Zarautz gehien miresten dudan
herrietako bat da. Mundu guztiaren kuttun, turismoaren meka, eta
nortasunari eta, batez ere, euskarari bikain eutsi dion herria.
Guztiz euskalduna den herria da; hamarkada askotako turismoaren
eraginari aurre egin eta, Madrilgo zenbat aberaskiren txoko maite
izanda ere, gure hizkuntza da nagusi uda zein negu.
UEMAn ere badago Zarautz. 2011ko
hauteskundeetatik aspaldiko lagun dudan pertsona bat dago Kultura
zinegotzi. Poeta, pasioz ekiten dio parean jartzen zaion langintzari,
kazetari, editore edo euskalgintzako langile eta militante legez
sarritan erakutsi duen legez. Zarautzen bizi ez banaiz ere, txalo egiteko
hainbat ekimenen atzean sumatu dut: kulturan, euskaran, immigrazioaz
orain arte ikusi dudan lanik interesgarrienetakoak sustatzen... nekez
irudika dezaket langile engaiatuagorik proiektu batean. Euskal
Herrian Euskaraz-ek dotore erabili duen figura erabilita, euskararen
espaloitik ia jaisten ez den beltza da Gari Berasaluze. Ez inork
behartuta, behinik behin.
Hitzaurre loriatsu hau, adierazteko,
hurrengo lerroak ez direla ez Zarauzko udalaren ez Gari Berasaluzeren
lanaren kritika. Gure herriko egoeraren konstatazio soila dira, gune
euskaldunen, euskaltzale eta engaiatuenean ere tarteka zelan
espaloitik jaitsi behar dugu, ez inork behartuta, euskara hutsez
bizitzea ezinezko zaigulako baizik.
Filmen bikoizketaren bidean goazen
artean, espainola izango da jaun eta jabe gure aretoetan, oso noizean
behin filmen bat euskaraz izan arren. Munduko borrokak,
esperientziak, geureganatzeko, espainola beharko dugu Hegoaldeko
euskaldunok halabeharrez. Zarauzko udala, UEMA bera, ez baita gai
film hori bera bakarrik bikoizteko -zeresanik ez horrelako dozena
erdi proposatuz gero. Zelan gastatu 30 edo 35 mila euro ordu eta
erdiko emanaldirako? Beraz, espainolez ikusi behar.
“Baina euskarazko azpidatziak ba al
daude ba?” galde dezake norbaitek. Sarean bilaketa azkar bat
eginda, “Catch A Fire” filmaren 235 azpidatzi-artxibo daude, 27
hizkuntzatan. Tartean, ingelesezko 41, baina baita frantsesezko hamar
eta espainolezko hamabi ere. Euskaraz ez, tamalez.
Hala eta guztiz, proba txiki bat egin
dut: azpidatzien artxibo bi deskargatu. 4.300 hitz inguru dituzte.
Hamasei orrialde, gidoi bezala idatzita, hau da, ez dago ezkerretik
eskuineraino orri osoa idatzita, baizik eta esaldi bat eta hurrengoa
azpiko lerroan. Lehen orrialdea euskaratzeko proba egin dut: hogei
minutu.
Itzultzaile profesional batek egunean
hiru mila hitz itzuli ohi ditu. Eta filmak esaldi laburrez osatuta
egon ohi dira. Bestela esanda: lagun bakar batentzat egun edo egun
eta erdiko lana izan liteke film hori euskaratzea. Lana jende
gehiagoren artean banatuz gero, ordu gutxian euskaraz dago.
Borondatea badago, erraz asko egin daiteke, abantaila batekin:
gaztelaniazko azpidatziak ere eskura daudenez, bi azpidatzirekin
proiektatu daiteke filma, erdaldun zein euskaldunentzat.
Zarautzen abiatu naiz, baina berdintsu
balio du UEMAko zein UEMAz kanpoko edozein udalentzat. Berdintsu balio
du udal ez diren elkarte, talde edo gaztetxeentzat. Gaur gaurkoz,
euskaltzale sutsuenak ere onartzen dio bere kultur kontsumoari
euskaraz ez izatea. Ez daukagu Osakidetzarako daukan exijentzia bera.
Noski, bikoizketarekin ezinezko da film horiek guztiak euskaraz
izatea. Baina azpidatzita, bai.
Txip aldaketa dakar, lana dakar, baina
fruituak ere ez dira gutxi:
- Diglosia gainditzeko berebiziko urratsa, espainola ez dugu zertan mundurako zubi izan.
- Are gehiago, euskarazko azpidatzietara ohitura hartuta, onura bi izango ditugu, gutxienez:
- Jatorrizko bertsiora ohitzea, izan ingelesez zein zulueraz: ondorioa da aktoreak beren ahotsa bikoiztuta entzutea ezin jasatea, norvegiarrei gertatzen zaien legez. Eta hori ez da euskararen kalteko: gaur bikoiztuta ikusten dugun ia ehuneko ehun espainolez da.
- Horrek, halaber, euskararekiko exijentzia maila goratzea dakar. Gaur euskaraz bizitzetik “salbuetsi” eta espainolez bizitzeko espaloitik jaisten garen eremu batean euskaraz jarraitzea dakar.
Paradoxikoa iruditzen zait, izan ere,
“bikoizketa euskaraz” izenarekin indarra hartu duen ekimena.
Logikoena “zinema euskaraz” edo are gehiago “atzerrikoa ere
euskaraz” izan beharko litzateke, baina noski, horrek fokua
euskaran jartzen du, eta ez bikoizketan. Euskarazko filmak
aldarrikatzeak, arnasguneetan erdarazko bikoizketa ez onartzea dakar,
eta hizkuntza ordezkapenari aurre egitea.
Bikoizleek beren lanaren alde egitea
normala da, eta animazioan lan handia dago egiteko (Jakinen emandako
datuen arabera, bikoizketaren ehuneko 60 inguru marrazki bizidunetan
egiten da), baina pertsona errealak beren ahotsez entzutera ohitu beharko genuke.
Den-denak espainolez ematea posible baita, baina ez euskaraz.
Azpidatziekin baina, ondo lan eginez gero, irits gintezke
espainolaren morrontzatik libratzera.
1 comment:
Bikaina. Azpidatzien eta jatorrizko bertsioen aldeko trenean aspaldian montatu ginen geure etxean. Ezer gutxi gehitu behar. Borobila!
Post a Comment