2013-02-24

Erreferenduma, nola eta noiz

Lehen ahalegina ez zaie oso ondo atera Eskozian: Glasgowko Unibertsitatean egindako galdeketan %62k aurka bozkatu du, eta %38k soilik alde. Hobe esanda, emandako botoei dagokie kopurua, 23.000 ikasletik %13k parte hartu zuen , 3.000 lagunek doi-doi. Baina esperientzia, Kataluniako herri-galdeketetan inspiratuta, baietzaren aldeko Yes plataformak antolatu zuen, independentista gehien biltzen den gazteen adin-multzoan gainera. Nicola Sturgeon lehen ministrordea esaterako, campusean ibili zen bozketa egunean ikasleak konbentzitu nahian. Ondorio positibo bakarra independentistentzat: hain parte-hartze txikiarekin, konbentzitu daitekeen multzo handia dagoela oraindik jokoan. Baina lasterketan atzetik doaz gaur-gaurkoz.

Katalunian egindako herri-galdeketa guztiek oso bestelako emaitza izan dute —egia da unionistek ez dutela ia parte hartu han—. Baita egunotako inkestak ere: galdekatuen %54 independentziaren alde, %20 aurka. Botorik emango ez lukeen %17 gehituz gero, hamarretik bat ageri zaigu zalantzan. Bestela esanda, erreferendumean baietzak 72-28 irabaziko luke datu horien arabera, eta parte hartzea %70aren gainetik ibiliko litzateke.

Veneziako Batzordeak Montenegrori ezarritako bi baldintzak gogora ekartzeko unea da: erdia gehi bat aski ez zela ezarri zioten Podgoricako gobernuari, botoen %55 behar zuen sezesioak, eta zentsuaren erdiak parte hartzea gutxienez. %80k bozkatu zuten. Independentziak, berriz, argi irabazi zion batera jarraitzeari, baina doi-doi gainditu zuen %55eko langa. Kataluniako joerari begiratuta, parte hartzea handitu eta unionismoa hauspotuta ere boto-emaleen %72 ageri zaigu alde. Eta balio demokratikoa ukatzeko boikota jasanda ere, itzela litzateke %54ko parte hartzea (eta kasu horretan, %100etik hurbil leudeke baiezko botoak)

Zailena den zati hori —gizartea aktibatzea eta beharrezko nerbio independentista demokratikoa— bete-betean ari dira lortzen, itxura batean. Ez alderdiek, gizarte zibilak berak lortu du, eta alderdiak behartu, CiU eskuarki, independentziaren urratsean sartzea. Muskulu horri beti eustea ezinezko dela jakitun, behin aktibatuz gero, amaieraraino joan behar da. Horra gurearekiko aldeetako bat: gatazkan katramilatuta, agian ez genuen gantz sozial handirik bilduko, baina era berean ezin inertzia zaharrak utzi gizarte muskulua eratu orain.

Garrantzitsua izanda ere, baina, urratsetako bat da hori. Zelan lortu gutxieneko zilegitasuna izango duen galdeketa bat egitea, Espainiako Gobernuak eta Justiziak berariaz debekatuz gero? Argia-ko zuzendari Xabier Letonari irakurri nion lehendabizi, eta asteon argitu du Oriol Junquerasek: «Ez badago erreferendumik, hauteskundeak egongo dira ziur aski». Espainiako Gobernuarekin negoziatu eta akordiorik lortu ezean, inork onartuko ez duen eta legezko baliorik agian ez leukakeen galdeketaren ordez —Katalunia ez dago garaipen moral soiletarako, materialki independentzia eskueran duela sinetsita—, erreferendumaren planteamendu bera luketen baina juridikoki erabat legezko diren hauteskundeek dirudite bidea. Hau da, ERCk eta CiUk puntu bakarreko programa eramango luketela iradoki du Junquerasek: independentzia.

Kataluniako Biltzar Nazionalak egunotan eskatu du erreferenduma ez dadila izan 2014ko maiatzaren 31 baino geroago. Data hori gaindituta, baina berehala, Europako hauteskundeak datoz 2014ko ekainaren 5etik 8ra (estatuaren arabera). Espainiak ezingo lituzke hauteskundeok baliogabetu horrela. Programan independentzia baino ez daramatenek irabaziz gero, mandatu bakarra leukake parlamentuak: hori eratzeaz bat independentzia aldarrikatzea, Kosovok egin zuen legez.

Negoziatzea onartu eta limurtzeko ahalegin txikiena egin ordez, ukazio du lege Espainiak. Bai gobernuan den Alderdi Popularrak eta bai oposizioko sozialistak. Bizkaiko diputatu eta PSOEko buruzagi historiko Txiki Benegasek handia bota du egunotan: «Nahasketatik inozotasunera noa. Espainia den nazioa bere burua mutilatzeko prest dagoela pentsatzea, bere lurraldearen, historiaren, ekonomiaren, kulturaren zati kutun bati agur etsipenez esanda, inozotasun politiko handia da. Hau adostu eta bakezko aukera dela planteatzea are inozotasun handiagoa da. Nekez uka dakioke Espainiari bere lurralde-batasuna defendatzeko eskubidea».

Oriol Jonquerasek aurretik erantzun dio Bizkaiko diputatuari: «Ez dut ulertzen Espainiaren burugogorkeria, beti nahi du dena ala ezer ez, eta alde handiz irabaztea. Hala galdu zituen Kuba, Portugal, Holanda, eta horrela galduko du Katalunia». BERRIAn argitaratua.

No comments: