorren albaniarrari eta handik aldegiteko agindu zioten. Geroxeago, Oliver Ivanovic serbiar politikari sozialdemokratak begirunez egin zion harrera eta albanieraz mintzatu ziren biak. Independentziaren aurkako manifestazioan Espainiako banderak atera zituzten, oraindik ere esker oneko dira Madrilekin.

Kosovo marra gorria da Espainiarentzat. 2010ean Hagako Justizia Auzitegiak independentzia aldarrikapena ez zela legez kanpokoa izan aldarrikatu arren, Espainiak ez dauka Kosovo aitortzeko inongo asmorik. Dena esan behar bada, eskuak garbitzeko era izan zen Hagako erabakia. Serbiak eraman zuen auzitara Kosovo, independentzia legez kanpo aldarrikatzeagatik. Hagak dioenez, aldarrikapenak berak ez du inongo nazioarteko araurik hausten. Hau da, estatuen lurralde batasuna izan liteke onartutako printzipio bat, baina independentzia aldarrikapena baimendu edo debekatzen duen araurik ez dagoenez, ezin esan hori legez kanpokoa dela. Hor ere Espainiak Serbiaren alde egin zuen auzitegietan, eta AEBen aurka. Eta joan den astean Kataluniaren aurkako eraso judiziala bide horretan abiarazi zuen, burujabetza aldarrikapena auzitegietara eramango duela iragarrita. Egunkariaren itxieraren hamargarren urteurrenean, ederto dakigu Madril eta Europako auzitegiak bereizten.

Kosovok antzekotasun bakarra dauka Euskal Herriarekin, Montenegrorekin alderatuta batez ere: Serbiako probintzia izanik, ez zitzaiola aitortzen sezesiorako eskubidea. Turkiak, kristau ortodoxoen (Serbia-Grezia-Errusia) etsai historiko, asmatu zuen joko bikoitz hipokritarekin Kosovo onartzen. Hasieran kurduek leporatuko zioten zer edo zer, baina halabeharrez ahaztutako erreferentea da. Ankararentzat Kosovok ez dakar arazorik. Baina Madril beti baldar.

Kosovo naziorik gabeko estatua da —Zipre bezala, bidenabar—. Kanpotik ezarritako estatua da, inork ez dauka bere burua «kosovartzat». Presaka eta korrika asmatu zioten bandera. Vetevendosje (Autodeterminazioa) elkarteko gazteak ziren duela bost urteko igande hartako jai-giroan ospatzen ez zebiltzan albaniar bakarrak. Denborak arrazoi eman die. Kosovok ez dauka Nazio Batuetan aulkirik. Eta 2008 baino lehen ere bazen, berez, Serbiatik independente, hau da, ez zen Serbiaren dependente edo menpeko. 1999an albaniarrek gustura onar zezaketen Serbiatik bereiziko lituzkeen edozein proposamen, baina 2008an ez zeukaten horren beharrik. Nazioarteak ez zien erabakitzeko eskubiderik eman. kanpotik etorritako independentzia-eredua ezarri zitzaien, oso muga estuetan: Kosovoko estatua eratu behar zen, behinolako lurraldeak bere hartan hartuta, bandera berri batekin.

«Kosovo egoera kolonialera daramate» esan zidan Vetevendosjeko Albin Kurtik. Bera da bakarra, argi ikusten duena Kosovoko albaniarren eta Europako beste herri zapalduen arteko lotura. Beste guztiak berariaz saiatu dira antzekotasun oro ukatzen. Baina errealitateak argi dio: bost urteotan 98 estatuk onartu dute, NBEkoen erdiak. Serbiak onartu arte, Kosovok ez du New Yorken aulkirik izango.

Erabakitze eskubideak konpon lezake auzia, Kosovo iparraldeko serbiarrek Serbiarekin bat eginez gero. Baina horrek albaniarrei ere erabakitzen uztea dakar. Serbiako Presevo haranekoei, esaterako. Eta hor Mazedoniako mamua ageri da. Hango biztanleen herena albaniarrak izanik, Mazedoniaren amaiera izan liteke. Baina Serbiarekin negoziazioak hasi dira, Nikolic ultra lehendakari dutela gainera. Gaurkoz ezinezko dirudien arren, bihar muga Ibar ibaian jartzea onartuko balute, eta serbiarrek Serbiarekin bat egitea eta, zergatik ez, Kosovok Albaniarekin, onartuz gero, nazioartearekin piztuko litzateke eztabaida. Kanpotik ezarri den lurralde batasun artifizialari eutsi behar zaio orain, halaxe adostu zuten Nazio Batuekin. Artean, Mitrovicako meatzeak hamabost urtez itxita, eta biztanleen erdiak langabezian.

Kosovoko miseriarekin egiten dio Espainiak mehatxu Kataluniari, senar jeloskorren gisan. «Lehendabizi, ez daukazu bereizterik, eta bigarren, zelan bereiztuko zara bada, nora joango zara bakarrik? Hara zelan bizi diren miserian beste horiek, horrela geldituko zara zu ere». Zeinen desberdina David Cameronek abiarazi duen ofentsiba unionista. Eskozia limurtzea, goxatzea, bere helburu nagusi. «Ez dut astirik Eskoziak ezingo lukeela bakarrik egon dioten horientzat. Lehen eskutik dakit zer nolako ekarpena egin dioten Eskoziak eta eskoziarrek Britainia Handiaren arrakastari — beraz, niretzat ez dago zalantzarik Eskozia herrialde independente izan ote daitekeen». Benetako galdera da izan behar ote duen, Eskozia sendoagoa, seguruagoa, aberatsagoa eta zuzenagoa ote den gure Erresuma Batuaren barruan ala kanpoan». XXI. mendean sedukzioa da gakoa... batera jarraitu nahi duenarentzat. BERRIAn argitaratua