2005-11-06

Limassolgo bertsolariak

Aizu!rako idatzia

Iazko oporretan Zipren izan ginen. Azken egunetan Limassolgo Ardo Jaialditik pasa ginen, eta uharteko greziarren dantzak ikusteko aukera izan genuen. Halako batean, dantzariak zati bitan banatu eta talde bakoitzetik gazte bana hurreratu ziren mikrofonoetara. Kantuan hasi ziren, atzetik musikariek lagunduta, lehenengo batek eta gero besteak. Mediterraneoko gazte alai haiek aurpegia adierazkortasunez gainezka kantatzen zuten, eta hitzik ulertu barik ere argi zegoen elkarri sekulakoak eta bost esaten zizkiotela. Ikusleak, berriz, barrez lehertzen ari ziren. “Bertsolariak dira, horratik!” pentsatu nuen. Ikuskizuna amaituta ikerketa txikia egin, eta hala zirela jakin genuen, tsiattista izena duela han inprobisazioak, eta ospakizunetan, ezkontzetan-eta ohikoa izaten dela. Zipreko dialektoan kantatzen zutela ere jakin genuen, eta esan zigutenez, Kretan ere bizirik omen dago tradizio hori. Bagenekien munduko hainbat lekutan daudela bertsolaritzaren antzeko fenomenoak, 2003ko topaketa erakusleiho txiki-txikia baino ez zela izan.

Ondo dago apaltasunaren neurri hori, munduan bakarrak ez garela pentsatzea. Baina egia aitortuta, bagara bakarrak munduan. Oso gutxi dira bere ohiko esparru mugatik, eskuarki ahozkotasuna nagusi den nekazari eremutik, hedabide, irakaskuntza edo gizarte beste gune batzuetara jauzi egin dutenak. Egia da bertsolaritzaren antzeko fenomenoak asko daudela. Baina Bertsozale Elkartea, bertso-eskolak, Hitzetik Hortzera, hainbeste bertsolari (eta hain gazteak), gizarteko eta kulturako txoko guztietan txertatuak... horrelako indarrik daukanik ez dago beste inon. Eta ondotxo dakit, inbidia ez datorrelako etxetik kanpo soilik.

1 comment:

Anonymous said...

Kaixo Urtzi:

Txiripaz aurkitu dut zure bitakora eta pozten nau albisteak. Ongi etorri euskal blogosferara eta animo.

Jabi

http://www.sarean.com

P.D. Azaroaren 27an Blogak&Birrak topaketa Bilboko Kafe Antzokian, animatzen?