2012-01-15

Eskoziako erreferenduma

Zer gertatu da duela hamabost urte autonomia txikienik gabeko, administratiboki lurralde ere ez zen Eskozia buruan jartzeko «independentziarako lasterketan»? Egin dezagun hurbilpen historikoa: 1979an atzera bota zuten autonomia proposamena; erreferendumean baietzak %51 lortu zuen, baina erroldako %32 baino ez zen, eta %40 behar zuen. Segidan, Margaret Thatcher lehen ministro bihurtuta, bertan behera geratu zen asmoa. Laboristak 1997an gobernura itzuli arte tiraderan gordeta egon zen egitasmoa. Baina Tony Blairrek hauteskundeak irabazi eta berehala egin zuten bigarren erreferenduma (bi galdera zeuden, Parlamentua sortzeari buruz, eta zerga-bilketaz). 1999an, Parlamentua eratuta, Westminsterrek botereak transferitu zizkion. Ordutik urratsez urrats baina etengabe egin du bidea: laboristei SNPko independentistek irabazi zieten lehen aldiz 2007an, eta gehiengo absolutuz iazko maiatzean. Ordurako independentisten ereduek hondoa jo zuten: Islandia eta Irlanda jarri izan zituzten adibide, baina horiek hondoratuta ere, Alex Salmonden alde egin zuten eskoziarrek.

Hizkuntza ez da berebiziko auzi izan eskoziar abertzaletasunean, Irlandan bertan baino nabarmen pisu txikiagoa dauka. Horretan alde dauka Eskoziak ez duela nazio elebakar ez «etnia bakarra» osatzen. Bi dira —gutxienez— Eskozia modernoko osagai etnikoak: Eskozia gaeliko zeltikoa da ipar eta mendebaldean (hori da historikoki abertzaleen eta memorian leku handiena daukana), hizkuntza azken 150 urteotan erabat murriztuta eta bizpahiru uhartetan soilik gorde duten arren. Eskozia hegoaldeak eta ekialdeak tradizio germanikoa dauka, anglosaxoia eta bikingoa, Ingalaterra iparrarekin bezainbat Feroe, Islandia eta Danimarkarekin harremanean. Eta abertzaletasunak asmatu du denak eskoziar sentiarazten, bata bestearen gainetik hautatzeak porrot nabarmena dakarkiola jakitun. Anglosaxoi zein zeltiko, eskandinaviar zein gaeliko, pakistandar zein nigeriar jatorriko, denak dira Eskoziako herritar. Nazionalismo zibikoa halabeharrez baliatu dute, etnikoaren aurretik. Lurraldeari begira, Eskoziak leku nabarmena dauka mapan, ez da eztabaidagai. Eta Holyroodeko Parlamentuari dagokion lurralde autonomo horrek bozkatuko du independentzia nahi duen. Nazionalismo zibikoak lurraldeko herritar guztiei zabaltzen die eskoziartasuna, baina lurraldea argi markatzen du halaber.

2014an Bannockburneko garaipenaren 700. urteurrenarekin bat eginda nahi dute abertzaleek erreferenduma. Unionistek, berriz, nazionalismo britainiarrak berehalakoan gora egitea espero dute, Londresko Olinpiar Jokoekin, eta olatu horrek behin-behinekoz uhin independentista ahultzea. Memoriak eta ospakizunak ere badute lekurik, ez dezagun ahatz, Mel Gibson maite gabe ere onartu behar da Braveheart-ek jarri zuela bere aletxoa.

Eskozia independente izango da, edo ez. Baina herritarrek hautatuko dute. Ez Londresek autodeterminazio eskubidea aitortu diolako, ez dago horren beharrik 2012ko herrialde demokratiko batean. Hau da, Londresek ez dauka ezer aitortu beharrik Eskozia independente izateko. Hauteskundeetan alderdi bakoitzak bere programa dauka, maiatzean irabazi zuenak independentziari buruzko erreferenduma agindu zuen. Orain bete behar du, eta ahalik eta bizkorren bete bezala diotso David Cameronek. Hori da dena. Herritarren hitza ez da bete beharrekoa. Baina legez lotzea baino garrantzitsuagoa da herritarren hitza betetzera behartuta sentitzea. Demokraziaren oinarria da elkarrekin edo bereizita bizi ahal izatea.
BERRIAn argitaratua

No comments: