Esanguratsua da zein ezberdin ikusi izan den amaitu berri dugun urtea
Euskal Herrian eta Katalunian. Ekonomikoki datuak okerragoak dira
Mediterraneoan, baina ilusioa borborka darie, etsipena perspektibaren
gainetik ibili ohi den gure herriaren aldean.
Bartzelonan ekin
diote atzerako kontaketari. Lehen erronka hamaika egun barru daukate:
Espainiako konstituzioaren 150.2 artikulua baliatuta Madrilgo
Parlamentuari erreferenduma baimentzea eskatuko diote. Hiru hil inguru
joango ei dira hori gertatu eta ezetza jaso arte. Ordurako Europako
hauteskundeen zurrunbiloan izango gara. Hor, ziur aski, elkarren aurkako
interesak daude Euskal Herrian eta Katalunian. Euskal eta katalan
independentisten koalizio batek potentzialitate handia dauka, EH Bildu
eta ERC gutxienez barne hartuta —CUPek udaletatik maila nazionalera
jauzi egiteko eztabaida asko izan zituen; ez dirudi Europako jokalekuan
aritzeko asmorik daukanik orain bertan—. Baina arrisku bat ere bai:
eskuin independentistari gailentzea, eta errezeloak eta zalantzak piztea
CDC alderdian, hauteskundeak txarto irteten bazaizkie. Independentzia
ekintza kolektiboa da, eta garrantzitsua da zalantzatia animatzea,
hauspotzea gehien galduko duena —orain boterea daukana, esaterako—. ERC
egiten ari den rola urtetan ikertu beharko da: CiUren Gobernuari babesa
eta lasaitasuna ematen dio, baina zorrotz fiskalizatu ere bai bide
independentistatik ez aldentzeko, geroz eta gehiago izango dituen
tentazioei (txin txin, diruaren hotsa) muzin egiteko. Lan horrekin
batera, baina, inkesta gehienek ematen dioten nagusitasunari uko egiten
diote errepublikanoek. Artur Masek dauka aginte-makila, hari dagokio
protagonismoa eta gidaritza. Ziur aski hortxe dago lezio handi eta
eskuzabalena. Unean uneko botere kuota eta alderdikeriak baztertzea.
Gasteizko Legebiltzarreko eguneroko miserietatik (ze ona IƱaki Iriondo
kazetariaren txioa: «Independentistok utziko al diogu esateari EAJk zer
egin behar duen eta sortu hori eginarazteko eskakizun soziala, Masi
Katalunian bezala?»). Nafarroan aldaketa gauzatzeko ere ERCren lezioak
aski baliagarri beharko luke abertzale suhar zein epelentzat: anbizio
handieneko programa, alderdikeria txikieneko jarrera.
Kataluniako
bidean, beraz, baimena eskatzea dator lehendabizi, alferrik izan arren.
Baina horren aurretik egindako urratsa jakin dugu egunotan, eta ohi
bezala sutu da Espainiako prentsa: Kataluniako Gobernuak Europako eta
mundu osoko hainbat gobernuri bidalitako gutuna. Indartsua da. Artur
Masek Angela Merkeli bidali dionak bospasei paragrafo ditu. Bertsio luzeak ez ditu bi folio betetzen (txostengintzan diharduzuenok, zailagoa
baina praktikoagoa da orri bat edo biko komunikatu indartsua, bostekoa
edo hamarrekoa baino): «Auzia politikoa da argi eta garbi, ez
legalitateari buruzkoa (...) borondate politikoa baino ez da behar».
Presidentearen agintea higatzeko Espainiatik egondako saiakerak salatzen
ditu: «EBko kide izaten jarraitzea EBko estatuen erabaki politikoa
izango litzateke». Hurrengo paragrafoan, gogora dakar Europako
segurtasun-esparruan hutsune handia sortuko litzatekeela (Europako mapa
batean oso argi ikus daiteke hori).
Espainiako erreakzioak,
esperotakoak baina esanguratsuak izan dira. Haserre asko (zenbat
egunkarik idatzi zuten ostiralean «traizio» hitza?), eta gutxietsi guran
gehienak: «Inork ez dio jaramonik egin». Nazioarteak, Europak batez
ere, geroz eta garrantzi handiagoa hartuko du, eta tentuz aztertu
beharko dira adierazpen eta keinuak. Generalitat-eak dio gobernu batzuek
erantzun dutela. Alemaniak, AEBk eta Erresuma Batuak berriz, gutuna
jaso dutela esan dute, eta ez dutela ezer gaineratzeko gaiari buruz.
Adierazpen labur hori ez da Kataluniako independentziaren aldekoa, baina
aurkakoa dela esan ote dezakegu? Hau da, Espainiako Gobernuak nahiko
lukeen mezua eman al du Berlinek, Kataluniako bidea hutsala dela eta ez
duela independentzia onartuko? Horrelakorik ez dago arean. Espainiak
martxan dauka diplomazia Kataluniako sezesioa geldiarazteko, eta «no comment»
batzuk baino ez ditu lortu. Estatu onartu bat da Espainia; Katalunia
Estatu horretako egitura autonomiko bat baino ez. Gaur gaurkoz, normala
da auzia «barne-arazoa» dela esatea. Baina hori ez da Espainiarekiko
inolako babesa. Ez dio aterik ixten sezesionismoari. Egin kontu,
Kataluniak Espainiako legalitatearekin hautsi eta bere burua estatu
aldarrikatzen duenean; talka une horretan, bitartekaritza lan soilak
lehen aitortza ekarriko lioke Kataluniari. Eta ezusteko gehiago egongo
direlakoan nago.
BERRIAn argitaratua
No comments:
Post a Comment