2005-11-13

Elebidunak

Berrian 2005-XI-13an argitaratua

Nik ez nukeen hobeto egingo (ez bainaiz Anjel Lertxundi), baina horixe bera ez bada, antze-antzeko zerbait neukan pentsatuta datozen asteotako baten idazteko. Barikuko artikuluaz ari naiz, estoy a favor del bilingüismo ziotson solaskideaz. Tipoa euskararen aurka egon ez, eta hala ere haserrarazi euskaldun halakoak! Eta gero lagunak gordetzen ez dakigula esango digute, gure itxian itota hilko garela. Aspaldi ezagutzen ditugu euskararen aurka ez daudela diotenak. Hori entzun eta baina-ren zain jartzen gara: baina ezin da inposatu, baina ezin da derrigor ezarri, baina askatasuna... bainak ortuan! esaten dute Durangaldean. Herri honetan ezjakintasun-eskubidea aldarrikatu dute. «Euskararen arazoa» behin eta berriz, eta ezin konturatu arazoa erdaldunak direna. Lehengoan Bilbo erdialdeko kale batean irakurria: «We speak English». Zelan esan behar nion hari ez zeukala lotsa izpirik hainbeste urtez besteok erdaraz aritzera behartu ostean? Gure konplexuan itotzen gara sarri, garaiak inoren aurka joatekotan elebakarren aurka doazela jabetu barik. Eta hor, ondo jokatuta, irabaztea baino ez daukagu euskaldunok. Baina irudimen apur bat behar da, Kataluniako haize mediterraneoa-edo. Irakasle erdalduna egokitu zitzaigunean unibertsitatean, hainbeste protestatan galdu barik, katalanen bidea zen errazagoa: bakoitzak nahi zuen hizkuntzan egin eta kito: irakasleak erdaraz eskolak, eta guk euskaraz azterketak eta lanak. Eta ea nor den hemen idiota (hau da, elebakarra).

No comments: