2007-04-15

Bi mendetik gorako erresistentzia

Bi mende baino gehiagoko erresistentzia

Amerika Erdialdeko itsasertzera iritsi zireneko 210 urteurrena ari da ospatzen garifuna herria.

Mundu herririk bitxienetakoa da garifuna. Karibeko kostaldean bizi den etnia da, hizkuntzaz amerindiarrak dira eta zenbait zantzu indigena igarri arren batzuen azalean, Afrikako beltza da nagusi. Afrikarren eta Antilletako indigenen arteko nahasketatik sortu zen nazioa eta britainiarrek XVIII. mende amaieran Honduras aurreko uharte batera deportatu zituzten. Hala, egunotan gogoratzen dute 210. urteurrena.

Hondurasen ez eze, Guatemalan, Belizen eta Nikaraguan ere badaude garifunak, eta itsasertzeko herria izanik, AEBetan ere milaka garifuna daude, hasieran ontzietan behargin joandakoak, eta gerora lan bila zuzenean beste ertamerikar askoren gisan.

Gaur egungo garifuna kulturaren egoera ez da guztiz txarra, baina ezin esan etorkizuna bermatuta daukanik da: Belizen eta Hondurasen daude talde handienak, eta horietan daukate aitorpen handiena herri gisa, baina azaleko babesaren atzean hainbat borroka daude. Hala, gobernuok bultzatuta 2001ean orain arteko aitorpen garrantzitsuena lortu zuten: Unescok Mundu Ondare Ez Material izendatu zituen garifunen hizkuntza, dantza eta musika.

Dangriga izen garifuna da, Belizeko hegoaldeko herririk handienak azken hiru hamarkadetan izan duena hain zuzen ere, Stann Creek ingelesa aldatu zutenetik. Han dago Garifuna Museoa, eta hantxe zabalduko dute datorren ikasturtean herrialdeko lehen eskola garifuna. Augustine National Garifuna Council elkarteko lehendakari ohiak aitortzen du gauza asko lortu dituztela, baina horren ifrentzua ere badauka hizpide: "Belizek bere egin du garifuna kultura, gure ondarea Belize osoarena bihurtu du. Lehen kreoleek (afrikar esklaboen ondorengoek) ia ukatu eta baztertzen zuena sinbolo nazional gisa aurkezten dute nazioartean, garifuna askok bide garrantzitsua egin du Belizeko gizartean, badira ministroak, gobernu arduradunak eta abar, baina jende asko bizi da pobrezian oraindik, ekonomikoki ez da denengana iritsi hobekuntza, eta kulturalki arriskua erabatekoa da. Konturatuko zinen Dangrigako gazteek ia ez dutela garifunaz hitz egiten".

"Ama Estatu Batuetara joan zelarik, amamarekin utzi ninduen eta garifunaz hitz egiten genuen. Baina gero amama hil eta ama itzuli zenean kreoleraz hasi zen berbetan, eskolan ingelesez egiten dugu eta pena handia ematen dit garifuna ahazteak", dio garifuna museoan mutiko batek. Dangrigatik irten eta herri txikiagoetan bizi-bizirik dago hizkuntza, baina oraindik ere etxerako eta kalerako baino ez da, ezin inon idatzita ikusi. Eskolarik ere ez dago, ahozkoa da nagusiki, telebista eta irratietan erabili arren, eta punta bezalako musikaren oinarrian egonda ere. Aldaketak urte gutxian gertatu dira: duela hamar-hamabost urte asfaltorik eta sarri argindarrik gabeko herrixkak ziren, egun hobekuntza horiekin batera turismoa eta ingelesaren beharra indartsu sartu da.

Guatemalan Livingstone herrian bakarrik daude garifunak, baina magiaz beteriko herria da: hizkuntza barra-barra entzuten da eta elizen eta sekten indarrak ez du lortu oraindik garifunen sinesmen eta ohiturekin amaitzerik. Beste horrenbeste Nikaraguan, gainontzeko komunitateetatik bereizita dauden Pearl Lagooneko herrietan, Bluefieldsetik ez oso urrun. Hizkuntza ia galduta dago, baina Kensy Sambola ikerle gazteak gogoratu digunez "argi bereizten dugu gure burua auzo kreoleengandik (esklaboen ondorengo beltzak, Jamaikatik etorritakoak asko), euren hizkuntza hartu dugun arren". Karibeko herri gehienak ez bezala (miskitoak, kreoleak, eta beste herri txikiago batzuk), garifunak sandinistak izan ohi dira, iraultzarekin herri gisa aitorpen izan baitzuten. Egun, lortu dute eskolan garifuna hizkuntza irakastea eta berreskurapenerako lehen urratsak egitea.

Garifuna gehienak Hondurasen daude, eta han daukate indar handiena, baina baita zatiketa ere. Gobernutik eta Gobernuz Kanpoko Erakundeetatik diru asko jarri dute garifunen etorreraren 210. urteurrena ospatzeko, garifuna elkarteek berriz, dirutzaren atzean interes ezkutuak eta komunitateak itotzeko asmoa dagoela salatu dute.

Hondurasko Karibe ia osoan daude garifunak, Omoa (Guatemalatik hur) hasi eta Moskitiaraino, Roatan uharteko lehen bizilekua izan zen Punta Gordan barne. Azken horretan egin da egunotako ekitaldi garrantzitsuenetakoa, 1797ko apirilaren hamabiko lehorreratzea antzeztuz.

Herri borrokalari bezain alaia da garifuna. Telako badia ederraren mendebaldean dagoen Triunfo de la Cruz herri zoragarriraino asfaltatu gabeko bidea iristen da, laster kostako autobidea egiteko asmoa badago ere. "Costa Garifuna" izeneko egitasmoaren barnean aurreikusitako lanetako bat da, komunitate gehienek mesfidati ikusi arren: ondotxo dakite Yukatango Riviera Mayak zer daukan maiatik eta zer ekarri dion bertako biztanleriari. Panchy ostatua nazioarteko hotel handien beste muturrean dagoen etxola multzoa da: hondartzan bertan sei euroan eraiki ditu herriko familia batek hainbat herritarren laguntzaz. Panchyk berak bilobari Irati deitzen diola iruditu zaigu, eta ez gabiltza oker: Aurizberriko frontoiko tabernan egon da lau urtez lanean, eta alabari izena proposatu zion.

Herritarrek ez diote muzin egiten turismoari, sasoia hurbil dago eta goizero eurek garbitzen dute hondartza, baina eurek antolatuta eta euren onurarako den turismo mota gura dute, ez lurrak kendu eta hotel handien mesederako lan esku merkea eta folklore hutsa diren behargin bihurtu. Eta borroka gogorra izan da Tela inguruan, azken urteotan enpresario handien menpe diharduten paramilitarrek lau lagun hil dituzte, 2006an bertan azken biak. Errepresioaren beste aurpegi bat bizi izan zuen Alfredo Lopez Ofranehko (Hondurasko Beltzen Anaitasunerako Erakundea) kideak: zazpi urte eman zituen preso narkotrafiko salaketa faltsu baten ondorioz, eta Gorte Interamerikarrak Hondurasko estatua zigortu du kasu honengatik.

Lanpetuta dabilela-eta goizeko seiak eta erdietan jarri dugu hitzordua Triunfoko hondartzan. Irratia dute arma garrantzitsuenetakoa interes espekulatiboen aurrean, eta hainbat garaipen garrantzitsu lortu dituzte azkenaldian. Tela udalak inposatutako patronatua (kontzejuen antzeko udalen azpiko egiturak) onartu ez eta herritarrek hautatutako patronatuak lurrak atxikitzeko deia egin du, badiaren beste aldean iruzurrez saldutako lurrekin jazo zena ez errepikatzeko. Hotel handiek hartu dute lur hori, bost axola babestutako parke nazionaleko lurretan egotea. "Okerrena, ingurumena zaintzeko sortzeko elkarteak ere erosi dituztela, nola ulertu bestela horrelako triskantzetarako baimena ematea, eremu naturaletan hotelak eraikiz eta beti bertan ibili izan garen biztanleoi sarrera debekatuz?"

Lurren legea garaipen garrantzitsua izan zen, zenbait lekutan multinazionalek garifunen lurrez jabetzea lortu badute ere, ezkutuko maniobrei esker. Miami da Tela badiaren ekialdean ageri den azken herria. Etxe guztiak garai bateko material naturalez eginak dira, eta Karibe itsasoaren eta Micos aintziraren arteko lur-eremu estuan dago, baina datozen egunotan dira inguruan ehunka logelako hotela eraikitzen. Badiaren beste aldean ageri da Triunfo de la Cruz. Apal bezain harro, besoak zabal-zabalik hartzen ditu bertaratzen diren kanpotarrak, borondate onez joanez gero, turismoaren onurez jakitun, baina interes arrotzei eta euren paradisua arriskuan jartzen duen orori aurre egiteko prest.

Garifunen exodo ezezaguna

1797an Karibeko Roatan uhartera heldu ziren britainiar armadako ontziak. Bi mila gatibu beltz zekartzaten, aurreko urtean menperatutako etnia berezi batetik bizirik iraun zuten azken pertsonak. Laster Amerika Erdialdera pasa ziren gehienak, eta itsasertzean herrixkak sortu zituzten, Belizetik Nikaraguaraino. Milaka laguneko nazioa dira gaur egun, hirurehun milatik gora Amerika Erdialdean, eta AEBetan beste asko. Egunotan gogoratu dute garifunek exilio behartu hura.

Garifunen historia ez da ez 1797an ez Hondurasen hasten, ordea. Karibe itsasoaren beste aldean, Antilla Txikietan sortu zen herri berezi hori. Idatzitako agiririk ez badago ere, badirudi 1635 inguruan (XVII. mendeko beste data batzuk ere eman izan dira) esklabo-ontzi bat hondoratu egin zela, historia ofizialak naufragioa dakar, baina badira horren atzean afrikarren matxinada ezkutatzeko asmoa ikusi dutenak ere. Kontuak kontu, bertako biztanleek Yurumein eta kolonizatzaileek San Vizente deitu dioten uhartera iritsi ziren, eta han, hasierako borrokaldien ostean, Europan karibe izenez ezagutu diren indigenekin bat egin zuten. Euren buruei kalinagu edo kalipuna zeritzen, hortik garifuna (plurala garinagu) izena eta azken urteotan karibe hitza baztertu eta jatorrizko berbak hartzeko asmoa. Zer dela eta? Karibe hori kanibal sortzeko erabili baitzen, hartara zapalkuntzarako justifikazioa izan zedin.

Afrikarrek eta indigenek uharte hartan bat egin zuten, beraz, eta haraino iritsi ziren auzoko uharteetatik ihes egindako esklaboak ere. Batzuen eta besteen ohiturak nahasi ziren, Orinocoko kulturak eta sineskerak Afrika mendebaldekoekin batu ziren, hizkuntza amerindiarra hartu zuten afrikarrek euren ekarpena eginez, eta dantzak eta danborrak sartu zituzten, Antilletan bakarrik gerta daitekeen nahasketa bitxia sortuz. Hala, mende eta erdian tinko eutsi zieten frantses zein ingeles asmo kolonizatzaileei, eta potentzia horiek aitortu ere aitortu zieten uhartearen zati handi baten jabetza. XVIII. mendearen amaieran itun horiek betetzeko babes handiagoa ematen zieten frantsesen aldean lerratu eta ohi denez azkenean europarren arteko hitzarmenak ingelesei eman zien uhartea. Gerran Satuye (Chatuye ere idatzi da) buruzagi handia hil zuten, Duvalle anaiak mendian borrokan jarraitu bazuen ere, garaitu egin zituzten azkenean 1796ko ekainean. Ia bost mila garinagu hartu zituzten gatibu eta Balliceaux uharte idorrera eraman zituzten, britainiarrek ontzi nahiko ekarri eta Roataneraino deportatzeko. Azal argieneko garifunei utzi zieten Yurumein edo Saint Vincent uhartera itzultzen, eta euren ondorengoek han jarraitzen dute, hizkuntza galdu arren; azken hamar urteotan oso harreman estuak landu dituzte Saint Vincenteko eta garifunak dauden herrialdeetako gobernuek, Belizekoak batez ere. Lau mila gelditzen ziren bizirik 1797ko otsailean deportazioari ekin ziotenean, erdiak baino ez ziren iritsi Roatanera. Egun, hirurehun mila inguru dira. Mende bitan gehien hazi den nazioa izan da, zalantzarik gabe.

Roatango Punta Gordan utzi zituzten britainiarrek (gutxi batzuek han jarraitzen dute oraindik), baina kontinenteko agintea zeukaten espainiarrekin ituna egin ostean, maiatzerako Trujillon lehorreratu ziren garinaguak. Genozidioaren eta piraten erasoen ondorioz ia hutsik zegoen Hondurasko kostaldea; espainiarrek gustura hartu zituzten britainiarren aurka borrokarako prest zegoen herri hura. 1802rako espainiarren aurka ere matxinatu ziren, horratik, nazio borrokalariak ez dio alferrik eutsi gaur arte euren hizkuntza eta kulturari. Danborrak sinbolo berezia du garinaguen artean: esklabo izan diren afrikar gehienek galdu duten tresna da, musikarako ez eze hainbat errito eta borrokatarako erabiltzen baita.

Garinaguak itsasgizon iaioak izan dira mendetan (emakumea etxeko lanak eta nekazaritzaz arduratu izan da), baita XX.ean ere AEBetako ontziak Amerika Erdialdean agertu zirenean banana-negozioari ekiteko. Marinel joandako garifuna haiek zabaldu zuten atea, eta gaur ia ehun mila dira Ipar Amerikako garifuna komunitatea osatzen dutenak.

Reality showek ezkutatzen dutena

Espainiako Telecinco katea egunotan hasi da Supervivientes programa iragartzen. Herrialde horretan ospe apur bat duten lagunak diru truke joan izan dira lehenago ere munduko uharte batera, kameren aurrean biziraupen programa egiteko. Inork ez du azaldu ordea zer dioten uharteotako biztanleek. Hondurasko Karibeko parajerik ederrenetakoa dira Cayos Cochinos izeneko uhartetxoak. Gehienetan ez da inor bizi, baina badira arrantzale-herrixka garifunak. Ustez babesa ekarri behar zien parke nazionalaren aitorpenak kaltea eta galera baino ez die ekarri, horratik, eta telebista-programek estaturako dirua utzi arren, bertako biztanleentzako mehatxua eta debekua baino ez dakar. Hala gertatu zen iazko udazkenean lehenengoz telebista kate bat Cayos Cochinosera joan zenean: Italiako RAI izan zen, eta Parlamentuan Berdeen kexa ere izan zuen programak, garifunak armaz bota baitituzte betidanik arrantzan egon diren lekuetatik. Ez da horrelakoak gertatzen diren lehen aldia, horrelako programen atzetik dauden produktorek eta kateek ondo begiratzen baitute diruari baino erreparatuko ez dioten gobernuak dituzten herrialdeetan egotea uharte galduak, bertan egindako triskantzez galderarik egon ez dadin. Dominikar Errepublikan haitzuloetako landaredia suntsitu eta taino indigenen petroglifoak kaltetu zituzten, eta Cayos Cochinosen urpeko kable kutsagarriak erabili zituzten italiarrek, dortoken errunaldiaren sasoian gainera.

Cayos Cochinos AEBetako Smithsonian Institute-ak erosi zuen, eta 2001etik WWF elkarteak darama artxipelagoaren administrazioa. Garifunen arrantza eta urpekaritza tradizionala eragotzi eta kanpoko arrantza industriala bultzatu dutela salatzen du Ofraneh-k. Lilian Carol Rivasek salatzen duenez, “WWFk plan berria diseinatu du Cayos Cochinoserako, eskuzko arrantzaren zonaldeka bereiziz eta egoera horrek giza-eskubideen urraketa gehiago ekarri dituelakoan gaude. Badira aurrekariak, Indar Armatuetako kideek arrantzaleei eta urpekariei eraso diete eta inoiz ez dituzte ikertu (...), iaz komunitateak Cayo Chachauteren desmilitarizazioa eskatu zuen, eta presioaren eraginez, odol isurketa eragozteko Hondurasko estatuak 2006 osoan egon zen soldadu-destakamendua atera zuen handik.

Inkongruentzia handiena iazko irailean reality show baterako parte hartu zuen italiarren taldea izan zen. Erabateko esklusio eremua den Cayo Paloman egon ziren, ordura arte edonolako esku-hartzea ekidin den lekuan, dortokek errun dezaten santutegia baita. Reality show-a grabatu zen hiru asteak ziren hain zuzen ere errute aldian izan ziren, eta ondorio katastrofikoak izan zituen dortoken erreprodukzioan. Hamar urtez debekatu zaie garifunei leku horretan lur hartzea, uhartea babesteko neurriak argudiatuz”

Sailkapena

Eskerrik asko etortzeagatik», hasi zuen prentsaurrekoa. Gero espainieraz jarraitu zuten, eta amaieran berriz ere «eskerrik asko». PPko Bizkaiko burua eta Bilboko udaleko bozeramailea zen. Biharamunean alkateari leporatu zion legegintzaldi osoan euskararen aldeko neurririk hartu ez izana.

Ez dago frankista euskaltzale izan beharrik gure hirian baino gehiago egiteko euskararen alde. Bai zenbakiz bai ehunekotan erdaldunagoa den Gasteizko udal popularra (3,55) baino nabarmen atzerago ageri da Bilbo jeltzalea (2,61) Kontseiluak egindako udalen hizkuntza politikaren neurketan.

Martitzen goizean presaka deitu ziguten Aste Santuko datuak ematera. Zenbaki gutxi batzuk, turista kopurua iazko antzekoa izan zela esateko: turismo-bulegoetatik pasa diren bisitarien % 62 Estatu deitzen duten lekutik iritsi ei zaizkigu, % 22 Estatu deitzen duten horretatik kanpotik, eta gainontzekoak «bertakoak», EAEkoak. Munduko leku gehienetan legez euskal kazetariak nahiko luke turista nazional/atzerritar bereizketa egin, baina orduan ez daki % 62an zenbat diren nafar, ez eta «frantsesak» gehiengo ei diren % 22 arrotz horren baitan zenbat diren egunotan hainbeste ikusi ditugun 64 matrikuladun autoetakoak. Datuak badaude bulegoetan, ez da Madrilek edo Parisek edo Bruselak edo George Bushek ezarritako ezer horrela ematea. Jatorriak gura bezala sailka daitezke. Euskal kazetariak era baten egingo luke, eta gure udal-agintariek beste batera, hori da dena.

2007-04-08

Udal hauteskundeetara

Ez dizuet orain Euskal Herriko hiri handienean jasan behar dugun alkate antieuskaldun eta eskuindarraz ezer berririk esango. Ustez abertzale, itxura ere ez du gorde, lotsagabe ahaztu gaitu euskaldunok, zezen-plazen, espainierazko jaitxoen eta kultur ekitaldien zale. Asmatuko du zinegotziren bat bidaltzen udalaren presentzia ezinbesteko denean Korrikan edo Kafe Antzokian; bera ehunka ekitaldietako bakar baten ez duzu ikusiko.

Durangar sortu, medikuntza-ikastera Frantziara joan eta frantsesa ikasi zuen, txikitako hizkuntza berreskuratzeko, baina, ahalegin txikiena ere ez, alderdiak berak erabaki arren hiriburuetako alkateek euskaldun behar dutela. Azken lotsagabekeria benetako oposizio bakarra udaletik kanpo egonda zeinen gustura ibili izan den aitortzea. Antza denez, beste lau urtez jarraituko dugu (hamabi!) arazoetara polizia beste irtenbiderik ez daukan populismo sarkozytar horrekin.

Oposiziorik izango badute, salaketatik haratago ekimen ausartak behar dira. Beharrezko da erakundeetara itzultzea, kosta ahala kosta. Lehen ere joan zen HB Madrilera, ukatzen zuen Konstituzioa zin egitera, «legeak aginduta» edo antzeko formulekin. Eztabaida antzua are gehiago antzutzeko era izan daiteke «por imperativo legal» hari berriz heltzea: «legeak aginduta, alderdi honek indarkeria gaitzesten du», eta kito. Badakigu kondena gai hutsala dela, baina inteligentziaz jokatuz agerian utz dezagun zeinen zentzugabea den.

2007-04-01

Kanona

Espainiak gauza on asko ditu. Auzo-herri arrunt legez bagenu hobeto estimatuko genuke ziur aski. Horien artean, gobernu guztiek liburutegien doakotasunari buruz izan duten politika. Urtetako presioaren ostean, liburutegiko maileguetarako kanona ordaintzea onartu dute. Bost axola kanona irakurleen gain ez ezartzea eta gobernuak ordaintzea kanon hori, ondorioa okerragoa da: liburutegien eroste-ahalmenak egingo du beherantz. Diru hori Cedro erakundeak jasoko du, eta bere baitako kideen artean banatu, egile-eskubide gisa. Ondorioz, euskal idazle gehienontzat, baita Euskal Idazle Elkartearentzat ere, diru gehiago egongo ei da epe laburrean; trukean, irakurleek zer hautatu gutxiago izango dute liburutegietan. Espainiar idazle batzuek uko egin diote kanon horren diruari, eta beste batzuek proposamena egin dute: liburu gutxiago erosiko bada, kanona kobratzen dutenenengandik has dadila mozketa.

Ezagutzen dut Cedroren izaeraren eta jokabidearen aurrean alde egin edo inoiz kide izan ez den hainbat lagun. Beste askok kontraesan hori daroagu, egile-eskubideak egon eta bermatu behar direla sinetsita, baina erakunde horren bide eta ekintzetatik oso urrun. Diruagatik, garbi esanda. Ez arrotza delako bakarrik, antzeko gauza euskaldunik ere ez nuke nahiko. Batzuek Europa ekialdeko estatu sozialistetako sistema kritikatzen zuten, estatuko funtzionario bihurtzen zituelako sortzaileak. Nahiago bai, estatuak berak egile-eskubideok zaindu eta diruok jaso eta banatzea, zertan dabilen kontu gutxi ematen duten lobby ilunetatik urrun.

2007-03-25

Far West

Gure herriko maparen zergatia azaltzea ez da erraza. Euskararen herria omen, badira hizkuntzari eutsi dioten eskualdeak eta azken mendeetan galdu arren euskalduntasuna oso presente daukatenak ere bai. Baina badira gure mapan euskararen herriarekin zerikusi handirik ez daukaten eskualdeak, Erdi Aroko aliantzen eta ezkontzen ondorioz euskal jaurerri eta erresumen menpe geratu ziren lurraldeak. Ondorioz, Euskal Herritzat jotzen ditugu, euskarari askoz luzaroago eutsi baina zazpi herrialdeetatik kanpo geratu ziren Biarno, Aragoi edo Gaztelako hainbat txoko ez bezala.

Gure maparen muturreko herriak dira. Hegoan Erribera eta Ebroaldea ditugu ezagunen, mende eta erdiko atzerakadaren ostean, hizkuntza osasuntsu den eremutik urrunen baitaude. Baina berdin egin liteke Mendebaldean. Ez dut zenbait sektore interesaturen mezua nire egingo, Enkarterrin euskara erabat arrotza izan dela-eta. Gordexolan XIX. mendera arte eta Barakaldon eta Alonsotegin XX.era arte egon dira bertako euskaldunak, baina egia da Karrantza, Lanestosa eta Far-Westeko beste eremuetan hizkuntza-aldaketa oso antzinakoa dela.

Hori guztia egia da. Inork euskara eskualdeotan inposaketa dela ere esan izan du. Hor dago gezurra. Geografiaz, kulturaz, historiaz, montañesengandik hurbilen dauden eskualdea dira, Bizkaitik aparte hara nahiko balukete ez nieke neuk eragotziko. Baina Villaverden, Trebiñun, Erriberan eta beste hainbat txokotan ez bezala, karrantzarrek aukeratu ahal izan dute. Eta etorkizuna euskaraz gura dutela diote.

2007-03-18

Kontsumitzaileok

Interesgarria oso asteon kontsumitzaile euskaldunen gainean irakurritakoa.

Orain aste gutxi Loiuko aireportuan gertatutakoa gogoratu dut: hegazkinean aldamenean etorri zen danimarkar bikoteak laguntzeko eskatu zidan, hotelera deitu eta ea erreserba ondo zegoen. Espainieraz hartu zuen telefonoa hotelekoak; alferrik euskaraz egiteko nire ahaleginak, espainieraz amaitu genuen. «Arazoren bat dago erreserban», esan nion aldamenekoari, eta bera paratu zen telefonoan. Pentsa dezakezun legez, inongo arazorik gabe jarraitu zuen solasa ingelesez.

Bilbon fenomeno berri samarra da ingelesaren hori, pentsatzen dut Donostian eta Miarritzen ohituago egongo direla. Baina euskaldunok kontsumitzaile legez hutsaren hurrena garen adierazle garbia da, zineman hasi eta supermerkatu handietan amaitu. Euskara erakunde publikoek soilik bete behar duten legezko betebeharra baino ez da, erakundeek eurek ere betetzen ez dutena, hain gutxi geroz eta gehiago azpikontratu bidez pribatizatutako zerbitzu publikoek, eta zeresanik ez, erabat pribatuak diren zerbitzuek. Etiketatzeko orduan, beste horrenbeste. Gurean nagusi den supermerkatua daukat gogoan, espainiera, euskara, galiziera eta katalana gogoratzen ditut euren produktuetan, baina hor ere espainieraz azken berba. Generalitat-ek ez ei du lortu etiketak katalanez jartzera derrigortzea (zer eskatu Jaurlaritzari, beraz?).

Ez da hainbeste Europar Batasunaren kontua, nik uste. Badakit burujabetzak ez duela euskararen normalizazioa bermatzen, baina bera barik guztiz eragozten duela bai.

2007-03-11

Bide berriak

Gogoan dut oso herri euskaldun baten esaten zidatela espainiar hizkuntza izeneko ikasgaiaz gain beste bat ere bazeukatela, umeek osterantzean gaztelania maila lortzeko zailtasunak zituztela eta. Ulergarria da, hizkuntzarentzat onuragarria litzateke pertsona elebakarrak izatea, baina pertsonok zailtasunez beterik topatuko lukete bizitza. Egungo elebakarrek topatzen duten legez, sendagilearenetik hasita.

Salbuespen txikia dira herriok, ordea. Elebakartasunak ia beti euskara ez jakitea esan gura du gure herrian. Eta aspaldiko partez asmatzen ibil gaitezke, garaietara egokituz. Unibertsitateko hautaprobetan, gure onurarako izanda ere, haserretu egiten gintuen euskarazko azterketa lotsagarri hark, gaztelaniaz eskatzen ziguten mailaren aldean bereziki.

Badakit elebitasunaren diskurtsoa gezurra dela, munduan ez dago inon ere antzekorik, baina euskaldunok gara horrekin gehien irabaz dezakegunak. Hezkuntza Sailak horri heldu diola ematen du. «Euskara beharrezkoa» diskurtso horrekin amaitu, praktikan gauza bera esan gura duen «hizkuntza ofizialen ezagutza» ezarrita. Kito.

Espainiar alderdien erantzuna erabat indargabetzen duen baliabidea da. Asteon bertan geratu da argi samar. Inposizioa eta antzeko diskurtsoak erabat gainditzen ditu, hari horri tirako dionik beti egon arren. Baina indarrik eta argumenturik gabe uzten duzu funtsean euskararen aurkako diskurtsoak baino ez diren eztabaidak.

2007-03-03

Zinema euskaraz

Zinema-aretoetan ez ei da euskaldunon hizkuntz-eskubidea bermatzen. Ez, noski. Negozio pribatu ia guztietan gertatzen da hori. Bilbo erdialdean geroz eta gehiago dira ingelesez dakitela lotsagabe adierazten duten oharrak. Eta? Zinema aretoetatik askoz urrunago doan gaia da. Begiratu dituzue DVDak? Hiruzpalau soinu pista dituzte, jatorrizko hizkuntza, espainierazkoa eta beste hizkuntza handi pare bat, eta azpitituluekin beste pista asko gero; sarritan katalana ere bai, baita islandiera ere batzuetan, euskara baino hizkuntza txikiagoa ere.

Bikoizketarekin ez dago zereginik, behin eta berriz esango dugu. Urtero dozena bat film bikoiztea -bikoitza, hirukoitza balitz ere- diglosian sakontzea da, beti espainierarekiko morrontzan. Sentitzen dut bikoizketagatik, baina animaziorako bakarrik utziko nuke. Eta EIZIEtik proposamena berritu, bikoizketaren alde baino gehiago, literaturan egin den legez zinema unibertsalaren bilduma egiteko. Berdin telesail, dokumental eta enparauekin, munduko hizkuntza txiki guztiek legez. Konplexuak konplexu, ez dut uste norvegiarrak edo portugesak baino irakurle eskasagoak garenik.

Egun gutxian itzultzen dira film bateko azpitituluak, etxean bertan erraz asko egiten den ariketa da. Egin kontu hiruzpalau itzultzailek urtebetean zenbat film itzul ditzaketen. Hori da euskaldunontzat zinema normaliazazioan sartzeko bidea, inork sinesten ez duen adabakirik gabe. Hori, eta euskarazko sorkuntza benetan bultzatzea, entzun ere gure hizkuntzan entzun gura baditugu filmak.

2007-02-25

Hizkuntza biziak

Kostatzen zaigu europar ereduak esportatzen ibili barik bidaiatzea. Garifuna herrietatik maia komunitateetara eta atzera Hondurasko kostako herrixka garifunetara itzuli. Kolon eta Europako mertzenario taldea Ameriketara heltzean aurkitu zituzten pertsonak hamarkada gutxian desagerrarazi zituzten. Hego Ameriketako zenbait lekutan mintzo dute haren antzekorik... eta Amerika Erdialdeko bazter honetan. Zelan? Karanbolak: taino indigena haien genozidioa laster burutu arren, euren atzetik zetorren beste talde indigenak -historikoki karibe deitu izan zaion hark-, aurreko taldekoen emazteak bahitu izan ei zituen... eta hizkuntza amak transmititu ohi du. Herri borrokalari hark uharte pare baten baino ez du iraun, hizkuntza aspaldi galduta. Ondorengo asko Amerika Erdialdean topatu ditugu, ordea, britainiarrek XVIII. mendean menperatu ostean honaino deportatuta. 3.000 laguneko taldea afrikar iheslariekin batu zen, hizkuntza indigena, kontinente bien ohiturak eta sinesmenak nahasi eta azalean beltza nagusi. Eta 3.000 horietatik ehunka mila daude egun Belizetik Nikaraguara bitartean. Hizkuntza bizi-bizi aurkitu dugu sarri, ume txikienek ere badarabiltela sarri, eta gaztelera kaskarra adineko askok. Baina HIESari buruzko afixen bat salbu, dena dago ingelesez edo gaztelaniaz. Ez dugu eurozentrista agertu gura zer egin behar duten esaten, gazteleraz gurago duten gazteak entzun ditugu, ordea, garifunerazko eskola orduren bat lortzeko asmoarekin konforme ikusten ditugu, eta ezin eragotzi oharraraztea. Arriskua uste baino hurbilago sumatzen diegu. Baina gu ez gara nor zelan jokatu esateko.

2007-02-18

Labugako magia

Livingston, garifunen Labuga, ez da Guatemalako ohiko ataria. Baina hortik egin dugu sarrera, itsasoz, ez baitago herrira iristeko errepiderik. Eta Livingstonen jakin dugu, berrehun mila hildakoren osteko bake hitzarmenetik hamar urtera, Rigoberto Menchuk bere burua lehendakarigai aurkeztuko duela iraileko hauteskundeetan.

Etxeko albisteetan ere bere proposamena mahai-gainean ezker abertzaleak. «Euskaldunek egingo duzue, beti jakin izan duzue antolatzen», diosku hogeita bi urte erbestean eta garifuna elkarteko buruaren etxean bizi den lagunak. Ez du hainbesteko itxaropenik bere herrialdean, Latin Amerikako haizeak edozein izanda ere.

Pirata-zuloa da Livingstone. Herri berean bat egiten dute q'eqchi maien Amerika indigenak, garifunen Afrikako eta Antilletako errebeldiak eta espainiar zein britaniar kolonizatzaileen arrazismoak.

George Bushen argazkia ikusi dugu garifunaren mahai gainean. Kanpoko hotsak sartzen dira etxean, Karibeko olatuak, hondartzzako oiloak, danborrak eta garifunerazko solasak; barruan, kalamua darabil eskuetan zigarroa biltzeko, erretratu gainera jausi zaizkio hondakinak. «Gaur ez du lasai lo egingo tipo honek», dio rastafariak. Lagunak ez dauka ahazteko herriko beste aztiak hamabost egun eman zizkion gizona. «Tipoak zioen komunitateari kalte handia egin zion traidorea zela. Lehengo asteburuan hil zen». Eta bai, hartara jarrita denok geure zerrendatxoa osa genezake. Baina oraingoz, nahikoa litzateke baten bizia salbatzea. Hasteko.

2007-02-11

Alisioek dakartzaten berriak

Mauritanian atrakatu da ontzia. Lehen arrantza kuotak erosten zizkion Europak basamortuko herrialdeari, orain gura ez dituen migratzaile (noiz arte jarraituko dugu «etorkin» deitzen inora etorri, iritsi ez direnei?) kuotekin ere negozio egiten du. Matxuratutako ontziaren kontuak, omen. Itsasoaz beste aldean gabiltza euskal negutik urrun, baina honaino ere erraz heltzen dira hango oihartzunak.

Alisioei esker dela entzun genuen, halaxe egiten dela Atlantikoaren ekialdetik Antilletara bidea. Barbadosen geldialdi laburra egin du hegazkinak. Nahikoa Bridgetown hiriburuko badian omenaldia txikia egiteko duela urtebete hemen agertutako ontziko biktimei. Kanarietara bidean eurak ere, Afrika aberatsera, europar hiltzaileak txikota eten eta jitoan utzi zituen. Espainiako egunkari batek haizatu zuen albistea, Senegalen senideak arduratuta zebiltzala, albiste gabean. Europara bidean egarriz hil ziren Atlantikoan, eta Karibetik hurbil aurkitu zituzten bertako arrantzaleek.

«Irudikatu daitekeen heriotzarik gogorrena» izendatu zuten orduan gertatutakoa. Oraingo migratzaileek zorte handiagoa izan dute, afrikar haien aldean. Baina albisteak ez dituzte alisioek soilik ekartzen. Internetek egiten du haren lekua sarri, hala idazten ditugu zutabeok, eta hala iristen zaigu europar bihozgabeen zerrenda luzearen berri, atzera ere. Times-eko argazkirik gabe ere bagenekin arren, ongi etorri itsuen mundura alisio berriak.

2007-02-07

Barracoudan Grenadinetara

Ordua zehatz jakin ez eta, hamarrak baino lehenxeago agertu nintzen Kingstowngo portuan. Hamaiketan zen abiatzekoa Barracouda. Eguzkia eta zaparrada nahastean, pasa zen ordua, ikusgarria da ontzia, giri gutxi batzuk eta vincentarrak (vincy-ak, hemen esaten dieten legez), karga-karga eginda, frutak, ortuariak, erabateko ikuskizuna da ontzi honen irteera. Baina irteera ere karibearra, noski, hamaiketan barik ia hamabietan, eta arrastiko lauretarako barik bostak eta erdiak arte ez ginen iritsi Union Island honetara. Tartean, Bequia, Canouan eta Mayreau uhartetxoak, eta kontraste erabatekoa: munduko aberatsenen yateak eta bertako jendeen bizimodu apalak. Hala, St Vincent bolkanikoaren kontrastea da UI txiki hau, ez da ostatu merkerik falta, herri txiki eta sekulako giroa dauka, hemen bainutxoa, hor zerbeza edo rontxoa eta ondokoak marihuanarik falta ote duzun galdetu. Hondartza bila dator eta jendea, eta euskaldunak alderantziz egin behar, uharteko muinotxoetara igo nintzen Grenadinen bista ederrez gozatzera, Mayreau alde batean, eta Grenadarena den Carriacou bestean, uren kolore nahasketa eder hori... baina, noski, igo bai, eta gero, zelan joan hortxe bertan dagoen hondartzatxo horretara, bidean sasiak baino ez daudela? Gazte taldea topatu nuen, lasai-lasai eurak ere asteburuko patxadan beherantza, eta elkarrekin joateko aipatu zidaten. Umetik nerabera, herri txikietan ohi denez, iparraldeko hondartzaraino joan ginen. Kabroi samarra da agian otsailean zelako urak eta snorkelerako (tuboaz urpekaritza) egiteko zeinen koral zoragarriak dituen uharteak. Baina halaxe da, my friends.
Euria eta eguzkia nahastean, hamapiku egun munduko paraje honetan, 30eko krema, eta hala ere Urtzi erre. Ezin denean ezin da, eta esne-azal honekin alferrik.
Biharamunean, euritan joan nintzen Ashtonera, uharteko beste herrixkara. Moila estua eta erdi eroria dauka manglare eta hondartza inguruan, eta hantxe bete genituen SVG estatutik irteteko tramiteak. Carriacoura ontzia abiatzear zen.
Halaxe iritsi naiz Grenadara, Karibean ibiltzeko era onena den uhartez uharteko bidaian, antigoaleko piraten zokoetan galduz (oraingo piratek ere, Kolonbiako trafikanteek, aprobetxatzen ei dituzte noizean behin uharteok kargamentuak uzteko). Geroz eta hegoalderago, giri gehiago, Grenadako All Included eta kruzeroetako girietatik bestelako filosofia duteneraino, Barracoudan Quebeceko bikotea topatu nuen, bidaia Trinidaden hasi eta hiru hiletan Dominikar Errepublikaraino heltzeko asmoa daukate. Carriacoun berriz, orain arteko hondartza ederrenean topatu nuen jende bakarra, kanadar bat eta estatubatuar bik osatutako hirukotea, nonbait, motela daukate Ontarion, eta noski, hotz honekin. Hiru hile hartzen dituzte negutik urrun, lasai-lasai Grenada eta Saint Vincent bitarteko uhartetxoetan emateko.
Carriacoura une berezian iritsi nintzen, Grenadako independentzia eguna ospatzeko bezperatan. Eta berez da Carriacou berezia gainera, Antilletako txokorik afrikarrenetakoa baita. Bertako biztanle gehienek ondo dakite nondik ekarri zituzten arbasoak, Afrikako zein herri eta hizkuntzatakoak ziren, ondorioz, hango ohitura asko gorde dituzte. Ez hizkuntza, horratik, frantsesean oinarritutako kreolera hemen ere bizkor ari da desagertzen, eta zaharrenek baino ez dute hitz egiten.
Baina gerta daiteke herritxo batetik ibilian sekulako ospakizuna topatzea, Big Drum edo danbor handiena kasu. Girientzako bertsioa badago, baina ontzi baten inaugurazioarekin topo eginez gero, totala da. Hantxe etorri zitzaizkigun jan-edana dohainik eskaintzen eta ospakizunera gonbidatuz. Arrantzarako erabat egurrezko ontziak egiten dituzte, eta inaugurazioa herri osorako jaia da. Ahuntza eta oilarra hil zituzten labanaz, euren odolez ontzia zipriztindu eta bedeinkatzeko, eta ez dakit noiz arte iraun zuen ospakizunak. Alde egiterako luze irauteko itxura zeukan behinik behin.
Halaxe heldu naiz Grenadaraino, bidaiako lehen zati honetako azken uhartera. Bai, bai, yankiek inbaditu (edo, batzuek diotenez "erreskatatu") zuten hura. Horregatik, zalantza neukan, zein ote zen giroa, ezkerreranzko beste herrien joera igarriko ote zen. Tira, gobernuko presidenteak dozena bat urte daramatza, eta agerikoak dira Ivan urakanak 2004 eragindako triskantzak, basoak errekuperatu barik, hiriko elizak teilatu barik oraindik, etxe asko botata... baina halako baten, atzo gaueko jaian, gaztelera piloa entzuten nuela konturatu nintzen: venezuelar militarrak, independentzia jaian parte hartzera etorritako marinelak ziren.

2007-02-02

Yurumein

Ez ba, hurrengo egunetan are asti gutxiago, eta azkenean egunak aurrera Yurumein edo ofizialki St Vincent den uhartera etortzeko.
Dominikari buruz, aipatu det zeinen uharte ederra den, hondartza zuririk ezean, beltzak asko, eta sekulako oihana erdialdean, giro lasaia, hiriburu txiki bezain atsegina. Kruzeroak heltzen ziren egunean egon nintzen bisitan, izugarria da zelan aldatzen diren herri txikiok horrelako ontzitzarrak heltzean, europar edo, batez ere, yankiz beteta, hemengo jendearentzat denak aberats, eta Bienvenido Mr. Marshall itxura hartzen du denak, giriari edozer saltzeko aitzakian, denak irribarretsu. Badakit, tristea da dolarraren menpeko egoera hori, baina denboratxo hemen daramazula, eurak ere antzezpen horretan, konplize, umorez hartzen duzu.
Handik St Vincent honetara, Barbadosen eskala eginda. Alde ederra Dominikako aireportu karibenoa txikia eta Londresko dozenaka hegaldi hartzen dituen Barbadoskoa. Airetik sumatu nion aldea, mendirik ez, antigoalean azukre-negoziora ekarritako esklaboen uharteak ez dauka Dominikaren paisaia txundigarririk, baina horren truke, harea zuria eta ur gardena, milaka turista erakartzeko. Bridgetown hiriburura jauzi txikia egin nuen hegaldira bitartean, ustez Karibeko perla oparo eta lasaia da, hala saltzen du turismo bulegoak, uharte ingelesena ei da, ez baitzen potentzien arteko borroken lekuko izan, bizimaila oparoa dutela ere badakar, baina beti leku berean amaitzen dugulako-edo, pobrezia poltsa nabarmenak ageri dira Bridgetowngo autobus geltokian.
Eta St Vincentek hasieran ez du Dominikaren erakarpena sortzen hasieran, baina azkenean gusturen amaitu dudan txokoa da ziur aski. Hemen ere badago, nolabait, indigena den biztanleria. Munduko etnia bitxienetakoaren arragoa da: bertako biztanle karibeek afrikar jatorrikoekin bat egin zuten, lehenen hizkuntza eta ohiturak eta bigarrenen kolorea eta hainbat ohitura ere gorde eta bilduz. Nelcia Robinson garifuna eta Karibeko mugimendu feministako kideari esker lortu nuen hemengo lehen kontaktua, eta zenbat ate zabaldu dizkidan Oswald Robinsonek!
Kingstown hirira iritsi (Jamaikakoak ez dauka "w") eta hiriburuko bisita laburra egin ostean, gauean jaso nuen bere emaila, garifunekiko harremana azalekoa izango zela uste nuen. Orduantxe bisita egiterik ote nuen! Halaxe bildu ginen Irakasleen Sindikatuaren egoitzan, eta luze egin zidan berba zer gorde duten, hizkuntzako berba batzuk soilik, baina janaria, eta beste hainbat kontu. Inoiz entzun arren, ustez sinesgarritasun handirik eman izan ez zaion teoriaren aldekoa da: esklabo ontzia hondoratu eta bertakoekin nahastu ziren bertsioaren ordez, Kolonen aurretik Afrikaren eta Amerikaren arteko harremana zegoela dio (Ivan van Sertima bilatu google-n eta gehiago jakingo duzue teoria horri buruz).
Berari esker, Haizealdeko (Windward, Barlovento) kostatik joan nintzen biharamunean, paisaia zoragarria, Atlantikoa harro hurbil beti, iparraldeko komunitateetara arte. Hantxe topatu nuen Nixon Lewis, orain arte bidaian ezagututako tipo atseginena, ea tarte luzeagoa daukadan berari buruzkoak aipatzeko. Etxe apal-apalean jostun dihardu, urte erdi Ingalaterran eta Galesen eman eta bere kontura hainbat ikerketa eginez halaber. Eta argi esan zidan: azken hamarkadan gauza asko egin dugu, Belizeko garifunak hona etorri zirenetik, baina garrantzitsuena falta zaigu, eta horri heldu behar diogu: hizkuntza berreskuratu behar dugu.
Izan ere, garifuna gehienak XVIII. mendearen amaieran deportatu zituzten ingelesek Roatan uhartean (egungo Honduras) ,eta handik Amerika Erdialdetik hedatu ziren. Hantxe jarraituko du bidaiak. Baina Yurumein edo ST Vincent honetan beste egun pare bat oraindik hegoalderanzko bideari ekin aurretik, Grenadarantz. Eta karibeko kostatik (Haizepekoa, Leeward, Sotavento), filma errodatu zen hondartzaraino iritsi naiz, hemendik Oswalden beraren herrira joan aurretik. Arrebak erakutsi dit herria, baita antigoaleko istoriorik gehien dakizkien andrea ere, euskalkien ikerleen itxura hartu diot nire buruari, baina kasu honetan berak nabarmentzen zidan, harro, bere ezagutzaren garrantzia: ez dakit kultura ministroa zeren zain dagoen nigana etorri eta elkarrizketatzeko! Horiek guztiak ere besteren baten jarri beharko ditugu. Ondoren, arreba utzi eta gizarte laguntzaile diharduenak herriko (eta uharteko) azken buruzagi izandakoaren semearengana eroan nau, aurrekoa legez, hau ere itsu dago, baina orduko kontu asko aipatu dizkit. Komunitate hau XX. mendearen hasieran sortu ei zen, 1902ko sumendiaren ostean, horregatik ez dago uharte osoa inguratzen duen errepiderik, iparraldean Soufriere sumendia baitago. Tamalez ez dut bidaia honetan igotzerik izan, aukeratzea da beti bidaia, eta jende atsegin honekin egotearen aldean, itxarongo du sumendiak.
Gizarte laguntzailea herrikoa da, berak aipatu legez, orain lauzpabost urte sortu zuten postua, "lehen dena norbere kontu zihoan, adineko jendearen injikzioak-eta, ez zeukaten nork eman", izan ere, aldaketa nabari da Karibeko alde honetan, ezkerrerantz. Dominikan Venezuelako gobernuaren laguntza bazegoen, hemen ere ez da falta, eta bandera gorriak sarri ageri dira. Baita gobernuaren kanpainak ere, lotsarik gabe oso oinarrizko gauzen alde: alfabetizazio kanpaina betean daude, adinekoek ere urratsa egin dezaten.

2007-01-29

Waitukubuli

Esaten dutenez, Kolon Antilletara itzuliko balitz Dominika baino ez zukeen ezagutuko. Orduko itxura gorde duen leku bakarra dela esan gura dute, besteetan ezarritako azukre kainaberadi eta enparaurik barik.
Ongi etorri beroa, denak pozarren eta lanerako erraztasuna espero banuen, jai. Atsegin hartu ninduten etxean, telefonoz deitua nuen Carib Territory deritzon lurraldeko ostatuan, baina hasierako berbeta laster eten zuen Charles nagusiak. Aireportuan autoagatik eskatzen zidaten astokeria barik, merke samar lortu zidan datozen hiru egunetan uhartean barna ibiltzeko ibilgailua, eta hari esker moldatu nintzen Zuberoatxo honetako bazterretara heltzeko.
Margaret emaztea maitagarria da, hori bai. Nire beherakoaren berri izan eta etxe ondoko belarrak bilduta infusioa egin zidan, bero-bero eta azukre barik, ordutik ez naiz komunetik pasa eta joan dira bizpahiru egun.
Izan ere, antigoaleko kulturatik gehien gorde dutena belarretan, artisautzan eta sukaldean ei dago, hizkuntza galdurik. Antilletako jatorrizko biztanleak topa daitezkeen leku bakarra da Dominika deitzen dugun hau, edo hala esan izan da urtetan. 1903tik eskualde propioa daukate izan ere euren hizkuntzan Waitukubuli izeneko uhartean, eta egia da jauzia erabatekoa dela: aireportutik irten eta beltzak dira biztanle ia guztiak, halako batean, ordea, azal argiagoa eta asiar edo polinesiar itxurako jendeak hasi dira agertzen errepide ondoko herrietan. Ile latz eta luzea, bizar gutxi... hizkuntzarik gabe ere, begibistakoa da aldea.
Antilletako beste leku batzuetan ikusitakoa jarraituz, eta Europako negutik etorrita, praka luzeak nekartzan. Baina badago beste giro lasaiago bat, praka laburrek derrigorrez girien kontuek ez direla adierazten dizutenak.
Lekua pobrea da, Charles buruzagiak berak jakinarazi didanez. "% 75 langabezian egonik, gure nortasunari eta kulturari eustea bezain garrantzitsua da jendearentzat bizi-baldintza duinak sortzea". Baina ez die berehalakoan barkatu iazko erabakia. "Dolar gutxi batzuen truke saldu zirenekiko zer nahi duzu esatea? Pobreak bai, baina duintasun apur bat, motel. Walt Disney egin zuena salatzekoa izan zen, eta gure komunitateko askoren jarrera, lotsagarria".
Ez dakit ikusi duzuen Karibeko Piratak filmaren bigarren zatia. Hementxe topatu ditut Johnny Depp harrapatu eta jaten saiatzen diren pertsonak. Antzinako salaketa hori gezurretakoa dela salatu dute behin eta berriz bertako biztanleek; azken urteotan kalinagu izena hobetsi dute antigoaleko kariberen ordez, handik eratorri baitzen kanibal eta euren arbasoak hiltzeko europarren agindua. Niri, egia esan, filmean erabat ezabatu litekeen pasartea begitandu zitzaidan, oraintsu ikusitako Don Celes (eta telebistako ustezko umorezko pasarteren baten ere) haren antzeko, inoiz grazia askorik ez bazuen orain are gutxiago daukan pasartea: lapikoan sartuta pertsona zuria.
Bon, ia datozen egunetan astirik hartzen dugun uharte zoragarri honetako kontuekin jarraitzeko.

2007-01-28

Banoa

Hogeita ez dakit zenbat ordu izan diren honaino heltzeko, Bilbotik Madrilera hegaldi merkea, ordu batzuk Barajasen, han lehen arazo burokratikoa: bidaia txartela internetez hartuz gero, teorian ez dago zertan inprimatu, horretarako da billete elektronikoa. Baina AEBetara sartzeko, beharrezkoa da irtengo zaren agiriren bat. Lehenengo buruko mina, Barajasen inprimatzeko lekua topatzea. New Yorkera segi hurrena arrastiko zazpietan heltzeko, eta Puerto Ricora joateko hegaldia goizeko seietan, hamaika ordu eta gau osoa aurretik. Kanpoan, zortzi gradu zeropetik. Galdetu dut badaezpada hotel merkeren bat hurbil ia dagoen... merkeenak 135 dolar + tasak eskatzen ditu gaueko.
Halaxe ibili naiz JFK aireportuko trenean batera eta bestera orduak egiten, dendak-edo zerbait topatzekotan. Baita zera ere! Munduko aireportu handienetakoan ia ez dago saltokirik, polizia pilo bat, eta ezer gutxi gehiago.
Beno, ba zorroak uzteko lekua topatu eta hirira joan naiz, AEBetan lehen esperientzia New Yorkeko metroan izan dut. Gauez, sekulako hotza, ni tropikorako erdi prestatuta txandala eta jertsea baino ez nituela, eta apurtxo bat liluratu etxeorratzekin, afaltzeko txokoa topatu, eta atzera metroa aireportura. Esperientzia totala metroa, giro afrolatino erabatekoa, Europan ez bezala ezezagunekin ere laster berbetan hastekoak, eta lagunkoi jendea giri koitadu honekin.
Joaterakoan beltz kuadrila sartu da bagoian, bina neska mutil, batek nora noan galdetu dit, nire gaueko giroak eta ingelesez trabatzeko beldurrak errespetu apur bat jarrita isilik gelditu naiz, eta halaxe jarraitu du zirikatzaile. Baina jator, Pepsian pattarra botaz, nire aurreko aulkiko beste mutil beltz lotsati batekin solasean, kontraste ederra, batzuk gauerako dotore eta beste pintzadun prakekin. Dena ulertu ez arren beltzei buruzko berbeta interesgarria zeukaten, "beltza naiz, eta? amerikarra?" Eta besteak gogorarazten zion "Afrikatik gatoz, baina handik etorri baino ekarri egin gintuzten..."
Itzuleran adineko ilehori bat urrikaldu da giriaz, metroko linea zuzena baina gure trena aireporturaino ez zihoala ikusita. Puertorricoarra zen -harritu nau- eta ingelesez hasi, gaztelerara jauzi eta laster ingelesera itzuli da, non jaitsi ondo aholkatu dit behinik behin, lurpean (badaude lurrazalean dauden geltokiak, eta hotz honekin..), eta nik asmoa neukanean baino pare bat beranduago, "beste horiek oso bakartiak dira, mutil". Hala bada, etxeorratzen liluratik apur bat eta buelta aireportua, bizpahiru ordu behinik behin emanda. Xabier Montoiaren liburuari ere errepaso polita eman diot, irakurgaiak ondo aukeratzea garrantzitsua da hain bidaia luzean.
Aireportura itzulita ordu asko falta oraindik, eta zelan pentsatu NYko aireportuan apur bat luzatzeko besaulkirik ere ez dagoenik? Dendak ere urri-urri. Londresko Stansteden orduak zeinen lasai eman nituen gogoratu dut, denda, liburudenda eta tabernaz beteta. Eta hemen terminal asko bai, baina ezer gutxi gehiago.
Joan dira orduak, Puerto Ricoko San Juaneko hegaldia hartu arte. Azken eskala dut, ez Europatik ez Ipar Amerikatik ez dago hegaldi zuzenik. Errematea, beherako arriskutsua igartzen dut gorputzari gerra eman guran. Beno, Antilletan arrozik ez da faltako. Puerto Ricori abegi berezia diot, baina aireportua da San Juaneko alde yanki, diglosiko nazkagarrienetakoa. Gustura sentitu naiz etengabe ingelesez zuzentzen zitzaizkidanei gazteleraz erantzuten.
Halaxe heldu naiz azkenean Melville Hall aireportu txiki eta ezin karibenoagora. Airetik lur hartzera zoazenean antzematen zaio uharteari itxura basa eta zeinen erakargarri duen oihana etengabe altxatzen diren mendietan.
Dominika uhartea da, Karibeko ohiko liburuxketatik eta postaletatik urruntzen den paraje ederra, aspaldi asmotan neukana eta azkenik tartea atera dudana iristeko. Egun gutxi batzuk baino ez dira izango bidaiarekin jarraitu aurretik, Zuberoaren neurriko txoko honen sekretuak ezagutzeko gutxiegi, baina lehen bisita bezala har dezagun.

Gerra bat pizten denean

Berrian 2007-I-28an argitaratua

Hirugarren munduko herrialde txikiek benetako interesa pizteko aukera bakarra odola isurtzea erabakitzen dutenean da. Tristea da, baina hala da». Halaxe amaitu zuen Ryszard Kapuscinskik Futbolaren Gerra liburua; Hondurasen eta El Salvadorren artean 1970ean egondako gatazkan bildutako kronikekin osatu zuen lana. Hil baino hilabete batzuk lehenago izan genuen beraren berri ostera ere, Bagdadera iritsi eta berehala alde egingo zuela jakinarazi zuenean. Egun ez dago gerra baten berri ematerik, ez Irakekoaz behinik behin, inbaditzaileen baldintza eta iragazkiekin.

Ez dakit zein ikuspuntu izango zuen Kapuscinskik gure gauzaz. Ziur aski batera eta bestera ibiliko zen, hau eta hura elkarrizketatu eta haren berri emango zuen, ustez hain erraz eta gero mila interesek usteltzen duten ofizioari dagokionez.

Interes gutxi pizten dugu, eta odola isurtzea erabakitzen denean pizten da gehiena. Baina hemen ere badauzka mugak kazetaritzak, behin baino gehiagotan ikusi dugunez. Hemen, adibidez, ez dago beti gauzei bere izena ematerik. Eta iturriak babestuak ditugunez, batzuetan horiek aipatu behar ditugu iritzi orokorrak artez ez emateko. ETAren alde balego kazetariren bat, esan dezake baduela lagun bat ETAren aldeko eta gero lagun haren motiboak eman.

Pentsatzen dut dozena bat epaileri hiltzaile deitzea ere ez dela legezko izango. Baina nik badut lagun bat hiltzaile eta torturatzaileak direla dioena, eta dioena Espainian torturaz hiltzea legeztatuta dagoela.

2007-01-22

Hrat Dinken hilketa dela eta

Hrat Dink hil dute. Istanbul erdian, egun-argiz, erraza zen berarengana hurbildu eta tiro egitea.

Dinken hiltzailea «Turkiarekiko traidorea» dela entzun genuen gero. Baina ez autokritikarik behin eta berriz kazetari ausart horri jazarri zitzaion estatuaren kontra. Turkiako Zigor Kodearen 301 artikulua behin eta berriz salatu du International-PENek; «turkiartasunari» eraso egitea bezalako delitu anbiguoak, adierazpen askatasunaren aurkakoa ez eze, aitzakia ederra ematen die aitzakia gutxi behar duten Otso Grisentzat eta 80 eta 90eko hamarkadetako errepresioaren abaroan hazitako beste eskuin muturreko ehunka kiderentzat. Europar Batasunaren aurrean operazio kosmetikoak egiteak, artikuluari eta jazarpenari eutsiz baina zigorrak bigunduz, besteek zigorra euren kabuz hartzea dakar, ikusi dugun legez.

Mundu osoan onartzen den legez genozidio armeniarrari genozidio deitzeagatik zigortu zuten Hrat Dink. Armenierazko prentsa lantzeagatik, Agos astekaria sortu zuen Dinkek; 2001ean itxi egin zuen Turkiak eta atzo arte oztopo guztien gainetik jarraitu du armeniar eta turkiarren arteko elkarbizitzaren alde. Adierazpen askatasunaren aldeko borrokalari nekagaitz, Frantzia ere kritikatu zuen aurkakoa arautu zuenean, genozidio armeniarra ukatzea delitutzat hartzea bozkatu zutenean. Adierazpen askatasuna komeni denean eta ez denean defendatu behar baita.

Hrat Dink Nazioarteko PENek babespean harturiko idazlea zen (Honorary Member), erakunde honek duen Idazle Kartzelatuen aldeko Batzordearen bidez (WIPC). Euskal-PEN Klubetik gure samina eta elkartasuna adierazi nahi diegu Hrat Dinken senideei eta Agos astekariko lankide guztiei.

2007-01-21

Normaltasuna

Berrian, 2007-I-21ean argitaratua

Ez naiz ni gerraren zale/ baizik bakearen alde/ zeinek nahi duen galde/ berari tira, dale!/ bala bat sartu buruan/ aspertuko da orduan. Espainiar progreen egunkaria zabaldu eta berriz ere bertso zaharrak zeinen gaurko diren konturatu. Halaxe zekarren asteon editorialak: «Elkarrizketa bidez ETAren amaierarako ahaleginak huts eginda alternatiba normaltasuna da».

Laster jakin genuen normaltasuna armarik gabeko erakundeak terrorista izendatzea dela. Badakigu, terroristekin, berbarik ere ez. Eta antigoaleko taktika da bestea, etsaia truku, basati, sarrazeno, komunista izendatzea. Lehenengo zibilizatu zaitez, gero gerokoak, (gure) zibilizazioan sartu arte, deus ez.

Normaltasuna da erakunde ilegalekin ez dagoela eztabaidatzerik. Erakundeak ilegal diren artean zailagoa da eztabaida, egia. Premisa antzerakotik abiatuta, ondorioa erakunde ilegalik behar ez dela esango nuke. Terrorista izendatzen zaitut, eta zu terrorista bazara, hala izango dira zure lagunak ere. 18 + 98 = terrorista.

Horrelako normaltasunaren nahi duenak, bizkartzainen normaltasuna ere faltan du agian. Atentatu bakarra ez zaio aski, agian. Bai, urrun gaude azken hamarkadetako normaltasunetik, tiro gutxiegi oraindik. Torturaren normaltasuna, atentatuena, atxiloketena, hilketena, akzio-erreakzio espiralaren normaltasuna omen dute ments. Gu bai ergelak, normalizazio-prozesua horretatik guztitik ateratzea zelakoan.

2007-01-14

Patetikoak

Berrian 2007-I-14an argitaratua

1997ko uztailaren 18a, tentsioa Euskal Herrian ETAk Miguel Angel Blanco hil eta gero. Irlandan Gerry Adamsek IRAri su-etena eskatu dio, horrek 20an eman du. Inbidiazko begiradak Irlandarantz, eta ezker abertzaleari lezioak ateratzeko diotse, erakunde politikoak militarrarengan zelan eragiten duen ikasteko.

Urte eta erdi lehenago hautsi zuen menia IRAk, Sinn Fein elkarrizketetatik kanpo utzi ostean; dekomisio batzordearen arabera, Canary Wharfeko zibil biez gain beste britainiar soldadu bi, RUCeko polizia bi eta Garda Irlandako Errepublikako agente bat hil zituen hilabete horietan. Urte eta erdi eta zazpi hildako gutxienez. Asteon Otegik eta ETAk antzeko sekuentzia osatu dute, «ondo dago baina ez da aski» diote batzuek, gehienek hori ere ez. Irlandan ausardia eta bakerako apustua zena iruzur lotsagarria da Euskal Herrian nonbait.

Ondo dago ETAri indarkeria amaitzeko eskatzea, beharrezko da hori bakea lortzeko, ez da aski, horratik. Ingeles bobby gisa aurkeztu zigutenak Royal Basque Constabulary amorratu izaten jarraitzen dutela erakutsi ziguten, baina hura ez zen Los Angeles, ez zen Parisko periferia, hura Donostia zen eta han beltza ez zen jipoitua.

Denbora mintzatuko da Barajasko tragediaren ondorioez, baina bere larrian ere ez dio inori erantzukizunik kendu. Gorputzak bazterketara eta Ajuria-Enera itzultzea eskatzen die batzuei, egindako apurrak aski nekaturik, EAJ-PSE itun seguruen garaira. Bejondeiela. Ez ahal dira Irlandan beste heriotza beharko behin betiko bakebidean sartu aurretik.

2007-01-06

Sufrimenduak

Berrian 2007-I-7an argitaratua

«Noiz uste duzue konponduko dela gatazka?». «Izenpetuko nuke berrehun edo hirurehun urte barru balitz». Broma non zegoen begira gelditu nintzen, baina serio zirudien. Antzeman zion nire harridura aurpegiari, horratik. «Ikusi duzu kurdurik erlojuari begira?».

Gogorra egin zitzaigun ez etsipen ez itxaropen zantzurik ez zeukan iruzkinak. Hotz-hotz zioen berak eta beste hainbat belaunaldik ez zutela ikusiko Kurdistan bakean. Aspaldi onartutako patua onartzen zuela zirudien, horren aurka matxinatu beharra onartzen zuen gisan. Gurea noizko konponduko den galdetzen digutenean ez dakit datarik ematen. Beste gatazka asko baino errazagoa begitandu zait beti, urratsak ere denok ditugu argi, eta ezin horiek eman hala ere. Espainiar askori sinetsarazi diete hemengo gatazka ETAren borroka armatura mugatzen dela, eta badagoela hori garaitzerik. Sufrimenduaren bidea eskatzen dute, nola euskaldunentzat hala espainiarrentzat. Eta hileotan inori arindu bazaio sufrimendua, begiratu dezatela zein aldetan gertatu den hori. Gehien irabazi duenak galduko baitu gehien.

«Hau amaitu da» esatea, «eskerrik asko, baina goazen berriz gerrara» esatea da. Polizialki garai daitekeen erakundea da agian, baina esan dezatela hori gertatu bitartean heriotzatan dakarren prezioa onartzeko prest daudela. Irakeko harakinak horren alde egotea normala da. Ez horrenbeste tropak ekarri zituztenak. Gerraren aurka han eta hemen egon behar da.

2006-12-31

Gabonetako ipuin batzuk

Berrian 2006-XII-31n argitaratua

Sasoi txarrak dira eguberriak kriminalentzat, nonbait. 1989, Nicolae Ceaucescu, Europa ekialdeko lider mendebaldarrena omen, gorpu datza. Pentsatuko ote zuen Saddam Husseinek bera ere AEBen kleenex-putakumea zela? Errumania Europar Batasunean sartuko da bihar, Irak odolusten ari da eta Saddamen menpeko kurduak burujabe dira. Baina ez dute Anfal kurduen genozidio saiakeragatik hil.

Panama ere Gabonetan agertu zitzaigun telebistan, Noriega jenerala deseroso bihurtu zen Anaia Handiarentzat. Koldo Izagirrek Merry Christmas bikain hartan kontatu zigun zelan irten zen Vatikanoko enbaxadatik Laboa nuntzioa eta euskal deportatuak atzean utzita. Aljerrekoa amaitu berri zen.

Ia bederatzi urte, Ajuria Eneak egin, desegin eta beste prozesu bat prestatzeko. Hura hautsi eta beste zazpi urte hurrengorako. Eta orain, Leninen galdera: zer egin? Jakinik egin beharrekoa mahai bueltan egin beharko dela Ilusiorik behintzat, ez da zapuztu. Ilusio gutxi gelditzen da bederatzi hileren ostean gutun bik heriotza ekar dezaketenean, eta alderdiak debekatuta eta presoak sakabanatuta dituen herrialdean. 1989an bazegoen Gabonetan Herrera de la Manchara joaterik, behinik behin.

Zapatero eta ezker abertzalea arrastian mintzatu baino lehen amaitu behar dut artikulua, horren arrisku guztiekin. Desagertu batez mintzo da Rubalcaba, eta horixe ere badaukat buruan. Hori, eta haizeak nondik jo, Espainiako epaileen borondatearen menpe dauden 18/98 eta gehiago guztiak. Beste guztiak mahai bueltan amaituko du, orain ez bada bost urte barru.

2006-12-24

Beti izan da horrela

Berrian argitaratua 2006-XII-24an

Gaztea naizela oraindik, horrenbeste mania izateko, halaxe dioste. Eta ezin ezer egin nik. Duela ez hainbeste arratiar zutabekidea bere eskualde eta haranari buruz «bailara» idazten ikusi (azken urteotan bailarak baino ez daude, Karrantzatik Erronkarira, eta berdin Alpeetan, Aragoin zein Marokon, kito haranak eta ibarrak!) eta zerbaitek barru-barruan jo. Badakit dabilenari gertatzen zaiola, kazetariak berezkoa du Hizlandietarako materiala sortzea edukiaren aldetik ez eze hizkuntzarenetik ere, baina zeuretik berez etorriko litzatekeena modak zelan desitxuratzen duen ikustea kosta egiten da. Zer esan espainolezko «los aitas» patetiko horretatik? Okerretan okerren gaur gauekoa: hasi erdaraz «EL Olentzero»-rekin eta OlentzeroA esaten amaitu euskaraz.

Beste muturrean dago «beti esan izan da horrela» gaitza. Baten batek uste du aurten erabaki duela Euskaltzaindiak San Tomas behar duela, eta pentsatu ei du besterik egiteko ez eta beti bezala izorratu guran dabilela. Beste edozein erakunderi legez Akademiari ere kritika eta egurra zilegi izango dira, baina erabakia hartzeko erabilitako argumenturen bat entzun, irakurri, aurrez- aurre jarri ostean behinik behin, ezta? Hogei urteko gazte bat ikusten duzu halako batean «beti esan izan da horrela» esaka. Hogei urterekin horrek berak beharko luke aldatzeko motibo, aldiz, ezer ez aztertzeko ez eta aldatzeko jarrera atzerakoiari eusteko argumentu gisa darabilte!

Kasualitatea ote, beti santu eta eliza bueltako horiek (Santiago, Santo Tomas...) izatea errezelo gehien pizten dutenak?

2006-12-17

Lezioak

Berriarako idatzia

Hil da tiranoa, Salvador Allende bizi da» irakurri dugu, eta progreek gogorarazi digute Aznarrek eragotzi zuela Pinochet Espainiaratzea. Izan ere, Espainia askatasunen eta justiziaren paradisu baita, eta kriminalek beldur diote Espainiari, nekagaitz diktadore eta hiltzaileen atzetik, Txilen, Guatemalan zein Argentinan.

Etxean ez dauzkaten, izaterik ez dauzkaten -atzeratuak baitira herrialdeok- eskubideen jagole da Espainia zibilizatua. Eta onena opa diete kolonia ohiei, oraingoan metropoliak justizia egiterik izan ez badu ere, noizbait eskutik heldu gabe ibiltzen ikasiko duzuelakoan. Okaztagarria da Latinoamerikarekiko oraindik ageri duen nagusitasun koloniala.

Geroz eta gorago ipurdia zelan ageri duen jabetzen ez den nerabe harroputzen gisan. Txilen ez dute lortu Pinochet kondenatzea, baina estu hartuta eman ditu azken urteak. Argentinako torturatzaileek etxe aurrean dauzkate biktimen senideak krimenak gogorarazten, urratsik egin ezinik hiltzaile noiz deituko duten jakin barik.

Bien bitartean, espainiarrak eredugarritzat daukaten sasitrantsizioa, postfrankismo epel hau esportatu guran, inori zer erakutsia baleukate legez. Latinoamerikarrek metropoli laguntzailerik gabe topatuko dute bidea, hobe luke Espainiak ere bere kriminalak topatu eta zigortuko balitu. Zer erakutsi gura du Gasteizko harakina alderdiburu daukanak? Zer, Meliton Manzanas bezalako torturatzaileak terrorismoaren biktima izendatu zutenek? Ze lezio eman dezake memoria lege duina egiteko ere gai ez denak?

Finaleko horoskopoak Algorta euskaldunera begira jarri zirenekoa

Gararako idatzia

Atsedeneko tartea Euskalduna Jauregian, eta nork bere kiniela: Paiatarrak? Estiballes? Iratxe? Etxahun? Inoiz baino zabalago txapela.

Bertso on asko, bikaintasun gutxi eta hankasartze nabarmenik gabe ere tarteka galduta ibili ziren bertsolari gehienak. Azkenean, Xabi Payaren alde egin zuten izarrek, edo horoskopoak, txapeldunak berak aitortu bezala.

Berdintasuna izan da txapelketan zehar behin eta berriz nabarmendu den berba, mediokritatearekin nahastu behar ez dena. Iratxe Ibarra banaka-banaka bertsotik urrundu den bertso-eskoletako belaunaldietako ordezkari bikaina izan zen. Berea bertso puntuatuena, mertzenarioaren paper zailean. Estiballes, Enbeita eta Fredi segidan, puntu bateko aldean. Puntuari erantzuten egindako laprastada txikia unerik txarrenean egokitu zitzaion galdakoztarrari. Ibon Ajuria indartsu itzuli da txapelketara urte askoren ostean finalean sartuz, eta ez da gutxi Muniategik legez urtez urte finalean lekua izatea, baina norbaitek behar ditu azken leku biak.

Sei epailek hogeita bi bertso puntuatu eta hiru puntuko aldea berdinketatik hurbilen dagoen emaitza da. Seinale halaber Xabi Payak puntu-zama polita zekarrena aurretik (gose-grebaren gaia zorte ona izan daiteke, bederatzi puntu horren bikain lantzea artista-lana da ordea), larrabetzuarra argi gailendu baitzen buruz-burukoan. Mainontziren doinuan Lekuek osatutako bertso bakoitzak txapelera hurbiltzeko urrats sendoa zirudien bere burua kokatu ezinik sumatu genen algortarraren ondoan. Bakarrean ere gaiari zelan heldu agertu zuen Lekuek baina agian sei puntutik gorako arriskuren bat hartzea falta izan zitzaion.

Azkenean, Xabi Paya Bizkaiko txapeldun. Bizkaian aspaldi gaztetu, eskolatu eta kaletartu zen bertsoa, eta bertsoa bera baloratu gurako nuke biografia eta anekdotetan sartu barik. Baina txapeldunak berak nabarmendu zuen jatorri erdalduna. Lehendik ezagutzen genituen bertsogintzan etena izan duten eskualdeetako bertsolariak, bertso-eskolen emaitzak orain hogei urtetik baditugu. Besterik da euskara etxean barik ikastolan jaso duenaren kasua. Familia erdaldun euskaltzaleen, ikastolaren eta norbere ekinaren garaipena da. Azken horretan azpimarratzekoa da txapeldunaren ahalegina ikastolakoa eta hilzorian den Getxoko euskararen uztartzeko. Eta lanaren emaitza, bikaina.

Bertso hunkigarria eskaini zion amari, puntuatzeko balitz zerotik hurbilen egongo zen bertsoan. Baina Mari Carmenek urtetan Fredi, Xabi eta Itsasorekin egindako kilometroek ondo merezi dituzte erdarazko hiruzpalau puntu. Bertsolariaren luzimenduko unea da, gura duena gura duen eran kantatzekoa. Badakit. Begirunea bertsozaleari ere zor zaio, ordea, Nafarroa Beheretik Euskaldunaraino etorriei, kasu. Baina Xabi Paya bertsolari aparta ez eze itzultzaile fina ere badenez, ziur arazorik gabe itzuliko diela agurra gaztelerarik ez dakiten bertsozaleei. Txapeldun bikaina dauka Bizkaiak.

2006-12-16

Alojz Ihan: "Bi milioi lagun aski dira kulturan interesa badaukate"

Garako Mugalari gehigarrirako egindako elkarrizketa

Esloveniako Alpeetan dagoen Vilenicako jaialdi literarioan elkartu ziren esloveniar eta euskal idazleak, eta Durango izan da haren bigarren zatia. Alojz Ihan poeta nazio txiki honetako egile arrakastatsuenetakoa da, bere poesiaz eta esperientzia literarioez mintzatu zaigu.

Alojz Ihani (Ljubljana, 1961) kroazieraz argitaratu zioten estreinako liburua jatorrizko hizkuntzan baino lehenago, Zagreben 1985ean irabazitako Goran sariari esker. Geroztik beste hamar liburu argitaratu ditu eta Esloveniako kultur bizitzako pertsona garrantzitsuenetakoa da. Zutabe asko idatzi izan ditu, Polonian, Txekian, Errusian, Italian eta Belgikan ere argitaratu du, eta espainieraz 2000n kaleratu zuen antologia Hiperion etxeak.

Zer nolako esperientziak izan dira Vilenica eta Durangon?

Oso interesgarriak. Baditugu antzekotasunak, lotura interesgarriak daude; begira jarri gara gutxiengoen altxorrei. Vilenicako asmoa da aukera ematea idazleei istorio partikular horiek eta literatur proposamen desberdina egiteko.

Ingelesa hautatu duzue ingelesa hautatu duzue zubi-hizkuntza. Zuen esperientziatik, zein da bide egokia kultura txikiek kanpoan bidea topatzeko?

Ingelesa, bai, baina lehenik eta behin geure kulturan lortu behar du literaturak bere lekua. Bi milioi biztanleko herri batean literatura existitzea idazleen arabera da, idazle barik alferrik hitz egingo dugu literatura kanporatzeaz. Ahalik eta hurbilen egon behar du autoreak irakurleen artean sortzen duen inpaktutik. Osterantzean akademikoentzat soilik idazten duzu.

Zuretzat eztabaida gutxi beraz norberarentzat edo irakurlearentzat idatzi.

Bai, bai, idazleak irakurleentzat idazten du herrialde guztietan. Eslovenian ez da ohikoa genero komertzialak lantzea, merkatu globalean ere aurki daitezkeenak. Uste dut sentitzen dutela zaila dela lehiatzea literatura horrekin. Egileak gizarteko bizitza deskribatzera jotzen du, eta ona dela uste dut, horrek ahalbidetzen dio alderdi berezi hori bilatzea Eslovenian edo Euskal Herrian. Eta istorio partikular horiek unibertsal izateko aukera ere badute. Hemen zuen istorio partikularrak dituzue, askatzeko asmo horrekin, borrokaren aurpegi propioak dituzue. Ikuspegi amerikar edo europar nagusien aldetik ez ditu inork ulertzen kanpoan, eta oso garrantzitsua da istorio horiek nazioak berak kontatzea. Ez bertako jendeak bakarrik ulertzeko, hori garrantzitsuena izanda ere. Kultura global horrek partikularrarekin bat bizi behar du eta partikularrak izan behar du aski unibertsal.

Zientzia Inmunologikoetan doktorea eta Ljubljanan Mikrobiologia eta Inmunologia irakasle zara unibertsitatean. Medikuntzak zein leku du zure poesian?

Suposatzen da mundua behatzeko era desberdinak direla. Gustuko ditut borondate pertsonalaren menpe ez dauden tresnak, deskribatzea naturaren determinazioa guk sentitzen duguna baino indartsuagoa dela. Agian ikuspegi medikoa da, jende askok arazo berdinak ditu, baina bakoitzak sentitzen du berea bakarra dela.

Patua zaila da aldatzen. Zure gogotik posizio bat hartzea eta ulertzea zer dagoen determinatuta eta zelan jokatu. Sentimenduak uler daitezke, haserrea, boterea, edo botere eza, posible da ulermena eta hobeto bizitzea sentimendu horiekin, eurez harritu beharrean. Sentitzen nuen literatura gehienbat istorioaren men zegoela eta era narratiboan idazten nuen, xake-jokoa deskribatzen. Xake-jokalariari hitzekin edo irudiekin azaldu tentsio bera dauka beretzat. Bizitzan une horri begiratzen diot, nolakotasunaren menpe ez dagoena, istorioaren posizioak aski indartsuak baitira sentimendu bat probokatzeko.

Arrainaren poema entzun genizun Durangoko errezitaldian: arraina arrantzatzea une bat da, hiltzea beste bat, baina buruan uzten duen arrastoa askoz luzeagoa da.

Bai, bai. Desberdintasunak daude ekintzaren eta horien ondorioen artean, eta ekintzei soilik begiratzen diegu. Sentimendu indartsuenak hortxe datoz, arrainari behatu baino ez banio egin, askoz eragin txikiagoa izango zuen, nahi edo ez, gure ekintzek aski ondorio indartsuak dituzte.

Determinazio hori ageri da beste poema batean ere: ezin norberak mezua hautatu, mezuak hautatzen zaitu zu.

Hor erregearen mezularia ageri da. Zer egin, zer aldatu, ezin izaten duzu arrazoitu zein den mezua.

Bitxia da, zure herrialdea bere patua hautatu eta eskuetan hartu duen nazioa izanik.

Bai, baina ulertu hori ere duela une historikoaren menpe dagoela. Ez genukeen inoiz egingo egoera baketsuan, ez bagina hartara behartuta egon. Beldur ginen zer gertatuko zen, gerra egongo ote zen, eta oso erantzun ona izan zen une hartan, baina une partikular berezi hartan. Ez genuen hamar urte lehenago prestatu unea probokatzeko, garrantzitsua da sentitzea noiz den unea, denok gustura eta bakean egon izan balira horrela utziko genuen beste barik.

Dubravka Ugresic kroaziarrak aipatzen du Jugoslaviaren nostalgia, egun batean hiritar nintzen, biharamunean kroaziar jaio nintzen askoz herrialde txikiagoan.

Sentimendu nahasiak dira. Lehen denok geneukan beldurra, ea herrialde txiki honek, hogei milioiko merkatu batentzat produzitzen, nola egingo zuen aurrera. Ulertzen genuen serbokroaziera, lagun asko genituen, beldur ginen bakarrik egongo ote ginen. Ez genukeen erabaki hori hartuko Jugoslavian geratzeko perspektibak arriskutsuagoak zirela ikusi izan ez bagenu. Beldur hori are handiagoa zen.

Aurrera egin dugu beste herrialde batzuetarantz zabalduta, eta hamar urte geroago aurkitu genuen gure barne kultur merkatua aski interesgarria dela, teatroa, literatura. Hirurogei lagun bizi dira idaztetik, beste berrehunen bat antzerkitik, zenbaki horiek adierazten dute bi milioi lagun aski direla benetan interesa badute kulturan lan egiten duten jendearengan. Aski da hori.

Europa ez da Amerika, berezia izan behar du horretan, kultur nortasunei eutsiz. Ez dauka etorkizunik Amerika bezala izan nahi badu. Hemen aldaketa asko datoz kultura txikientzat. Europatik dirua eta ahalegina beharko da, hori da europar izatearen prezioa nahi baduzu, desberdinen arteko komunikazioa. Baina komunikazioan inbertitzea oso boteretsua da Europarentzat.

Barrukoa ondo landu ostean egin duzue kanporako jauzia?

Lehen bost urteetan oso itxita egon ginen, geure baitara bildurik, baina ikasi genuen lezioa, esloveniarrak baino ez ginela. Kanporako ingelesa behar genuela ikusi genuen, baina konturatu ginen lehenik eta behin inguruko herrietan interesa piztu behar dela. Eta ez bakarrik gurea kanporatuz, baita auzoak ekarriz ere. Gauzak aldatu behar baditugu, geuk egon behar dugu lehenik eta behin interesatuta Kroazian, Hungarian, Mazedonian edo Euskal Herrian, hori da lehendabiziko urratsa, garrantzitsuena. Literatura esportatzeko interesa piztu behar da.

Norabide bikoitza da.

Baina ez hori bakarrik. Kroaziar idazleekin adibidez esperientziarik izan ezean, ezingo ditut istorio onak egin beti Esloveniara itxita. Ona da esloveniarrentzat esperientzia gehiago izatea, beste giro batzuk ezagutzea.

Kontu filologiko bitxi bat irakurri dut: eslovenierak ba ei dauka aditz-forma berezia, duala, singularraren eta pluralaren artean. Eta asko erabili duzue literaturan, oker ez banago.

Bai, duala dauka. Gutariko biri dagokiguna desberdina da bakarrari edo askori dagokiena baino, teoria asko daude zergatik agertu edo gelditu den hori. Batzuek diote oso erromantikoa dela, maitagarria, mendi artean egon denez Eslovenia, bik jadanik taldea osatzen zutela, eta gehiagok multzo handia. Tira, kontua da hori gelditu zaigula eta poesian maitasunerako, erotismoan, asko baliatu da.

80. hamarkadan argitaratu zenuen lehen lana, Tito osteko Jugoslavian.

Orduantxe sortu ziren Eslovenian Laibach eta Irwin bezalako talde artistikoak. Oso probokatzaileak ziren, punk mugimenduaren urteak ziren eta beti zebiltzan ertzean, espetxetik hurbil. Gogoan dut Titoren egunean ospakizun handia zegoela, eurek irabazi zuten afixa-lehiaketa, baina egun bi lehenago kenarazi zieten. Nazien kartel baten moldaketa zen, svastikaren lekuan bost puntako izarra jarrita. Horrelako probokazio asko egin zituzten, ekintza artistikoak ziren batez ere, baina zera eragin zuen: Esloveniako gobernuak onartu zuen gazteek oker egin zutela baina zigor txikiren bat jarri behar zela esan zuen, Jugoslaviako gobernuak berriz, gogor zigortu behar zirela. Egiaz probokazio artistiko horiek ahalbidetu zioten Esloveniako gobernuari geroz eta gehiago urruntzea aginte federaletik, eta hamar urteren buruan ez ziren kontu artistiko hutsak. Beraz independentzia kultura eta arte munduko keinu horiekin hasi zen. Hori gabe, Esloveniako punka, literatura, artea, probokazio horiek gabe politikariek ez zuten leku askirik izango askapen prozesua egiteko. Ez dut esan nahi artistek intentzio horrekin jokatu zutenik, euren askatasunagatik egin zuten. Baina atzera begira, ikusten duzu probokazio artistiko hura erabat beharrezkoa izan zela independentziarako.

Ordutik 20-25 urtera, Eslovenia independentea herri boteretsuetatik hurbil dago atzera, Alpeetatik germaniar mundua, Adriatikoa eta Italia bertan, Balkanetan eslaviarrak eta lautadan Hungaria. Nora begira zaudete?

Literaturan arrakasta handiena da kontziente izatea esloveniar jendearentzat beharrezko direla. Istorio propioak egiten dituzte, ez kanpoko ereduen zientzia-fikzioa edo best-sellerrak, eta badaukate idazteko perspektiba bat. Norbaitek asmoa badauka datozen hamar urteetan bost nobela idazteko edozeri buruz, ziur, istorioak aski onak izanez gero, idatzi ahalko ditu eta interesgarriak badira jendeak irakurriko ditu. Uste dut hori dela garrantzitsuena, guk egin dezakegun ekintza politiko eta soziala artistari lan egiten uztea da. Horrek emaitza ezin du inongo ekintzak bultzatu gabe, gertatu egiten da besterik gabe, baina beharrezko da horretarako baldintzak sortzea, talentudun egileak idazteko askatasuna eta bakea izatea. Autore bakoitzak eraman dezake bere ekina literaturara eta uste dut hori dela garrantzitsuena edozein herritan, aukera izatea.

2006-12-10

Euskara ekologikoa

Berrian 2006-XII-10ean argitaratua

Artikulu interesgarri bi agertu dira egunotan orriotan, euskara eta AHTaz duela astebete, ekokapitalismoaz Fredi Paiak herenegun. Euskararen galera handiena transmisioaren etenak eragin duen arren, aldaketa demografiko bortitzek ere lekuan lekuko mintzairaren desagerpen edo erabateko zokoratzea ekarri dute. Baina Irun eta Ermua herri euskaldunez inguraturik daude behinik behin. Besterik da azken mendeetan hain gutxi mugitu den mendebaldeko euskararen muga zelan doan ahultzen: Nafarroako triskantzaren aldean, Gordexola, Barakaldo eta Laudio aldea «bakarrik» galdu ditugu azken mende eta erdian.

Hala dakarte euskalkien mapek, baina besterik dago kalean. Nerbioi eta Ibaizabalen ertzeko euskarak guztiz zokoratuta daude, Orozko eta Zeberio pasata Zollora bidean Laudio, Arrankudiaga, Ugao, Arrigorriaga eta Basauri erdaldunduak ditugu. Immigrazio handi batek irentsitako oso herri txikiak eta urrearen pare zaindu beharreko euskaldunen oasiak. Bada sasoia horiek bildu eta museorako gordetze hutsaz ez konformatzeko, ez dugu Gaeltachtik gura. Beste herrialde batzuetan haur-eskoletan dabiltza herriko zaharrenak hizkera eta oroitzapenak transmititzen, hemen zer egin ere ez dakigu atso-agureekin.

Horren ordez urbanizazio berriak prestatzen dituzte Uribe eskualdean, 200-300 laguneko auzo eta herrixkak txaletez betetzeko. Bilbon denak sartu ez eta inguruko haranetan Beverly Hillstxoen bila.

Hizkuntza-politikak Kultura Sailean jarraitzen du hemen, baina euskara ere bada ingurumen-inpaktuko azterketetan agertu beharreko aldagaia.

2006-12-03

Tukan birusa

Berrian 2006-XII-3an argitaratua
Mende laurdena eta ez du bete hasierako asmoa. Euskal prentsan desagertzeko asmoz sortutako aldizkari bakarrak lanean jarraitzen du. Adinean aurrera, atzean utzi ditu diru faltan itoak, diruz sobera puztuta lehertuak eta osasuntsu antzean ibilita itxiarazitako egunkariak.
Euskarak funtzionario izateko puntuak ematen dituela jakin baino askoz lehenago kutsatu ziren milaka euskaltzale tukanaren birusaz. Hogeita bost urteotako ale guztiak miatzeko zoria izan dut asteotan, hasierako hanka sartzeek, lotsagabekeriak, bat-batekotasunak profesionaltasunari eta dotoreziari egin diete leku. Bai, bai, zeinen zoriontsu ginen eta gura duzuena, baina nostalgia erreakzionarioa da. Mende laurden eta zenbat gorabehera, tirabirak, etxetik hasi eta Gasteizen barna Madrilera doazen ilunetara. Dena ere ez dugu ahaztuko.
Ahaztura omen dakar, izan ere, beste birusak. Ahaztura hamarkadatan herri hau euskalduntzen jarraitu duten ekimenekiko. Ahaztura ideia ona beti bezain suster bako egin duten kanpainaren arduradunekiko, ahaztura egin behar eta egin ez dutenarekiko, lan-deialdietan hasi eta eguneroko eskubide-urratzeetan segi. Horretarako dira kanpaina edulkoratuak, kontzientziazioaren aitzakian (hemen etorkin berriak salbu inor gutxi dago kontzientziatzeko, norberearekiko ondo kontziente bizi da), negar ez egiteko ospatzekoa ei den egunean. Ahaztu dute horretarako tukanak aspaldi jarri zizkiola irria eta umorea egoera negargarriari. Birusa gura duenak zabalik ditu AEK-ko ateak, eta Karrantzan hitzordua martxoan.
Zorionak, Aizu!. Eta animo, beste apur batean beharko zaitugu eta.