2013-08-25

Gerrako irudiak

Berriz ez ikustea espero nuen irudiak itzuli dira azken egunotan. Koloretsuak dira kurduen arropak, emakumeen soinekoak eta zapiak. Baina etxetik ihesi doazen milaka kurduk dakartzaten istorioak ilunak dira oso. Al-Qaedari lotutako Al-Nusra taldekoen sarraskien berri eman dute. Turkiaren babesean Siriako muga zigorgabetasun osoz gainditzen duten jihadistak duela hilabete iritsi ziren Tel Abyad eta beste herri batzuetara, eta meskitetatik aldarrikatu halal (zilegi) zela kurduak hiltzea edo bortxatzea. Etxez etxe labana eskutan egindako hilketak aipatu dituzte. YPG gerrillari kurduek duela urtebete baino gehiago herri kurduak hartzean agindutakoa egin dute: gerra inora ez eroan eta etxeak defendatu, erasoa gobernutik zein haren aurkariengandik etorri. Siria arabiarra edo Siria islamikoa, kurduentzat ez dago lekurik batean ere. 1991ko irudien gomuta etorri da orduan, Saddam Husseinen aurka matxinatu ostean, mendirantz alde egin behar izan zutenekoa. Milaka hil ziren udaberri hartan, eta ehunka mila erbesteratu mugaz beste aldera Turkiaren menpeko Kurdistanen. Oraingo honetan alde dute badela Kurdistan ofizial bat, orduan Saddamen biktima ziren haiek eratutako estatu ia independentea, hain zuzen ere.

Hegoaldeko kurduak dira arma kimikoez gehien dakitenak. Aurten bete dira hogeita bost urte Halabjan bost mila gizon, emakume eta haur hil zituztela. Asteazkenean berriz ere itzuli ziren haien lotura izan zezaketen irudiak. Ez zen odolik ageri, hasiera batean dena amarrua izateko itxaropena ere bazenuen. Gero, gorpu gehiago agertu ziren, eztulka, garrasika hilzorian ageri zirenak helduak ez eze umeak ere baziren. Dena izugarria, antzezpena izateko. Hobe hala balitz. Baina ezezkoan nago. Hiltzailea hiltzaile, Damasko ekialdean eraso kimikoa benetan gertatu zelakoan nago, goizalde hartan pozoiak itota hil zirenak sekula itzuliko ez direlakoan. Hobe bai, dena gezurra balitz. Baina ia mundu guztiak onartu du krimena egon dela, ñabardura handiak egon arren: mendebaldetik hasi eta Errusiara, eta Siriak berak azkenik, matxinoei egotziz erantzukina —eta atzo bertan oposizioaren armategi kimikoa atzeman zutela adierazita—.

Bizitza errazagoa da dena mendebaldeko gaiztoen jukutria dela irudikatuta. Dena manipulazio mediatikoa, Europa eta Ipar Amerikako gizarteak lokartzeko, eta zernahi egiteko libre izateko agintari doilorrak. Baina interes larregik bat egiten dute Sirian zuri eta beltz baino ez diren irakurketa horietarako. Turkiaren babesean sartu diren mertzenarioak ez dira Estatu Batuen gustuko, hain gutxi beren burua al-Qaedako adar gisa aitortu eta gero. Areago, gerra jihadistek irabazi baino Libanon bezala sektario bihurtu eta urteetan luzatzea izan liteke orain han Mendebaldeko askoren apustua. Al-Assadi irabazi ezinik, Errusiaren babesa daukan artean, gutxienez herrialdea ahuldu dadila.

Eta al-Assad gerrako balantza bere alderantz ekartzen ari zen unean, zein zentzu luke azeleragailua zapaltzea, Estatu Batuek adierazitako marra gorri bakarra gainditzeko? Noiz eta, Nazio Batuetako ikerleak etxean dituzunean, zeuk baimena emanda? Badira, noski, bestelako bertsioak, Jordaniatik AEBek entrenatutako talde armatuak sartu ote ziren, eta haiek txikitzeko ahalegina, armadaren zati baten oldarra baina ez erregimenarena... Washingtonek baino indar handiagoz heldu diete bertsio horiei Londresek eta Parisek, Sirian itsas edo aire erasoren baterako gogotsu. Presioa Baxar al-Assadi egin zaio, NBEko ikerleei Ghutan ikertzen utz diezaien. Horraino logikoa, Damaskon bertan izanik ikerleok, gainera. Baina Moskuk gogora ekarri du auzune horiek matxinoen esku daudela eta haiek bermatu behar dutela ikerleen segurtasuna.

Galdera larregi, eta ziur antzeko gauza bakarra, norbait eraso kimiko bat egitera ausartu dela. Gerra krimenetan larrienetakoa egin duela, debekatutako armekin. Mugarik Gabeko Medikuek argitara eman berri duten oharrean diotenez, erakunde horrek diharduen Damaskoko hiru ospitaletan 3.600 lagun artatu zituztela asteazkenean, eta 355 hil zirela. Mundua lozorroan zeukan gerrak astindua hartu du, NBEko Segurtasun Kontseilura iritsi da auzia, geldiadia hautsi da. Eta geldialdi hori Al-Assadden aldekoa zen. Edo gerraren norabidea aldatzeko krimen izugarria egin dute hura galtzen ari zirenek, edo Al-Assaden aldekoek krimen eta hanka sartze itzela. Okerrena, alde biak horretarako gai direla pentsatzea.

BERRIAn argitaratua

No comments: