2013-12-29

2014: Historia ate-joka

Ez dakit gure bizitzako urterik garrantzitsuenean sartzear gauden. Asko esatea da hori, noski, nork bere urte garrantzitsuena izango du. Baina 2014a indar handiz dator. Eta munduko fokuak Atlantikotik Ozeano Barera joan direla dirudien honetan, jokaleku nagusia Asia bihurtu ei den honetan, Europak protagonismo berezia izango du.

Kataluniak eta Eskoziak hitzordua daukate historiarekin. Lehenek eskubide historikoen galeraren hirugarren mendeurrena baliatu nahi dute behin betiko eskubidea lortzeko: independentzia. Bigarrenek helburu berbererako duela zazpiehun urteko garaipen militarra dute gogoan. Bi nazioek egin diote erronka historiari, egungo estatuari, kontinenteari. Eta kontinente zaharrak ezin begirik kendu, hark ere urteurren ezin seinalatuagoa baitu: Gerla Handiaren mendeurrena. Berriz ere pasaporte espainoldun euskaldunok ezin gertakizunaren dimentsioa neurtu, horren luzaroan apartean bizita. Baina geuk ere badugu sasoia Espainiari eta hispanitateari bizkar emateko eta dagokigun etxera, Europara begiratzeko.


Ordura arteko hilkintza handienaren oroitzapenak hartuko du kontinentea datozen 365 egunetan. Orduko mapetan ez zegoen Irlandako estaturik, ez Finlandia edo Poloniarik, Alemaniak Errusiarekin zeukan muga eta Austriako inperioak otomandarrarekin egiten zuen topo Balkanetako Sandzaken. Euskaldun joan zirenak frantses itzuli ziren, eta itzuli ez zirenen oroitzapenak pour la France atzendu zuen euskara.


Gaur ezagutzen dugun Ekialde Hurbila ere gerra haren ondorio da: otomandar inperioa europarren artean banatzea (Palestina britainiarrentzat), Turkiako errepublika sortzea eta Kurdistan desagertzea. Siriak datorren hilean erronka garrantzitsua dauka Genevan. Eta aste bi beranduago, Kaukason Olinpiar Jokoen hasiera. Berrogei egun baino gutxiago falta, eta Vladimir Putinek espero ez zuen urte-amaiera dauka. Siriako konponbideak, Irango akordioak, Errusia berriaren adierazle behar zuten, baina Sotxin dena dago idazteko. Moskun botere-borroka, eta zirkasiarrak, Sotxiko jatorrizko biztanleak, basamortuan oihuka urtetan egon ondoren, munduko arreta lortzen ari dira. 2014an mendeurrena ez, Errusiako konkistaren eta genozidioaren 150. urteurrena dute. Eta Sotxin gertatu zen hori guztia 1864an.

Potentzia berrietan berrienetakoarentzat, Brasilentzat, esangura berezia dauka hastear den urteak. Urtea ez zaio erraza izan, protestek Munduko Futbol Txapelketa eta Brasil berriaren ustelkeria eta desberdintasunak agerian utzi dituzte, baina 2014ak Hego Amerikako potentziaren kontsolidazioa ekarri beharko luke. Ez da hutsala futbolaren eragina: Brasilen gorakadarekin batera, hainbat sezesionismoren errezeloak dakartza. Katalunian berariaz aipatu zuten Futbol Txapelketatik urrundu beharra, Espainiaren balizko garaipenaren eragina mugatzeko. Eskozian ere Londresko Olinpiar Jokoetatik urrundu gura izan zuten erreferenduma. Eta Flandrian, Bart De Weverren independentistek perspektiba bikainak dauzkate udaberriko hauteskundeetan... hain onak ze, Belgikaren zaleek itxaropen handia jarri baitute «deabru gorrien» futbol-selekzioan, guztiz zatituta dagoen estatuaren ideia indartuko duelakoan.

Brasilek futbolean hasi eta 2016ko Rioko Olinpiar Jokoetan itxaropen handia dauka. 2014an hori ere badago jokoan: Eskoziak edo Kataluniak berezko taldeekin parte har lezakete Joko horietan. Baita Kaledonia Berriak ere, Frantziarekin adostutako erreferenduma gauzatuz gero. Izan ere, Frantzia jakobinoa eta zentralista da, baina paradoxikoa iruditu arren, Espainiak falta duen malgutasuna du beharrezko zaionean: Alsazian posible da erreferenduma, Korsika lurralde-elkargo da, baina Euskal Herriari (oraingoz) ukatu. Kanakian posible da herritarrei galdetzea, baina Nazio Batuek Polinesia deskolonizatu behar dela esaten diotelarik, Parisek erantzun gauzatu dutela autodeterminazioa unionisten alde bozkatuta. Gogorra da Frantzia, baina posible dira aldaketak, ekinaren ekinez.

Espainian ez. Aldatu behar duela jakinda ere, geldi egotearen apologia egiten du Mariano Rajoyk. Espainia hondoratzen den urtea izan liteke 2014a, bi joerek bat egiten dutena: Kataluniak kanporako bideari eutsita, Bartzelonatik irten liteke Euskal Herria ere, ordurako Nafarroan gobernu berria balego. Eta orduan bai, lasai kenduko dituzte autonomiak eta dena zentralizatu Gaztelan.


Gure kontinente zaharrean hasi eta amaitu behar, beraz. Maiatzeko europar hauteskundeek gutxitan bezalako interesa piztu dute. Eskuin muturrak eta euroeszeptizismoak aulki asko lortu ei ditu. Eta Eskozia kanporatzeaz dihardute batzuek, denok jakin arren Katalunia ahoskatu behar dela. Gerta bailiteke, Eskozian SNP europazaleak irabaztea Europako hauteskundeak, eta Ingalaterran UKIPeko eskuin muturrak. Eta ea zer seriotasun duen Eskoziari kanporatzeko mehatxua egiteak, Cameronek Erresuma Batuan EBtik irteteko erreferendumera deitzen duen egunean.

BERRIAn idatzia

No comments: