Bide-orria markatuta dauka Eskoziak. Datorren urteko
irailean erreferenduma irabaziz gero, urte eta erdi inguru beharko
dutela kalkulatu dute, beharrezko estatu-egiturak lortzeko, eta
Londresekin horiek adosteko. Laburbilduta, Union Jack britainiar bandera
zelan jaitsi negoziatu beharko dute. Orduan iritsiko da, esate
baterako, Europaz hitz egiteko txanda. Nork ukatu lezake Londresek eta
Edinburgok adostu dutena?
Hortxe alde handiena, Kataluniarekin. Zalantzarik balego ere, independentziaren aurka dagoela argi esan duen Josep Antoni Duran i Lleidak hori bera eskatu zion asteartean Mariano Rajoyri: negoziatu dezala, ez dezala pentsa trenen talka gertatu baino segundo bat lehenago Artur Mas bagoitik jaitsiko dela, Espainiako bagoia handiagoa delako soilik. Aldebakarreko Independentzia Aldarrikapena —UDI, ingelesez— hauspotzen ari dela gaztigatu zion Rajoyri; egoera distantzia pixka batetik aztertzen duen edonork ondorioztatuko luke hori. Espainia ez da sekula fin ibili inor limurtzen, eta orain ere irmotasuna du estrategia. Etsaia bezatzea, beldurragatik izan arren. Ziurgabetasuna dakar Eskozian ez bezala adostasunik gabeko aldarrikapenak; UDIak beldurra ematen du bai, baina morrontzak are handiagoa.

Independentzia erreferendumaren aurreko azken kongresua egin du SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak. Azaroaren 26an Independentziaren Liburu Zuria argitaratuko dutela iragarri dute, estatu berriari buruzko zehaztasun guztiekin. Inkestak aurka izan arren, argi ikusi dute informazio gehien daukan jendea dela independentziaren alde dagoena. Nicola Sturgeon lehen ministrordeak gogora ekarri du 2011ko hauteskundeak baino lau hil lehenago laboristak zirela nagusi inkestetan, eta gehiengo osoa lortu zuten gero independentistek.
Eskoziako estatua irudikatzeak ilusioa dakar. Eskoziarren gehiengoak amesten duena papereratzea da. Londresen laguntza dauka David Cameronen azken neurriekin: posta pribatizatzea, etxebizitzarako laguntzak murriztea, gutxieneko errenta... Egunerokotasunetik eraikiko da Eskoziako estatua, ongizatean eta justizia sozialean oinarrituta. «Posta publikoa izango da Eskoziako estatuan» entzun, eta pentsatzen duzu erraz argudiatu litekeela Espainiaren baitako nazioetan ere: ez dela LOMCErik izango, botiken berrordainketarik ez dela izango, pentsioak KPIarekin igoko direla gutxienez, curriculum propioa eta kalitatezko irakaskuntza publikoa izango direla gidari, edo Espainiako lan-erreforma indargabetuko dela.
Salmondek eta Sturgeonek badakite 2014ko irailaren 18an Eskoziako nazioak hiru mendeotako hitzordu garrantzitsuena duela. Baina bide horretan, Independentziaren Liburu Zuria inkestak iraultzeko mugarria izan daiteke. Eskoziako herriarekin bat egiteko unea izango da, hurrengo hamar hileetan eskoziarrek lor dezaketena paperean erakusteko tenorea.
Aukera dena, eskura jarriko diete eskoziarrei. Katalunian ere 2014ko udagoienean dirudi helmugak, baina egiaz datozen asteetan jokatuko da partidaren zati garrantzitsuenetakoa. Cameronek eta Sturgeonek herria ekarri behar dute independentziara. Artur Masek eta Oriol Junquerasek badakite herria alde dutela, areago, herriaren aldamenean dihardutela, eta hala daudelako dutela herria alde —beharrezko ñabardurak jarri herri kontzeptuari, baina inkestak, mobilizazioa, eta parlamentua, hirurak bat datoz independentismoan—. Urratsak astiro baina sendo ari dira egiten. Espainia zein urratsetan oldartuko den, horixe zalantza. Abenduan, erreferenduma deitzean? Tira, epaileek erraz baliogabetuko dute. Hauteskunde plebiszitarioekin? Ala hori ere debekatu eta parlamentuaren esku utziko ote dute independentzia aldarrikapena? Edozelan dela, Masek data eta galdera jartzeak, Eskoziako Liburu Zuriaren besteko garrantzia edo are handiagoa izango du: Kataluniako estatua eskura dutela ikusiko dute katalanek. Eta zain dagoen Espainia hori mugitzen hasten bada, independentziarako urratsak bizkortzea baino ez zaie geldituko Bartzelonan. Eskoziaren mesedetan, gainera.
BERRIAn argitaratua
No comments:
Post a Comment