2006-02-25

Etxean berriz

Bidaia amaitzen duzunean ez ei zara abiatu zinen berbera, eta atzean utzi zenuen etxea ere desberdina ei da. Itakatik gure literaturara bidean asko idatzi izan da bidaiariaren figura horri buruz. Ezin esan joan ginen berberak garen itzuli garenak. Nekatuta heldu gara, eta oraindik ohea heldu ez, ordu asko aldean eta burua jiraka etengabe, oroitzapenak, berbak, eztabaidak, solasak, irriak eta malkoren bat edo beste gorde ezinik.
Senegaldik Kanariar Uharteetara bidean ginen duela 24 ordu, handik Madrila eta Espainian etxerako autobusa hartzeko. Goizean mezutxo bat utzi genuen Dakargo ostatuan, Kedougoun hasi eta azken 10 egunetan bidaiakide izan genituenak helduko zirelakoan: Pointe des Almadiesko ilunabarra zoragarria da, bidaiarako amaiera ezin hobea, eta seietan itzuliko geniela esaten genien, elkarrekin afaltzeko. Erreserba egina zuten, baina gela oraindik hutsik Dakartik igo ginenean. Kasualitatez zabaldu nuen egunkaria, eta susmo beltza ilundu zen, egun bi lehenago agur esan genien lau bidaiakideak eta taxi-gidaria hil ziren Cap Skirringetik hur, Casamancen, militarren auto baten aurka izandako istripuan.
Hamar egun besterik ez, ez da bizi osoko adiskidetasuna, elkar ezagutzeko doi doi, baina hamar egun ezin intentsoago seiok batera harat honat, planak eginez, argindarrik gabeko izarrez beteriko gauetan solas amaigabean, norberaren bizitzez, plazerez, bizipenez eta asmoez, Txitxok eta Sarak aurten bertan Txinatik ekarri beharreko umeaz edo Praten Xavik eta Tamarak zabaldutako Mamiferos tabernaz, tabernari idatzitako rap hartaz, Afrikaz, musikaz... Casamanceko katalan koloniari deitu genien, Lulu eta Totik ez zuten hartzen, Pierre autoan zen, Gerardek argitu zigun gerora zehaztasun gehiagorekin jakin duguna: bagenekien desastre hutsa zirela bai autoak bai errepideak, baina horrexegatik konfiantza geneukan, autoak oso motel dabiltza eta oso gutxi dira. Ezin militarrez oroitu, noski. Yankien opari horrek parean hartu eta segidan hil ziren bostak, gidaria barne. Eta guk 24 ordu daramatzagu bidaian, Afrikatik Europara eta orainalditik orain gutxira, argazkiei begira, barreren bat eztarriko korapiloagaz lotzen. Datozen egunetan, inshalla, asteotan blogera barik eguneroko blokera pasatako lerroak jartzeko beta izango dugu. Afrikak, egunerokotasunaren biziak, bidaiara eroandako liburuek, konexio kaskarrek, bideko bidaiakideek, mila gauzak ez digute utzi bloga gura bezala osatzen han egon garen artean, baina lur hartzeko denbora beharko dugu oraindik.

No comments: