2013-12-07

'Enkosi', Madiba

 
2000. urtean sartzear ginela, egunkari batetik uztear ginen mendea nork markatu ote zuen galdetu zidaten. Izen bakarraren ordez, bi aipatu nituen: Vladimir Ilitx Lenin, eta Nelson Mandela. Horien pare edo are aurretik, beste iraultza bat ere azpimarratu beharko litzatekeela uste dut, feminista. Edozelan ere, Madibaren figurak badauka neurtzeko oztopo bat: neurtezina dela. Ezin ezein pertsona garaikiderekin alderatu.

Badago Mandelaren biografian alde bat, gurean deliberatuki ezkutatu (batzuek) eta azpimarratu (besteek) egiten dena. Mandela “terrorista” da. Madibak argi adierazi zuen: “terrorista deitzen zidaten atzo, baina espetxetik irtetean, askok besarkatu ninduten, etsaiek ere bai, eta hori esan ohi diet terrorista deitzen dietenei bere herria askatzen borrokan ari direnei”. Alde honetan zentzugabeena, Mandelak borroka armatuaz daukan ikuspegia gordetzea da. Jarrera zintzo eta bakezaleena baita. Indarkeriaren aurkako hautua espetxetik irten eta Hegoafrikako herritar guztientzako estatu berria eratzen duenean dator, herrialdeak izan zitzakeen mendeku tentazio guztiei ateak itxita. 30 urte lehenagoko idatzietan berriz, borroka armatuaren aldeko hautua azaltzen du. “Esan nuen okerra eta immorala gure herria estatuaren eraso armatuz zapaltzea inolako alternatibarik eskaini barik. Jendeak bere kabuz armak hartu zituela aipatu nuen. Indarkeria hasi egingo zen, geuk ekin zein ez. Ez ote zen hobe guk geuk gidatzea indarkeria hori, zapalkuntzaren sinboloei -eta ez pertsonei- erasotzen genien printzipioen arabera?”. Zapalkuntza ankerrenaren aurrean, autodefentsa mekanismoaz dihardu. Ez dirudi inor aurka egoteko berbak direnik. Etxeko betaurreko deformatuekin ikusteak dakar arazoa, baina, indarkeria “beti, edozein egoeratan” gaitzesgarri den argudio txepelak. Ageriko gauza bi adierazten baititu Madibak: indarkeriaren aurka egotea dela iraultzailearen betebehar baina zapalkuntza egoera batek horretara bultza dezakeela (eta beraz, “indarkeria noiz” galderari erantzuten dio), eta bigarrenik, zapalkuntza egoera anker horretan ere defentsa indarkeriak beharrezko dituela parametro etikoak.


“Mendi handi batera igo eta gero, igotzeko beste mendi asko daudela baino ez duzu aurkitzen”, Mandelaren aipu ezagunetarik irakurtzen dudanean, “deye mon, gen mon” (mendien atzetik, mendi gehiago) kreolerazko esaldia datorkit gogora. Herrialdeko zailtasun aipatzeko darabilte haitiarrek esaldia. Haitiko iraultzak 1804an esklaboen lehen garaipen sendoa ekarri zuen, eta Ameriketako herrialde behartsuena bihurtu dute. Haititik Barack Obamara Mandela dago bidean. Presidente beltzak ohore egin dio Madibari, hura gabe ezin Etxe Zurian irudikatu. Madibak erbestean hartu zuen Jean-Bertrande Aristide haitiar lehendakaria. Mandela itsasargia zen, baina sarri gogoratu zuenez, garaipena ez zen berea, argi emateko hartu zuen herriak gainditu zuen apartheida.

Ia ehun urteko erraldoia da, bizitzan sinbolo, espetxetik lehendakaritzara eta ontasunaren irizpide moral bihurtuta. Tambok “sortu” zuen Mandela, baina ezin ulertu, Kathrada, Slovo edo Biko barik. “Mandelak dioenez”, edozein argudiotarako indartzaile da gaur. Pertsona, gero sinbolo eta azkenik mito, ohiko bidea alderantzikatu eta atzera indar guztiz ageri da. Mugimenduko buru, herrialdeko presidente, apartheidaren aurkako borrokalari... eta halako batean, Irlandatik Euskal Herrira datorkigu Hego Afrika. Mandelaren fundazioa, Afrikar Kongresu Nazionala, dozenaka elkarte biltzen dituen mugimenduaren eskuak bostekoa ematen dio eta Euskal Herria ere, prozesu berri batera dator. “Beti dirudi ezinezko, eginda dagoen arte”, eta irribarre zabala. Hegoak iparrari ekarri digu lezioa. Eta gure xumean, badugu zer irakatsi, xhosera, zuluera eta beste hizkuntzekin zelan jokatu asmatzen ez dakien herrialdean, ofizialtasun testimonialetik harago. Baina egongo da astirik horretarako. Gaur, eskerrik asko, enkosi, Madiba.

Mandelaren heriotzean, BERRIAk argitaratutako gehigarri berezirako idatzita. Hemen PDFa.

No comments: