2014-01-16

Hizkuntza-eskakizunen aurka

Azken hiru urteotan ETBko oposaketetan buru-belarri ibili naiz. Kritikatzeko mila kontu egongo dira, baina badago oso ondo egin den eremu bat ere: kazetari izatea bai, baina euskarari buruz ez zaigu inolako agiririk eskatu. Ez PL2, ez EGA ez ezer. Eta geroz eta konbentzituago nago, administrazioa eta beste hainbat esparru euskalduntzeko probetan egiten ari garen akatsetako bat hizkuntza-eskakizunetan dagoela.

Gure kasuan,  lehenengo egunean, proba hasi berritan alde egin zuen neska batek. Burgos edo Kantabria aldeko kazetari bat zen, nonbaiten oposaketa-deialdia ikusi eta izena eman zuen. Gero, probako zati bat euskaraz zela konturatzean, jaiki eta alde egin zuen. Neska agian haserretuko zen, inork ez ziolako esan euskaraz jakin behar zela. Baina hala zen: TVEn espainol-agiririk eskatzen ez den legez, ETBn ere ez zen euskara-agiririk eskatu. Ez zegoen beharrik.

Hizkuntza-eskakizunak ezinbestean marra bat ipintzea dakar: lanpostu honek behar du, beste honek ez, hemen euskara maila altua behar da, hemen erdipurdikoa, hemen ez da behar. Eta beti eztabaida dakar: euskaltzaleok haserre, X edo Y lanpostuak ez delako euskararik eskatzen, edo oso maila apala eskatzen delako. Baina erdaldun asko haserre, halaber, baztertuta sentitzen direlako, "euskara jakitea lana ondo egitea" baino garrantzitsuagoa delako, eta abar. Badakit absurduak irizten diegula jarrera horiei, baina susmoa dut euskararen aurkako jarrera gehienak hortik datozela. Eta kontsentsu sozial handia daukan esparrua da euskara, gure giro politiko gaiztotuan, baina ez dakit betiko izango ote den horrela. Harritu egiten naiz Irlandan gaelikoari buruzko albisteak irakurri, eta zenbat jende dabilen haserre, "ezertarako balio" ez duen horretan hainbeste diru erabiltzeagatik. Gurean politikoki zuzenak ez diren jarrerak, naturaltasun handiz irakur daitezke Dublingo egunkarietan. Esan bezala, kontsentsu sozial handia dagoela uste dut. Baina aurkako jarrerak, motibo identitarioak dituen zati txiki bat salbu, hizkuntza-eskakizunekin lotuta daudelakoan nago. Hau da, onartzen dugu euskarak babesa, sustengua, e.a. behar duela, euskarazko esparruak sortu eta sustatzea, baina ni ez behartu mugitzera. Eta kontuz ibili beharko genuke inoren bizitza pribatuan sartze horrekin. Alegia, nik ez dizut eskatuko euskara jakitea -are gutxiago erabiltzea-. Esan nahi dut, ez dudala hori dioen araurik edo legerik aterako. Sinpleago egingo dut: euskaraz egingo dizut. Alemanian alemana eskatzen ez den bezala, edo Espainian espainola: Estatuak alemanez eta espainolez egiten dizu, eta probak espainolez dira Espainian eta alemanez Alemanian. Zu, herritar bezala, ez zaude alemana jakitera behartuta, baina Estatuak bere deialdiak alemanez egiten ditu.

Hizkuntzak jakitea geroz eta baliotsuagoa den sasoi honetan, euskarak diskurtsoa alde beharko luke. Baina esparru hori burokratizatzen dugunean, logikoa dena aurka bihurtzen zaigu. Zergatik eman Xri 10 puntu euskaraz jakiteagatik, eta Yk, lana hobeto egin arren, ez? Ez didazue niri erantzun behar, baina euskararen aurkako jarrerak desaktibatzeko bide errazena, hizkuntza-eskakizunak kendu eta proba elebidunak egitea delakoan nago.

Horrelakoa izan da ETBko oposaketa: testa hizkuntza batean, hurrengo proba bestean, albiste bat euskaraz idatzi, beste bat espainolez. Baten batek esango du, praktikan euskara jakitera behartzen dela, baina legalki ez dago horrelakorik, normaltasun batean jokatzea baizik. Azken finean, gizartearen isla da: batzuek espainolez eta besteok euskaraz. Bada, proba batzuk euskaraz izan beharko dira, eta beste batzuk espainolez. Eta lanpostu batzuetan, galdera batzuk ingelesez ere izan beharko dira, edo frantsesez, mugaldean aritzeko batez ere.

Edozein oposaketatan, galdetegi osoa euskarara itzultzen (jatorrizkoa beti espainolez) eta elebitasun sinboliko batean egin ordez, praktikoagoak izan beharko genuke: galdera batzuk, demagun erdiak, euskaraz, eta beste batzuk, espainolez. Eta horrela, kito hizkuntza-eskakizunak. Inork ez du lanpostua lortuko euskarak puntu gehiago ematen dituelako. Gizartearen eskakizunei hobeto moldatzen delako baizik.

Bide horretatik jo beharko genuke beste eremu batzuetan ere: unibertsitatean beti izan gara euskaldunok kexu, euskarazko ikasgaiak edo irakasleak falta genituela. Elebidunak kexu, eta elebakarrak lasai, nola da posible? Arazoa euskaraz jakitea da; euskaraz ez jakiteak lasaitasuna ematen du, bizitza askoz errazagoa da. Erdaldunak, lasai uzten duzun bitartean, aitortzen dizkizu eskubideak, baliabideen arabera joan dadila unibertsitatea euskalduntzen. Baina ez ukitu bere eremua. Eta bada sasoia arazoa non dagoen erakusteko: euskal adar "problematikoa" eta erdal adar "lasaia" izan ordez, ikasle guztiak, ikasgai batzuetan gutxienez, elkarrekin egon daitezen. Bai, min emango digu ikasgai bat edo beste espainolez hartu behar izatea. Baina erdaldunari mingarri ez, ezinezko zaio gaurkoz euskarazko ikasgairik hartzea. Bada ispiluaren aurrean jartzeko sasoia; feminismoak landu duen bidetik, batzuek empowerment soilaz gain, hegemonia duenak hori galtzeko prest egon behar du, etengabeko kristalezko sabaiarekin topo egingo ez bada. Geroz eta karrera gehiagotan ikasgairen bat edo beste ingelesez izaten da, eta denok normal eta onuragarritzat dugu, unibertsitatean nazioarteko hizkuntza nagusiaren ezagutza bat beharrezko delakoan. Bada, hori horrela bada, baita espainolarekin (zeina denok dakigun) eta euskararekin ere, ezta?

Funtsean, administrazioak euskara, eskatu ez, egin egin behar du. Euskaraz eta espainolez, nahi baldin bada. Praktikoak izan gaitezen.

7 comments:

Asier said...

Ados nago orokorrean. Musikaria naiz eta Bilboko kontserbatorioko irakaslea. Iaz klaustroan planteatu nuen ikasturtearen zati bat euskaraz eta bestea gazteleraz ematea, era horretan ikasleak hizkuntzaren arabarea ez segregatzeko eta hizkuntzak, ereduen modeloaren bidez, irizpide pedagogiko bat izateari utz zizeaion. Eleaniztasun praktikoa. Ez zen aurrera atera nire proposamena, baina nire ustez hor dago bidea.
Aio,
Asier
https://asier1.bandcamp.com/album/entelekia

Jose Ramon Rodriguez said...

Ados, Urtzi ... baina ...

√Ďabardura asko egingo nizkioke zuk esandakoari. Oposizioetarako bide aproposa iruditzen zait. Baina gaur egun nor demontre sartzen da administraziora oposizio bidez? Oso jende gutxi, gehienak (administrazioan zein enpresa publikoetan) beste bide batzuetatik sartzen dira, gehienetan proba barik. Eta kasu horietan zer?

Nire ustez, paradigma aldaketa behar da behingoz administrazioan. Euskaraz lan egiten jarri behar dira behingoz administrazioko langileak, euskaraz sortzen, euskaraz arreta ematen eta abar. Eta itzulpenak izan daitezela alderantzizkoak, euskaratik gaztelaniara. Bestela, igual da eskakizuna eskatu ala ez (edo azterketa euskaraz egin ala ez).

Urtzi UV said...

Bai, Txerra, baina... zuk diozun bide horrek akats berbera ez ote duen egiten, hau da, inori zer egin behar duen esaten hastea. Oso bide laburra iruditzen zait, saiakera puntualak gora-behera. Estatua izan arte, ez da horrelakorik era masiboan izango. Eta gauzak era masiboan ez direnean, puntuala edo sinbolikoa baino ez da. Administrazioan paradigma aldaketa hori ez da gertatuko egungo estatus politikoa dugun artean, udal batzuen jarduna aparte.

Aldiz, eguneroko jarduna (izan azterketak zein ikasketak zein beste edozein eremu) bi hizkuntzatan eginez gero, teknikoki ez duzu euskara sustatzen ez antzeko urratsik egiten, sinpleki, bi hizkuntza ofizialak baliatzen ari zara.

Gaur bertan BERRIAn agertzen den ertzainaren gutuna, horren adibide. Zenbati eskatu behar zaie euskaraz jakitea? Trafikokoei bai baina bulegokoei ez? Zuk eta nik gura duguna gora-behera, zelan egingo dugu gizarte osoarentzat onargarri den eran planteatzeko? Uste dut argi dagoela, ertzain izateko azterketak eta bestelako probak bi hizkuntzetan egingo dira, puntu.

Administrazioari buruzkoa, beste post baterako utziko dut (baina osatu beharrekoa), Katalunian egin dutenaren harira: zein hizkuntza-politika egongo den, edo Katalunian planteatu den legez: zein hizkuntza ofizial egongo diren Katalunia independentean. Eta jarrera inteligenteena hizkuntza ofizialik ez izatea da, eta katalana Estatu-hizkuntza izatea. Eta hor bai, hor administrazioak Estatu-hizkuntzan egingo du, eta era berean, herritar guztiei beren hizkuntza-eskubideak bermatu, euskaraz, espainolez zein beste erdara batean egin. Hurrengo baterako hori.

Anonymous said...

Ados naiz, estrategien mailan kokatzen badugu gaia eta ez inozentziatik. esan nahi baita, hizkuntz eskakizunen sistemak, zuk ogni azaldu duzun bezala, ihesbide ugari ditu eta, gainera, orokorra ez izatean eta ezagutza bermatzen ez dituen ezagutza mailak, nahikotasuna aitortuta duten mailatzak emanda, euskaraz inoiz arituko ez idren langileei sarrera ematen die eta langile taldeak sortzen ditu.

Baina, sistema hori ez da kasualitatez eratu (sektore batzuen arteko paktuen arteko emaitza da) eta langile elebidunak bermatzeko ahaleginak Estatuko abokatuaren, epaitegien, alderdi politiko, komunikabide… eta abarren oldartze etengabeari egin behar dio aurre. PSE eta PPren arteko gobernu hitzarmenak, Lopezen lehendakaritza sustengatzeko adostua, gai honen pisua agerian utzi zuen.

Ez dut aipatu aurrekoa zute iritzia baztertzeko. Ongi ikusten dut. Adierazi nahi dut, azterketa hartatik altxa eta aldegindakoak beharbada ez du zalapartarik antolatu gai horrekin, baina halako sistemek ere ekarriko dute komunikabide batzuen zaborra, alderdien zalaparta eta ekimen legegile edota politikoa eta auzitegien erabakia aukera berdintasunaren izenean. Beraz, bide hoberena edota eraginkorrena hautatzeaz gain, naturaltasunez, zuk diozun bezala, bidean topatuko ditugun berehalako oztopoen aurrean nola jokatuko dugun hausnartu beharko genuke ere.

Segi ongi!

Iker said...

Nik ere, Txerrak dioen modura, bai baina...

Lanpostu publikoak eskuratzeko prozesua baino - izan hizkuntza eskakizuna, izan azterketa elebiduna (zergatik ez euskara hutsezkoa?) - lanpostuko eginkizunak zein hizkuntzatan egiten diren da kontua. Gaur egun dagoen arazo handiena, nire iritziz, ez da hizkuntza eskakizuna eskatzen den edo ez, arazoa da hizkuntza eskakizuna beteta/frogatuta sartzen diren horietako gehienentzat euskararekin duten harreman/betebeharra azterketarekin batera bukatzen dela. Hau da, sartzen da ogasuneko funtzionario berri bat eskakizuna zehaztua duen lanpostu batetara eta hortik aurrera dokumentazio guztia gazteleraz produzitzen hasten da (itzultzaileak daude itzulpen beharra duten dokumentuetarako), lan taldeko harreman guztiak (formalak eta informalak) espainolezkoak dira, batzar guztiak,.... Hori da arazoa, eta Txerrak dioen modura, paradigma aldaketarik ez badago, arazoak bere horretan jarraituko du, hizkuntza eskakizunak egonda edo azterketa elebidunak jarrita, berdin berdin (ulertzen dut ETBko kazetarien kasuan ez dela horrela izango, ETB1erako ere lan egitea tokatuko zaizuelako).

Eta hori ezin da estatus politikoa aldatu gabe lortu? Kasu honetan, estatus politikoak baino, borondate politikoak pisu gehiago duela esango nuke, borondate politiko ezak. Administrazioaren barne funtzionamenduan zenbateko ardura dute arduradun politikoek? Handia. Eta arduradun teknikoek badute ardurarik? Bai. Legea (tartean, estatusa) ere badago, noski, baina borondate politikoa balego, dexente egin ahal izango litzateke. Estatus egoki/desegokia erabakimena duten alderdi/pertsonentzat ardurarik hartzeko aitzakia ez dadila izan, behintzat.

Urtzi UV said...

Eskerrik asko, Iker. Txerrari ere komentatu diodan legez, lanpostu horiek zein hizkuntzatan betetzen diren, erabileraren auzia, alegia, gehiegi baliatzen ari dela uste dut, euskararen gaixotasuna euskarz egiten ez duten/dugun euskaldunak bagina legez. Horrek ere beste post baterako ematen du, eta agian herri euskaldunetan arazo hori egongo da, baina EHn oro har, arazoa ezagutza dela uste dut. Are gehiago, bizi gaituen sasoi liberal honetan, askatasun pertsonala hainbeste gurtzen den unean -eta Espainiaren barruan gauden artean- administrazioko langileek elkarrekin zein hizkuntzatzan egin behar duten arautzea bide laburra iruditzen zait. Baina herritar guztien eskubideak betetzea bai, herritarrok bermea izatea libre garela euskaraz egiteko, edonon eta edonoiz, ez dugula goizero prestakuntza psikologikoa egin behar kalera irteten garenean euskaraz egiteko, e.a.
Batzuek ez darabiltela? Nahiago egingo balute, ez txarto ulertu, baina badakien eta egiten ez duen horrek ez dit eragozten nik egitea. Kataluniako egoerara hurbiltzea litzateke, eta sasi-normaltasun horretan, estatu euskalduna izatean, automatikoki lortuko genuke euskarak leku hegemonikoa lortzea, gizartean beste erdara batzuk ere erabili arren.

Anonymous said...

Bat nator esandakoarekin, pentsatzen badut ere gakoa ez dagoela hizkuntza-eskakizunei lotuta. Hizkuntza-eskakizunen aurka nago, Euskal Herrian gaude eta euskara ez da beharrezkoa eskatzea, euskaraz hitz egin behar dugu, euskaraz idatzi behar dugu, asterketak eta lanak euskaraz ere egin behar dugu.
Dena den euskara maite ez dutenak ez daude haserre soilik Administrazioan hizkuntza-eskakizunak jartzen dutelako, berdin edo haserreago izango lirateke azterketetan euskaraz egin behar balute. Hori ziur.
Hortaz, arazoa sakonagoa da, eta irtenbidea ez dago soilik hizkuntza-eskakizunetan, orain Administrazioan langile andanak hizkuntza-eskakizunak gainditu dituzte, baina ez dute euskaraz lan egiten, eta ez dute euskaraz lan egingo.
Azterketak euskaraz izanez gero, euskaraz egingo lituzkete, gaindituko lituzkete eta ez lukete euskaraz lan egingo... Alemanian alemana normaltasunez hartzen dute, Extremaduran gaztelania normaltasunez hartzen dute, baina Euskal Herrian euskara ez dute hartzen normaltasunez, hor dago koxka. Eta beti izango da jente parte batek esango duena ez dela zilegi euskara Euskal Herrian erabiltzea... Ados nago Administrazioan euskara eskatu ez, egin...
Hau ezin da aldatu estatus politikoa aldatu barik, eta borondate politikoa aldatu barik... dena dago jarrita (legea, ohitura, egunerokoa...) euskarak bigarren mailako in sekula sekulorum jarrai dezan izaten... Aldaketa rakikala izan behar da... bide honetatik inoiz ez dugu lortuko euskara gaztelaniaren pare jartzea... (Berrotza)