2008-12-07

Eta AHTz galdetuz gero?

BERRIAn argitaratua

Konstatazioa: jende gehiena Azpeitiko hilketaren aurka dago. Konstatazioa: jende asko (gehiena?) abiadura handiko trenaren aurka dago. Inpresio bat: espainiarren estrategia berria EAE-ANV udaletxeetatik kanporatzea izango ei da, azken atentatuak posible egin ei du orain arte «legez ezinezko» zirudiena (Espainiako Gobernuak dixit, alderdia legez kanpo uztea gauza bat zela eta beste bat hauteskundeetako emaitzak). Ez dakit zelan, baina esango nuke hori ere egingo dutela, eskubide murrizketaren espiralean beste gradu bat.

Bai, badakit asteon eskubide murrizketarik gertatu bada Azpeitiko hilketa izan da. AHTren aurka diren batek baino gehiagok esan du egunotan zilegi den aldarrikapenerako oztopo dela ETA eta eztabaida arrazionala eragozten duela. Tristeena da denok dakigula Lemoizen eta Itoitzen aldea, bietan oso herri mugimendu garrantzitsua antolatu bazen ere. Mila manifestaziok, desobedientzia ekimenek eta are sabotajek ez dituzte geldiarazten gure politikariak. Azpiegitura «estrategikoa» da, eta eztabaiden sasoia antzina amaitu ei zen (noiz, baina?).

Oso polita da Suitzara joatea han zer egiten duten ikustera, kalamua legeztatu ala ez eta bestelako kontuak zelan uzten duten herritarren esku. Hemen, ordea, Barne sailburuak esan du trena kosta ahala kosta egingo dutela. Militarismoari militarismoz erantzun, eta negozioa puztu segurtasun enpresen kontura. Baina asteongo kolpearen gisako beste bat, eta ea zein enpresariok jasaten duen etxekoen presioa.

Urriko galdeketaren bi helburuetarik bat ETAri mezu argia helaraztea ei zen. Martxoan dauka berriz ere egiteko aukera, zein lehendakari gura dugun galdetzeaz gain, AHTrik gura dugun itaunduta. AEBetan, Obama-McCain bozkatzeaz gain, 153 galdeketa egin zituzten azaroaren 4an. Militarismoaren aurka, demokrazia.

No comments: