Kataluniarako plana daukala esan du asteon Mariano Rajoy Espainiako
presidenteak. Ohi bezala, Moncloako bizilagunak ez du gehiagorik esan,
baina biharamunean eskuin muturreko egunkari batek jaso du ustezko plan
horrek dakarrena. Konstituziora eta Espainiako legeetara mugatu ordez
—baina horiek baztertu barik— eremu politikora jauzi egitea ebatzi ei du
PPko buruak. Horretarako, bere gobernu osoa jarriko du lanean, gai
ekonomikoetan dihardutenak batez ere, independentziaren ondorio txarrak
nabarmentzeko: gainbehera ekonomikoa, pentsiorik ez, eta imajina
ditzakezuen beste hainbat hondamendi.
Bartzelonara joan da Rajoy
bera, hainbat ministrorekin batera, Kataluniako PPren biltzarrera. Eta
independentziaren aurkako dozena bat argudio azaldu ditu. Aspaldi egin
behar zuena egin duela, alegia. Baina, horrekin batera, betiko ezetza:
«Erreferenduma ez da egingo eta Espainia ez da zatituko». Lehenago ere
esan du egunotan, presidente den artean ez dela independentziarik
izango. Eta hori erraz uler daiteke, Kataluniak sezesioa gauzatzean
presidentzia utzi beharko du.
Ñabardura erretorikoak eta
bular-kolpeak bazter utzita, zer egin ez dakien gobernu baten
etsipenaren bidea da. Geldirik badago, aurrera doa independentismoa, eta
mugitzen bada, hitz egiten badu, berdin ugaritzen dira
independentistak. Kataluniari buruz izan duen jarrerak ekarri du hori.
Espainian gehiengo absolutua inoiz baino bizkorrago hondatu duen
Gobernua sinesgarritasunik gabe geratu da, baita Gaztelako leku
eskuindarretan ere.
Hortxe arazo nagusia. Duela urte bi ekin
balio erretorikari, argudio unionistak baliatzeari, sedukzioari,
katalanak limurtzeari, Espainian nazio bezala izan dezakeen lekua
aitortzeari, askoz zailago iritsiko zen Katalunia gaurko lekura. Agian
iritsi ere ez zen iritsiko. Baina datorren astean, katalan bezain
espainiar sentituta ere independentista egin diren Súmate elkarteko
aurkezpenean UPyD eta PPko hautagai ohi bi izango dira. Horixe
Espainiaren lorpena.
Urte bian agindutako ia guztia apurtu duenak
sinesgarritasuna falta du. Zer mezu ekonomiko eman dezake, pentsioez
zein mehatxu egingo du lan-erreforma egin duenak, pentsiodunak ere
beldurtuta dituen gobernuak? Mezu argia: konponbidea, gobernu honetatik
eta are, Estatu honetatik libratzea da. Espainiarrek eurek, Estatu
berria behar dutela geroz eta argiago dutelarik, zein argudio erabil
dezakete katalanak egungo Estatuan gera daitezen? Ezer ederrik badakar
Kataluniako prozesuari jarraitzeak, eraikiko duten estatu berriari
buruzko hausnarketak, proposamenak dira. Ametsak nahi baduzue: zein
hizkuntza erabiliko den, nor den herritar, nola antolatuko den
lurraldea... ekintza kolektibo historiko eta itzel baten partaide
sentitzearen ilusioa da hori. Horren aurrean, ezetza, ukoa eta mehatxua
dira Espainiaren eskaintzak.
Hor ere badago, Espainiaren eta
Erresuma Batuaren —edo Frantziaren, guri hurbil dagokigunez— arteko
aldea: lehenak independentziaren ondorio kaltegarriez mehatxu egin behar
du, elkarrekin egotearen propaganda positiboa berak ere sinetsi ezinik.
Londresek eta Parisek, bere miseria guztiekin, nor badiren estatu
garrantzitsuetako zati izatea eskaintzen dute. Eta horrek badu pisua,
Edinburgon zein Baionan.
Azken detaile bat, egunotan bisitatu
gaituzten Europar Batzordeko adituek berretsi digutena: guztiz
zentzugabea litzateke egungo Europako Batasuneko mapan bi zulo egitea,
Eskoziako arrantza edo Mediterraneo mendebaldeko portu garrantzitsuena
galtzea. Europako estatuen jarrera, ahalik bizkorren eta pragmatikoen
konpontzea litzateke. Salbuespen bakarrarekin, noski. Baina beste egun
batean komentatuko dugu zelan dabilen arduratzen Berlin, salbuespen
hispanikoaren purrustadekin.
BERRIAn argitaratua
No comments:
Post a Comment