2013-04-28

Europako kontu bi

Bat. Askotan aipatu dudan anekdota etzidamu ziur asko errepikatuko da: Maiatzaren Lehena, istiluak Berlingo Kreuzbergen. Ehunka polizia (pilotak guztiz debekatuta), kargak tarteka, manifestarien harri eta botila jaurtiketak. Atxilotu dute gazte bat, eta nirekin zegoen kameralaria ziztu bizian joan da harantza. Mutila atxilotuta daukan poliziarengandik metro batera dago grabatzen. Eta agentea bera da burua jiratzen duena, irudietan ez agertzeko. Otu ere ez kameralariari hitz erdirik esatea, hain gutxi lana nondik egin behar duen edo non kokatu behar den gori-gori den egoera grabatzeko. Akreditazioa, bakoitzak berea, noski, ezer agerian eramateko beharrik gabe. Euskal Herrian, udaltzain batek ere esana dit kamera itzaltzeko, etxeko atari bat grabatzen ari ginela parean egokitu zelako. Askegunean gertatutakoak dimisioak ekarriko lituzke Alemanian, eta poliziak auzipetzea. Eta, hala ere, badu pozgarritik Lander Arbelaitzi jazotakoak: duela hamar urte nekez gaindituko zuen bizpahiru hedabideren oihartzuna. Euskal PENekook izan ginen salatzen lehenak, hura gertatu zen ostiralean bertan, Arbelaitzek berak zabaldutako irudi nahasiak ikusi eta berehala. Ezagutzen ditugulako, bai Lander bai gurean dabiltzan poliziak. Beste batzuek bizpahiru egunera egin zuten, erasoaren bideo editatuak isiltasuna halabeharrez hautsarazi zienean. Ostiralean prentsa askatasunaren eguna izango da, eta bazterrotako elkarteek munduko kazetari espetxeratuen berri emango dute. Baina ez dituzte aipatuko Teresa Toda, Jabier Salutregi eta Egin-eko langile giltzaperatuak, bost urte baino gehiago honezkero preso. Hain gutxi Ernairen webgunea ixteko agindua; hor ere terrorismoa goratzearen komodina darabilte. Argi esan dezagun: etakide bat goratzea —edo ETA bera— maila politiko edo moralean izan liteke kritikagarri, mingarri ere bai batzuentzat, baina adierazpen askatasunak hori zigortzea eragozten du Europako edozein herrialdetan. Eta Euskal PENen berdintsu salatu ditugu Egunkaria-ren itxiera, Egin-eko lagunen atxiloketak, kazetari mehatxatuak, ETBren aurkako atentatua edo Apurtu.org-ren aurkako operazioa.

Bi. Catherine Ashton erdian, Serbia eta Kosovoko lehen ministroak albo banatara. Ez dago besarkadarik, ez irribarrerik. Europak behartuta akordioa lortu dute, baina Europak baino ez du ospatzen. Kosovok nahi ez duen autonomia ematen die iparraldeko serbiarrei, Vetevendosje —Autodeterminazioa— taldeak Bosniako Srpska berri bat sortuko dela dio, Troiako zaldia etxean. Beste aldean, Serbia jakitun da Kosovo aitortzen ari dela praktikan. Hamalaugarren puntuak («alde batek ere ez du blokeatuko beste aldearen aurrerapausua EBrako bidean») ondorio hori du funtsean. Gogora dezagun: 2007 osoan negoziatzen ibili eta akordiorik ez lortzean, 2008ko otsailean Kosovoko Parlamentuak aldebakarreko independentzia aldarrikapena (UDI ingelesez) egin zuen. Serbiak Hagako Justizia Auzitegira jo zuen, eta 2010ean argi ebatzi zuen: nazioarteko legedian inon ez da debekatzen UDIa. Europar Batasunean Kosovo onartzen ez duten bost estatuetatik, Espainiak du jarrera zurrunena. Madrilen baldarkeriak erakarri du nazioarteko hedabideen arreta Kataluniara eta Euskal Herrira. Kosovoko akordioa onuragarri zaio Europako Batasunari —beti bezala joko motzera begira— Serbiarekiko korapiloa askatzeko, eta EBra batzeko negoziazioei ekiteko. Akordioa serbiarrek bozkatzea planteatu dutelarik, beldurtu egin dira batzuk. Iaz berdintsu gutxietsi zuten Kosovo iparreko serbiar udalek egindako galdeketa. Beti ditu arriskuak hitza herritarrei emateak, bistan da. Demokrazia konplikatua da. Baina ez litzateke behartu beharko etxe berean egotera elkarrekin bizi nahi ez dutenak. Kontuak kontu, Europari komeni zaio, eta Espainiari ez. Katalunian berehala ikusi dute akordioak zelan hauspotzen duen euren bidea: UDIa zilegi dela agerian geratu da, eta hasierako korapiloak bost urteren buruan ia askatuta daudela. Espainia inoiz baino bakarrago dago.

Asteko onena, Tomislav Nikolic serbiar presidente nazionalistaren berbak. «Belauniko jarrita barkamena eskatzen dut Srebrenican egindako krimenagatik». Biharamunean Gernika omendu genuen.

BERRIAn argitaratua

No comments: