2013-08-11

Gibraltar eske, Katalunia galdu

Politikan ohiko akatsa da pentsatzea memoria guk baino ez daukagula. Guri egin dizkiguten guztiak gogoratzen ditugun arren, ahaztu egingo dituztela guk haiei egindakoak». Hala esan ohi du lagun batek.


Erresuma Batuarekin batera, Alemania da ziur aski Estatu Batuen zaleen den Europako nazioa. Berlingo Luftbrucke edo Aireko zubiak badauka zerikusirik horretan. 1948an Berlin mendebaldea setiatu eta itxi zuen Sobiet Batasunak, hartara laster aliatuek hiri osoaren kontrola emango ziotelakoan. Baina, berehala, Tempelhof aireportu txikira AEBetako hegazkinak iritsi ziren, eta ia urtebetez airez hornitu zen hiriko mendebaldea. Alemanen AEBekiko esker ona gaur arte iristen da.


Argentinak ez zuen 1982ko gerra soilik galdu; Malvinak ere galdu zituen. Diktaduratik oso desberdina den gobernu ezkertiarra dauka gaur Argentinak. Baina Malvinetako auzia deskolonizazioan kokatzen du oraindik ere. Asteon bertan, Nazio Batuetan egon da Cristina Fernandez hori gogorarazten. XIX. mendeko gertaerekin argudiatzen dute malvinarrek aurten ia ehuneko ehun adierazitakoak ez duela balio. Baina orain hiru hamarkadako erasoaz berbarik ez.

Serbiarrak eta albaniarrak etsai historikoak izan dira, baina 1998ko erasoak ekarri zion Serbiari Kosovo galtzea. 1981ean Jugoslavia barruko errepublika bat gehiago izatea nahi zuten albaniarrek. Ez dira gutxi, Serbian bezala, Titoren garaian gomutan diren Kosovoko albaniarrak, baina ez eskatu Belgraden menpera itzultzerik.

Harekin lotuta, egunotan bete dira bost urte Hego Osetiako gerratik. Mikhail Saakaxvili georgiar lehendakariak auzi izoztua berehala konponduko zuela pentsatu zuen, Tskhinvali hiriari erasota. Errusiako armada mugan zeukan zain —askok uste dute Moskuren tranpan bete-betean erori zela Misha—, eta Washingtongo lagunik agertu ez. Georgia pieza ahulegia zen, George Bush Errusiaren aurkako gerran sartzeko. Moskuk Kosovoren mendekua hartu zion mendebaldeari, eta Hego Osetiako eta Abkhaziako independentziak onartu zituen. Lezio asko daude ordukotik, baina horietako bat da Georgiak egun bakarrean lortu nahi zuen hori, betiko edo oso luzerako gutxienez galdu duela.

Espainiak antzeko arazoa dauka. Gibraltarrekin azaleratu da egunotan, etxeko zikinkeria tonak ezkutatzeko maniobra aski zabarrean. Bestela ere, hori du berezko jarrera historikoa. Zurruntasunak hori du arazo, tolesterik ez bada, apurtu egiten dela. Britainiar inperioa da denetan tolesena ziur aski, Commonwealth eta bestelako egituren bidez: lurralde bakoitzak burujabetza eta estatua ditu, baina hortxe dirau Londresekiko lotura historikoak, Kanadatik Australiara eta Hego Afrikatik Indiara.

Gibraltardarrak hamahiru urtez egon ziren, 1982 arte, hiritik lurrez irten ezinik, telefonoz ere mugaz beste aldeko senideekin hitz egin ezinik. Espainiak mugan egunotan eragindako ilarek eta jazarpenek, horixe bera gogorarazi diete: auzoak beretzat nahi dituela baina, era berean, gorrotoz tratatzen dituela beretzat nahi duen lurraldeko herritarrak.

Espainiako gobernuak ustelkeria kasuak ezkutatzeko modurik baldarrena hautatu du, ziur aski. Kataluniatik formalki erreferenduma adosteko bilera eskatu zaion unean, gainera. Hilabete falta da ehunka mila lagunek Kataluniako kostalde osoa hartzeko independentzia eske. Gero, 360 edo 370 egun, eta galdeketa. Eskoziako erreferenduma baino egun gutxi batzuk lehenago, ERCk adierazteko borondatea betez gero.

Hori ikusirik, okerrena pentsatu behar dela dio Hector Lopez Bofill irakasleak, «Espainiak Jugoslaviaren gisa amaituko du. Kataluniak Esloveniaren egitekoa betetzea baino ez dut espero. Bisturi-mozketa azkar eta eraginkorra, hamar eguneko gatazka eta hildako gutxi». Espainiak «berunezko ukabila» erabiliko ei du «beldurrak eta historian hainbeste errepikatu den sarraski atabikoaren hurbiltasunak Kataluniako klase ertainen grina desegingo duen esperantzan (...) Espainiak denak hondora eraman dezake, biziraupen nazionaltzat daukana jokoan badauka». Katalunia galduta, Espainiak beste lurralde aberatsekin (Herrialde Katalanetako gainontzekoak eta Euskal Herria) zelan jokatuko lukeen, eta balizko Bosniaren lekua Nafarroak edo Valentziak izan lezakeela ere iradokitzen du Lopez Bofillek. Baina egunotako matxokeriak eta Espainiaren bular hanpatzeak, gutxienez, atezuan izan gaitzala, eta egoeraren neurria hartu. Hilabete falta da Diadarako, hamahiru hil Espainia apurtzeko. Lehenago Espainiak berak harakiria egiten ez badu, historian hainbestetan legez.

BERRIAn argitaratua

No comments: