2012-03-25

Udaberria (arabiarra?)

Afrika Express liburuan azaldu nuen bidaietan izandako esperientzia gogorrenetakoa: ez dirurik, ez oparirik; afaltzen ari ginen arrozetik pixka bat eskatzen ziguten songai umeek, katiluak samatik eskegita. Aldameneko mahaikoek bezala eman genien sobera geneukana. «Tunika urdinaren azpitik esku beltzaranak dituela ikusi dut. Begirada harrapatu dit eta dardara egin du eskuekin. 'Berrehun kilometro tolle ondulee dago hemendik Tinbuktura, begira oraindik ere zelan ditudan eskuak [...].' 'Tuarega?' Irribarre egin dit, baietz. Gizon zaharra da, baina ez du basamortuko herritarren harrotasun punturik galdu». Tinbuktuko ateetan daudela entzun dugu berriz ere, Niger ibaiak ziaboga hartu eta, okerraz jabetu balitz legez, basamortua utzi eta hegoalderantz ekiten duen lekuan. Munduko lekurik behartsuenetan falta liteke ura, uztak galdu, gosea egon, baina beti egongo dira armak.

«Malin militar talde bat matxinatu da, tuaregen aurka ez joateko», irakurri dugu asteon BERRIAn. Ederra zen titularra; lehen zatiak Afrikara ginderamatzan, baina bigarrenak beste Afrika bat ere bazela sinetsarazten zigun: «Militarrak MNLA Azawad Askatzeko Mugimendu Nazionaleko tuareg independentisten aurka borrokatzeari uko egin diotelako matxinatu dira». Beste Afrika baten atarian ote, non militarrek gerrari uko eta herrien askatasunari bide egiten dioten? Sudan hegoaldearen askatasunak marra kolonial guztiak aldaraziko ote ditu? Nahasmenaren ondoren, arruntagoa zen egia: «aberria hausten zuten terroristen aurka» aski borrokatu ez, eta arma zaharkituekin ibiltzeagatik kanporatu dute Amadou Toumani Toure. Tuaregek urtarrilean piztutako matxinada galtzen ari delako, alegia.

Azawad deritzo tuareg herriaren lurraldeari. Azawadeko mugimendu independentistari (MNLA) elkar lotzerik ez zeuden bi deabruak batu dizkiote: Gaddafiren aldamenean borrokatu dutenak eta Magrebeko Al-Qaedarekin lotura dutenak daude borrokalarien artean, Maliko Gobernuko salaketen arabera. Bilal Ag Acherif MNLAko idazkari nagusiak autodeterminazio eskubidea aldarrikatu du, eta tuaregez gain, songaiak, peulak eta arabiar mairuak ere batu zaizkiela dio. Eta Gaddafiren aurkako tuaregak ere badaudela, Mohammed Ag Najm komandantea adibidez. Baina ez da tuaregik izan Al-Qaedan. Besterik da, zabalak direla Saharako negozioak: Al-Qaeda dabil azken urteotan, eta Mendebaldea izutu du, lehen Europara amets zuten pertsona trafikoak izutu zuen legez. Eta ezin ahaztu eskualdean dauden uranio meatzeak.

Gernika izango dugu gogoan datozen egunetan. Eta Gernikak gogoan du lehen aire erasoak sufritu zituzten haiek. Gogor zigortu zituen espainiar kolonialismoak eta gogor altxatu ziren riftarrak. Joseba Sarrionaindiak luzebildu du. Rifekoa ekarri digu, eta Tamanrasseteko tuaregak. Gero etorri ziren erregelarekin marrak egitera basamortura, eta «hau Aljeria da», «hau Mali, hau Libia, hau Niger...». Eta hura Azawad zela, eta hareatzan marrarik ez, dunak eta ergak baizik, uste izan zuten urdin jantziko pertsonei ezetz esan zieten, aljeriarrak, maliarrak, nigertarrak zirela.

Geroztik, zenbat matxinada, zenbat odol, harea eta harrizko lur zatiarengatik. Bai, noski, eta Arliteko uranioagatik muturra sartu du behin eta berriz Parisek. Batean amaitu eta bestean hasi. Kolonialismoak estatu berean sartu zituen elkarren aurka borrokan ibilitakoak. Dena zen beltz kontinentean, berniz musulmana zutenak eta hori ere ez zeukaten animistak, basamortuko estraperloan eta abeltzaintzan ziharduten nomadak, esklabuak hartu zituztenak eta esklabu izandakoak. «Zurien aurkako bazterketa» leporatzen diete tuaregek agintari beltzei. Esan beharra ere marka da, baina tuaregak dira zuri. Eta zubi, Mediterraneo zuritik Afrika beltzera. Sahel topaleku. Esklaboen ehiza-leku mendetan. Amaigabeko hareazko autobidea.

Eta gure pasaporte bera daukaten herri gutxituetako herritarrak aipatzea eskatuz gero, esango al dituzue katalan, kortsikar, galiziar eta bretainiarrekin batera amazigak? Frantses pasaportedunek errazago ekarriko dituzue gogora kabiliarrak, baina Kabiliak mende erdi darama Frantziatik eta Europako Batasunetik kanpo, panarabismoaren izenean ukatua. Bidenabar, Euskal PENetik Gernikako bonbardaketaren kari egiten ari garen poema bilketan Noufel Bouzeboudja kabiliar poeta izan da lehenengoetakoa.

Gaur egun, Espainia da amazig lurralde bat menpean daukan Europako estatu bakarra: Melilla (edo bestela esanda, Europako Batasunak Tamazgha-Amazig Herriko zati bat du bere baitan). Mediterraneo ertzean, Europara begira diren Rif mendietan matxinatu dira martxoan amazigak, «Abd-el-Krim-en seme-alabak gara» oihuka. Eta Kantauriraino iritsi da berriz ere oihua. Etxetik hamar minutura daukat Bilbon Rifeko enbaxada den Berebar taberna. Urrunekoa miresten duenak etxea baloratzen jakin behar duen gisan, internazionalismoa eta beste kulturekiko jakinminak ere ateaz beste aldean hasi beharko luke.
BERRIAn argitaratua

2012-03-18

Newroz

«Hilkor guztiek argi berarekin egiten zuten distira udaberria heldutakoan, Newroz, kurduen Urte Berria iritsitakoan. Zaharrek zioten antigoaleko garaietatik ohitura zela Kurdistango txoko guztietan, herri bakoitzean, hiri bakoitzean, haran bakoitzean, mendietan... eguzkiak bere handitasuna ezartzen zuenean berriz ere, inork ez zuela etxean geratu behar... gizon-emakumeek, zaharrek eta gazteek, zelaietara jotzen zuten Newroz ospatzeko, berriz argi ematen zien eguzkiaren ohoretan». Hala dakar Mem eta Zin epopeia kurduak, 2010ean Txalaparta argitaletxearentzat egin genuen itzulpenean.

Ehmede Xanik idatzi zuen, XVII. mendearen amaieran, eta Romeo eta Julietaren bertsioa da, gizarte-estatus desberdineko gazte biren maitasun-tragedia kontatzen baitu. Mem-u-Zin, literatura balio handiko lantzat ez ezik, abertzaletasun kurduaren abiapuntu gisa ere hartu ohi da. Tribuen arteko banaketa salatzen du Xanik, eta kurduen batasuna aldarrikatzen. Eta Euskal Herrian Kurdistanekiko antzekotasuna azaldu dudan bakoitzean, hori ulertzeko abiapuntu bikaina ematen du lehen kapituluan: «Egileak zergatik idazten duen kurdueraz». Hara zer dioen Xanik: «Gure hizkuntza hautatu dut, orain arteko ohitura arabieraz, persieraz edo turkieraz idaztea izan bada ere, ez dezaten esan kurduak ezjakinak direla, herri guztiek liburuak dauzkatela kurduek izan ezik». Zelan ez oroitu Etxeparez? «Bertze jendek uste zuten / ezin eskriba zaiteien / orai dute forogatu enganatu zirela / euskara jalgi hadi plazara». Ez dugu aurkituko venezuelarrik esaten zergatik idazten duen espainieraz, palestinarrik esaten zergatik idazten duen arabieraz. Baina ehun aldiz elkartasun handiagoa dauka gose greban den palestinar presoak ekintza berean hilabete baino gehiago daroaten Selma Irmak eta Faysal Sariyildiz diputatu espetxeratuek baino. Joan den asteko Gazako bonbardaketen —beharrezko— salaketak min ematen die urrian ustez arma kimikoz hildako gerrillarien senideei, oraindik ere gorpu eske.

Europatik Txina eta Indiara arteko eremu zabalean ospatzen dute Newroz udaberria iristean, bai kurduek bai beste hainbat irandar zein turkiar herrik: persiarrek, azerbaijandarrek, balutxeek eta abarrek suaren gainean egiten dute jauzi, eguzkiaren sinbolo, islama iritsi aurretik gurtzen zen eguzkiaren sinbolo. Oraindik ere hala sinesten dute jazidi erlijioko kurduek, eta islama azaleko berniza da besteentzat, bai Mem eta Zin baso ardo batekin hasten zuten garaian, bai gaur egun feudalismoari ihesi parez pare borrokan diharduten emakume gerrillarien artean. Egongo da zer kritikatua Kurdistango mugimenduan, baina mundu egitasmo nazional gutxi daude hain loturik emakumearen askapenarekin.

Kurdu zintzoak, kurdu gaiztoak dokumentala egin zuen Kevin McKiernan estatubatuarrak, AEBen joko bikoitza salatzeko: Saddam Husseinek hildako kurduak zintzoak dira Washingtonentzat, baina NATOko kide Turkiak zapaltzen dituenak, terroristak. 24 urte bete ziren herenegun Halabjako bonbardaketa kimikoa izan zenetik. Bost mila zibil, haur zein heldu, hil ziren sagar usaineko gasetan. Baina ezkerrak antzeko memoria hautakorra du: palestinar matxinoak berdin zaizkio zintzo, Hamas Iranekin dagoelarik zein Baxar Al-Assaden aurka lerratuta. Kurduak, aldiz, Turkian soilik dira zintzo, NATOren aurka badaude. Teherango bizardunek urkatzen dituztenak Israelen aliatu dira, prentsa integristak esan eta Latinoamerikak errepikatzen duenez. Irakeko kurduak AEBetara salduak omen («nik ere nahiago nuke suitzarrek edo norvegiarrek askatzea, baina AEBak baino ez ziren etorri»). Sirian, matxinadaren urteurrena oroitarazi berri dute. Haren aurrekaria Qamishli hiri kurduan dago, 2004an: Irakeko kurduen arrakastaren poza tiroka zapaldu zuten, gaur legez, Al-Assaden indarrek.

Qamishliko biktimak gogorarazi dituzte. Eta geroztik egondako sarraskietakoak. Ez dira hiru hil joan, eta inori ez zaizkio axola Roboskin Turkiak hildako haur eta nerabeak, 30 pertsonatik gora. Diyarbakirren armenierazko eskolak ireki ditu udalak asteon, Turkian lehen aldiz, Kurdistango mugimenduak gainontzeko herriekin duen begirunearen adierazle. Trukean, Kurdistango hiriburuan gaur ospatzekoa zuten Newroz eguna debekatu die gobernuak, duela hogei urte legez. Orduan lau mila herri suntsitu, ehunka mila desplazatu eta egungo tragediaren hazia erein zuten. Ez dadila berriz gertatu.
BERRIAn argitaratua

2012-03-11

Kataluniako Biltzar Nazionala

Nazioarteko PEN Klubaren azken bilera Serbian izan zen joan den irailean. Ez zen euskaldunontzako lekurik abegikorrena, baina Balkanetan abegikortasuna zabala izan ohi da. Kontua da horrelakoak sarri erabiltzen direla, ohiko bilkuraz haratago, lekua jartzen duen herria erakusteko. Kosovoko kideak ere parte hartu zuen azkenean, horratik. Ez dira urte asko elkarri txantxa egiten genionetik, nork izango zuen aurrena estatua. Haiek lortu dute, eta oraindik ez da euskal internazionalista talderik izan, ez elkartasuna adierazteko edo ukatzeko, ezta prozesua bera bertatik aztertzeko ere. Errazago omen espainolez lasai ibil daitekeen Latin Amerikan etxetik ekarritako ideiak berrestea, auzien konplexutasunean kontraesanak agertzen diren Europako herrialdeetara joatea baino.

2014ko PEN kongresua eskoziarrek eskatu dute, noski, Edinburgon nahi gaituzte. Erreferenduma urrirako iradoki du Alex Salmondek. Kongresuak irailean izan ohi dira. Hirugarren rakija pattarrerako, eskoziar azentua ulertzen hasi nintzaion Glasgowko lagunari. Txinatik erbesteratutako uigurra bildu zen eztabaidara. Xuan Bello asturiarraren ipuina zirudien, Bretainiako kongresuan bildu ziren nazioena, porrotak bildu zituela gogoan. Eskoziarrari galtzaileen kluba utziko zuela gaztigatu zion uigurrak. «Zuek ez gaituzue utziko, ezta?» segidan niri.

Urte batzuk lehenago, Ipar Irlandako Newry hiriko pub batean nintzen, Hegoaldeko mugatik hur. Karol Wojtyla Aita Santuaren argazkia horma batean —pub errepublikar batean ikusi dudan bakarra, hori ere egia da—, Salouko hotelean zegoela kanporatu zutela ziostan irlandar preso ohi batek, ETAk udan leku turistikoetan egin ohi zituen erasoren batean. «Han zeuden, brit guztiak asaldatuta; ni, barreari eutsi ezinik, egoeraren absurduan, Irlandatik lasaitasun egun batzuetarako ihesi joan eta euskaldunek harrapatu!». Salou Katalunia zela aipatu nion, eta gure antzekotasun eta desberdintasunak; Tennent's pintak erraz sartzen ziren. «Hara, orain ere eskoziar garagardoarekin ari gara. Zuek gure antzekoagoak zarete, astakiloagoak. Eta uste dut katalanek eskoziarren antz handiagoa dutela». Garagardo arteko konparaketak, estereotipoak, badakizue.

Parentesia itxita, goazen Belgradera bueltan. Itzuli gara hotelera, azken trago baterako geratu gara katalanekin. Alde handiak eta hurbiltasun handia ere badugu. Hispanitatea, baiki. Baina mahaikide ditugun bizpahiru lagunak izan ziren Egunkaria kasua Bartzelonatik mundu erdira haizatu zutenetarik. Egin digute konfidentzia. Eskozia baino lehen egin gura dute erreferenduma. Bide-orria argi dute eta 2012ko martxoan abiaraziko dute. Helmuga, 2014ko Diada, irailak 11 dituenean. «Galdutako independentzia berreskuratuko dugu».

Atzo izan zen, baina nik herenegun idazten dut. Behetik gora egingo dute. Murrizketaz murrizketa diharduen gobernu neoliberaleko alderdia, eta hari hortzak erakutsi eta greba egingo dioten alderdi, sindikatu eta herritarrak, bietarik bildu dira Kataluniako Biltzar Nazionalean. Bildu dira autonomian sinetsi zutenak (mea culpa-rik ez Pujoli, ongi etorri baino, leziorik ikasi nahi balitz), bildu dira Espainia federala nahi zutenak, Katalunian bai baina Espainian federalistarik ez dagoela konturatu direlarik.

Guaiegi ikusi dituzte katalanak euskal abertzaleek askotan, inora ez doazen ekintza sinbolikoetan galduta. Espainiar analista zorrotzenetako batek zioskun, ulermen handiagoa zuela espainiar nazionalismoak Euskal Herrikoarekin. Egurra eman eta jaso, Espainia oso ondo mugitzen den logika da. Baina zailago zaio muturrekoa ematea burgeskume Europazaleari, gorbatadun neoliberal independentistari. Juan Jose Ibarretxe umiliatu daiteke Madrilen. Kataluniarrek bozkatutako estatutua iraindu izana garesti irtengo zaie.

Iazko apirileko Bartzelonako erreferendumaz gero, 250 herri-biltzar eta sektorial eratu dira (Eskuadra-Mosoak, azkenak). Atzo Biltzarra eratu, uda osoan hamar zutabe nazional osatu eta irailean Diada batua dakar bide-orriak. 2013an udal erreferendumak bultzatuko dira, Parlamentuan egiten ari diren legea hartuta, eta horrekin, udal independentisten sarea eratuta, 2014ko erreferenduma prestatuko dute. Eskoziarrek baino hilabete lehenago. Lurraldetasuna argi utzita: egungo erkidegora mugatuta, Valentzia eta Uharteak ez, Ipar Katalunia ere ez. Baina katalan estaturako erlojua abian da. Bigarren argi bat piztu da. Edinburgoz eta Bartzelonaz ari gara, ez Sarajevoz, ez Grozniz. Bi urte eta erdi, 30 hil barru. Eguna jarrita dago.
BERRIAn argitaratua

2012-03-04

Matriuxka jokoa

Zuek ere gu bezalakoak zarete?» Galdetu zidan gazteak. Kaukasoko herri gehienetan errepikatzen den galdera da, non eta ez dizuten zuzenean esaten «a, bai, duela lau mila urte joan zineten ahaideak zarete». Berdin balio du elkarrekin muturtutako georgiar zein abkhaziarrekin, Hego Kaukasokoekin zein Iparrekoekin. Iparrean hamaika herri daude, zein bere hizkuntzarekin, bertakoak zein jatorri turkiar, irandar edo mongoliarra daukatenak. Baina Grozni berrituan nengoen, milioika errublok, tona porlanek eta eraikin distiratsuk nazio oso baten samina ezkutatzen duen hirian.

Sarraski haren egilearen izena dauka gaur Grozniko kale nagusiak, Vladimir Putina Prospekt. Lehen ministro «baino» ez zen orduan, presidentziarako aulkia berotzen Dmitri Medvedev utzita. Harro baino gehiago, harroputz zegoen, egunotan hauteskunde kanpainan ikusi den baino hanpatuago bularra, tigre ehizan edo Sotxiko tabernaren batean arkerian. Gaur gauzak itsustu egin zaizkio. Gertatzen dena gertatzen dela, Moskun protestak ezinbestean egongo direla dirudi. Errusiako hirietako jendea, gazteak batez ere, nekatu egin da. Zaharrak gutxi, eta geroz eta gutxiago dira, bizi-itxaropena Hirugarren Munduko herrialdeen antzera dauka munduko estatu handienak. Eta Putinek irabaziko ditu hauteskundeak, baina errusiarrek haserre jarraituko dute.

Haserre horretan egosten, urtzen ari diren ustean dira. Kanpotik lagun gutxi, eta gaiztoak gehienak. Apustu gogorretan dihardu, Sirian Latakiako portura armen garraio. Irango jokoan ere urduri; hor Txina ere urduritzen da, bere hornidura arriskuan ikusita. Kazetari uigurrek jakinarazi digute asteon, Tibetek egunak daramatza mundutik deskonektatuta, immolazioak eten ezinik, eta Xinjiang edo Uiguristango uigur herritarren artean ere beste sarraski bat gertatu dela salatu dute asteon.

Baina Txinan ez daukate Vladimir Putinek daukan barne-beldurra: hauspotutako oligarkak haserre, herritar xumeak erreta eta nazionalismoa hauspotzen duelarik ere, eskuin muturrak muga jartzen dio. Hitzez hitz. Borroka gogorrenaren bidez lortu ez dutena emateko prest dira errusiar nazionalistak txetxeniarrei: «Utzi Kaukaso elikatzeari» kanpaina hasi zuten udagoienean, eta «Errusia errusiarrentzat» sinpleagoan laburbildu dute. Eta bai, Kaukaso Errusiatik kanpo utzi behar dela proposatu dute, gaitza handik datorrelakoan. Historian «gaitza» ziren herriekin zer-nolako genozidio eta garbiketa etnikoak egin diren ikusita, begirune puntua ere badauka faxista errusiarren ideiak.

«Hori proposatzen dutenak beren zati bat moztea merezi dute» erantzun zien Putinek haserre. «Herrialde batek lurralde arantzatsuei uko egiteari ekiten diolarik, herrialde osoaren amaieraren hasiera da». Konstantin Krylove Errusiako Mugimendu Publikoko buruak duela hilabete erantzun zion: «Eskualde ez-errusiar guztien bereizketa izan liteke errusiar nazioaren iraupenerako azken aukera. Hobe anputazioa, gangrena baino». Estatistikak urduritzen ditu errusiarrak: estatuko ilehori kristauak gutxitzen eta zahartzen ari dira, eta geroz eta gehiago dira kaukasoar eta tartariar musulmanak. Caucasian esaten diote Estatu Batuen arraza zuriari. Errusiarrek txorni (beltz) Kaukasoko herritarrei.

Munstroa bazkatu du Putinek. Txetxenian Kadyrov ez elikatzeko eskatu diote errusiar estremistek. Baina hantxe puztuko ditu gaur beharrezko dituen bozak. Txetxeniar sufrimenduari azken iraina asteon Kadyrovek: txetxeniar ororen memorian ahaztezina den 1944ko deportazioa, otsailaren 23tik maiatzaren 10era, aita zuenaren hilketaren egunera pasatzea agindu du.

Kaukasoko mendietan borrokan dihardute, berriki Dagestan eta Txetxeniako mugan agerian geratu den legez. Paradoxikoki, Kaukasoko berri herrirentzako babes bila, Putinek bere diplomazia Ozeano Bareraino bidali du: Kosovo mendebaldeko 88 herrik aitortzen badute, Georgiatik bereizitako Abkhaziak eta Hego Osetiak ere lortu dituzte dozena erdi onarpen. Errusia, Nikaragua eta Venezuela bazeuzkaten lehendik, eta Vanuatu, Kiribati eta Tuvalu gehitu zaizkie. Egia, 187 falta dituzte. Baina Kosovo ere ez dute aitortzen ehun estatuk baino gehiagok.
BERRIAn argitaratua