Zuek ere gu bezalakoak zarete?» Galdetu zidan gazteak. Kaukasoko herri
gehienetan errepikatzen den galdera da, non eta ez dizuten zuzenean
esaten «a, bai, duela lau mila urte joan zineten ahaideak zarete».
Berdin balio du elkarrekin muturtutako georgiar zein abkhaziarrekin,
Hego Kaukasokoekin zein Iparrekoekin. Iparrean hamaika herri daude, zein
bere hizkuntzarekin, bertakoak zein jatorri turkiar, irandar edo
mongoliarra daukatenak. Baina Grozni berrituan nengoen, milioika
errublok, tona porlanek eta eraikin distiratsuk nazio oso baten samina
ezkutatzen duen hirian.
Sarraski haren egilearen izena dauka gaur Grozniko kale nagusiak, Vladimir Putina Prospekt.
Lehen ministro «baino» ez zen orduan, presidentziarako aulkia berotzen
Dmitri Medvedev utzita. Harro baino gehiago, harroputz zegoen, egunotan
hauteskunde kanpainan ikusi den baino hanpatuago bularra, tigre ehizan
edo Sotxiko tabernaren batean arkerian. Gaur gauzak itsustu egin
zaizkio. Gertatzen dena gertatzen dela, Moskun protestak ezinbestean
egongo direla dirudi. Errusiako hirietako jendea, gazteak batez ere,
nekatu egin da. Zaharrak gutxi, eta geroz eta gutxiago dira,
bizi-itxaropena Hirugarren Munduko herrialdeen antzera dauka munduko
estatu handienak. Eta Putinek irabaziko ditu hauteskundeak, baina
errusiarrek haserre jarraituko dute.
Haserre horretan egosten,
urtzen ari diren ustean dira. Kanpotik lagun gutxi, eta gaiztoak
gehienak. Apustu gogorretan dihardu, Sirian Latakiako portura armen
garraio. Irango jokoan ere urduri; hor Txina ere urduritzen da, bere
hornidura arriskuan ikusita. Kazetari uigurrek jakinarazi digute asteon,
Tibetek egunak daramatza mundutik deskonektatuta, immolazioak eten
ezinik, eta Xinjiang edo Uiguristango uigur herritarren artean ere beste
sarraski bat gertatu dela salatu dute asteon.
Baina Txinan ez
daukate Vladimir Putinek daukan barne-beldurra: hauspotutako oligarkak
haserre, herritar xumeak erreta eta nazionalismoa hauspotzen duelarik
ere, eskuin muturrak muga jartzen dio. Hitzez hitz. Borroka gogorrenaren
bidez lortu ez dutena emateko prest dira errusiar nazionalistak
txetxeniarrei: «Utzi Kaukaso elikatzeari» kanpaina hasi zuten
udagoienean, eta «Errusia errusiarrentzat» sinpleagoan laburbildu dute.
Eta bai, Kaukaso Errusiatik kanpo utzi behar dela proposatu dute, gaitza
handik datorrelakoan. Historian «gaitza» ziren herriekin zer-nolako
genozidio eta garbiketa etnikoak egin diren ikusita, begirune puntua ere
badauka faxista errusiarren ideiak.
«Hori proposatzen dutenak
beren zati bat moztea merezi dute» erantzun zien Putinek haserre.
«Herrialde batek lurralde arantzatsuei uko egiteari ekiten diolarik,
herrialde osoaren amaieraren hasiera da». Konstantin Krylove Errusiako
Mugimendu Publikoko buruak duela hilabete erantzun zion: «Eskualde
ez-errusiar guztien bereizketa izan liteke errusiar nazioaren
iraupenerako azken aukera. Hobe anputazioa, gangrena baino».
Estatistikak urduritzen ditu errusiarrak: estatuko ilehori kristauak
gutxitzen eta zahartzen ari dira, eta geroz eta gehiago dira kaukasoar
eta tartariar musulmanak. Caucasian esaten diote Estatu Batuen arraza zuriari. Errusiarrek txorni (beltz) Kaukasoko herritarrei.
Munstroa
bazkatu du Putinek. Txetxenian Kadyrov ez elikatzeko eskatu diote
errusiar estremistek. Baina hantxe puztuko ditu gaur beharrezko dituen
bozak. Txetxeniar sufrimenduari azken iraina asteon Kadyrovek:
txetxeniar ororen memorian ahaztezina den 1944ko deportazioa, otsailaren
23tik maiatzaren 10era, aita zuenaren hilketaren egunera pasatzea
agindu du.
Kaukasoko mendietan borrokan dihardute, berriki
Dagestan eta Txetxeniako mugan agerian geratu den legez. Paradoxikoki,
Kaukasoko berri herrirentzako babes bila, Putinek bere diplomazia Ozeano
Bareraino bidali du: Kosovo mendebaldeko 88 herrik aitortzen badute,
Georgiatik bereizitako Abkhaziak eta Hego Osetiak ere lortu dituzte
dozena erdi onarpen. Errusia, Nikaragua eta Venezuela bazeuzkaten
lehendik, eta Vanuatu, Kiribati eta Tuvalu gehitu zaizkie. Egia, 187
falta dituzte. Baina Kosovo ere ez dute aitortzen ehun estatuk baino
gehiagok.
BERRIAn argitaratua
No comments:
Post a Comment