2006-12-17

Finaleko horoskopoak Algorta euskaldunera begira jarri zirenekoa

Gararako idatzia

Atsedeneko tartea Euskalduna Jauregian, eta nork bere kiniela: Paiatarrak? Estiballes? Iratxe? Etxahun? Inoiz baino zabalago txapela.

Bertso on asko, bikaintasun gutxi eta hankasartze nabarmenik gabe ere tarteka galduta ibili ziren bertsolari gehienak. Azkenean, Xabi Payaren alde egin zuten izarrek, edo horoskopoak, txapeldunak berak aitortu bezala.

Berdintasuna izan da txapelketan zehar behin eta berriz nabarmendu den berba, mediokritatearekin nahastu behar ez dena. Iratxe Ibarra banaka-banaka bertsotik urrundu den bertso-eskoletako belaunaldietako ordezkari bikaina izan zen. Berea bertso puntuatuena, mertzenarioaren paper zailean. Estiballes, Enbeita eta Fredi segidan, puntu bateko aldean. Puntuari erantzuten egindako laprastada txikia unerik txarrenean egokitu zitzaion galdakoztarrari. Ibon Ajuria indartsu itzuli da txapelketara urte askoren ostean finalean sartuz, eta ez da gutxi Muniategik legez urtez urte finalean lekua izatea, baina norbaitek behar ditu azken leku biak.

Sei epailek hogeita bi bertso puntuatu eta hiru puntuko aldea berdinketatik hurbilen dagoen emaitza da. Seinale halaber Xabi Payak puntu-zama polita zekarrena aurretik (gose-grebaren gaia zorte ona izan daiteke, bederatzi puntu horren bikain lantzea artista-lana da ordea), larrabetzuarra argi gailendu baitzen buruz-burukoan. Mainontziren doinuan Lekuek osatutako bertso bakoitzak txapelera hurbiltzeko urrats sendoa zirudien bere burua kokatu ezinik sumatu genen algortarraren ondoan. Bakarrean ere gaiari zelan heldu agertu zuen Lekuek baina agian sei puntutik gorako arriskuren bat hartzea falta izan zitzaion.

Azkenean, Xabi Paya Bizkaiko txapeldun. Bizkaian aspaldi gaztetu, eskolatu eta kaletartu zen bertsoa, eta bertsoa bera baloratu gurako nuke biografia eta anekdotetan sartu barik. Baina txapeldunak berak nabarmendu zuen jatorri erdalduna. Lehendik ezagutzen genituen bertsogintzan etena izan duten eskualdeetako bertsolariak, bertso-eskolen emaitzak orain hogei urtetik baditugu. Besterik da euskara etxean barik ikastolan jaso duenaren kasua. Familia erdaldun euskaltzaleen, ikastolaren eta norbere ekinaren garaipena da. Azken horretan azpimarratzekoa da txapeldunaren ahalegina ikastolakoa eta hilzorian den Getxoko euskararen uztartzeko. Eta lanaren emaitza, bikaina.

Bertso hunkigarria eskaini zion amari, puntuatzeko balitz zerotik hurbilen egongo zen bertsoan. Baina Mari Carmenek urtetan Fredi, Xabi eta Itsasorekin egindako kilometroek ondo merezi dituzte erdarazko hiruzpalau puntu. Bertsolariaren luzimenduko unea da, gura duena gura duen eran kantatzekoa. Badakit. Begirunea bertsozaleari ere zor zaio, ordea, Nafarroa Beheretik Euskaldunaraino etorriei, kasu. Baina Xabi Paya bertsolari aparta ez eze itzultzaile fina ere badenez, ziur arazorik gabe itzuliko diela agurra gaztelerarik ez dakiten bertsozaleei. Txapeldun bikaina dauka Bizkaiak.

No comments: