2013-12-23

Euskobarometroa, independentismoa eta erabakitzeko eskubidea

Joan den ostiralean 2013ko bigarren Euskobarometroa aurkeztu zuten. Hedabideetan hainbat datu agertu dira. Nik minutu eta laurdenean egin behar izan nuen albistea telebistan, beraz, ahalik zorrotzen baina hainbat elementu ezin izan nituen aipatu. Eta badaude datu interesgarriak, balizko sezesio prozesu baterako:

Erreferenduma egin beharko litzatekeen galdetuta (gutxi asko, erabakitzeko eskubidea daukagun galdetzea izan litekeena), galdekatuen ehuneko 54k baietz diote, eta ehuneko 29k ezetz. Bestela esanda, erabakitzeko eskubidearen alde daudenak, ukatzen dutenen ia bikoitza dira. Auzi politikoaz galdetuta, dagoen erantzun argienetakoa da. Ezetzean, PPkoen % 81 eta PSEkoen % 69. Aldea Kataluniarekiko.


 Independentziari buruz, 37k baietz bozkatuko lukete (bi puntu behera), ehuneko 33k ezetz (puntu bat behera), ehuneko 15ek ez dakite edo ez dute erantzuten, eta beste ehuneko 15ek abstentziora joko luke. Nork bere irakurketa egiteko aukera ematen du: independentistak baietza nabarmendu dezake, areago, prozesu zehatzik abian egon gabe ere (horrek ekarri ohi duen polarizazio eta posizioak indartzearekin) independentismoa nagusi dela. Francisco Llera Euskobarometroko zuzendariak bestelako irakurketa egin zuen: 37-33, “jarrerak ia berdinduta” daudela.


Galdera interesgarriena baina, Estatu-antolamenduari buruzkoa da. Ehuneko 30entzat gaur eguneko autonomia da egokia, eta ehuneko 5ek Espainia zentralistagoa nahiko lukete. Aldiz, ehuneko 35 federalismoaren alde eta ehuneko 27 independentziaren aldeko ageri dira. Independentziaren aurkako irakurketa egin daiteke, baina baita egungo markoarenak egin duela adierazteko ere: 35 + 27= 62, hirutik ia bik gaurkoa baino “gehiago” nahi dute.


Beste detaile bat datuon barruan: autonomia PPko hautesleen lehen aukera da (PPkoen % 66rena), eta independentzia EH Bilduko gehienena (% 74). EHBko % 21ek baina, federalismoa hobesten dute. EAJk hiru aukeretan dauzka jarraitzaileak: % 32 gustura egungo autonomiarekin (aurreko inkestatik sei puntu gora), % 23 independentziaren alde eta % 41 federalismoaren zale. PSE ere zatituta: erdiak federalismoaren alde ageri dira, eta aukera horrek 13 puntu egin ditu gora lehen inkestatik. Gaur egungo autonomiaren kaltetan, noski, PSEkoen % 34k hautatu dute aukera hori, hau da, urte hasieran baino % 19 gutxiagok. Kopuru horretako zati bat federalismora etorri da, baina beste batek zentralismo handiagoa hobetsi dute. Alderdiotako jarrerak aztertzerakoan aintzat hartu beharreko datuak dira.

Beti esan izan dugu, Euskal Herriarekiko Kataluniak zuen aldea, han federalistak bazeudela… eta federalismoaren bide antzuaz jabetzean indartu dela independentismoa. Gurean ikusten dugu estatu independenteak jarraitzaile asko dituela. Baina oraingoz bi ideia daude argi: erabakitzeko eskubidea oso barneratuta dagoela, eta are barneratuago Autonomia Erkidegoak autogobernu gehiago behar duela.

Abiapuntu horretatik, argi dago herritarren aktibazioa demokraziaren ideia sakontzetik datorrela: erabakitzeko eskubidea daukagu, eta geuk erabaki behar dugu zein estatus eta harreman mota nahi dugun. Gero, Katalunian bezala gertatuko da: autonomia gehiago edo Espainiaren baitako egiazko autogobernua/federalismoa posible ez bada, halabeharrez sezesiora bultzatzen zaitu. Dibortzioa norberaren erabakia baita, baina ezkontzeko bestearen oniritzia behar da.

2 comments:

Xabier said...

Euskobarometroak egin ohi duen beste galdera bat nahikoa bitxia da: zenbaterainoko gogoa duzu independentziarako (gaztelaniazko bertsioan, "deseos de independencia"). Inkestatuari hiru aukera eskaintzen zaizkio: gogo handia ("grandes deseos"), gogo txikia ("pequeños deseos") edo gogorik ez ("ningún deseo). Emaitzetan, %35ek gogo handia du, %23k txikia eta %28k ez du gogorik. Hortik ondoriozta daiteke, nire iritziz behintzat, %58k independentzia nahi duela edo, besterik ezean, ez litzatekeela aurka egongo; gogo txikia duenak nolabaiteko gogoa duelako, jakina.

Euskobarometroko arduradunen arabera, aldiz, independentzia kontu minoritarioa da, soilik gogo handia dutenak (%35) hartzen dituztelako independentistatzat. Interpretazio kontua izan daiteke, baina, beste bati irakurri nion gisan, independentziarako gogo txikia dutenak independentistak ez direla kontsideratzen baditugu, sudur txikia dutenek sudurrik ez dutela esan beharko genuke.

Kontuan izan, beraz, independentismo ziurra, gaur gaurkoz, mugatua dela. Independentiston helburua izan beharko litzateke, hortaz, erdi bideko horiek konbentzitzea, gogo handiagoa izan dezaten.

Urtzi UV said...

Arrazoi duzu. Datu interesgarri gehiago ere badaude, "nuestra democracia"z galdezka adibidez, puntu bat behera doa babesa, baina ia ezin da beherago joan, % 84raino jaitsita aurka daudenena. Legitimazio falta horrekin, Kataluniako eraginarekin, bere saldatan erretzen ari da Espainiaren ideia.