2013-07-28

Ramadanaz

Ramadanak duen onena: iftar-a, baraua haustea, alegia. Adiskidantzazko giro goxoa sortzen da, kaleak betetzen, eta ilunabar paregabeen tenorea da. Aurten ere, udan egokitu da Ramadana. Hala izango da beste urte pare batez, geroz eta gogorrago, hilabete sakratua udako solstiziorantz hurbildu ahala baraurako argi-orduak gehiago izango baitira eta hori hausteko gaueko uneak laburragoak. Iparraldeko hemisferioaz nabil, baina ia musulman gehienei eragiten die (Indonesia, musulman gehien duen herrialdea, hegoaldean dago, baina ia ekuatorean, beraz, apenas aldatzen diren argi-orduak). Horregatik, udako ilunabarren goxoari, tenperaturak apaldu eta giroa atseginago egiten den horri, iftar-a ospatzen duen jendetza batzen zaio.

Azken urteotan sarritan egokitu zait herrialde musulmanetan ibiltzea Ramadanean. Egongo da okerragorik, noski, baina Dubai, esanguratsua begitandu zitzaidan. Petrolioak basamortuan eraikitako porlanezko oihan horrek badu inpostatu itxurarik, dekoratu kolosal batena. Hala, luxuaren itxuraren atzean, mendebaldartze erabatekoak Ramadanarekin topo egitean, kontraste bitxia sortzen da: baraua ez da eskubide, baizik eta ia betebehar. Merkataritza-eremuan diren jatetxeek aulkiak pilatuta dauzkate iftar-era arte, eta janari-bizkorreko zerbitzuek argi adierazten dizute legeak debekatu egiten duela merkataritza-eremuan jatea zein edatea Ramadanean. Paradoxikoki, ia ez dago musulmanik merkataritza-eremuan —edo Dubain, oro har— lanean: India zein Filipinetako langile hinduista edo katolikoak dira nagusi. Termometroa zerbait jaitsi eta 37 ingurura iristean, iftar-arekin batera ikusten dituzu bertako arabiarrak kalean, luxuzko autoetatik irteten.

Sobietar Batasunetik sortutako herrialde musulmanak ere bereziak dira. Hasteko, independentzia gogoz kontra aldarrikatu zuten estatuak direlako. Asia erdialdeko errepubliketan eman berri ditut egun batzuk. Ezin orokortu, noski, baina hor ere agerikoa da tradizio musulmanaren eta sobietarraren arteko nolabaiteko oreka. Tarteka tentsioa, baina sarritan biak naturaltasunez bizitzea da; Mosku Meka baino hurrago dute. Lasai asko ikusi dugu idazle bat bere otoitzean, segidan bazkaritara gurekin batzeko. Errusierari gogotsu eutsi diote errepublika gehienek.

Kurdistanen, denetik bizi izan dut. Hegoaldean, Iraken, zorrotz jarraitzen diote. Iranen, legeak behartuta. Eta Turkiako laikotasunean ere ez dira gutxi barau egiten dutenak. Asko orokortuta, klase-sozialean beherago, orduan eta fededunago. Zinegotziak, zuzendariak, bulegariak tea eskainiko dizu, bazkaritara gonbidatuko. Garbitzailea baraurik ibiliko da. Urteotan egindako lagun kurdu gehienak musulman sunnitak dira tradizioz (alevi familietakoek oso Ramadan berezia dute, eta ia baraurik ere ez), baina euretako inork ez daroa buru-zapirik, hain gutxi barau egiten egunotan. Idazleak, politikariak, ikasleak, irakasleak, kazetariak, zinemagileak, soziologoak... gogoan dut lagun batekin skypez berbetan, bere gelan lasai asko ari zen otartekoa jaten eta garagardoa edaten. Familiarekiko begirunez, ez zen gelatik jaten irtengo, baina hor barruan ere ez zuen ezkutuko sekretu. Hala errespetatzen dute elkar, arazo handirik gabe.

Gure hedabideetan sarritan erakutsi dugu Ramadana azken urteotan; otoitzak, iftar-a, hil honen esangura islamean, eta abar. Baina zinez faltan ditut, besteok tradizio kristauko garen gisan, tradizio musulmanetik datozen milioika lagun ez-praktikante horiek, Ramadana gehienez ere begirunez baina baraurik gabe eta egunerokotasuna hautsi gabe bizi dutenak. Nahiago ditugu musulman fededunak erakutsi, monolitikoki, elkarrekin belauniko Mekara begira. Gu ez garen beste hori eraikitzen laguntzen digu. Musulman ateoa, zapiaren aurkakoa, Ramadanari jaramonik egiten ez diona, eskemak apurtzen dizkiguten pertsonak dira. Eta arabiarrek zapaldutako herrietan (kurduak, amazigak) zabaltzen ari den jarrera da.

Horientzat Bayram (Eid al-Adha) edo sakrifizioaren eguna da garrantzitsuena, familiarekin batzeko eta arkumea jateko eguna. Behingoz Ramadana amaitu dela ospatzeko.

BERRIAn argitaratua

2013-07-21

Rajoy, eta gero?

Europa osoa harrituta dabil, egunik egun Espainian ezagutzen diren ustelkeria kasu larriek inongo ondorio politikorik ez dutela ikusita. Betiere urruneko begirada horretatik, eskandaluaz harritu eta lasaitu puntu bat ere hartzen dute: Rajoyren alderdiak Madrilgo kongresuan gehiengo absolutua izateak egonkortasuna dakar, Bruselak eta Berlinek agindutakoa gutxienez otzan-otzan betetzeko. Arazoa, ordea, alderdi horren barrutik dator, bere sektore ultrenetik, Jose Maria Aznar lehendakari ohiak ordezkatuta, baita itxura liberalaren pean gupidagabe astindu duen El Mundo egunkaritik ere. Oposizioaren oldarrari erraz eusteko moduan legoke Mariano Rajoy, ukazioaren eta ezer ez egiteko orain arte daukan estrategiarekin. Edozein herrialde demokratikotan onartezina izan arren, horrela egin du agintaldi osoa orain arte Rajoyk. Baina etxe barruko zafraldiez libratzea ez da hain erraza.

Giro nahasi horrek Katalunian zein ondorio izan dezakeen ere aztertu dute azken egunotan. Espainian gertatzen dena zerbait arrotza balitz legez, eta interes bakarra, horrek zelan eragin dezakeen independentzia-prozesuan. Ebidentzia bat dago: bidea ukatzen dizun estatua geroz eta ahulago izan, orduan eta hobe estatu horretatik bereizita sezesioa gauzatzeko. Aspaldi, hamarkada askoan ez da egon Espainia horren jota. Horrekin ohartarazi dugu askotan: euskal abertzaleak batzeko ahaleginak, gizartea erabakitze-eskubidera ekartzeko ekimenak, horiek guztiak ezinbesteko eta beharrezko dira. Aspaldiko ilusio handiena piztu dute, gainera. Baina horrekin batera, ringean erdi zonbi dabilen inperio zahar hori part jaus daitekeela ere aintzat hartu behar da. Kataluniak bere estatua eratzeaz herritarrei galdetzea baino ez du nahi. Baina KOrako azken ukabilkada izan daiteke Espainiarako.

Vilaweb-ek iradoki du 2014ko irail hasieran izan daitekeela galdeketa. Datozen bost hiletan argitu beharrekoa da, bai eguna bai galdera, eta, hedabide berak dioenez, CiUk eutsi egiten dio ERCrekin izenpetutako hitzarmenari. Vicent Partalek dioenez, ezin da jakin «bonba lehertzean zein paisaia geldituko den: izan liteke PPk, eskuin muturretik irtetea, bai eta harrigarriki irteera liberalagoa egitea, katalan prozesuarekiko hurbilketa zibilizatuago batekin». Azken horretan ez nuke lar sinetsiko, historiari begiratuta, Espainiak/Gaztelak ez du sekula bere menpeko lurralderik «galdu», tartean gatazkarik —aski odoltsuak gehienetan— egon gabe.

Katalan katedradunen batek gerra arriskuaz ere ohartarazi du. Baina, oro har, ezinegona da nagusi, esango nuke. Ezin esan zer gertatuko den bihar. Orain arteko jarrera ezer ez egitea zuen Rajoyk, egon eta egon, jaramonik ez, auzitegietara bideratu adierazpenak, eta judizializazioarekin kudeatu —ezen ez konpondu— auzia. Baina galiziarraren eskuinerantz daudenen presioak arrakasta balu, zer? Eskuin muturra noraino irits liteke herritarrei galdetzera tematuta dagoen Kataluniako Gobernu eta Parlamentuaren aurrean?

Horren aurrean, karta garrantzitsua daukate katalanek. Ez da nahi luketen bidea, baina behar bada hori baino ez zaie geldituko: Espainiako erasoaren aurrean, UDIa, aldebakarreko independentzia aldarrikapena. Erraz asko irabaziko lukete Parlamentuan bozketa. Esandakoa, asmoa herritarrei galdetzea da, ahal dela legalki, baina bestela ere bideren bat aurkituta. Baina bide guztiak ixtean, aldebakartasuna baizik ez da geratzen.

Euskal Herrian ere, bakegintza, lurraldetasuna eta bestelako auziak dirudite estatua eratzearen aurretik ezarrita. Baina azken hilabeteotan ere argi samar geratu da planifikatutako guztia ez dela betetzen, eta beharrezko dela aldebakartasunean sakontzea. Pentsa, Kataluniak atea ireki eta beste ehundik gora urtean itxiko balitz.

BERRIAn argitaratua

2013-07-14

Gibraltar


Britainiarrek 1704an konkistatu zuten Gibraltar, eta 1713an onartu zuen Espainiak, Utrechteko tratatuan, hiri hori britainiar koroaren menpera pasatzea. Atzo bete zuen hirugarren mendeurrena hitzarmen hark. Hiru mendetan hainbat aldiz setiatu du hiria Espainiak, eta behin eta berriz porrot egin du.

Lehen hamarkadetako ahaleginen ostean, britainiarrak munduko potentzia garrantzitsuena ziren XIX. mendean. Espainiak aspaldiko oroitzapen zuen posizio hori: Ameriketako ia lurralde guztiak matxinatu eta independentzia eskuratu zuten mende hasierako gerretan, eta amaieran azken koloniak galdu zituen, berriz ere inperio anglosaxoniar baten eskutan, AEB oraingo honetan.


II. Mundu Gerran hainbat negoziaziotako mintzagai izan ei zen hiria, Hitler eta Francoren artean ere bai. 1954tik Gibraltarren aurkako neurriak hartu zituen Espainia frankistak. Nazio Batuen lurralde kolonizatuen zerrendan sartzea lortu zuen Espainiak, eta 1964tik Londresen eta Madrilen arteko negoziazioak izan ziren. 1967an erreferenduma egin zuten; %95eko parte hartzearekin, %99,64k britainiar subiranotasuna hautatu zuten. Berrogeita lau lagunek baino ez zuten hobetsi Espainiako zati izatea, britainiar nortasuna errespetatuko zitzaiela agindu arren. Hala eta guztiz, hiriak bere burua autodeterminatu bazuen ere, NBEren zerrendan dirau Gibraltarrek. Espainiaren lurralde-osotasunaren aitzakian, gibraltardarren «interesak» aipatzen dira, baina ez da aintzat hartzen gibraltardarren «borondatea», ez eta subjektu gisa onartzen ere.

1969an Gibraltargo Konstituzioa onartu zuten. 1713tik hiriaren estatusean egondako aldaketa nagusia zekarren: britainiar gobernuak ez zuela inoiz adostuko Gibraltargo herritarrak beste estatu baten soberaniapera pasatzea, haiek demokratikoki eta askatasunez adierazitako borondatearen aurka. Francoren Espainiaren erantzuna muga ixtea izan zen. Hamahiru urtez egon zen Gibraltar bakartuta; berriz ere setioa sentitzen zuten gibraltardarrek.


Espainiak konkistan sinetsi du betitik, inor limurtzean eta borondatez bereganatzean baino gehiago. Mendeetako gainbehera «dena ala ezer ez» horretan oinarritu zaio, bere posizioari zurrun eusten, azkenean posizio hori guztiz hautsi eta erabat galdu arte.

Azken hogeita hamar urteotako jarreran une gogorragoan eta negoziaziora emanagoak izan ziren beste batzuk izan dira, baina elementu komun bat beti: gibraltardarrei hitzari jaramonik, subjketu izaera bera ukatzea, eta Londresi soilik aitortzea hitz hori balizko negoziazioetan. Baina zeinen bide laburra zen agerian utzi zuen horrek 2002an: Espainiak eta Erresuma Batuak subiranotasuna partekatuari buruz lortutako hitzarmena atzera bota zuten gibraltardarrek erreferendumean.

2003tik sortutako Espainiako gobernu sozialistak ez zuen Gibraltar bereganatzeko urratsik egin, baina gutxienez, mahaira onartu zuen lehen aldiz. Eskuindarrek gogor kritikatu zuten, eta boterea lortzeaz gero PPk berriz ukatu dio hitza, zuzenean Londresekin negoziatu beharra duelakoan. Erresuma Batuak, baina, aspaldi heldu zion autodeterminazio eskubideari oinarrizko printzipio gisa. Egia da hiriak deskolonizatu beharreko lurraldeen zerrendan jarraitzen duela, bai Gibraltargo gobernuak bai Erresuma Batukoak hiria lurralde «autodeterminatutzat» jo arren, behin eta berriz agerian utzi baitu britainiartasuna eta, batez ere, Espainiarekin bat egitearen aurkako jarrera.

Espainiak 1713ko akordioa du aipagai. Historia borondatearen aurka. Hiru mendetako porroten zerrenda da Espainia. Erresuma Batuak inperioa bortitza eratu eta desegin zuen, eta gaur eguneraino datorren lotura eta kolonia ohien sarearen zentro da Londres oraindik. Potentzien arteko gerrak sortutako subjektu koloniala izan zen Gibraltar, bai, baina horrek ez du atzera bueltarik. Etorkizuna da negoziatu beharrekoa, ez iragana. Eta etorkizuna gibraltardarren esku egongo da.

BERRIAn argitaratua

2013-07-07

Kosovoko korapiloa

Kosovoko serbiarrek parlamentua eratu dute iparraldean, eta berriz argi utzi Belgraden menpe nahi dutela, eta ez Pristinaren. Belgradek berehala gaztigatu die neurri hori Serbiako estatuaren interesen aurka doala, oztopoa ekar diezaiokeelako Bruselarekiko negoziaketetan. Kosovok eta Serbiak eskumen zabalak lituzkeen udal serbiarren elkargoa adostu zuten apirilean, Bruselak negoziatzera behartuta. Hori da Vetevendosje (Autodeterminazioa) taldekoek salatzen dutena: Kosovo independentea da, bai, ez da Serbiaren dependente, baina independentzia hori 1999an lortu zuen NATOri esker, ez 2008an. Estatua eratzeak ez dio ekarri burujabetza, NBEn edo EBren protektoratu da berez. Vetevendosjek protesta egin du Belgradekiko itunagatik. 1995ean Daytonen gerra amaitzearen truke Bosnian sortutako Srpska errepublika baten ernamuina ikusten dute, eta argi dago Bosniako estatuak porrot egin duela.

Apirileko itunak eragiten dien serbiarrek ere ezetz esan diote udal elkargoari. Azkenean, Mitrovica iparraldeko serbiarrak eta Vetevendosjeko albaniarrak gatazkako estremista gisa erakutsi ditu nazioarteak, mendebaldeko presioei men egiten dieten pragmatikoen aldean. Elkarren etsai —sufrimendua hurbilegi daukate— baina elkarrengandik bereizi behar dutela argi dute lehen biek. Kanpoko neurrien ordez erabakitzeko eskubidea. Ohiko aitzakia jarri die munduak, horratik: aurrekaria litzateke. Pandora kaxa zabaltzea omen, serbiarrek Serbiara batuta egotea eta ez Kosovo albaniar horretan —zer esanik ez, Kosovok Albaniarekin bat egitea—, Bosniako serbiarrek eta Mazedoniako albaniarrek bide bera hauta lezaketelakoan. Erabakitze eskubiderik gabe sortu eta bizi den estatua da Kosovo. Pandora, betiko aitzakia, Errusiak Stalinek sortutako mugak ez aldatzeko, edo Frantziak Euskal Herriari aitorpena ukatzeko. Konparazio urruna izan arren, hizpide ditugun serbiarren udal elkargo eta parlamentuak egunotan Eneko Bidegainek lurralde elkargoaz eta Udalbiltzaz idatzitakoak ekarri dizkit gogora. Eta lerrook amaitzerako, Jakes Abeberrik elkargoaz erreferenduma proposatzen duelarik, ezin ahaztu hori bera egin zutela Kosovoko serbiarrek iazko otsailean, inoren aitorpenik gabe baina %99ko garaipena lortuz.

Kosovok utzi duen gauza garrantzitsuena Aldebakarreko Independentzia Aldarrikapenaren (UDI, ingelesez), eta orain hiru urte Hagako Nazioarteko Auzitegiaren ebazpena: nazioarteko legedian UDIak ez daude debekatuta. Are garrantzitsuago, estatuen lurralde batasunaz dioena: printzipio hori —mugak ezin ukitzea— estatuen arteko harremanei dagokie, inbadituko ez zaituen bermea dira estatuen lurraldeen aitorpenak. Zerikusirik ez estatu barneko sezesio-mugimenduekin. Baina badu ondoriorik, ordea, independentzia mailakatuak planteatzen dituztenentzat, «lehengo A askatu, eta gero etorriko da B».

Sezesio prozesu batek A du helburu bakar, horretara doa indar oro, B lurraldea ahaztuta. Euskal Herritik begiratuta, mendebaldeko autonomia erkidegoak lehendabizi estatua eratuko balu, helburu luke Espainiaren onarpena. Gogoan hartu, AEBren eta EBren babes eta guzti eta ehun herrialdek aitortu arren, Kosovo ez dagoela NBEn. Estatuen klubean egoteak klubean ez daudenei betoa jartzea ahalbidetzen du; Europak Belgradi presio egingo dio, baina Serbiak aitortu arte jai du Kosovok. Espainiak mendebaldeko euskal estatua aitortzearen truke, elkarri lurralde batasuna onartu beharko liokete, eta «Espainia» dakarten seinaleak ezarri Endarlatsan, Etxegaraten eta Lizartza zein Kanpezu irteeran.

BERRIAn argitaratua