2012-12-02

Hiru lurralde otomandar

Palestinak hartu du beste behin munduko albisteen oihartzuna. Izan dira isilago pasatu direnak, Albaniako independentziaren mendeurrena, esaterako. 1912an, gain behera zegoen otomandar inperioa. Balkanak galdu zituen, gerra ostean Frantziak Siria eta Erresuma Batuak Irak eta Palestina hartu zituzten, eta kurduei estatua agindu zieten.

Handik mende batera, kurduek estaturik gabe jarraitzen dute, Palestina sionismoak amestutako Israelgo Estatua da nagusiki, eta albaniarrek bi estatu dauzkate, bakarraren ordez. 2008an Estatu Batuen babesean sorturiko Kosovoko Estatua, Hagako Justizia Gorteak aldarrikapena ez zela legearen aurkakoa esan arren, ez da Nazio Batuetako kide, Errusia aurka baitu. Baina egon, badago Kosovoko Estatua. Praktikan bigarren albaniar estatua da, «Albania Handia» debekatu dietela ikusita. Irlandan ere, gaur-gaurkoz, errazago dirudi Ipar Irlanda independentea Irlanda batua baino. Eta euskal lurraldetasun auzirako B edo C aukera pentsatzeko pistak ematen ditu.

Harira etorrita, Palestinak ostegunean baino nabarmen aitorpen gutxiago lortu ditu Kosovok ia bost urteotan. Baina Kosovo badago, eta Palestinako estaturik ez. Israel «estatu judua» dela onartu behar ei dute palestinarrek, Benjamin Netanyahuk esandakoaren arabera. Israelen ikuspegi baztertzaile eta etnizista hori ahaztuta ere, zein lurralderekin onartu behar dute palestinarrek Israel hori? Nazio Batuei eta Palestinari betiko erantzuna eman die Israelek, kolonia gehiago. Geroz eta estuago Zisjordania, eta ondorioz, ia ezinezko bi estatuen konponbidea. Ikuspegi sionistatik, geroz eta lur gehiago bereganatu ditu Israelek. Baina horrek estatu bakarrera darama halaber, eta hor demografia oztopo zaio sionismoari. Horregatik behar du Israelek «estatu judu», eta ez Palestina-Israelgo lurraldeko biztanle guztiena.

Palestinarren aldarrikapenak onarpen zabala lortu du. Baina Kosovoren ifrentzu legez, aldarrikatu duten estatu hori ez da egiazki. Mahmud Abbasek zenbait udalerritan agintzen duen gobernu ahul bat baino ez dauka; arabiarren lilura Gazan dago.

Eta kurduak? Hiruretan nazio kontzientzia duten bakarrak dira («palestinarrak» sionismoaren emaitza dira, eta «kosovoar» naziorik ez dago). Iraken Kurdistan autonomo burujabea dago, baina Kosovori ez bezala, aliatu estatubatuarrek ez zieten utzi independentzia aldarrikatzen. Bagdadekiko loturak hausten ari dira, Kirkuk hiriarekiko eta petrolioarekiko etengabeko borrokan. Eta petrolio horrek aberastutako armada indartsuak osatu dituzte bai arabiarrek, bai kurduek. Paradoxikoki, Turkia dute aliatu Irakeko kurduek, Maliki xiitaren eta Teheranen itzalaren aurrean.

Otomandar inperio zaharra erupzioan dirauen sumendia da.

BERRIAn argitaratua

No comments: