2008-09-14

Bakarra eta zatiezina

BERRIAn argitaratua

Petronorreko presidenteak iragarri bezala (beste edonork esan balu apologia leporatuko zioten), Konstituzionalak argi utzi du: Espainiako legediaren bidetik, tururu. Nik ez dakit epaiak ETAri arrazoi ematen dion (tira, badakit, baina zuek ere badakizue adierazpen askatasuna zeinen eskastxoa den parajeotan). Hemen ez dago Eskoziako eztabaida sosegaturik (independentziaz dihardute han, eufemismo barik), hain gutxi Belgikako solasik. Hau Turkia zaharra da, euskal herririk ez dago, mendiko turkiarrak gara denak eta mendiko turkieraz egiten dugu.

Lizarra bere bizitzako sasoi politena izan zela esan du asteon Arzalluzek. Eta egia da mende berrian behin ere ez dela orduko ilusioaren erdirik piztu. Azken su-etena askoz zuhurrago hartu genuen denok, ilusio lar hartuta zaputza handiagoa delako batetik, eta superstizio puntu batekin bestetik, ea prozesua askorik aipatu barik ondo irteten den. Orduan ere kale. Eta kalean ezertarako ilusiorik ez, ETAgatik batzuek, AHT eta bestelakoen EAJgatik besteek, erdibideko grisak jasan ezinik azkenak, orain gobernuaren altzo beroan ilegalak kritikatzen dihardutenak eta hauteskundeetan ezker abertzalez mozorrotuta keinuka dihardutenak.

Lizarra joan bazen ez da itzuliko, baina ilusio berriak piztea ez legoke txarto. Eskoziaren bidea jarraitzea mendeetako aukera historikoa litzateke. Baina bitartean gaita jotzen ibili barik, inork sinesten ez dituen biktimismo elektoralistak bazterrean utzi eta lan egitea ez legoke txarto. Asteon biluzik dabilela esan diote mozorro sinesgarria zuela uste zuen lehendakariari. Madrilgoa argi zegoen, baina TrebiƱuk gogorarazi dio, benetan busti nahi badu, badaukala non murgildu ur handietan sartu barik ere.

No comments: