«Hilkor guztiek argi berarekin egiten zuten distira udaberria
heldutakoan, Newroz, kurduen Urte Berria iritsitakoan. Zaharrek zioten
antigoaleko garaietatik ohitura zela Kurdistango txoko guztietan, herri
bakoitzean, hiri bakoitzean, haran bakoitzean, mendietan... eguzkiak
bere handitasuna ezartzen zuenean berriz ere, inork ez zuela etxean
geratu behar... gizon-emakumeek, zaharrek eta gazteek, zelaietara jotzen
zuten Newroz ospatzeko, berriz argi ematen zien eguzkiaren ohoretan».
Hala dakar Mem eta Zin epopeia kurduak, 2010ean Txalaparta argitaletxearentzat egin genuen itzulpenean.
Ehmede
Xanik idatzi zuen, XVII. mendearen amaieran, eta Romeo eta Julietaren
bertsioa da, gizarte-estatus desberdineko gazte biren maitasun-tragedia
kontatzen baitu. Mem-u-Zin, literatura balio handiko lantzat ez
ezik, abertzaletasun kurduaren abiapuntu gisa ere hartu ohi da. Tribuen
arteko banaketa salatzen du Xanik, eta kurduen batasuna aldarrikatzen.
Eta Euskal Herrian Kurdistanekiko antzekotasuna azaldu dudan bakoitzean,
hori ulertzeko abiapuntu bikaina ematen du lehen kapituluan: «Egileak
zergatik idazten duen kurdueraz». Hara zer dioen Xanik: «Gure hizkuntza
hautatu dut, orain arteko ohitura arabieraz, persieraz edo turkieraz
idaztea izan bada ere, ez dezaten esan kurduak ezjakinak direla, herri
guztiek liburuak dauzkatela kurduek izan ezik». Zelan ez oroitu
Etxeparez? «Bertze jendek uste zuten / ezin eskriba zaiteien / orai dute
forogatu enganatu zirela / euskara jalgi hadi plazara». Ez dugu
aurkituko venezuelarrik esaten zergatik idazten duen espainieraz,
palestinarrik esaten zergatik idazten duen arabieraz. Baina ehun aldiz
elkartasun handiagoa dauka gose greban den palestinar presoak ekintza
berean hilabete baino gehiago daroaten Selma Irmak eta Faysal Sariyildiz
diputatu espetxeratuek baino. Joan den asteko Gazako bonbardaketen
—beharrezko— salaketak min ematen die urrian ustez arma kimikoz hildako
gerrillarien senideei, oraindik ere gorpu eske.
Europatik Txina
eta Indiara arteko eremu zabalean ospatzen dute Newroz udaberria
iristean, bai kurduek bai beste hainbat irandar zein turkiar herrik:
persiarrek, azerbaijandarrek, balutxeek eta abarrek suaren gainean
egiten dute jauzi, eguzkiaren sinbolo, islama iritsi aurretik gurtzen
zen eguzkiaren sinbolo. Oraindik ere hala sinesten dute jazidi erlijioko
kurduek, eta islama azaleko berniza da besteentzat, bai Mem eta Zin
baso ardo batekin hasten zuten garaian, bai gaur egun feudalismoari
ihesi parez pare borrokan diharduten emakume gerrillarien artean. Egongo
da zer kritikatua Kurdistango mugimenduan, baina mundu egitasmo
nazional gutxi daude hain loturik emakumearen askapenarekin.
Kurdu zintzoak, kurdu gaiztoak
dokumentala egin zuen Kevin McKiernan estatubatuarrak, AEBen joko
bikoitza salatzeko: Saddam Husseinek hildako kurduak zintzoak dira
Washingtonentzat, baina NATOko kide Turkiak zapaltzen dituenak,
terroristak. 24 urte bete ziren herenegun Halabjako bonbardaketa kimikoa
izan zenetik. Bost mila zibil, haur zein heldu, hil ziren sagar
usaineko gasetan. Baina ezkerrak antzeko memoria hautakorra du:
palestinar matxinoak berdin zaizkio zintzo, Hamas Iranekin dagoelarik
zein Baxar Al-Assaden aurka lerratuta. Kurduak, aldiz, Turkian soilik
dira zintzo, NATOren aurka badaude. Teherango bizardunek urkatzen
dituztenak Israelen aliatu dira, prentsa integristak esan eta
Latinoamerikak errepikatzen duenez. Irakeko kurduak AEBetara salduak
omen («nik ere nahiago nuke suitzarrek edo norvegiarrek askatzea, baina
AEBak baino ez ziren etorri»). Sirian, matxinadaren urteurrena
oroitarazi berri dute. Haren aurrekaria Qamishli hiri kurduan dago,
2004an: Irakeko kurduen arrakastaren poza tiroka zapaldu zuten, gaur
legez, Al-Assaden indarrek.
Qamishliko biktimak gogorarazi
dituzte. Eta geroztik egondako sarraskietakoak. Ez dira hiru hil joan,
eta inori ez zaizkio axola Roboskin Turkiak hildako haur eta nerabeak,
30 pertsonatik gora. Diyarbakirren armenierazko eskolak ireki ditu
udalak asteon, Turkian lehen aldiz, Kurdistango mugimenduak gainontzeko
herriekin duen begirunearen adierazle. Trukean, Kurdistango hiriburuan
gaur ospatzekoa zuten Newroz eguna debekatu die gobernuak, duela hogei
urte legez. Orduan lau mila herri suntsitu, ehunka mila desplazatu eta
egungo tragediaren hazia erein zuten. Ez dadila berriz gertatu.
BERRIAn argitaratua
No comments:
Post a Comment