Bilbon -eta Gasteizen, eta Iruñean, eta Barakaldon, eta...- euskaraz dakiela dakizunarekin baino ez duzu egiten euskaraz. Milaka euskaldun egonagatik, oraindik irribarre egiten diozu ezezagun hori euskalduna dela jakitean. Dendariari, kalegarbitzaileari, autobus-gidariari, ibilian dabilenari euskaraz egitea arazo bila ibiltzea da. Aurpegi arraroa jarriko dizute gehienek, baten batek apal esango dizu -agian “barkatu” ere gaineratuz- ez dakiela, eta askok haserre erantzungo dizute “niri espainolez”. 2006n. Gauzak lasai zeuden eta zertan zatoz gure armonia apurtzera politika-kontuekin? Ez, barkatu, nik Urlia kalea non zegoen baino ez nuen jakin gura.
2006-06-26
En castellano
Bilbon -eta Gasteizen, eta Iruñean, eta Barakaldon, eta...- euskaraz dakiela dakizunarekin baino ez duzu egiten euskaraz. Milaka euskaldun egonagatik, oraindik irribarre egiten diozu ezezagun hori euskalduna dela jakitean. Dendariari, kalegarbitzaileari, autobus-gidariari, ibilian dabilenari euskaraz egitea arazo bila ibiltzea da. Aurpegi arraroa jarriko dizute gehienek, baten batek apal esango dizu -agian “barkatu” ere gaineratuz- ez dakiela, eta askok haserre erantzungo dizute “niri espainolez”. 2006n. Gauzak lasai zeuden eta zertan zatoz gure armonia apurtzera politika-kontuekin? Ez, barkatu, nik Urlia kalea non zegoen baino ez nuen jakin gura.
2006-06-25
10.600 euro
Estatu Batuetan zero pare bat gehiago jarriko zizkioten atzetik kalte moralak eta baloratzeko hain errazak ez diren kontu horiengatik, baina bego bere horretan kopurua. 10.600 euro euskararik ez irakasteagatik.
Denok genekien legea ez zela betetzen. Selektibitate-probetan irrigarria iruditzen zitzaigun euskarako proba, are gehiago, Lengua-koarekin alderatuz gero. Oraindik ere hori baita pentsamoldea, Lengua dago batetik, Hizkuntza maiuskuloa, eta gero besteak, euskara, ingelesa, frantsesa... Koofizialtasunaren lurraldean bi hizkuntzen egoera alderatzeko froga polita da unibertsitateko eskakizuna. Gaztelaniazko gramatika eta barne-egituraren goi maila eskatzen den artean, euskarazkoa ulermen proba apal-apala baino ez da.
Euskara ez da beharrezko, aspaldi ikusi genuen. Orain Europara zuzen gaitezkeela esan digute. Jaurlaritza arduratuko da bitartekari egiteaz -itzulpena ordainduko du berak, hau da, guk-. Bitartean, ostiralean bertan, Bilbon ibili nintzen erakunde publiko batetik bestera. Hasi epaitegitik -Madrilen menpe- eta aspaldi Gasteizek hartutako eskuduntzetara, erdaraz derrigor. Unibertsitatera matrikula egiteko hurbildu direnek aipatu didatenez, zaharrak berri han ere: erdaldunak atezainak, erdaldunak kafetegian, erdaldunak leihatilan. 2006an.
Badu Behatokiak salatzeko telefonoa, eta beharrezkoa da, baina horrekin ere erosoegi daude oraindik. Eta protestak protesta, gero eta argiago dut bakoitzak berea egin behar duela. Guk ez dugu arazorik eurena ulertzeko, zuk erdaraz nik euskaraz. Ea behingoan ikusarazten diegun «euskararen arazoa» «erdaldunen arazoa» dela.
2006-06-18
Hain txikiak
Ez dut uste euskarazko prentsa idatziak aldaketa handirik igarriko zionik salmentetan, baina telebistak bai. Badakit helburua ez dela audientzia-lortze hutsa, baina badira egunak jakitun zarena ohi baino jende gutxiagok ikusiko duela zure lana. Euskal Herritik hain urrun gelditzen ei diren espainiar folklorikoen kasua nabarmena da: esanak esan, antzeko jarraipena egiten diete txutxumutxu hispanikoei Andaluziako herririk galduenean eta Hego Euskal Herriko herri euskaldunetan. Oraintsu hildako kantariaren antzera. Egun horietan igartzen diozu zeinen txiki garen askotan, informazio eta interes-agenda bat ezartzeko ezdeus. Badakizu euskal ikusleek ere espainiar kateetara joko dutela, haiek emango baitiete zehatz-mehatz azken orduaren berri. Bazterretan audientzien arduradunak topatuko dituzu, ea albisteko protagonista geureratzerik daukagun, ea euskal loturaren bat topatzen diozun geuk ere tartetxoa egiteko. Alferrik.
Joan den asteazkenean ere, beste horrenbeste: hamar teleikusletik lauk ikusi ei zuen Espainiako futbol taldearen matxa. Aurretik, Angola-Portugal, jarraian -aurten Irlandarik ez dagoenez- Trinidad eta Tobago-Ingalaterra. Kolonia ohiak metropolien kontra. Azken Olinpiar Jokoetan Puerto Ricok AEBei irabazi zien saskibaloian, eta kubatarrak ohitu dira honezkero beisbolean estatubatuarrak garaitzen. Dena ez da politika, aizue, baina NBEk asteon onartu du AEBen aurkako idatzia, Puerto Ricoren latinoamerikartasuna aldarrikatzen eta independentzia eskubidea eskatzen. Kubak aurkeztuta, noski.
2006-06-12
Football, football, football...
Berria-rako idatzi
Araba Euskaraz-en geunden, arbolaren gerizpean bazkaltzen, tabernatik zetozen oihuei adi. Irlandak 90. minutuan egin zuen gol eta garagardo gehiagorako aitzakia izan zen. Gero penaltiak. Eireri txalo eta biba, baina kanporatu egin zuten. Final-laurdenak astebete beranduago izan ziren. Orain bai, penaltietan Korea aurrera, eta Espainia KO. «Ez zuten esaten korearrak ginela? Aupa Korea!» hasi ziren Otxarkoagakoak. Telebistan negarra eta tristura, mundua hortxe bertan amaituko balitz bezala. Nekez puztuko dira hainbeste hormona hispanikoak, eta kostako da horren burumakur ikustea auzoak. Gauza batzuek ez dute preziorik.
Esango didazue euskal selekziorik balego antzeratsu ibiliko ginatekeela, barre eta negar. Baliteke, baina independentziarik gabe selekziorik izango ez dugunez -zertarako selekzioa independentziarik ez badaukagu?-, hobe espainiarren testosterona apal ibiltzea. Eta Munduko Txapelketak susara jartzen ditu lau urterik behin.
Normala ere bada, horratik. Negozioan eta zaleen arteko gehiegikeriak onartuta ere, pasioa erraz kutsatzen den gaitza da. Eta norbaiten alde edo norbaiten kontra egon ezean, kontu aspergarria da futbola, tartean Brasil-edo ez badabil.
Eta antifutbola ez dagoenez horren modan, hippy-entzat hor daude Togo edo Trinidad eta Tobago. Nik aukeran, Angola, badakizue Afrikako negarra sintoma da. Futbolik ez balego antzeko zerbait asmatu beharko litzateke. Dena ez da literatura, aizue.
2006-06-07
Ederra gola!
Azkenean Marivi Bilbao, Igor Yebra, Javier Clemene, Ane Igarteburu, Jose Antonio Nielfa “La Otxoa”, Jose María Iñigo, Alex de la Iglesia, Jon Aldeiturriaga, Iñaki López eta Txetxu Ugalde dira hautagaiak, bederatzi erdaldun eta euskaldun bakarra oker ez banabil. Ez dakit udalaren bueltan nork erabaki duen sistema "demokratiko" hau, baina azken urteotako pregoilarien aldean (Julio Ibarra, Gaztedi dantza-taldea, Unai Iturriaga, Loli Astoreka, Irkus Robles...) perfila ederto aldatu dela onartu beharko dugu. Eta konpartsei gol "demokratiko" ederra sartu dieten susmoa daukat.
2006-06-04
Bisitari iraultzaile
Ipar Kurdistango basakeriak geldiarazteko zer egin genuen galdetu ziguten, eta mindu egin zituen batzuk ama elebakarraren galderak (kurdu elebakar izatea analfabeto izatearen sinonimo da han). Eta haren moduan galdetuko digute bihar, adibidez, itsasoan hilen ahaideek, horren esplotatutako proletariook uko egin diegun lanen bila itoek.
Badakit geure artean zenbat miseria eta bazterketa dagoen, espekulazioan lotsagabe diharduen zenbat ustezko ezkertiar dagoen badakidan legez. Tartean, erruduntasunetik (ez derrigor kristauak, alemanak, santujale izan barik, ondo barneratuta daukate konplexua eskuin-ezker) ukaziora doan eremu zabala. Azken horiek, kurduak, beltzak edo latin amerikarrak legez esplotatuen taldean daudela sinetsarazi guran. Zapaltzaileek berdintzen ei gaituzte. «Pertsona berberek ostu digute lan-indarra». Baliteke. Baina ostutakoak beti norabide berbera izan du, handik hona.
Feudalismoa eta esklabotza, edo industri-iraultzatik sortutako proletalgoa eta kolonialismoak ekarritako arrazismoa parekatzea da hori. Ez nintzen Hernan Cortes eta ez naiz Bush, baina ez niri saldu geu ere irakiar garela. Geuk gura zein ez, gure bizimodua errazteko dihardu gerran, geure American Way of Life hau, hainbeste kostatako autoa merke ibil dadin.
«Marxen liburua, doktrina bezala abiatu zen gure kamarada», kantatzen zuen Negu Gorriak-ek. «Ongi etorri iraultzailea, agur berriz, turista azkarra, hurrengo arte bisitaria, hemen pringau bat besterik ez zara».
2006-06-03
Oinez
Gertatu behar zuen eta gertatu da azkenean. Autobide bat lehenik, bi, hiru; errei bakarreko errepideak bikoiztu jarraian; herriak eurak paretik kendu jarraian, bost axola saihesbideak mendi magaletan edo nekazaritzarako gelditzen diren lur apurretan egin, zeresanik ez baserriak eta bestelako ondarea traban badaude. Bideek ez dituzte lekuak lotzen jadanik, herriak saihestu egiten dituzte, eta Atik Bra joateko ez da C edo Dtik pasa behar gehiago, onena ziztu bizian ibiltzea da, ahalik bizkorren heldu eta inon gelditu barik. Paradoxa ematen du, saihesbideak bide artez bihurtu dira, eta erdibidean topa ditzakegun lekuetara joateko bide nagusitik irten eta beren-beregi sartu behar dugu jadanik gehienetan.
Gertatzekoa zen, beraz. Herriak, paisaiak, baserriak sobera dauden ereduan, pertsonek eurek ere traba izan behar zuten azkenean. Autorik gabeko egunen leloarekin hasi zirenean erreportajea egitea egokitu zitzaidan, eta gogoan dut hirigintzako kontu horietan zihardutenetako batek ziostana, pertsonek biderik laburrena hartzeko joera dutela, berez. Hala, Bilboko Kale Nagusian bada errepidea diagonalean zeharkatzeko bide bat, hori baita gehienok hartuko genukeen bidea. Baina salbuespena da. Ia beti, asfaltotik bereizteko eskudel gris edo berdeek eragozten diote oinezkoari bidea lekurik laburrenetik zeharkatzea. Eta azkenean, ausartu dira. Zebrabidetik pasa ezean zigortu egingo gaituztela esan digute. Bost axola kale estua eta luzea izan eta zebrabideak urrun egon, behar den lekutik pasa, edo zigorra. Errazagoa zuten oinez ibiltzea debekatzea.
2006-05-29
Montenegro, gu eta besteak
2006-V-28
Espainiarrak Euskal Herri independentearen bideragarritasun ezaz gezurretan hasten direnean, lagun asko sutzen dira. Aurkakoa dela diotset, beldurraren taktika hori erabakitze-ahalmena onartzeko lehen urratsa dela. Nahi duten desastre guztiak sal ditzatela, erabakitzen utziz gero. Geure ardura datuoi aurre egitea eta gehiengoa independentziaren alde jartzea.
Kalkuluak garrantzitsuak dira edozein erreferendumetan. Baina sentimendu-kontua da azken finean. Eslovakiarrek bizkor erabaki zuten bereiztea, lehen urteetan estatu pobreagoan biziko zirela jakin arren. Montenegro salbuespena da agian, gehienengan kalkulu politikoek eta ekonomikoek pisu handiagoa izan baitute.
Ulertzekoa da Euskal Herrian piztutako ilusioa, Europan autodeterminazio-prozesuak dramatismo handirik gabe egin daitezkeen erakusle. Baina erreferendumak berak behar luke interesgarri, emaitzaz haratago. Erreferente beharrak itsutzea ez da komeni. Guk bezalaxe, abkhaziarrek ere begiratu diote Montenegrori, eta Vladimir Putinek argi utzi du: jarraian Kosovoren independentzia onartzen bada, zergatik ez Abkahzia edo Hego Osetiarena? Inperio baten titere direlako, adibidez, Georgia bezalako estatu txiki bat areago ahultzeko. Edo egin dezatela erreferenduma, baina 1992an egotzitako georgiarrak kontuan izanda.
Ez ditut kasuak inolaz ere alderatu gura, baina ezin ahaztu herri gutxituengana hurbiltzeko gogoak Lega Nord-eko sasi faxistengana eroan zituela zenbait abertzale orain ez hainbeste, Padaniaren askatasuna eskatzen.
Gakoa Kosovo da
Gara-n 2006-V-29an argitaratua
Istorio triste baten azken urratsa izan da Serbia eta Montenegroren bereizketa, elkar errespetatuz batera bizitzea posible zela erakutsi zuen proiektuaren behin betiko ehorzketa. Serbiar nazionalismoaren erantzukizuna gutxietsi barik, Alemaniak eta Vatikanok babesturiko kroaziarren basake- riek, Ante Gotovina atxilotuta ere, gertakari burutuen politikarekin egiten dute topo: 2006an oso gutxi dira Kroaziako Krajinetara itzuli diren serbiarrak. Esanguratsua da Montenegrok hamabost urtean egindako aldaketa: Serbiaren anaia txikia, nazionalismo ortodoxoan zutabe ezinbesteko izana, badoa han- diaren aldamenetik. 1992an %90ek batasunaren alde egin zuten, orain erdira jaitsi da kopuru hori. Eta aipagarria da hamabost urteotako gertakarien ostean oraindik ere biztanleriaren ia erdiak Serbiarekiko leialtasun hori agertzea, hiru gerraren ostean estatu paria bihurtu arren. Balkanetako ohiko esaera ziniko batek dioenez, orain bertan aukera balute serbiarrak eurak ere independizatuko lirateke Serbiatik. Ez baita edonolako pagotxa: Balkanetako gerretan Jugoslaviako Armada Federalaren hornitzaile garrantzitsuenetako izana, dozenaka gerra-kriminalen esportatzaile ez ahaztu Radovan Karadzic montenegroarra dela, erabat libre geldituko ei da iraganeko «bekatuez»: Jugoslaviaren ondarea Serbiari dagokio nonbait, eta EBn sartzeko negoziazioetan argi utzi beharko du iraganeko kontuekiko etena. Montenegrok, berriz, eskuak libre Batasunean Kroaziaren ostean sartzeko deskuiduan, harekin batera, turista alemanek Kotor inguruari gustua hartuz gero. Serbia Batasunean sartzetik inoizko urrunen dago, Karadzic eta Mladic entregatu ez dituelako. Montenegrori, ostera, nork eskatuko dio erantzukia, kontuan izanik bere borondatez jarraitu zuela Batasun Federalean, eta haren izenean egindako gerra-krimenetan parte hartu? II. Mundu Gerra osteko Austria gogorarazten du: aliatuek egun batetik bestera aldatu zioten izendapena, eta Alemania naziko zati izatetik herrialde oku- patu izatera biktima, beraz pasatu zen. Montenegron asko dira, ordea, inor serbiar izatekoan eurak direla uste dutenak, mendietan libre, eliza ortodoxoari leial eutsi diotenak, inoiz ere Inperio Otomanoaren menpe jausi gabe. Hamabost urteren buruan hizkuntza berbera daukaten lau estatu dauzkagu Balkanetan. Titok baturiko serbokroazieraren ordez, serbiera, kroaziera, bosniakoa eta, aspaldion, «montenegroera» izeneko hizkuntza ere entzuten da baz- terretan. Estatu katoliko indartsu bat dago, musulmanak nagusi diren estatu zatitu bat, Serbia handiaren ideiak baztertuta hutsetik ekin beharko dion estatu galtzaile bat eta ideologia eta historia bazter utzita kalkuluak ondo egin eta independentziaren bidea hartu duen laugarrena. Esan dut lehen ere proi- ektu interesgarri baten hilobiratzea dela. Etxekoak ez baina hurbileko adibideak erabiltze aldera, Katalunia, Valentzia, Balear Uharteak eta Rossellok estatu bana eratu balute legez. Baina Tudjman, Milosevic eta enparauak atzean utzi ostean, Jugoslaviaren ideia gero eta leku gehiagotan entzuten da. Karahasan, Ugresic edo Jergovic bezalako idazleen hausnarketak oso interesgarriak dira sarean bilatu gura dituenarentzat, baita Emir Kusturica zinemagilearen polemika ere, islama utzi eta eliza ortodoxora bildurik. Oraingoz Jugoslavia hura berregitea ezinezkoa da, baina epe laburrean ez bada, ertainean, zauriak itxi ahala, Jugoslaviaren garrantzia eta onurak atzera ere azaleratuko direlakoan nago. Istriatik Bulgariako mugara hizkuntza bakarra dagoela gogoraraziz, historiako tragedien, izenen eta erlijioen gainetik. Berriz ere benetako burujabetza lantzeko sasoia izan liteke, Alemania, Vatikano, Turkia, Errusia edo Grezia bezalako konpainia txarrak bazter utzita. Montenegron gutxiengoei esker erdietsi dute eskaturiko gehiengoa, estatu txikian euren pisua handiago izango dela jakitun. Baietza ia erabatekoa izan da albaniarren herrietan eta Sandzakeko bosniako askok ere kalkulu berdina egin du. Azken horiek independentzian gehiegi sinetsi gabe, musulmanak nagusi diren Sandzak eskualdea zatitzen ari baitira, baina iragan hurbila gogoan, ulertzekoa da konfiantza handiagoa izatea Montenegro independentean. Askoren azken helburua, ordea, atzera ere Bosniarekin bat egitea da, 1878ra arte egon ziren legez. Eta hor hasten dira aurrera begira sor daitezkeen gatazkak. Kosovokoa dator orain, eta Bosniako serbiarrek gero eta ahots ozenagoz diote hori onartuz gero eurek ere badutela eskubidea estatutik bereizi eta Serbiarekin bat egiteko. Jugoslavia desegiteko prozesua amaitu da, sei errepublika federalak bereizi dira eta estatu bana daukate. Jugoslaviak bazeukan klausula hori, besterik dira geroko basakeriak, baina estatutik bereizteko aukera aurrez ikusita zegoen legean. Kosovoko kasua desberdina da. Serbiar nazionalismoaren eraginez Kosovo nazioaren sorlekutzat baitute eta Jugoslaviaren es- laviar izaerarekin ez ze- torrenez bat Kosovoko gehiengoaren albaniartasuna, Serbiako barruko probintzia izan zen Errepublika Federalean. Titoren azken urteetan, Milosevic baino lehen, de facto sei errepublika federalen pare egon arren. Baina ez zitzaien Jugoslaviatik edo Serbiatik bereizteko aukera edo ahalmena eman. Gertatutako guztiaren ostean, argi dago kosovoar albaniarrek ez dutela independentzia baizik onartuko, orain arteko legedian sartzerik ez dagoen arren. Esan dut, Montenegrorena, atsegin ez arren EBn pisu handiena duten estatuek ez dute begi onez ikusten mugak ukitzea, etxeko ispiluari begira; Alemaniak izan ezik, noski legezko aurreikuspen bezala onar zitekeen. Kontuak kontu, Kosovo independente izango da laster. Gaur Montenegro, bihar Euskal Herria entzun dugu, baina gureak etzi beharko du. Bihar Kosovoren txanda da. Independente dira izatez, gu ez bezala, naziorik gabeko estatu dira, baina horrelakoak badira gehiago, hara Zipre. Bost axola kosovoar naziorik ez existitzea, Kosovok bere estatua izango du. Oraintsu irakurri nuen banderarik ere ez daukatela oraingoz, Albaniakoa erabili baitute. Baina estatuek banderak dauzkate eta, hala bada, ez dago auzoaren oihalarekin ibiltzerik. Berria egin dezakete, Bosnian legez, inor gutxi identifikatuko bada ere. Arazoak arazo, nazioarteko legedia eta antzeko berba potoloak irentsiko ditu laster Europak, autodeterminazio-eskubideari buruzko erretolika faltsuekin batera, eta Kosovo independentea onartuko dute. Orduan bai, motorrak berotu eta esango dugu: hurrengoak geu.
Euskal Herritik aparte aste pare bat emanda, urrundik jarraitu ditut etxeko albisteak eta etxean interesa piztu duten kanpokoak. Ulertzekoa da Montenegroren gainean sorturiko ikusmina, nahiz eta, susmatu bezala, duela aste batzuk arte mapan kokatu ere egingo ez zutenek betiko ahaide bagenitu legez ikusi. Kurdistandik etxera bidean egondako aireportuetan Frantziako eta Alemaniako egunkariak ziren nagusi; lehenentzat gaia agortuta dago, alemanek, berriz, tinta ugari darabilte oraindik Balkanetako herrialdeari buruz.
2006-05-21
Ekialdetik
Berria-n 2006-V-21ean argitaratua
Gaur ekialdera begira jarri zaretela denok esan didate, badagoela nazioren bat independentziaren atarian. Herri gogorra omen, mendietan gotortuta etsaiari aurre egiten jakin izan duena. Inperio otomanoari ere haginak behin baino gehiagotan erakutsitakoa. Ondo dago horrelako leku txikietara begiratzea, mapan kokatzeko lupa hartu eta mendi beltz hori non den jakiteko.
Ekialdera etorri gara gu ere, mendiko herria da hau ere, independentzia gura du honek ere. Turkia urduri dago. Estatua zatituko digute! dioen beldur hori da, Iran eta Siria moduko aurkariengana hurbilarazten duen gezurra. Hegazkinak, tankeak, uniformedunak eta uniforme gabeak, ez dira gezurra. Eta armak ere ez, Euskal Herrian eginagatik, hemengo lagunak hiltzeko.
«Mendiak ditugu lagun bakar» dio kurduen esaera zahar batek. Azken urteotan berritu egin dute, «mendiak eta kalashnikova». Egun batzuetan bada ere, Europako baztertxo batek ez dituela ahazten, lagun dituela esan gura izan diegu gure txikian. Ez da asko eman dieguna, ordu erdiko emanaldi laburrak, musika, kantak, bertsoak... Amed hiriko auzo guztietan izan da biba eta txalo, itxurosoenetik hasi eta adreilua adreiluaren gainean aterpea eraiki duten iheslarienean. Soineko berdea daroa aurkezleak, buruan zinta hori eta gorriak, debekatutako banderaren koloreak. Eta ikurrinari ere keinu egin diote, gurutzea beilegitzea baino ez da falta. Baina hor daude beti besteak, argi uzten eurena dela soka, orain lasaitu eta orain estutzeko. Eta Kurdistanik ez dela gogorarazi gura diguten arren, Kurdistanen gaudela esaten digute behin eta berriz.
2006-05-14
From Spain
Berria-n 2006-V-14an argitaratua
Euskalduna» erantzun eta aurpegia zelan aldatzen zaion antzematen diozu, «barkatu, atsegina baino ez nuen izan gura» edo «ondo, ondo, niri bost axola politika kontuak» esango balu legez.Izan ere, nongoa zaren galdetzea, ia beti, solasari ekiteko aitzakia baino ez da. «Espainiarra», «australiarra» edo «alemana» bezalako erantzun arruntak espero dituzte.
Euskaldunak aurpegi arraroak topatuko ditu leku gehienetan. Ezinbestean euskaldun abertzalea dela ulertuko du solaskideak. Denak gara euskal herritar, ados, baina hori espainiar edo frantses izatearekin bateratzen dutenek gutxitan agertu ohi dute euskal herritartasuna kanpoan. Erosoagoa da, noski, nekeza baita beti lelo berarekin ibiltzea, Frantzia eta Espainia arteko herri txiki bat, Europako hego-mendebaldeko ez dakit zer, hizkuntza berezi bat... bertsio laburrago edo luzeagoa, mintzaidea nor den.
Txikikeria horiez gain, ahalik naturalen saiatu izan naiz beti euskaldun agertzen, naturala balitz legez, garrantzirik ez duela nabarmenduz. Polizia salbuespen. Armen aurrean egiak leku gutxi,gura dutena erantzun eta aurrera.
Asteon, baina, ohi baino espainiarrago agertu gara, bestela ere ez baita erraza Anatoliako bazterrotara iristen. Gutxien espero duzuna ei da polizia eta, zer gerta ere (guri eta bertako lagunei), «Spain» ahoan gabiltza. Hasieran kosta egiten da, baina zeinen erosoa den gero.
Neurri baten, ulertzen ditut ulertzen ez gaituzten espainiarrak. Baina ez genuen geuk erabaki kurdu sortzea. Edo agian bai.
2006-05-08
Turkiako bihotzetik
Planak okertzerako alternatibak komeni dira, ordea, eta beldur ginen legez, ez genuen Ankararako hegaldirik lortu. Asmoa, Istanbul azkenerako utzi eta atzo bertan hiriburura iristea zen, baina hegazkin guztiak beteta edo oso garesti zebiltzan. Esan ziguten, horratik, hemen garraioa izugarri ondo dabilela. Turismo bulegoan azaldu ziguten zelan hartu metroa Istanbulera, gero tranbia Eminonu ingurura, Galata zubitik pasa eta azkenik ferrya Asiako partera pasatzeko, hirian mila bider izan bagina legez. Minutu gutxitan kontinente batetik bestera pasa eta Haydarpasa tren-geltokian ginen, Kaiser alemanak sultan otomanoari duela ehun urte egindako "oparia", alemanek Inperioko trenbide sarea eraiki ostean. Antza denez, kilometroko kobratu zuten, eta horregatik ei daude hainbeste bihurgune. Egia da autobusez bospasei ordutan iritsiko ginela, baina zer egingo genuen Ankara gauerdi inguruan helduta. Trena, berriz, elegantea zen, biontzako literadun gela bat, hozkailu eta guzti, gosaria ahaztu barik.
Hainbeste lekutan ibili izan gara, baina ezin inoiz lortu tren-literatan ibiltzea. Goizean konturatu gara hizkuntzarekin latz pasa behar dugula, Ankarako tren-geltokian bertan ingeles edo alemanik dakien inor ez baitugu topatu. Azkenean, utzi ditugu bizkar-zorroak kontsigna antzeko batean, eta Anatoliako zibilizazioen museo ikusgarria bisitatu dugu. Institutuan ikasitako guztia bertan: neolitikoa eta Catal Hoyuk, asiriarrak, idazkera kuneiformea... museotik irtenda, ziudadela, hiri osoaren ikuspegi zabala ematen du eta kontraste erabatekoa da ordura arteko mendebaldar kutsuarekin. Sarajevoko kalexkak gogorarazi dizkigu, alderantzizkoa dela jakin arren. Astiro-astiro jatetxez betetzen ari bada ere, europar alde-zaharren itxura komertziala hartuz, oraindik antzematen zaio ez direla ankarar aberatsenak ziudadela bizi direnak. Jantzi tradizionalak, buruko zapia eta tarteka turkiera iruditu ez zaigun hizkuntza entzun ditugu.
Ankarako "otogar" itzelean bazkaldu eta Kapadokia alde honetara autobusa hartu dugu. Sinestezina da zenbat autobus dabiltzan, zeinen puntualak diren, eta alde guztietara doaz! Ados, Goreme herri hau oso turistikoa da, baina egin kontu, Lekeitio-Izaba autobusez egitea Bilbon edo Irunean transbordorik egin barik. Bada, hori bera daukazu hemen. Eta autobusek hegazkinen itxura daukate, are gehiago, low-costen zerbitzua baino hobea ere bada: azafato bat dabil etengabe kafea edo tea eskaintzen, edo fanta laranja, galletaren bat... komentatu ziguten zeinen ondo zebilen, baina esandakoa, sinestezina.
Egun pare batean ia dena ederto irten zaigu, badakigu datorren asteko kontuak desberdinak izango direna, baina dena unea iristen denean. Oraingoz, uste baino modernoagoa da, emakume gehienak orain arte mendebaldeko erara jantzita doaz, pentsatzen dugu ekialderantz egin ahala kontua tradizionalago bihurtuko direla. Kontraesanak ere asko dira "Errepublika laiko" honetan, badakigu, eta ez bakarrik datozen asteko kontuei begira: harrigarria da zeinen leku militarizatuak diren, zeinen lasai saltzen diren edozein lekutan Hitlerren liburuak, edo umeentzako uniforme militarrak. Bai, tarteka beldurra ere ematen du.
Bihar eskualde honetan txango egingo dugu txangoa, eta etzirako oparitxoa geure buruarentzat, kontako dugu aurrerago.
2006-05-07
Oinezkoak sobera
Ordutegiak beharrezkoak dira. Egizu sasoian». Herritarrak ergeltzeko kanpainak mugaren bat izango zuela, baina ez, gainditzeko gai dira oraindik. Irratian behin eta berriz bonbardatu digutenaren arabera, EAEn autoek harrapatutako bi lagunetatik bat behar ez den lekutik ari zen bidea gurutzatzen. Beraz, behar den lekutik pasatzen ari zirela harrapatu zituzten beste erdiak. Baina esan dut, ergeltze-kanpaina bete-betean dabil, eta nonbait helburua bakoitza bere bidean ibiltzea eta denek arauak fin-fin betetzea da. Arauak beharrezkoak dira eta bizitza goitik behera arautu behar da. Arauak parranda noiz eta nola egin erabakitzeko, arauak kaletik ibiltzeko, arauak eta zigorrak gure bizimodua nola egin zehazteko. Autoa bere bidetik, oinezkoa beretik, gurdirik eta traktorerik ez, noski, XXI. mendeko Euskal Herri modernoan. A, eta txirrindularientzat ere bideren bat edo beste europar itxura izateko, bost axola egitasmo orokorrik ez badago sareak osatzeko. Gauza da guk ere gure bidegorritxoak badauzkagula erakustea, hain dira politak turismo-liburuxketan sartzeko!
Oinezkoak sobera gaude. Denak ginela oinezko uste nuen, etxetik autora bidean ez bada ere. Baina ez, beste espezie bat da, autodunaren parean, eta bere bidea dauka, beraz. Behar den lekutik ibili, edo zigorra. Horrela, datozen estatistiketan datu biribila irtengo zaie: autoek harrapatutako oinezkoen ehuneko ehun behar den lekutik ari zen pasatzen.
2006-05-02
Azken agurra
Guk paper zati bat utzi genien hotelean, ordurako ez zeudela jakin barik. Arrastiko seietan itzuliko ginela esan genien, gura bazuten elkarrekin joateko Point des Almadiesera, Afrikako azken ilunabarra ikustera. Gero Goree uhartera joan ginen, eta bueltan ginen seiak baino lehen. Ez zeudela esan ziguten. Ez ginen arduratu, Lac Rose-n edo egongo zirela pentsatu genuen. Etorriko ziren, egina zuten erreserba. Hondartzan egon ginen apur batean, Atlantikoko olatuak ikusten. Atzera hotelera, berandutzen ari zen. Aurretik joatea pentsatu genuen, beste ohar bat utzita, eta kasualitatez zabaldu nuen barra gaineko egunkaria. "Espainiar bikote bi" aipatzen zituen albiste laburrak, Casamancen hilak, izenik ez. Eztarrian igarri genuen korapiloa. Arineketan irten ginen, ziberkaferen baten bila. Gero zurrunbiloa, deia enbaxadara, etxera, ez ginela gu. Eurak zirela. Xavi, Tamara, Xixo eta Sara.Aireportuan dei gehiago. Casamanceko lagunak arduratuta zeuden, non ote geunden, dena ilun, eta argi gauza bakarra, ez zeudela. Nik ez dakit zer den shock egoera, baina ordukoa ez zegoela urrun uste dut. Isilik geunden biok, bakarrik aireportuan. Jendeen agurrak, irribarreak eta malkoren bat, edozein aireportutan legez. Eta han gu, korapiloa barruan, ideiak ordenatu guran, galderak edo erantzunak edo nik dakit-ba zer bilatu guran. Oroitzapen bat pizten zen han, berba baten akordua, asmoren batena, betiko baldintzak, egon bagina, gelditu bagina, egin bagenu...
Gero hegaldia, agur Afrika, Madril, elurra, autobusa eta etxera. The End, amaitu da filma.
Tarteka interneten jarraitu genuen albistea, argazkiak disko gogorrera pasa ditugu, bizitza arruntera itzuli eta bide-bazterren batean oroitzapenak atzera jo gaitu. Mezuak atzera eta aurrera ibili dira Casamancerantz, eta halako batean jo zuen telefonoak. Silvia lehenengo, Xaviren arreba, Toni gero, Xixoren anaia, Carme azkena, Sararen ahizpa. Gura zutenean joango ginela, baina goiz zen oraindik, apur bat aurrerago esan ziguten, ondo hartu gura gintuztela.
Eta bikain hartu gaituzte Bartzelonan, eskerrak eman dizkigute, eta korapiloa loditu egin zaigu, begiak itxita Xixo eta Sara entzuten genituen. El Prat-eko Mamiferos tabernan izan ginen zapatuan, ezagutzen genuen. Zenbat une Afrikako gau izarniatuan txoko hartaz berbetan. Tamarak atera behar zigun caipirinha eskatu genion tabernariari, eta isilik gelditu atzera.
Triste tarteka, negarren bat eta aurrera, gu isilik, gaia gura zutenean atera eta gorde, aldamenean. Urtebetze jai hippya prestatu ziguten Colonia Güelleko gazteek domekan, aza-ortu batean okela erretzen, akordeoia jotzen, alai. Xixo eta Sararen etxea ezagutu genuen, eskuz margotutako oheburua, arbelean idatzita hegaldiaren ordua, horma gorriak, CDak nongura, anplifikagailua eta ohe-gainean istripuaren ostean bidali zizkieten gauza guztiak.
Astelehen arratsaldean azken musuak, agurrak eta etxerako bidea hartu genuen. Gero, bi hilabetetan egin ez dugun negarra irten zaigu, hor barruan gordeta zegoen hori, eta bakarrik sentitu gara, urrun, urrun denboran, urrun lekuan. Inork ulertu barik bakarrik eta triste.
Berandu iritsi gara etxera, nekatuta agian, eta Xixo eta Sararen ezkontzako bideoa ikusi dugu. Lagun arteko parranda ederra izan zen, udaletxean hasi eta kostaldeko etxean amaitu. Ez zen euren asmoa, Txinatik Abril ekarri ahal izateko baino ez ziren ezkondu, baina zeinen jai ederra. Ismael Lo-ren Tajabone entzun dugu, etxez etxe santa-eskearen antzera dabiltzan haurren kanta, zerutik jaisten den Abdou Jabar aingeruaz dihardu, eta Carla Bruni, gero.
On me dit que nos vies ne valent pas grand chose,
Elles passent en un instant comme fanent les roses.
On me dit que le temps qui glisse est un salaud
que de nos chagrins il s'en fait des manteaux
pourtant quelqu'un m'a dit...
Que tu m'aimais encore,
C'est quelqu'un qui m'a dit que tu m'aimais encore.
Serais ce possible alors ?
On me dit que le destin se moque bien de nous
Qu'il ne nous donne rien et qu'il nous promet tout
Parais qu'le bonheur est à portée de main,
Alors on tend la main et on se retrouve fou
Pourtant quelqu'un m'a dit ...
Parranda doinuak hautatu zituen segidan Xixok, Big Beñat eta Fermin Muguruza. Eta bere irribarrea agertu zaigu pantailan.
2006-04-30
Trenak
Iraganeko eztabaidak dira horiek, esan dute. Beti atzera begira, eta aurrerabidearen trena begien paretik pasatu. Baina orain hartu omen dugu, eta kontuz gero, laster makinista direla ere usteko dute handikeriaz beteriko errege biluzi horiek. Lemoiz geldiaraztea lortu zen. Leitzaranen ibilbidea aldatzea. Geroztik, golak eta golak, bata bestearen atzetik. Rotaflexak piztutako ilusioak, urteetako lana, urpean gelditu ziren. Nahi baino beranduago, garestiago, gogorrago, baina ahor urtegia. Ahor Boroa. Bilboko errauskailua eten izan balitz, Gipuzkoan planteatu ere ez zuten egingo. Garesti dago lurra, eta denek epe motzeko begirada, asfaltoa baino denek nahiago hormigoia bere lurretan. Hainbeste Lurzoru lege ia lurzorurik herri honetarako eta katalanek asteon bertan iragarri dute lege berria. Etxea hutsik daukanari, egurra. Eta kito, ez zeukan hainbesteko misteriorik. Etxea merkatura ateratzea saritu ordez alogeraren negozioa bera sari gutxi ez balitz legez ez ote da hobe etxe hutsak zigortzea? Urtebete hutsik, hainbeste, bi, doble, eta abar.
Armen kezko gortina erabili dute luzaro, benetan borrokatu beharrekoak etxean bertan zeudela ez ikusteko. Lemoiz, Leitzaran, Itoitz, Boroa. Itzelezko herri-mugimendua denetan, baina emaitza ezberdinak. Denok dakigu non egon zen aldea. Baina pistolarik gabe ere, pelikuletako indioek bazekiten trenak geldiarazten.
2006-04-23
Errealitatea
Santa Maria sumendiak erupzio betean ziharduela, pregoilaria erakutsi zigun Eduardo Galeanok Haizearen mendea liburuan. Manuel Estrada Cabrera guatemalar presidentearen mezua zekarren: lurrikara izatekotan, Mexikon-edo zen, eta etxean dena bare zegoenez, lasai asko ospa zitekeen Minerva jainkosaren jaia. Besterik esatea ordenaren aurkarien zurrumurru gaiztoei jaramon egitea zen. «Gobernuak erabaki du errealitatea ez dela existitzen». Mendiko hizkuntza lanean existitzen ez den hizkuntza erakusten digu Harold Pinterrek. Jendeek badarabilte, baina ez da existitzen. Eta okerrena da debekatuta dagoela existitzen ez den hizkuntza erabiltzea. Baina bata edo bestea: edo ez da existitzen edo debekatuta dago, ezin biak batera izan. Gauza asko daude debekatuta, eta existitzen direlako daude debekatuta, hain zuzen ere. Izenak izana. Asteon entzun dugu, ez dela Batasunarik. Arnaldo Otegi Ajuria Enean ikusi eta jarraian esan digute. Kalera irten, eta ezin sinetsi zenbat pertsona inexistente dabilen. Noski, progreek handira enbido joz gero, eskuinak hordago ezinbestean. Ez ei da Euskal Herririk. Egiari zor, aitortu behar zaie: gogor egin dute lan Euskal Herririk izan ez dadin, edo alderdiko buruaren bigarren abizenean fosilduta gelditu dadin. Dinosauru bi batean. Baina egoskorra errealitatea. Etxetik bertatik ikusten dut existitzen ez den herri hori. Eta sumendia, erupzio betean.
2006-04-16
Errepublikanook
Nork bere urteurrena dauka. Dublin 90, Eibar 75, Bilbo 74. Hirurak sentitzen ditut hurbil, hirurek dute urruntzen nauten zerbait. Pazko eguneko altxamenduaren ostean Irlanda uhartearen ehuneko laurogei askatu zuten. 90 urte eta Irlanda aske eta batua denbora eta demografia kontua baino ez da.
Errepublikanoak han eta errepublikanoak hemenÉ edo hor. Errepublikanoak ezkertiarrak diren leku bakarrak izango dira Irlanda eta Espainia. George W. Bushen alderdia da errepublikanoa, Alemanian eskuin muturraren mugan dabiltza errepublikanoak, eta zenbat aldiz entzun ditugu Errepublikako baloreak, euskarari bideak ixteko? Azken mendeetako prozesu normala da monarkiak galdu eta errepublika bihurtzea, sarritan aurrerakoitik lar ez duena. Beti legez, Espainia desberdina da. Baina denbora kontua hori ere. Monarkiak rolik jokatu badu, egungo erregearekin bukatzen da rol hori. Gero, Errepublika.Ezker Batua ia bakarrik gelditu da Errepublikaren defentsan. PPk ez du ezer jakin gura, noski, PSE ohiko konplexuekin, eskuin abertzaleak ikuspegi historikoa falta, eta ezkerrekoa isilik, internazionalista baino abertzaleago. Azkenean, Eibarren, Iruñean, SartagudanÉ omenaldi txikiak, barkatu, xumeak da hitz egokia. Faxismoak bide-bazterretan eta hilerrietako hormetan denak berdindu arren. Hori bai, prozesioak gainezka, tradizioa eta hori guztia.
Baina oraingoz errepublika libre bakarra Etxarri aldean dagoela uste dut.
2006-04-12
Sandzak
Etxean txikikeria txikienarengandik eztabaidatzen duen euskalduna kanpora begira inor baino internazionalistagoa da. Eta hor ez dago zer eztabaidaturik, dena dago zuri-beltzean, zintzoak eta gaiztoak ipini eta horrela ezer aztertzeko beharrik ez. Eskuin abertzaletik ezkerrera, distantziarekin batera urruntzen da ñabarduretarako tartea. Kurdu zintzoak eta kurdu gaiztoak? Kosovo? Holokaustoa? Tira, tira, hobe Chiapas, Palestina edo Sahara hartu mintzagai, eta denak ados.
Datozen asteotan Montenegro modan jarriko den susmoa daukat. Futbol-partida batean legez, denok montenegrozale, aurrera neska-mutilok, gaur Montenegro, bihar Euskal Herria. Atzo denak ginen quebectar, gaur out dago Montenegro mapan kokatzen ez dakiena.
Ni ere arreta handiz ari naiz prozesua jarraitzen, egia da. Baina prozesua bera interesatzen zait, herriek erabakitzeko ahalmena izatea. Ipar Ameriketan estatu anglofono bi edo frankofono berri bat sortzeak ez zidan aparteko ilusiorik egiten, eta Jakinen Quebeceko indigenei buruzko erreportaje interesgarri hura (Xabier Erize eta Pilar Marinek idatzia 126. alerako) irakurri ostean, zer esan: orain artean aski egurtu ez eta muga berria altxatu behar cree herritarren artean. Hori bai, autodeterminatzen. Bejondeigula.
Montenegro beti egin zait erakargarri, horratik. Izenetik bertatik hasita. Eta, sinpletzat har nazazue, baina mapan hain herri txikia ikusten duzularik sinpatia eragiten dizu. Iaz izan ginen han, ederra da, merkea, errepide kaxkarrak eta parranda itzela kostaldean zein Podgorican. Montenegroarrek serbiar, bosniar eta kroaziarren hizkuntza berbera daukate, alfabeto zirilikoa erabili izan dute duela bospasei urte arte eta historikoki kristau ortodoxoak izan dira. Zerk bereizten ditu serbiarrengandik, beraz? Erraz esanda, serbiarrak baino serbiarrago dira. 1389an Serbia Inperio Otomanoaren menpe jausi zenetik, zapalduaren izaera kontzientzia nazionaleko zati da. Montenegrok, berriz, beti eutsi izan dio independentziari. Cetinje hiriburuaren inguruko mendietan gotortuta, turkiarrek ez zuten inoiz lortu serbiar basa haiek menpean hartzerik. Erresistentziaren sena inork badauka barneraturik, montenegroarrak dira horiek.
90eko hamarkada hasieran uko egin zioten independentziari eta milaka montenegroar ibili ziren Jugoslaviako Armada Federalean borrokan, Dubrovniken bonbardeoan edo Bosnian, kasu. Radovan Karadzic bera montenegroarra da. Gerrak amaituta bahimendu ekonomikoa etorri zen, eta hor ekin zion Podgoricak Belgradotik urruntzeari, goseak haginak luze. Marko alemana eta gero euroa hartu zuten debaluazioz debaluazio zihoan dinarra bazter utzita, eta Kosovoko gatazkatik aparte gelditu ziren -bidenabar, NATOko bonbardaketak saihestuz-. Azken urteotan, estatu independentea izan da de facto federazio ahul batean, gura zituen neurriak hartzeko. Eta konturatu da Kroazia, bera bakarrik, askoz aberatsago bihurtu dela, eta Montenegro txikiak ere, bakarrik, hurbilago daukala Europa, Serbiaren zama ekonomikoa eta historikoa -gerretako, eta, batez ere, gerra-osteetako galtzaile- aldean hartu barik. Austriaz gogoratu naiz halako batean: II. Mundu Gerra ostean, egun batetik bestera, estatu nazi izatetik, naziek inbaditutako herrialde bihurtu zen.
Sandzak Bosniako zati izan zen Austria-Hungariak azken hori 1878an irentsi arte. Jugoslavia sortuz geroztik, Montenegro eta Serbiaren artean zatitutako eskualdea da. Biztanleen erdia baino gehiago "musulmanak, zentzu nazionalean" ziren Titoren garaian eta azken urteotan "bosniako" hitza nagusitu da -hizkuntzari bosniako deitze horretan denak ez datoz bat, askok serbiera deritze, beti ezagutu duten berba, alegia-. Orain, Bosniatik bereizten dituenaz gain Sandzakeko beste herrikideengandik bereizten dituen muga bat jarriko duten beldur dira.
Niri prozesuak interesatzen zaizkit, Quebecen zein Montenegron. Baina ez zuri-beltzeko munduak.Sandzak
Etxean txikikeria txikienarengandik eztabaidatzen duen euskalduna kanpora begira inor baino internazionalistagoa da. Eta hor ez dago zer eztabaidaturik, dena dago zuri-beltzean, zintzoak eta gaiztoak ipini eta horrela ezer aztertzeko beharrik ez. Eskuin abertzaletik ezkerrera, distantziarekin batera urruntzen da ñabarduretarako tartea. Kurdu zintzoak eta kurdu gaiztoak? Kosovo? Holokaustoa? Tira, tira, hobe Chiapas, Palestina edo Sahara hartu mintzagai, eta denak ados. Datozen asteotan Montenegro modan jarriko den susmoa daukat. Futbol-partida batean legez, denok montenegrozale, aurrera neska-mutilok, gaur Montenegro, bihar Euskal Herria. Atzo denak ginen quebectar, gaur out dago Montenegro mapan kokatzen ez dakiena. Ni ere arreta handiz ari naiz prozesua jarraitzen, egia da. Baina prozesua bera interesatzen zait, herriek erabakitzeko ahalmena izatea. Ipar Ameriketan estatu anglofono bi edo frankofono berri bat sortzeak ez zidan aparteko ilusiorik egiten, eta Jakinen Quebeceko indigenei buruzko erreportaje interesgarri hura (Xabier Erize eta Pilar Marinek idatzia 126. alerako) irakurri ostean, zer esan: orain artean aski egurtu ez eta muga berria altxatu behar cree herritarren artean. Hori bai, autodeterminatzen. Bejondeigula. Montenegro beti egin zait erakargarri, horratik. Izenetik bertatik hasita. Eta, sinpletzat har nazazue, baina mapan hain herri txikia ikusten duzularik sinpatia eragiten dizu. Iaz izan ginen han, ederra da, merkea, errepide kaxkarrak eta parranda itzela kostaldean zein Podgorican. Montenegroarrek serbiar, bosniar eta kroaziarren hizkuntza berbera daukate, alfabeto zirilikoa erabili izan dute duela bospasei urte arte eta historikoki kristau ortodoxoak izan dira. Zerk bereizten ditu serbiarrengandik, beraz? Erraz esanda, serbiarrak baino serbiarrago dira. 1389an Serbia Inperio Otomanoaren menpe jausi zenetik, zapalduaren izaera kontzientzia nazionaleko zati da. Montenegrok, berriz, beti eutsi izan dio independentziari. Cetinje hiriburuaren inguruko mendietan gotortuta, turkiarrek ez zuten inoiz lortu serbiar basa haiek menpean hartzerik. Erresistentziaren sena inork badauka barneraturik, montenegroarrak dira horiek. 90eko hamarkada hasieran uko egin zioten independentziari eta milaka montenegroar ibili ziren Jugoslaviako Armada Federalean borrokan, Dubrovniken bonbardeoan edo Bosnian, kasu. Radovan Karadzic bera montenegroarra da. Gerrak amaituta bahimendu ekonomikoa etorri zen, eta hor ekin zion Podgoricak Belgradotik urruntzeari, goseak haginak luze. Marko alemana eta gero euroa hartu zuten debaluazioz debaluazio zihoan dinarra bazter utzita, eta Kosovoko gatazkatik aparte gelditu ziren -bidenabar, NATOko bonbardaketak saihestuz-. Azken urteotan, estatu independentea izan da de facto federazio ahul batean, gura zituen neurriak hartzeko. Eta konturatu da Kroazia, bera bakarrik, askoz aberatsago bihurtu dela, eta Montenegro txikiak ere, bakarrik, hurbilago daukala Europa, Serbiaren zama ekonomikoa eta historikoa -gerretako, eta, batez ere, gerra-osteetako galtzaile- aldean hartu barik. Austriaz gogoratu naiz halako batean: II. Mundu Gerra ostean, egun batetik bestera, estatu nazi izatetik, naziek inbaditutako herrialde bihurtu zen. Sandzak Bosniako zati izan zen Austria-Hungariak azken hori 1878an irentsi arte. Jugoslavia sortuz geroztik, Montenegro eta Serbiaren artean zatitutako eskualdea da. Biztanleen erdia baino gehiago "musulmanak, zentzu nazionalean" ziren Titoren garaian eta azken urteotan "bosniako" hitza nagusitu da -hizkuntzari bosniako deitze horretan denak ez datoz bat, askok serbiera deritze, beti ezagutu duten berba, alegia-. Orain, Bosniatik bereizten dituenaz gain Sandzakeko beste herrikideengandik bereizten dituen muga bat jarriko duten beldur dira. Niri prozesuak interesatzen zaizkit, Quebecen zein Montenegron. Baina ez zuri-beltzeko munduak.
2006-04-09
Piratak
Itakara heltzea baino nabigatzea zela beharrezko irakurri genuen. Bizitza bada nabigatzea, helmugara heltzea heriotza izan liteke. Baina heriotza izan daiteke helmugarik gabea ere, itsasoak berea eskatzen badu. Itsasoa lehorretik baino ezin da mitifikatu. Arrantzaleak, marinelak eta pirataren bat edo beste txikitatik ezagutu ditugu, baina esklabo-ontziak ez hainbeste. Gure kontzientziei erasaten die.
Hesiak altxatu eta ontziz datoz, eta azkenean Mendebaldeko Afrikako kosta-lerroa buruz ikasiko dugu. Maroko, Mendebaldeko Sahara, Mauritania orain. Afrika beltza dator jarraian, Senegal, Ganbia, Gineak, Sierra LeonaÉ Esklaboen kosta ere deitu izan zaio, Senegaldik Nigeriaraino dozenaka gotorleku daude, mendetan esklabo-merkantziarako erabiliak. Ameriketarantz abiatu aurretik ikusten zuten azken Afrika zatia. Amerika ametsa baino Babylon zela entzun genuen, baina gehienen nabigazioa itsasoan amaitu zen.
Eta orain atzera entzun dugu esklabo-ontzia dabilela Atlantikoan. Gure pasaportearen arabera dagokigun itsaso-zatitik uxatu dituzte, beraz, ardura gutxi. Zeinen politak Karibeko irudiak, eta piratak, eta rona, eta zeinen sinpatikoak beltzak, azentu dantzari horrekin. Eta zer erantzungo diozu, beltz horren neba, arreba, ama, alaba, galdezka datorkizularik: zer egin zenuen gure senidea ez itotzeko? Gaur hesia isilik gainditu gura duenak bihar bertan behera bota dezake, eta kontuak eskatu.