2008-12-28

Pinter


BERRIAn argitaratua

Duela hamar urte idatzi zuen Mendiko hizkuntza Harold Pinterrek. Testuingurua sumatu arren berariaz izena ezabatu zuen kokalekuaren izena. «Abiapuntua kurduak ziren, baina lan hau ez da turkiarrei eta kurduei buruz. Alegia, historian zehar, hizkuntza asko galarazi dira: irlandarrek sufritu dute, galestarrek, urdua eta estoniarren hizkuntza debekatu dira, eta badakizu, euskaldunen hizkuntza sarritan debekatu izan dute».

Zorionez, kurdu gehienena baino askoz hobea da euskararen egoera. Baina mendiko hizkuntzaren absurdoa geurera ere iritsi da. Kurduak ez ziren ofizialki existitzen Turkian. Mendiko turkiarrak ziren. Eta kurduera, mendiko turkiera, hizkuntza biek inongo harremanik izan ez arren. Absurdo hori ziegetara darama Pinterrek. Hori bera gogorarazi zidan Auzitegi Konstituzionalak Euskal Herria izeneko subjektua existitzen zela ukatu zuenean, ukazioaren arrazoia ere argi utzita: haren existentziak burujabetza egikaritzea ekar lezake.

Antzeko absurdoek gurean ere ondorio lazgarriak izan dituzte. Espainia demokrazia izanik, salagarria ei da preso politikoak aipatzea. Salagarri ez eze, delitu izatea ere bultzatu du lobby ultrak: elkarrizketa baten «preso politiko» esatea terrorismoa bultzatzea ei da, zigorgarri ondorioz.

Mendiko hizkuntza lanaren abiapuntua 1985ean Pinterrek eta Arthur Millerrek Istanbulera egindako bidaia da, PEN Klubak eskatuta. Reaganen enbaxadore Strausz-Hupe-k gonbidatu zituen, eta afaritan eztabaida izan zuten zenbait turkiarrekin. Diplomatikoak Turkia demokrazia zela nabarmentzeko baliatu zuen sesioa, herri komunistetan ez bezala «iritzi asko egon daitezke edozeri buruz».

Pinterrek argi erantzun zion: «Ez kable elektrikoa badaukazu barrabiletara lotuta». Millerrengana hurbil zen laster Pinter: «Zuen enbaxadoreari irain egin diot eta alde egin dezadala eskatu didate». Demokratikoki, hori bai.

2008-12-21

Euskalduna baina ez euskal herritarra?

BERRIAn argitaratua

Aspaldi esan nuen futbolaren etorkizuna Afrikan dagoela. Maliko kaleetan milaka ume dabiltza olgetan, baloirik ezean plastikozko botilari ostikoka, Europan ingelesa ikastera, euskal dantzetara edo merkataritza eremura daramatzagun bitartean. Kalea ez da gure esparrua gehiago. Baina kexa gaitezen auzoetako futbito zelaiak ostu dizkiguten perutarrez. Eta zeinen politak txokolatezko bonboiak Athleticen ereserkia kantatzen, ezta?

Hobe Afrikan hain beharrezko dituzten medikuak, ingeniariak eta buru onenak inportatu beharrean futbolariak inportatzea. Barçaren antzera, futbola eta eskola. Ez genuen esaten bilbotarra edonon jaio daitekeela? Ez genuen aspaldi aldarrikatu euskalduna ez dela kontzeptu geografikoa, ezpada hizkuntzarena? Zergatik ez harrobia Afrikan?

Aspaldi entzun nion poloniarren bati bertakoek nahi ez bazuten izango zela kanpoan ikasiko zuenik, horrek lana ziurtatuz gero. Eta euskaraz dakiena euskalduna bada, nola ukatu euskaldunari euskal herritartasuna, edonon jaiota ere? Katalunian asteon osatu dute Immigrazioari buruzko Itun Nazionala. Hizkuntza betebeharra da naziotasuna lortzeko. Baina horri buelta ere eman behar dakioke, naziotasuna lortzeko beharrizanak beteta, zelan ukatu inori naziotasuna, bere baitan dituen boto, etxebizitza, lan eta hezkuntza eskubideekin batera?

Bai, bai, horretarako naziotasunaren aitorpena behar da. Eta selekzioaz zer diodan? Futbola ez dut gustuko artikuluan Eider Alkortak zioena: «Euskal Herriko Selekzioa izenez eratzeak ez du politikoki subirano izango den naziorik ahalbidetuko, alderantziz, bai, ordea. Euskal Herria subjektu politiko balitz, izena eta izana duen selekzioa izango genuke». Gales errugbiko Bost Nazioetan zegoen autonomiarik ez zuenean ere, baina nik gurago Montenegrok bezala jokatu, independente garelako.

2008-12-14

Hurbilketak

BERRIAn argitaratua

Nahikoa esanguratsua iruditu zait Barne Ministerioarekin harreman estua izan ohi duen kazetari batek asteon irratian adierazitako haserrea, hamar preso politikoren hurbilketa dela eta. Benetako haserrea zirudien, eta ez El Mundo-k albistea ohostu diolako soilik. Zenbait preso hurbiltzeko urratsaren berri beste batzuek ere bazutela esan du, baina mugimendu hark ondoriorik sortu arte isilik gordetzea erabaki dutela. Kazetariaren hitzok sinestera, «borroka antiterrorista» oposizioarekin batera egite aldera, Rubalcaba ministroak PPko Trillori jakinarazi zion mugimendua, eta honek berehala filtratu zion bere aldeko egunkariari. Ondorioa: espetxe politikan hastear omen zeukaten aldaketa bertan behera geratu zela oraingoz, albistea publiko egin delako.

Datu esanguratsuak daude mugimendu ustel horretan: lehendabizi, betikoa, ezer egin gabe ere, aitzakia gutxi behar ditu Espainiako gobernuak atzera egiteko. Egia da bakea lortzeak ematen dituenak baino boto gehiago kentzen dituela Espainian traidore deitzeak (asko dio horrek espainiarren izaeraz), baina borondate falta zuritzeko era ere ematen dio beti gobernuari.

Hori ezaguna da, horratik. Are esanguratsuagoa da balizko urratsean sumatzen dena: borroka armatuarekiko kritikoak hurbilketarekin saritu dituela ulertu dugu. Inor limurtzeko modu eskasa; lehendik goxoki hobeekin ere kale egin izan du Espainiak. Euskal preso politikoen artean eztabaida sustatu gura badu, ziur emaitza hobeak lortzen dituela legea eta giza eskubideak betetzeko prest dagoela erakutsita, senideei ezarritako zigorrak kenduta, kasu, eta Euskal Herrian elkartuta presoak. Borroka armatuaz, gatazkaz eta presoen izaeraz hausnarketa bideratzea oso erraza da, nahi izanez gero.

2008-12-07

Eta AHTz galdetuz gero?

BERRIAn argitaratua

Konstatazioa: jende gehiena Azpeitiko hilketaren aurka dago. Konstatazioa: jende asko (gehiena?) abiadura handiko trenaren aurka dago. Inpresio bat: espainiarren estrategia berria EAE-ANV udaletxeetatik kanporatzea izango ei da, azken atentatuak posible egin ei du orain arte «legez ezinezko» zirudiena (Espainiako Gobernuak dixit, alderdia legez kanpo uztea gauza bat zela eta beste bat hauteskundeetako emaitzak). Ez dakit zelan, baina esango nuke hori ere egingo dutela, eskubide murrizketaren espiralean beste gradu bat.

Bai, badakit asteon eskubide murrizketarik gertatu bada Azpeitiko hilketa izan da. AHTren aurka diren batek baino gehiagok esan du egunotan zilegi den aldarrikapenerako oztopo dela ETA eta eztabaida arrazionala eragozten duela. Tristeena da denok dakigula Lemoizen eta Itoitzen aldea, bietan oso herri mugimendu garrantzitsua antolatu bazen ere. Mila manifestaziok, desobedientzia ekimenek eta are sabotajek ez dituzte geldiarazten gure politikariak. Azpiegitura «estrategikoa» da, eta eztabaiden sasoia antzina amaitu ei zen (noiz, baina?).

Oso polita da Suitzara joatea han zer egiten duten ikustera, kalamua legeztatu ala ez eta bestelako kontuak zelan uzten duten herritarren esku. Hemen, ordea, Barne sailburuak esan du trena kosta ahala kosta egingo dutela. Militarismoari militarismoz erantzun, eta negozioa puztu segurtasun enpresen kontura. Baina asteongo kolpearen gisako beste bat, eta ea zein enpresariok jasaten duen etxekoen presioa.

Urriko galdeketaren bi helburuetarik bat ETAri mezu argia helaraztea ei zen. Martxoan dauka berriz ere egiteko aukera, zein lehendakari gura dugun galdetzeaz gain, AHTrik gura dugun itaunduta. AEBetan, Obama-McCain bozkatzeaz gain, 153 galdeketa egin zituzten azaroaren 4an. Militarismoaren aurka, demokrazia.

2008-11-30

Batasuna partizioa ere bada

BERRIAn argitaratua

Urduri behar du EAJk. Ez azken inkestagatik soilik (baina hori ere bai, ezker abertzalekoek beren zerrendari eman ezean etxean geratuko baitira, eta alderdi espainolek lehenengoz hirukoak baino gehiago lortuko lukete), Kutxak batzeko operazioak agerian utzi duen porrot handiagatik baino. Bere egunkariarekin gertatu bezala, bizkaitarrismo hutsera itzultzen ari da. Bizkaiko UPN, geroz eta eragin txikiagoa daukala Araban eta Gipuzkoan.

Aspaldiko leloa zen, «orain hau egin (Bizkai-Araba batu) eta gero gerokoak», bidea egin. Aitzakia horren itzalean Euskal Herriko mendebaldea inoiz baino urrunago dago ekialdetik, belaunaldi oso bat hazi da «Euskadi y Navarra» entzuten. Eta inor bada Euskadi lurraldearen %35 soilik dela uste duena partizio hori bultzatu dutenak dira. «Euskadiko ekonomiaz» ziharduela Amikuzeko laborariak zituen gogoan? Nork argitaratu zuen Endarlatsak «Euskadi eta Nafarroa» batuko zituela? Zein turismo webgune ofizialek esaten die atzerritarrei Basque Country-k 7.234 km2 dituela eta bi milioi biztanle pasa, eta «Espainiakoa hamazazpi erregioetako bat» dela? Irlandako 1921eko zatiketak ekarri zituen geroko gatazkak ere.

Aro baten amaieraren atarian gaude. Eta espainiarrak oso ondo prestatuta ikusten ditut, gazteluari erasotzeko prest. Gazteluko jauntxoak, berriz, urduri, burua zelan salbatu, ezin asma aurre egitea komeni den ala geroko negoziazioetarako garaia iritsi den, boterea galdu baina negozioei behintzat eusteko. Eta herri xehea? Ez dakit, hau luze doala eta ez dakit zer gehiago. Gaitz erdi Fredi ausartu zen herenegun argi esatera. Orain egin behar da, orain da unea. Irlandan bezala, arms dump. Gero ere egongo da berriz haserretzeko astia, beti bezala. Bankariak ez, besteok batzeko unea da.

2008-11-23

'Enaltecimiento', what is this?

BERRIAn argitaratua

Argala borrokalari antifrankista goraipatzeak (Euskal Herria eta bide batez Espainia Carreroren diktaduratik libratu zuena), Mussolini exekutatu zuten partisauak laudatzea edo Hitlerren aurkako atentatugileak ohoratzea bezala beharko zuen. Egunkaria itxi eta inkomunikazioan torturatzen dutelarik estatuburuari torturatzaileen buruzagi deitzea, torturaren larriaz arreta erakartzeko berbazko probokazio soil. Eta «aurrera bolie» esatea, «ni un paso atrás» bezain hutsala, juridikoki begiratuta. Baina urratsak egin dira, eta jendea ohitu. «Terrorismoa goratzea» zigorgarri zela erraz sinetsarazi zioten jendeari, eta berbak zigorra behar duela.

Hori bera egiten du Turkiak, baina sekulako presioa jasaten du 301. artikulua (turkiartasuna iraintzea) kode penaletik ken dezan. Espainian aurkako bidean doaz. Argala goraipatzea eta Espainiako erregea iraintzea izan dira euskal politikari garrantzitsuenetakoa espetxeratzeko motiboa. Orain beste pertsona baten estradizioa are justifikazio zailagoekin lortu nahi dute. Baina «apologia» eta antzeko delituak existitzen ez diren herrialde batekin egin dute topo. Erresuma Batuak kolonialismo basatia egin izan du, gerra zikina, baina XXI. mendean, apologia eta adierazpen askatasuna balantzan jarritakoan oso argi daukate bakoitzaren pisua. Tira, Espainiak ere argi dauka zein pisu duen apologiak, eta zein gutxi askatasunak.

Autoritarismo espainiarrak zipriztin dezakeela iradokitze hutsak amorru bizian jarri du EA, normala den legez. Baina poliziak alderdiak ikertzea eta milaka herritar legez kanpo uztea lehen ere bazen bidegabea. Bertolt Brechten poema gogoratzen duzue?

2008-11-16

Piztu ilusioa

BERRIAn argitaratua

Aspaldikoa da txantxa: «EAJrik gabe oso zaila da, baina EAJrekin ezinezkoa». Etsipen uneetako esaldi etsigarria sarri erabili dute ezker abertzalean. Eta une etsigarri horietan egin ohi dute alderdi espainolek apustu handiena, orain profil antiabertzalea kendu eta are euskaltzale mozorroa ere jantzi arren -abertzaleek Nafarroan ikurrinak ezkutatzen dituzten gisan hartzen du PSEk mendebaldean estetika zurigorriberdea-.

Batzuek EAren erabakian etsipena gainditu eta ilusio berria piztuko lukeen egitasmo independentistaren ernamuina aurreikusi dute. «Militarismoa kendu eta mugimendu zibil eta transbertsala sustatu» beharra azpimarratu zuen Fermin Muguruzak orriotan. Mesfidantza ugari gainditu behar dira: EAk konplexurik gabeko apustua duela -eta ez ilegalizazioaz aprobetxatze hutsa-, eta ezker abertzaleak sarri erabili duen hegemonismoa gainditu eta benetako elkarlanerako gaitasuna agertuz. Aralarrekin piztutako ikamika sarri pertsonaletatik haratago begiratuz, adibidez.

Eta goikoak txikikeria egiten dituen mesfidantza handiena: «Militarismoa kendu» zioen Muguruzak. Espainiaren gerra gosearen salaketaren ondoan, gutxik aipatu dute Friendship-eko parlamentarioek beste zerbait ere nabarmendu dutela: Irlanda eta Hego Afrikan adar militarrak «politikoarekiko zeukan diziplina» falta dela hemen.

Hori gaindituta, dena da posible: EAJn egon litezkeenetatik kanpo hamazazpi parlamentario independentista daude Gasteizen. Gehitu horri noraezean den egitasmo jeltzalea, gora doan PSEren autonomismo sasimoderatua, eta hogeina parlamentarioren lehia erakargarria daukagu.

Esne saltzailearenak utzita, etsipena gainditzeko lana da gakoa. Ilusioa piztean beti erantzun baitu herri honek.

2008-11-09

Guantanamera

BERRIAn argitaratua

Gehienek diote AEBetan aldaketak luze joko duela. Beste batzuek, berriz, lehen sei hiletan egiten ez dena, nekez egingo dela gerora. Beti dago hasierako xalotasuna eta lanerako gogoa urtzeko arriskua, eta ohikoa da borondate onena galtzea pragmatismoaren izenean. Kontuak kontu, gutxik barkatuko liokete agindutako gauza batzuk ez betetzea. Irak, kasu. Eta Guantanamo.

Ezin dut pentsatu datorren urtean Guantanamok bere horretan jarraituko duenik. Baina sinesten dut datorren urtean Espainiako legedi antiterrorista indarrean izango dela. Nazio Batuen txostenak dimisio mordoxka bat eragingo luke edozein herrialdetan, Errusian, Bushen AEBetan edo edozein koloretako Espainiako gobernuan izan ezik. Argi dio txostenak, beste herrialdeen antzera egon daitezkeen polizia gehiegikeriez haratago -etorkinen aurka batez ere dauden eraso eta tortura kasu isolatuak gutxietsi barik- euskal gatazkan kontrainsurgentzia taktika sistematikoa dela tortura. Etakideei informazioa eskuratzeko soilik balitz ere ez legoke justifikatuta, baina are okerrago da biztanle sektore oso baten aurkako terrore estrategia izatea.

Torturak beharrezko ditu babesleak. Hasieran isilik geratzen dira behinolako ezkertiarrak, ETAren aurka daudela argi gera dadin. Zintzotasunari behin traizio egin eta gero, lasai esaten dute tortura salaketak gezurrak direla. Asko jota, ikerketa eskatzen dute. Torturatzaileek torturak iker ditzatela. Eta Guantanamoz eta CIAren hegaldiez diharduten hedabideak, isilik, norbaitek hots egin balie bezala, edo zentsura frankistak orrialdea ezabatu. Baina Espainiako hedabideek ez dute ez zentsorerik ez telefono deirik behar, zer egin behar den ondo dakiten profesionalak dira.

2008-11-02

Anti-amerikanoak

BERRIAn argitaratua

Halloween bart, eta etzi hauteskundeak. Obamaren lilura lar sinetsi gura ez, baina era berean botoa eman ahal izatea desio, McCain munduko buru ez bada gauzak hobeto joango direlakoan. Umeak zoriontsu merkataritza eremuan urtebetetze eguna ospatzen, zer esanik ez eskoziar izeneko hanburgesa gringoak tartean badira. Geroz eta konplexu gutxiago, geroz eta estatubatuartuago (hau berba!); iraultzaren ametsean bizitakoen amesgaiztoak betetzen ari dira.

Halloween-ik gabekoen belaunaldikoa naiz, ospatzen zuten bakarrak oso pijoak edo oso freakyak ziren sasoikoak. Baina berezia izan zait beti domusantu bezpera. Edozein jai santuren aitzakian egiten jarraitzen dugun herrian, motiborik gabeko parranda lotsagabea izaten da, ez txosna ez txaranga ez pregoi, kalera irten eta ez jakin noiz itzuliko zaren.

Estatu Batuei zalantzarik gabe leporatu dakizkiekeen mila bekatuak ahaztu barik, Kubatik Irakera eta etxe barruko miserietaraino, ez dut Hegoaldeko anti-amerikanismoa gustuko. Ezin ahaztu beltzen esklabotzan eta indiarren genozidioan eraikitako nazioa dela, baina Kuba eta Latin Amerika osoan ez ote da berdin gertatu? Europan mendetako historiaren harrotasuna zama ere bazaigu askotan; Ameriketan, ipar zein hego ia denak itsasontziak ekarritakoak dira.

Hala ere, Europan, Bidasoaz iparraldera kasu, kritika neurtzen hobeto dakizuelakoan nago. Penintsulan, anti-inperialismoa ez da ezkerrekoa soilik, Aznar ez beste espainiar guztien jarrera naturala. 1973ko Txile eta 89ko Panama eta blokeoa eta beste mila motibo daude, baina kritika gorroto bihurtzen duena atzerago dago, inperio hispano haren oroitzapenean, eta zenbat galdu genuen 1898an.

2008-10-26

Zeinen erraza Venezuela

BERRIAn argitaratua

Bigarrenez mintzatu berri da Europako Parlamentua Venezuelako gobernuaren aurka, eskumako alderdiek soilik (EAJk barne, noski) bultzatutako adierazpenaren bidez. Iaz prentsa-askatasunaren aurka joatea aurpegiratu zioten, kolpismoa bultzatzen zuen telebista kateari lizentzia amaitu ostean, hura berritu ez ziotelako. Asteon hautagaien inhabilitazioak demokraziari egiten dion kaltea dela-eta egin dute salaketa.

Ez nator, horratik, Venezuelaren alde edo aurka egitera. Eztabaida horiek badute aski defendatzaile zein aurkari. Gaia aurkeztu dutenen lotsagabekeria da amorratzen nauena. Caracasek lizentziak agortu arte itxaron du behinik behin haiek ez berritzeko, epai bidez ebatzi dute ustelkeria kasuetan egondako hautagai batzuek ez dutela aurkezterik.

Milaka kilometrora dagoen estatu subirano baten aurka egiteko lotsarik ez duten artean, berbarik ez egunkariak ixten diren estatuaren aurka, Argala borrokalari antifrankista goraipatzea edo «aurrera bolie» esatea zigorgarri den baina Falangea legezko den erregimenaren kontra. Biktimaz mozorrotutako lobby ultrek estatuaren zutabeak bahitu eta gerraren interesen alde jartzea oso merke da Espainian.

Baina are higuingarriagoa da itsasoaz beste aldera demokrazia lezioak ematera joatea. Etxean bertan, hipokrisiaren Europan, aski ausardiarik izan ez dutelarik ahotsik altxatzeko inongo epaiketa edo sententziarik gabe, poliziaren datu soilez eta defendatzeko aukerarik gabe heriotza zibila ezarri diguten milaka herritarren alde.

A, atzokoak behar zuen euskal mendebaldarron egun handia, ezta? Barbaroen zain jarraitu beharko dugu.

2008-10-12

Ospatu?

BERRIAn argitaratua

Urtero ospatu dugu gaurko eguna gurean. Gogoan dut osaba etortzen zela familiako bazkarira, «Salveko kuartelekoak ere zure urteguna ospatzen ari dira, Urtzi» esanez. Txantxak aparte, aurten etxetik urrun bete ditut urteak lehen aldiz, tragedia haren ondorengoekin. Gaur danborren jaialdia daukate Kolonbiako Karibeko herri txiki baten, Palenquen. Esklabo hartu zizkieten arbasoak, Afrikako etniak nahas-mahas deliberatuan ezarri azalaren koloreak baizik berdintzen ez zituen herritarrak. Palenque-ak ihesi joan ziren esklaboen gotorlekuak ziren; gutxitan kontatu da koloniatik urrun kontinente berri baten matxino zirenen historia.

Gaur urrundik joaten dira Palenquera, Karibean bantu herria aurkitzera, espainieratik sorturiko kreole bitxiaren arrastoetan ikertzera, Afrika Ameriketan bilatzera. Gaur Venezuelan erresistentzia indigenaren eguna da, eta hara doan euskaldunak hizkuntza indigenak gurea baino askoz atzerago ikusi arren, berba politak baino ez dizkiezu entzungo gobernu iraultzaileaz. «Bostehun urteko umilazioak ez dira berehalakoan gainditzen» diotsue, eta ez duzu Bolivia gogoratu gura.

Espainiar askok, zinismo ukitu handi batekin erantzun diete latin amerikarrei «zuen eta zuen arbasoen erruz sufritzen du Amerikak oraindik» aurpegiratzen dietelarik: «Nire arbasoak Espainian daude, zure arbasoak izan ziren hona etorri zirenak lurrak ostera eta indigenak hiltzera». Touché.

Baina egiaren atzean ukazioa dago, gaur bizi diren estatuan inperioan oroimina eta Latin Amerikarekiko nagusitasuna dagoen gisan. Alemanek diote holokausto bakarra beraiena izan zela. Nik diot espainiarrak direla holokaustoa ospatzen duten bakarrak.

2008-10-05

Euskararen botoak

BERRIAn argitaratua

Beti HB, baina 2001ean --Mayor Orejaren beldurrez, badakizue-- jeltzale bozkatu zuen lagunak zioen ez zuela berriz egingo, borroka armatuaz haserre baina Ondarroaz, Zizurkilez eta beste lotsagabekeriez are sutuago. Gauzak apaldu eta «arriskua» ostera ere ikusita, ordea, ustezko pragmatismorantz lerratzen hasi zen berriz ere. Ikastolak, euskara... betiko beldurrak.

Azken aldian berriz ezetzean zegoen, EAJk Hezkuntza Sailaren proposamenari egindako joko zikinaren ostean. «Bozkatzeko motibo bakarra kendu zidatek. Beharbada beste aldean boto poltsa handiagoa daukatela pentsatuko ditek». Berriz ere Ibarretxe lehendakarigai doalarik, ez dakit haizeak nondik jotzen dion orain bertan lagunari.

Lopezen euskararekiko proposamena etorri zaigu halako baten, horratik. Donostiar adiskide asko haserretzen zaizkit, Bilbon -zein Jaurlaritzan- Ramon Etxezarretaren eskua gustura igarriko genukeela diotsedanean. Kanpora Bilboko zinegotzi jeltzale antieuskaldun eta akonplejatuak, eta ekarri Donostialdeko haize fresko pixka bat. Kontua da Barakaldoko sozialistak ere berdintsu direla antieuskaldun. Lugaritz da proposamena, ala Barakaldo antzokia?

Funtsean, dagoena baino okerrago ez dutela egingo esan digute, eta sinets liteke. Getxo edo Bilbo, Barakaldo edo Donostia, oso egitasmo ezberdinak dira, alderdi berak kudeatu arren. Bidenabar, inori hizkuntza ez behartzearena hitzetik hartu beharko diogu, euskaraz bizitzea ahalbidetu eta espainiera gehiago inposa ez diezagun. Posible luke bilbotar gurasoak, adibidez, gaztelania ikasgaiari uko egitea, umeak bestela ere kalean aski espainiera ikasi duela eta eskola orduak hobeto aprobetxatzeko?

Baina zer axola dio horrek guztiak sufragio unibertsalik gabeko herrialdean?

2008-09-28

Han eta hemen, elkarrizketa

BERRIAn argitaratua

Zaila da etxetik urrun zaudela hain hurbileko gauzez berba egitea. Berriz hilketa, berriz eskubide zibilen urraketa basatia, eta Frantzia labeko tenperatura igotzen. Urruneko begiradak txikitu egiten ditu gure gatazkaren zertzeladak, eta inor gutxiri ardura diote itsasoaz bestaldean gure bazterretako kontuek.

Kolonbian sindikalistekin bildu gara. Zer esango dio euskaldunak aurten 41 sindikalista hil dituzten herrialde bateko buruzagi sindikalari? Biharamunean bahituen senideekin egiten duten irrati programan izan naiz. Egoeraren beste ikuspegi bat da, han nekez entzuten da paramilitarismoaz berbarik. FARCen bahituen senideek gatibuak dauzkate gogoan, ez besterik. Gure programan bahitu ohi bat ere badago. Polizia izana, Euskal Herrian ere ezagutzen ditugun elkarteen antzekoa sortu dute bahituta egon diren militar eta polizia ohiek. Ondo kalkulatzen du gobernuaren aurkako berbarik ez ateratzeko, baina lerro artean zalantza gutxi dago. Pragmatismo hutsez, eztabaidaren aldeko da polizia ohia: «Nahiko nuke Ingrid Betancourten bahiketa bezala amaitzea denak, baina hori behin egin daiteke. Horregatik diot ez dela gehiago inoren bizitzarik arriskuan jarri behar, ez dugula baimendu behar bahiturik hiltzerik horrelako operazio baten edo alde bien arteko tiroketan. Lehena biziak salbatzea da, eta horretarako negoziatu egin behar da. Ni elkartruke humanitarioan askatu ninduten eta etorkizunean ere hori egin behar da. Hitz egin eta negoziatu».

Polizia ohia da; terrorismoaren biktima, izendapen ofizialen arabera. Baina badaki biziak salbatzea dela garrantzitsuena, diskurtso faltsuak ahaztu eta horretarako deabruarekin hitz egin behar bada ere.

2008-09-21

Stockholmeko sindromea

BERRIArako idatzia Bogotan, PEN Klubeko urteroko bileran

Bogotan bilduta gaude egunotan nazioarteko PEN taldeetako hainbat kide. Badu alde ludikoa biltzarrak, noski, helburua elkarren kulturak hurbiltzea baita, baina baita zailtasunak dituztenei laguntzea, itzulpenaz eta bestelako gaiez jardutea, eta politika asko egoten da sarritan.

Herri txikiek elkarrekin biltzeko joera normala da, kurduak, txetxeniarrak, esloveniarrak, katalanak. Gainontzeko parte-hartzaileek bezala, finlandiarrak ere badaki zerbait gure herriaz eta azken urteetan independentzia lortu dutenez. «Estoniarrei badakizu zer esan zieten aitorpen eske Luxenburgora joan zirelarik? Herri txikiegia zirela estatua izateko. Luxenburgon! Neurria ez da nahikoa, desatsegina izan behar da», diosku esloveniarra aldamenetik pasa ahala. «Hauek desatseginak izan ziren», egin du barre, eta besteak «eta argiak ere bai» erantzun. Gurean egurra ari duela diotsot. Ez gara argiegiak izango, baina munduko galtzaileen klubera ez gara gure borondatez etorri.

Gero esan digu, independentzia lortu eta ia mende bat pasa dela Finlandian, eta gaur egun finlandiar askori berdin litzaiokeela Suediarekin bat egitea. «Eskandinavian barna bestelako filosofia eta giro bat dago gaur egun, zergatik ez auzo sinpatiko horiekin bat egin? Hori bai, errusiarrekin pentsatu ere ez. Suediarrei izulaborria sortzen die ideiak, baina».

Eta horixe esan diogu, guk ere bat egingo genukeela Suediarekin. Baina lehendabizi Espainiaz libratu beharra daukagula, garenik ere ukatu eta ez garen hori legez kanpo uzteko gai den munstro hori. Gura badute, datozela Stockholmetik Ikea baino zerbait gehiago ekartzera. Gustura bihurtuko gara Suediako probintzia.

2008-09-14

Bakarra eta zatiezina

BERRIAn argitaratua

Petronorreko presidenteak iragarri bezala (beste edonork esan balu apologia leporatuko zioten), Konstituzionalak argi utzi du: Espainiako legediaren bidetik, tururu. Nik ez dakit epaiak ETAri arrazoi ematen dion (tira, badakit, baina zuek ere badakizue adierazpen askatasuna zeinen eskastxoa den parajeotan). Hemen ez dago Eskoziako eztabaida sosegaturik (independentziaz dihardute han, eufemismo barik), hain gutxi Belgikako solasik. Hau Turkia zaharra da, euskal herririk ez dago, mendiko turkiarrak gara denak eta mendiko turkieraz egiten dugu.

Lizarra bere bizitzako sasoi politena izan zela esan du asteon Arzalluzek. Eta egia da mende berrian behin ere ez dela orduko ilusioaren erdirik piztu. Azken su-etena askoz zuhurrago hartu genuen denok, ilusio lar hartuta zaputza handiagoa delako batetik, eta superstizio puntu batekin bestetik, ea prozesua askorik aipatu barik ondo irteten den. Orduan ere kale. Eta kalean ezertarako ilusiorik ez, ETAgatik batzuek, AHT eta bestelakoen EAJgatik besteek, erdibideko grisak jasan ezinik azkenak, orain gobernuaren altzo beroan ilegalak kritikatzen dihardutenak eta hauteskundeetan ezker abertzalez mozorrotuta keinuka dihardutenak.

Lizarra joan bazen ez da itzuliko, baina ilusio berriak piztea ez legoke txarto. Eskoziaren bidea jarraitzea mendeetako aukera historikoa litzateke. Baina bitartean gaita jotzen ibili barik, inork sinesten ez dituen biktimismo elektoralistak bazterrean utzi eta lan egitea ez legoke txarto. Asteon biluzik dabilela esan diote mozorro sinesgarria zuela uste zuen lehendakariari. Madrilgoa argi zegoen, baina Trebiñuk gogorarazi dio, benetan busti nahi badu, badaukala non murgildu ur handietan sartu barik ere.

2008-09-07

Geopolitikaz ez dakidala izango da

BERRIAn argitaratua

Georgiarrek eta abkhaziarrek argi dute ahaide gaituztela euskaldunak. Pena zeinen jaramon gutxi egin dieten Euskal Herrian, puntu asko irabaz litzakete han, gero etxean bitartekari jarduteko. Bilboko udalean akordatu dira behinola Tbilisirekin senidetu zirela -ordutik inolako ekimenik bultzatu ez arren- eta testu gatzbakoren bat onartu dute. Georgiako udalekin senidetutako beste euskal hiriek -badira batzuk-, hori ere ez.

Arduratzeraino bat egin dut neocon batzuen salaketekin egunotan, latinoamerikar askoren patetikotasunari bertako sasi ezkertiarrek zelan jarraitu dioten sinetsi ezinik. Oligarken Errusia, ezkertiarra ote? Gringoen atzeko patioarekin horrenbesteko elkartasuna dutenak (ai, hispaniartasuna), zergatik harritzen dira Lituaniak edo Georgiak mehatxu hurbilaren babesa urrun bilatzen dutela-eta? Vatikanoko, Loiolako zein Iruñeko santujaleen kritikook, noiztik da Iran aurrerakoia? Jermolov XIX. mendeko genozidak Ipar Kaukaso indigenaz hustu eta kosakoz bete zituen. Gero Stalinek kopiatu zuen eta Putin heroiak Txetxenian marka hobetu du.

Ez dut Georgiaren erasoa zurituko. Errusiak prestatutako probokazioa balitz ere, hildakoak Kremlineko propagandak esandakoak baino gutxiago izan arren, zalantza gutxi dago nork suntsitu zuen Tskhinval. Osetiarrek zein abkhaziarrek beste edozein herrik daukan autodeterminazio eskubidea dute, baiki, baina ez ahaztu Abkhaziako biztanleen % 60 Georgian erbesteratuta bizi direla, eta gauza bera egin dutela orain Osetiako georgiarrekin.

A, eta txetxeniar gehienak georgiarrekin badaude -baita duela hamabost urte Abkhaziaren alde borrokatu zirenak ere-, zergatik ote da?

2008-07-13

Besteak

BERRIAn argitaratua

Ez bat ez bi, hamabost etorkin (sic) hil direla irakurri dut, Europara bidean. Hurrena lau etorkin (sic) gehiago hil direla. Etorkinak. Europatik Afrikara. Afrikatik Afrikara (Kanaria uharteak mapan kokatzen ere ahaztu zaigu?)

Kareletik bota dituzte. Zeinen egoera gogorra, baina zorionez ez gara, eurak dira. Besteak. Afrikarrak. Beltzak. Etorkinak, omen. Ez diogu erreparatzen hitzen kargari, gezurrari, baina nabarmentzeko balio digute. Turistak gara, bidaiariak, atzerrira ikastera edo are lanera joango gara, baina Erasmusak izango dira gure ikasleak, profesionalak edo kooperanteak gure beharginak.

Afrika Beltzari 'subsaharian' adjektiboa jarri ziotenetik hala-hola itzuli dugu. Beti emigrante izan zen figurarekin nahastu ezin eta immigrante, etorkin izenak asmatu genuen.

Itsasoan hil eta etorkin? Oraindik etorri ez delarik nola ba etorkin? Haurrak etorri barik ekarri egiten dituztelarik, etorkin? Ez etorkin bakarrik, etorkin ilegal. Immigrazio ilegalari aurre egiteko gotortu dezagun kontinente zaharra. Zeinen putakumea Berlusconi, lotsarik gabe markatzen erromaniak. Barkatu, krisia dator eta, kotizatu duzunetik dagokizuna hartu eta alde egingo zenuke? Eraikuntzak kale egin du eta porlangintzan bertakoak jarriko ditugu hirurogei orduz beharrean. Borondatez, hori bai. Erresuminik gabe, bye bye.

Europar agintarien aburuz demagogia ei da Evo Moralesek orriotan gaur dioena. Potosi Europarekin zorretan den planetan bizi gara, baina besteak dira demagogoak. Beti besteak. Baina beste guztiak haserretzen direnean...

2008-07-06

Inpresioak

BERRIAn argitaratua

Inpresioa: inor gutxi fidatzen da EAJz. Lehendakaria askoz gardenagoa da, ados egon zein ez. Inpresioa: PSE-PSOEk gogor agertu behar du Espainian, baina euskal mendebaldean aurrerakoi, are euskaltzale itxura behar du, EAJk galdutako zentralitatearen lekukoa hartu balu legez. Inpresioa: ilusioa pizteko ahaleginean daude lehendakaria eta EA eta Aralarreko buruzagiak, euskaldunon hitza espainiar legeen gainetik egongo direla sinetsarazi guran. Inpresioa: ezker abertzalea baldekada ur hotz botatzen ari da ameskeriatik iratzartzeko. Deserosoa du diskurtsoa, etsipenezkoa, bestela ere ilusioa galduta daukan gizartearentzat. Askoz atseginagoa da nahi duguna izango garela dioen hori (hipotetikoan, noski. Adreiluaren trafikanteei asfaltozko negozioak agintzea ekonomia suspertzea da, hazkunde eredua ez da galdekizun. Ohi bezala, txikizioa mendebaldetik dator eta giputzekin gero ausartuko dira, Bizkaiko errauste plantak egin ostean Gipuzkoan egiten saiatu diren legez).

Ilusio naif-a eta errealismo gordina, familia abertzalearen aurpegi biak. Eta Imazen iragarpena: ETAk argumentu bat gehiago izango luke Espainiaren ukoarekin. Argumentu hori zaharra ez balu legez. Benetan bertigoa ematen diena arrazoi izatea da, agerian uztea Espainiak daukala azken hitza, eta demokraziaren bideak oso bide laburra daukala gurean. Gidoiak argi dakar: Espainiaren ukoa, ETAren jarduna, ezker abertzalearen ilegalizazioa, espetxeratzeak, eta beste abertzaleen protesta apalak eta debekuari men egitea. Badakigu lehen hiru agente politikoak noraino irits daitezkeen, orain galdeketa deitu duenak erakutsi beharko du. Etsipenaren gurpil zoroa hausteko ahalegin ederra izan liteke, benetan ausartuko balira.

Teresa falta da


BERRIAn argitaratua

Duela hamar urte hasi nintzen kazetari lanean, telebistan, bekadun. Ordurako artikulutxoren bat edo beste egin arren, karrerari ekin baino lehenagotik hasi nintzen hedabideekin lehen harreman aktiboa izaten. Gerora profesionalki gutxien jardun naizen eremuan, irratigintzan. Inaxio Usarraldek deitu zidan Egin Irratian astero bertsoa kantatzeko, eta Egineko orrialdeetan irakurtzen nuen bertsoa biharamunean. Zer zen hura, literatur lan gutxi batzuk argitaratuta zeuzkan institutuko gaztetxoarentzat!

Egin izan nuen lehen adierazpide. Bekadun xumea Iurretako erredakziotik prentsaurreko batera bidali zuten lehen egunean, bazekien Aldundiko inaugurazio hura ez zela eguneko lehen albiste izango. Kazetaritza protagonista denean, kalterako izan ohi da. Egunkariak lehen editoriala argitaratu zuen biharamunean. Euskadi Informacion irten zen, muturrekoari beste masailarekin emandako erantzuna.

Estatuak bahitu, ostu, eta, hala ere, pozten garen herrialdean bizi gara. Milaka euroko bermea eta aldian-aldian epailearengana joan behar duten pertsonak ahaztu egiten ditugu geografia honetako tragedien zerrendan. Hala ere, gustura kenduko dugu Xabier Salutregi espetxeratutako kazetarien zerrendatik (RSF-Mugarik Gabeko Kazetariek nahiko lan Txina, Kuba eta ETA salatzen, nonbait, Europako Batasunean kazetari gehien espetxeratzen dituen herrialdeaz gogoratzeko), eta berdin kendu gura ditugu Teresa Toda eta Egineko espetxeratu guztiak. Eta Egin zabalik gura dugu, eta Egunkaria, eta Ardi Beltza, eta Egin Irratia. Eta adierazpen askatasuna urratzen duten beste erakunde batzuen gisan, prentsa askatasunaren harrapatzaile izenda ditzala RSFk Garzon, Del Olmo eta soka bereko kriminalak.

2008-06-22

Arrotz

BERRIAn argitaratua

Bilboko hotelak euskara-ingelesa modako nahastea daroa izenean. Turista gustura joan da, eskerrak eman dizkie betiko irribarreagatik eta horren jator portatzeagatik. Etxean bezala sentitu da Zazpikaleko ostatuan. Gu etxean gaude, baina arrotz sentitzen gara. Edo agian diglosia etxekoegi dugu jadanik. Hotelean ingeles hobe edo txarragoz egiten dute, baina britainiarrak izango du beti erantzuna. Espainiarrak hortxe ditu dozenaka egunkari hispano taxia iritsi artean irakurtzeko. Euskara ez da existitzen Bilboko hoteletan.

Joan gara hoteletik, autobidean argazkiak egin ditu Gasteiza bidean. «Errepide seinaleak ele bitan dauzkazue». Iritsi gara parlamentura. Arraro begiratu dit kurduak. Lotsaz erantzun diot begiradari. Ez zen hau euskaldunen parlamentua? Ez ba, erdaldunena da. Hiru ertzain atarian, agiri eske barrura sartzeko. Ele bitan irakurri ditu kurduak agiriak, baina elebakarra da agurra. Euskara hizkuntza idatzia, fosila da.

Euskaltzalea elebiduna da, badaki euskaraz, badaki gaztelaniaz. Ez dute zubi-hizkuntzarik. Kurduak ez daki euskaldunak dakien hizkuntzarik, euskaldunari arrotz zaizkio kurduaren hizkuntzak. Keinuka saiatu dira, irribarre egin diote elkarri, elkartasuna eta konplizitatea dago. Baina berbak behar ditu pertsonak, mutua ez bada, eta berbetan saiatu da euskaldun euskaltzalea, borondatetsu, mintzaideak bere berbarik ulertuko ez duela jakinik. Berdin dio euskaraz zein gaztelaniaz zein ingelesez egin, ez dago zubi-hizkuntzarik, keinuen laguntzaile diren hotsak baino ez dira berbak. Baina euskaldun euskaltzaleak gaztelaniaz egiten dio gaztelaniaz deus ez dakien kurduari, arrotzekin beti egiten duen legez, mendetako diglosian bere aletxoa jarriz.