2012-01-29

Galdetu eta galdetu

Eskoziako independentismoak ez dauka Euskal Herrikoak baino babes handiagorik. Eskoziako autonomia ez da Euskal Autonomia Erkidegoak daukana baino handiagoa, eskumenei begira. Eskumen horien artean, ez daukate, ez Eskoziak ez Euskal Herriak, estatuko egitura juridikoa aldatzeko botererik. Ez Gernikako Estatutuan, hain gutxi Foru Hobekuntzan, baina ezta Eskoziako devolution-ean ere, Scotland Act-ak ez dakar erreferendum konturik, areago, Westminsterri dagozkio auzi konstituzionalak. Jon Fernandezen kronikan, halaxe gogorarazten zigun atzo Ruth Davidsonek, Eskoziako Santiago Cerverak, Edinburgoko Antonio Basagotik, baina ñabardurarekin: Eskoziak alde egin nahi badu, hark erabaki behar du hori. Horixe da kontua, erabakia eskoziarrek hartzea, ez auzitegiek.

Neronek orain egin bezala, askok alderatu dute/dugu Erresuma Batuko Alderdi Kontserbadorea eta Espainiako Alderdi Popularra. Bien nazionalismo britainiar/espainiarra zalantzan jarri barik, baten izaera demokratikoa askoz handiagoa dela dirudi. Eta hala da. Baina aldea ez dago Espainiaren eta Erresuma Batuaren aldean soil-soilik. Oso desberdina izan da Euskal Herriko eta Eskoziako independentisten jarrera ere. Urteetan autonomia erkidegoa kudeatu duten jeltzaleengan anbiguotasuna izan da nagusi, alderdia sortu zen unetik gailendu ziren bi arimen orekan. Ezker abertzaleak Eskoziatik oso desberdina izan den estrategia eraman izan du halaber, Ipar Irlandatik hurbilago historikoki.

Erresuma Batuaren izaera demokratikoaren eta Turkiako tabu militaristen erdibidean egon da Espainia. Baita Espainiaren lurraldeko nazionalismoak ere. Katalanek Erresuma Batuan zeudela pentsatu zuten, eta PPk lehendabizi eta gerora alderdi horrek hauspotutako Auzitegi Konstituzionalak gogorarazi zien nork agintzen zuen herritarren borondatearen gainetik (horixe da kontua, eskoziarrek erabakitzea, ez auzitegiek).

Konstituzioa, auzitegiak, Turkian armada eta Errepublika laikoa legez, edozeren gainetik daude. Harresi gaindiezinak dira. Quebeceko bigarren erreferendumaren ondoren argitzen joan da testuinguru demokratikoetan zelan gauzatu behar diren independentzia erreferendumak. Lehen neurria, subjektua argia izatea (Euskal Herrian, izen hori daukan erakunde autonomo bakarra EAE da orain bertan), eta subjektu horretako agintariak herritarren borondatea galdetzea. Areago, agintea hartzen duenak argi uztea, Eskozian legez, berari botoa ematen diona eskualde autonomo hori estatu bihurtzeko erreferendumerako bozkatzen ari dela. Ezker/eskuineko euskal abertzaleek antzeko zerbait diote teorian. Laster erakutsi behar dute benetan ari diren Edinburgora begira, ala Madrilen aitorpen eske jarraitzen duten.

Madrilen jarrerak asko dauka senar matxistarenetik: nitaz maiteminduta egotea nahiko nuke, baina horretan limurtu eta zeinen guapoa den adierazi ordez, etxea ez uzteko mehatxatzen du, eta bikoteari etxetik alde egiteko gogo handiagoa piztu. Baina euskal abertzaletasunak ere harremana apurtzeko beldur eternalean dagoen bikotea dirudi: ez bakarrik bizitzeko beldurrez, menpekotasun kolonialean diren beste herri batzuek izan dezaketen legez, baizik eta bikoteak dibortzio eskubidea onartuko dion uste zozoan. Harremanak haustea dramatikoa da ia beti. Drama ahalik eta laburrena izan dadila, horixe da kontua. Ez espero abandonatzen duzunak irribarre egitea, zure argudioa ulertzea; horrek zurekin jarraitu nahi du, eta hari baimena ematea eskatzea zakurkeria ere bada harentzat. Oso ondo, hautsi harremana, baina ez espero ni bat natorrela esatea ihardetsiko dizu. Ze bere esku uzten baduzu independentzia, edo zure independentziarako eskubidea onartzea, bada ezetz esango dizu. Bost axola bikoteak zer dioen, dibortziatu nahi duenak dibortziatu eta kito, badira urte batzuk argi utzi genuela ez zegoela horretarako motiborik argudiatu behar.

Juan Jose Ibarretxe lehendakariak izan zuen Eskoziarekin antzekotasunik zeukan asmorik. Alex Salmondek baino bide orri luzeagoa prestatu zuen, baina B planik ez, Madrilen ateak ixterako. Ezker abertzaleak ere dozenaka proposamen, txosten eta egitasmo landu ditu. Azkenaldian, bere bidea aldebakarretik egiten ei dabilen sasoian, agerikoa du begia Madrilen. Besteak beste, autodeterminazioa eskatzeko aldarrikapen nekagarrian. Eskoziak ez du ezer eskatu. Londresek ere ez dio ezer aitortu. Edinburgok egingo duena iragarri du, eta kito. Ez du eskatu Londresek autodeterminazioa aitortzerik. Ez dio aitortuko, bestalde. Espainiak Euskal Herriari inoiz aitortuko ez dion bezala. Estatuak ez du onartzen horrelakorik. Baina demokratikoa bada, negoziatu egingo du independentzia asmo hori nola gauzatu daitekeen, eta printzipio demokratiko hori gailenduko da.

BERRIAn argitaratua

2012-01-22

Letonia-Nafarroa-Txillardegi

2001ean Adios herriko (orduan Adiotz deitu behar genion euskaraz, gerora gaztelerazkoaren parekoa erabiltzea onartu du Euskaltzaindiak) galdeketaren albistea egin nuen, Euskal Telebistako albistegietan. Uxue Barkos nuen editore, lanbide honetan konfiantza handienetakoa eman didan pertsona, beti zorrotz, beti euskaltzale.

Azken orduan agindu zidan Izarbeibarko udalerri haren berri ematea. Herria eremu ez-euskaldunetik mistoan sartzea bozkatu zutela uste dut (marka da interneten dena ei dagoen garaian duela hamar urteko albisterik ezin topatzea. Baina Egunkaria-ren absoluzio eta guzti, 1991-2003 arteko artxibo bikain hori desagertuta dago, liburutegi osoa erreta Iñigo Aranbarrik esan bezala). Kontua da, euskararen aldekoek irabazi egin zutela. Ez dakit zelan eman nuen albistea, baina gauza positibotzat hartu genuela bai. Biharamunean, Gara-k bestelako irakurketa egiten zuen: eskubideak ez dira bozkatzen. Hau da, gehiengoaren iritzia eremu ez-euskaldunean geratzea balitz ere, euskaldunek eskubideak izaten jarraituko lukete. Hau da, gehiengoak ez dauka gutxiengoari eskubideak ukatzerik.

Horixe ekarri dit gogora egunotan Letoniako kazetari adiskide batek esandakoak, eta Nafarroako Legebiltzarrean gertatu denak (eremu ez-euskalduna misto bihurtzeko proposamenari PSNk emandako ezetzak, PP eta UPNrekin batera). Txillardegi zenak aspaldi adierazi zuen herrialde baltikoetako bidea, independentzia lortu eta hizkuntza galdu zuen Irlandaren aurretik (hori Euskal Herriko paradoxa: euskarak estatua/independentzia behar du bizitzeko, baina independentziak erdaldunak —ere— beharko ditu, balizko galdeketan gehiengoa izateko). Estatu baltikoetako errealitatea, Letoniakoa batez ere, ondoen ezagutzen dutenetakoa da Asier Blas, eta ñabardura eta kritika ugari egin dizkio eredu horri. Aski interesgarria da Blasen blogean barneratzea, hizkuntza normalizatzeko ereduaren —eta balizko independentzia eta estatua eratzeari buruzko— porrotaren berri izateko. Datu soil bat: duela hogei urte independentzia lortu zuenean 2,6 milioi herritar zituen Letoniak, egun ez da bi milioira iristen. «Biztanleen % 25 baino gehiago galdu ditu, gerra gogor eta lazgarria sufritu duen herrialde baten datuak dira» argitu izan du Blasek.

Testuinguru hori ahaztu gabe, hizkuntzaren auzia berriz ere hizpide daukate Letonian. Eta errusiera ofizialtzea eskatzen duen erreferenduma egingo dute otsailaren 18an. Errusieraren aurkako neurriak gogortu ahala, eslaviar jatorriko herritarrak antolatu eta erreferendumaren aldeko 187 mila sinadura lortu zituzten. Letoniako zentsuaren %10ak (154 mila lagunek) erreferendum eskaera eginez gero, hala egin behar da. Ostiralean Auzitegi Gorenak galdeketa berretsi zuen, eta atzera bota eskuineko bi alderdiren eskaera, bertan behera gera zedin. Ez dago zalantza askorik emaitzari buruz: zentsuaren erdiaren botoak beharko lituzkete errusieraren aldekoek. Biztanleen ehuneko berrogei inguruk dute eslaviar jatorria, baina ehuneko hamabostek ez dauka herritartasunik (bote eskubiderik ere ez, beraz), besteak beste letonieraz ez dakitelako. Hala ere, letonieraz bikain dakiten milaka herritarren aurkako arrazakeriaren berri eman izan du Asier Blasek sarritan, eslaviar jatorria izan edo ezkerreko alderdietan (gehienetan bat datoz) aritzeagatik.

Bestelako politikak egon dira Lituanian, baita errusiar jatorriko biztanle asko dituen Estonian ere. Txillardegiren sokak merezi du jarraipenik, Baltikoko, Irlandako eta beste herrietako arrakasta eta porroten berri izateko. Baina hizkuntza-eskubideak eta herritarren borondatea ere aintzat hartu beharko lirateke. Duela 25 urte euskal eremuan sarturiko udalerri batzuetan zegoen euskaldun kopurutik gora daukate gaur eremu ez-euskalduneko zenbait udalerrik. Eta parlamentuek edo udalbatzek dena erabaki ordez, herritarrei hitza ematea ez da esperientzia txarra, norbere herria non kokatu erabakitzeko.
BERRIAn argitaratua

2012-01-15

Eskoziako erreferenduma

Zer gertatu da duela hamabost urte autonomia txikienik gabeko, administratiboki lurralde ere ez zen Eskozia buruan jartzeko «independentziarako lasterketan»? Egin dezagun hurbilpen historikoa: 1979an atzera bota zuten autonomia proposamena; erreferendumean baietzak %51 lortu zuen, baina erroldako %32 baino ez zen, eta %40 behar zuen. Segidan, Margaret Thatcher lehen ministro bihurtuta, bertan behera geratu zen asmoa. Laboristak 1997an gobernura itzuli arte tiraderan gordeta egon zen egitasmoa. Baina Tony Blairrek hauteskundeak irabazi eta berehala egin zuten bigarren erreferenduma (bi galdera zeuden, Parlamentua sortzeari buruz, eta zerga-bilketaz). 1999an, Parlamentua eratuta, Westminsterrek botereak transferitu zizkion. Ordutik urratsez urrats baina etengabe egin du bidea: laboristei SNPko independentistek irabazi zieten lehen aldiz 2007an, eta gehiengo absolutuz iazko maiatzean. Ordurako independentisten ereduek hondoa jo zuten: Islandia eta Irlanda jarri izan zituzten adibide, baina horiek hondoratuta ere, Alex Salmonden alde egin zuten eskoziarrek.

Hizkuntza ez da berebiziko auzi izan eskoziar abertzaletasunean, Irlandan bertan baino nabarmen pisu txikiagoa dauka. Horretan alde dauka Eskoziak ez duela nazio elebakar ez «etnia bakarra» osatzen. Bi dira —gutxienez— Eskozia modernoko osagai etnikoak: Eskozia gaeliko zeltikoa da ipar eta mendebaldean (hori da historikoki abertzaleen eta memorian leku handiena daukana), hizkuntza azken 150 urteotan erabat murriztuta eta bizpahiru uhartetan soilik gorde duten arren. Eskozia hegoaldeak eta ekialdeak tradizio germanikoa dauka, anglosaxoia eta bikingoa, Ingalaterra iparrarekin bezainbat Feroe, Islandia eta Danimarkarekin harremanean. Eta abertzaletasunak asmatu du denak eskoziar sentiarazten, bata bestearen gainetik hautatzeak porrot nabarmena dakarkiola jakitun. Anglosaxoi zein zeltiko, eskandinaviar zein gaeliko, pakistandar zein nigeriar jatorriko, denak dira Eskoziako herritar. Nazionalismo zibikoa halabeharrez baliatu dute, etnikoaren aurretik. Lurraldeari begira, Eskoziak leku nabarmena dauka mapan, ez da eztabaidagai. Eta Holyroodeko Parlamentuari dagokion lurralde autonomo horrek bozkatuko du independentzia nahi duen. Nazionalismo zibikoak lurraldeko herritar guztiei zabaltzen die eskoziartasuna, baina lurraldea argi markatzen du halaber.

2014an Bannockburneko garaipenaren 700. urteurrenarekin bat eginda nahi dute abertzaleek erreferenduma. Unionistek, berriz, nazionalismo britainiarrak berehalakoan gora egitea espero dute, Londresko Olinpiar Jokoekin, eta olatu horrek behin-behinekoz uhin independentista ahultzea. Memoriak eta ospakizunak ere badute lekurik, ez dezagun ahatz, Mel Gibson maite gabe ere onartu behar da Braveheart-ek jarri zuela bere aletxoa.

Eskozia independente izango da, edo ez. Baina herritarrek hautatuko dute. Ez Londresek autodeterminazio eskubidea aitortu diolako, ez dago horren beharrik 2012ko herrialde demokratiko batean. Hau da, Londresek ez dauka ezer aitortu beharrik Eskozia independente izateko. Hauteskundeetan alderdi bakoitzak bere programa dauka, maiatzean irabazi zuenak independentziari buruzko erreferenduma agindu zuen. Orain bete behar du, eta ahalik eta bizkorren bete bezala diotso David Cameronek. Hori da dena. Herritarren hitza ez da bete beharrekoa. Baina legez lotzea baino garrantzitsuagoa da herritarren hitza betetzera behartuta sentitzea. Demokraziaren oinarria da elkarrekin edo bereizita bizi ahal izatea.
BERRIAn argitaratua

2012-01-08

Galdetu eta galdetu

Iazko urtea independentzia erreferendum batekin hasi genuen. Handik urte erdira aldarrikatu zuen independentzia Hego Sudanek. Egunotan hilketen eta jazarpenen berri izan dugu. Nazio Batuen esku hartzea eskatu du Jubako gobernuak, eta hondamendi eremu izendatu du. Baina inori ez zaio burutik pasa lehengora itzultzea, Khartumek agintea hartzea. Droga gogorra da independentzia nonbait; inor gutxik nahi izaten du lehengoratu.

Aurten ere, estaturik gabeko bi lurraldek egindako erreferendum deialdien berri daukagu. Datorren hilerako antolatu dute Kosovo iparraldeko serbiarrek berena, Pristinako agintea —albaniarra; herrialdeko biztanleen %90 dira albaniarrak— onartzen duten jakiteko. «Kosovoko errepublikako erakundeak onartzen al dituzu Kosovo eta Metohijako iparraldean?», galdetuko dute. Eta ezetz esango dute, noski. Gauza da ba ote dagoen elkarrekin bizitzera behartzerik batera egon nahi ez duten bi herri. Eta Kosovoren adibideak badauka antzekotasunik Nafarroarekin.

Ekialdetik mendebaldera, Puerto Ricon ere estatusari buruzko galdeketa egingo dute azaroaren 6an, gobernadorea hautatzearekin batera —ordurako buruz jakingo dugu Mitt Romney eta beste hautagairen baten bizitza osoa, eta guztiz ahaztuta datozen asteetan orri ugari beteko dituzten Michelle Bachmann, Ron Paul, Rick Santorum eta beste hainbat. Artistak dira heroiak sortzen—. Auzia nahasiagoa da Ameriketan; egoera kolonialari dagokio. Bi galdera izango dituzte. Lehendabizikoa, estusa aldatu nahi duten ala ez. Aldaketa hautatuz gero, hiru aukera izango dituzte: estatu libre bihurtzea, erabateko independentzia edo AEBetako estatu bihurtzea —erabateko integrazioa—. Independentziak izan ohi du babes txikiena, eta integrazio osoak doi-doi ez du irabazi. Baina puertorricoarren erabakiak mugak ditu, Washingtongo Kongresuak eta presidenteak emaitza horiek nahieran erabil baititzakete. AEBek nekez onartuko dute herrialde behartsu eta latinoa bere barnean hartzea. Gerra Hotzaren logikan bazeukan funtziorik armada soldaduz hornitzeko, eta latinoamerikar gerrillen aurka. Egun, zama garestia zaio lau milioi lagun dituen uhartea. Paradoxikoki, independentista sutsuenek ere ez dute maite erreferenduma, auzi kolonialak deskolonizazio bidez konpondu behar direlakoan. Autodeterminazioan independentzia hautatzea zaila da metropoliarekiko menpekotasun handia dagoen kasuetan.

Independentzia auzia inon piztu bada, kurduen artean gertatu da. Pragmatismo politiketara modulatu izan dute azken bi hamarkadetan diskurtsoa alderdi kurduek. Bloke komunistaren erorketaren ondotik Ekialde Hurbileko mapak berriz marraztea ezinezko zela iritzita, egokitu zitzaien estatuek gutxieneko hizkuntza eta kultur eskubide batzuk onar zitzatela baino ez zuten aldarrikatzen. Iraken Anfal genozidioa sufritu ondoren lorturiko autonomian ere, berehala utzi zuten bazterrean independentzia, aliatu estatubatuarren lasaigarri.

Abenduaren 29ko Roboskiko sarraskiak —35 kontrabandista hilik— agerian utzi die kurduei ezinezko dela onartzen ez zaituenarekin bizitzea. Independentzia baztertu, autonomia baztertu, federalismoa baztertu, nortasuna aitortuta elkarrekin biziko diren errepublika eskatu eta errepresioa, atxiloketa eta sarraskiak baino ez dituzte hartu. Lehen, militarren gobernu kemalistak —Kemal Ataturken jarraitzaileak— zapaldu zituzten; orain, militar haiei aurre egin dieten islamistek. Ondorioa, antzekoa: heriotza eta ukazioa. Kurdistango bihotzean ere, nekazariei lurralde militarizatua ukatu ondoren ere, estraperloa beste bizibiderik utzi ez eta orduan estatubatuar hegazkinekin bonbardatzen dituzte. Lagun kurdu guztiek aitortu didate: «Ez genuen independentzia nahi, baina ezinezko da onartzen ez zaituenarekin bizitzea». Leyla Zanak —Sakharov sariaren irabazlea— «autonomia ez da aski» esan berri du. Irakek hondamendirantz hartu duen bideak ere kurduen independentzia grina hauspotzen du.

Esanguratsua Turkiako boterea daukan AKP alderdiko presidenteorde Huseyin Çeliken berbak: «BDP —alderdi kurdua— libre da Turkiaren zatiketaz edo sistema federalaz edo autonomiaz hitz egiteko. Parlamentuan demokratikoki egiten baduzu, armen itzalik gabe, askatasuna dago. Baina terroristak goresten badituzu, delitua egiten ari zara». Hurbilagoko kanta baten antza dauka, ezta? Antz handiegia, egia esan. Jose Luis Rodriguez Zapateroren zibilizazioen aliantzak fruitu gutxi eman ei du, baina kontrainsurgentzia taktika eta estrategia batzuk erraz pasa dira Madrildik Ankarara eta Euskal Herritik Kurdistanera.
BERRIAn argitaratua