2014-02-23

Zipre, independentzia eta 'enosis'-a

Joan den astean, Mediterraneoko uharte handienetan bigarrenaz mintzatu ginen, Sardiniaz, eta independentismoaren gorakadaz. Handienetan hirugarrena estatu independentea da, independentismorik ia inoiz izan ez badu ere. Duela ia hamar urte bisitatu nuen Zipre, 2004ko udan. Balkanetara, Ekialde Hurbilera edo turkiar lurraldeetara egin nuen lehen aldia zen. Libanotik Greziatik baino hurrengo, geografikoki ez genuke Turkia baino europarragoa dela esango... nola ukatu europartasuna greziarrez osatutako nazioari? Turkia Europa ez dela argudiatzen dutenentzat: 1923an populazio trukea deitu zioten krimen izugarria egin arte, greziarrak Egeo itsasoaren alde bietan bizi ziren, egungo Grezian bezainbat Asia Txikian. Inork ukatu ote lieke Europa direla?

Bidaia haren berezitasuna, uharte osoa bisitatzeko aukera izan zen. Ordura arte, alde greziarrean edo turkiarrean egon behar zenuen; gehienez ere, egun bateko baimena lortzen zen iparraldera joateko. Baina, 2004an, EB 15 herrialdetik 25era igaro zen. 1973tik bereizi dagoen uhartea batzeko Kofi Annanen ahaleginak porrot egin zuen orduan, turkiarrek erreferendumean baietz esan arren greziarrek ez baitzuten onartu NBEko idazkari nagusiaren proposamena. Baina nazioarteak Zipreko errepublikari uharte osoarekiko legitimitatea ematen dionez (hegoaldearen kontrola soilik izan arren), teknikoki uharte osoa da EBko zati. Ondorioz, Zipreko (greziar) estatuak ez dauka eragozterik 1973an Turkiak inbaditu eta 1983an Zipre Iparreko Turkiar Errepublika aldarrikatutako lurraldera.

Mende bat lehenago hasi zen Zipreren ibilbide berezia: 1878an britainiar inperioak bereganatu zuen otomandar inperiotik. Ondorioz, Turkiak izandako ibilbidetik bereizi zen. II. Mundu Gerrako deskolonizazioan, EOKA gerrilla abiarazi zuen uharteko greziar gehiengoak; britainiarrak kanporatzeko, bai, baina ez Zipreko estatua eratzeko: «Enosis» pintaketak oraindik ere ikus daitezke Zipreko mendietan. Batasuna esan nahi du; Greziarekin bat egitea, alegia. Greziarren estatua 1820ko hamarkadan sortu, eta hurrengo ehun urteetan hazi zen, otomandar eta potentzia kolonialen lurralde eta uharteekin, baita ia greziarrik gabeko eremuak bereganatuta ere (Salonika edo Mazedonia, artean nagusiki eslaviar zirela). 1947an, Dodekanesoko uharteak Italiari eskuratua lortu zuen Greziak gaur daukan lurraldea.

Baina Italia Mundu Gerrako galtzailea zen. Deskolonizazioa hasi zen laster mundu osoan, hainbat estatu sortu ziren, baina irredentismorik ez da ia-ia gertatu. Hau da, bereiztea zilegi da, baina ez beste estatu bati atxikitzea. Britainiarrek, ohi bezala, gutxiengo turkiarra armatu zuten EOKAri aurre egiteko, eta gatazka etnikoa hauspotu. 1960an lortu zuen independentzia Ziprek, eta estatua sortu zen, baina etxe bakar baten ez dut bandera ofiziala ikusi, greziarra edo turkiarra baizik. Inork eskatu gabeko estatua zen. Britainiarrek alde egin, eta gatazka sektarioa utzi zuten, beste hainbat lekutan legez. Gerokoa ezaguna da: 1974ko estatu kolpea, Greziarekin bat egiteko saioa, Turkiaren inbasioa eta biztanleria etxeetatik kanporatzea, eremu turkiar eta greziarren sorrera, eta gaur arteko bereizketa. Orain, saio berria dator, Estatu Batuek bultzatuta, eta Israel ere hurbiletik begira: Zipreko ur eremuan agertu den gasa gozoki itzela omen. Ezin esan zer ekarriko duen. √Ďabardura askorekin, Kosovo edo Hego Osetiaren antzeko gatazka izoztua eta aitorpen gabeko estatua da Ipar Zipre. Argi geratu dena, baina, enosis edo Greziarekin bat egiteko ideia baztertu egin behar izan dutela Zipreko greziarrek.

Bidenabar, britainiar inperioa baino zenbait mende lehenago, beste ingeles batek inbaditu zuen Zipre: Richard Lionheart-ek (Lehoi-Bihotz), Lur Santuko gurutzadetatik itzulian, Isaac Commenus uharteko agintaria kanporatu zuen, gatibu hartutako emaztegaia askatzeko. Nafarroako Berengaria zen emakume hura. Limassolen ezkondu ziren, oraindik ere zutik den gazteluan. Handik gutxira, Antso VI.a Berengariaren aitak erresumako mendebaldeko lurrak galdu zituen. Zipren ez bezala, gurean independentzia eskatzen da, baina mundu guztiak dauka buruan mendebaldeko lurraldeekin enosis a. Eta argi izan beharko litzateke sezesio bat gertatzen denean, estatu berriak nekez izango duela lurralde zabalagorik, are gutxiago auzo-estatu bati lurra kenduta.

BERRIAn argitaratua

No comments: