2006-04-23

Errealitatea

2006-IV-23ko Berriarako idatzia

S
anta Maria sumendiak erupzio betean ziharduela, pregoilaria erakutsi zigun Eduardo Galeanok Haizearen mendea liburuan. Manuel Estrada Cabrera guatemalar presidentearen mezua zekarren: lurrikara izatekotan, Mexikon-edo zen, eta etxean dena bare zegoenez, lasai asko ospa zitekeen Minerva jainkosaren jaia. Besterik esatea ordenaren aurkarien zurrumurru gaiztoei jaramon egitea zen. «Gobernuak erabaki du errealitatea ez dela existitzen». Mendiko hizkuntza lanean existitzen ez den hizkuntza erakusten digu Harold Pinterrek. Jendeek badarabilte, baina ez da existitzen. Eta okerrena da debekatuta dagoela existitzen ez den hizkuntza erabiltzea. Baina bata edo bestea: edo ez da existitzen edo debekatuta dago, ezin biak batera izan. Gauza asko daude debekatuta, eta existitzen direlako daude debekatuta, hain zuzen ere. Izenak izana. Asteon entzun dugu, ez dela Batasunarik. Arnaldo Otegi Ajuria Enean ikusi eta jarraian esan digute. Kalera irten, eta ezin sinetsi zenbat pertsona inexistente dabilen. Noski, progreek handira enbido joz gero, eskuinak hordago ezinbestean. Ez ei da Euskal Herririk. Egiari zor, aitortu behar zaie: gogor egin dute lan Euskal Herririk izan ez dadin, edo alderdiko buruaren bigarren abizenean fosilduta gelditu dadin. Dinosauru bi batean. Baina egoskorra errealitatea. Etxetik bertatik ikusten dut existitzen ez den herri hori. Eta sumendia, erupzio betean.

No comments: